Mirakuluak badira izatez: Interprete baten menturak 2011ko Munduko Gazteen Topaketan
Ana Blazquez

Lanbideari berez datxezkion hamaika zailtasunen artean, mirakulu batek ebatziko du emakumezko interprete batek 2011n Madrilgo Munduko Gazteen Topaketan izandako dilema etikoa.

Itzultzaile: Karlos del Olmo

Duela gutxi esku hartu nuen interpreteen foro bateko eztabaida hari batean, gaia zelarik erlijioaren alorreko interpretazioan aritzeko erlijio horretako sinestuna izan beharra ote zegoen. Uste komuna zen profesional onak bagara, terminologia menderatzen badugu eta beharrezko begirunea erakusten badiogu, ez dela zertan arazorik izan, eta irizkide naiz horretan. Interpretazioaren kalitatetik edo fidagarritasunetik atetiko autu bat ekarri nuen harira, oinarri hartuta segituan azaltzen dudan esperientzia: interpreteari horrelako interpretazioak sor diezaiokeen gatazka etikoarena.

2011ko maiatzeko larunbat goiz batean, goizik samar -artean ohean irakurtzen ari naizela-, dei bat jaso dut Madrilgo Apezpikutzatik, ea interesatzen zaidan Benedikto XVI.aren interprete izatea Munduko Gazteen Topaketako ekitaldi ofizialetan. Logura puskarik badut oraindik, bertatik aienatu zait. Eta hainbat mezu elektronikoren eta hamaika telefono deiren ostean, maleta gertatu eta Madrilera bidean naiz.

Lana gorabeherez betea izan da. Ez digute aurretik dokumenturik bidali, isilpean gordetzea dela kausa (zin Jeronimotar bat asmatu beharko dugu, ea entendituz doazen interprete profesional jarduteak berez dakarrela lan saioaren edukiez ezertxo ere ez kontatzeko konpromisoa); interpretazioa irratiz igortzekoa da -Madril uhinak elkarri interferentzia egiten dioten irrati emisorez beteta dagoelarik-, ez dute hizkuntza guztietarako nahikoa frekuentziarik erosi; kabinetako irudia eta soinua joan dira ekitaldietako batean; kabinetako bikoteak osatzen dituzte profesional adituek eta santa sekulan kabina zapaldu gabeko master batetik irten berri diren pertsonek (errelea nola dabilen itaunduz gero, testuliburuko erantzuna ematen dute).

Liturgia hilbehar hutsa izan da, erritualetik den-dena itzuli behar izaten dugu, eta erritual hori, gainera, ez da ohikoa, liturgia espezifikoak baitaude Aita Santuak elizkizuna egiten duenerako, meza liburuetan ez daudenak. Gauza ezin izan da txarrago joan, zio direla aurretik argibiderik jaso ez izana, liturgiako formula bihurrien zailtasunak, arazo teknikoak eta zenbait «piernae metedurae» (Gurutze Bidean baten batek «sexu grina» izendatzeko erabiltzen den terminoa erabili du «Kristoren Pasioa gizon eta emakume guztienganakoa izan zen» esaldia itzultzean). Eta, halere, larunbat gauean jaso dudanean Aita Santuak igandean irakurri beharreko homilia, esku artera beste mota bateko arazo bat etorri zait. Testuaren edukia ez da bereziki zirraragarria, baina egunotan ikusi ahal izan dut makina bat gazte zain, alai eta guztiz emanda, Aita Santuak noiz hitz egingo dien, haietako batzuk gazte lore-lorekoak, eta zenbait ideia helaraziko dizkiedan ahotsa izateak etika arazo halako bat sortzen dit. Emakume naizen aldetik, batez ere, ardura etikoa are muntadunagoa da. Eta dilemok hala, igandeko liturgian lan egitera joan naiz.

Noizbait Madrilen abuztuan izan denak hobeto ulertuko dit. Berrogei gradu gerizpetan, zerua erabat urdina, eguzki galda. Hau da, ohikoa. Liturgia ondo doa eta hainbesteko beldurra sortzen didan unea hurbilduz doa... Zer egingo diot, bada, hasieran aipatu dudan foroan ziotenez, interpretazio profesional batek fidel jaso behar du jatorrizkoaren edukia, eta norberak horren gaineko erreparorik izanez gero, aurretik esan edo ordezkoren bat bilatu beharko du. Rouco kardinalaren berbaldia itzuli dugu, eta gazteen eskaerak ere; Aita Santuak burugainekoa aldatu du, mikroari heldu dio... eta zenbait segundoren buruan Apokalipsiko furiak urratu dira, hodeitzar beltzak itxi dira abiadura eroan, euria goian behean jausten da uholde unibertsalean legez, haize zakar bat karpa eraman ez eraman dago, suhiltzaileak hari heltzen lehiatzen dira, Aita Santua lau euritakoren azpian babestu dute, erromesak eta kuria blai-blai eginda bi minutugarrenean... «Santutasuna, erretira bedi». «Ez, haiek bertan badiraute, neuk ere bai». Euria uholdeka abuztuko Madril batean?

Bost minuturik ere ez du iraun. Baina ateri duenean, astirik ez liturgiari berriro oratzeko utzitako lekuan, Benediktoren programa bete-betea atzeratu ezean; hortaz, homilia alde batera utzi eta Jaunartzera jo dute. Nago inoiz ez dudala horrelako irribarrerik egin kabinan ene bizialdi osoan! Dilema profesionala uholde unibertsalak eroana. Mirakuluak benetan gertatzen dira!