Heterolinguismoa Ramon Saizarbitoriaren eleberrigintzan
Goizane Larramendi Corpion

Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia masterrean egindako ikerketa-lanaren laburpen bat eskaintzen da artikulu honetan. 2014ko irailean defendatutako lanak testu heterolingueen itzulpena du ikerketa gai, eta, horretarako, Ramon Saizarbitoriaren hiru nobela aztertzen dira: Ehun metro (1976), Hamaika pauso (1995) eta Martutene (2012), eta nobela bakoitzari dagokion gaztelaniazko bertsioa. Jatorrizko testuetako heterolinguismoa deskribatu ondoren, xede-testuei erreparatzen zaie, itzulpenetan heterolinguismo maila gordetzen edo apaltzen ote den ikusteko.

Sarrera

Testu eleanitzak edo heterolingueak zelan itzultzen diren aztertu nahi izan nuen Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia masterrean egindako ikerketa-lanean. Artikulu honetara, lanaren azken atala ekarri dut batez ere. Ramon Saizarbitoria da testu heterolingueak sortzen dituzten euskal idazleetako bat; eta, horregatik, idazle donostiarraren hiru eleberriren azterketan dago oinarrituta ikerketa-lana: Ehun metro (1976), Hamaika pauso (1995) eta Martutene (2012), eta horien gaztelaniazko itzulpenetan. Jatorrizko testuetan heterolinguismoak zer ezaugarri dituen ikusi ondoren, liburu horien gaztelaniazko bertsioak aztertuko ditugu; izan ere, itzulpenetan heterolinguismo maila gordetzen edo apaltzen ote den ikustea da artikuluaren helburu nagusia.

Heterolinguismoa

Heterolinguismo terminoa Rainier Grutmanek erabili zuen estreinakoz, Quebeceko XIX. mendeko eleberrigintzari buruzko doktore-tesian. Hauxe da Grutmanek hitzari emandako definizioa: «la présence dans un texte d'idiomes étrangers, sous quelque forme que ce soit, aussi bien que de variétés (sociales, régionales ou chronologiques) de la langue principale» (Grutman 1997: 37). Diglosia eta elebitasun terminoak saihestu zituen, horiek gizarteari aplikatzeko terminoak direlako; heterolinguismoak, berriz, hizkuntza literarioarekin du zerikusia.

Literatura-lan heterolingueak aspalditik idazten dira; mende guztietan eta genero guztietan egin dira halako esperimentu linguistikoak. Erdi Aroa, Errenazimendua eta Barrokoa, esate baterako, oso emankorrak izan ziren eleaniztasun literarioari dagokionez (Delabastita eta Grutman 2005). Literaturaren eta itzulpenaren teorian heterolinguismoa aztertzea, ordea, fenomeno berriagoa da.

Heterolinguismoak auzitan jartzen du elebakartasuna, eta ezeztatu egiten du literatura hizkuntza bakarrean idazten delako ideia. Azken hamarkadetan, hainbat diziplinatako ikerketek agerian jarri dute Mendebaldeko estatuek hizkuntza eta kultura homogeneoak sustatu dituztela; eta, ondorioz, ele bakarra aintzat hartuta garatu dira hainbat jakintzagai. Itzulpenaren teorian ere hala gertatu da, eta oraindik ere sorburu-hizkuntza eta xede-hizkuntza terminoak erabiltzen dira, testu berean hizkuntza bat baino gehiago ager daitekeela kontuan hartu barik.

Testu heterolingueak itzultzeaz

Itzulpena botere-harreman asimetrikoak dituzten hizkuntzen eta kulturen artean gertatzen da ia beti. Gainera, literatura-lan eleanitzetan asimetria hori testu barnean agertzen da; hori dela eta, oso interesgarria da itzulpenean heterolinguismoak zer toki hartzen duen ikustea. Ez du erraza izan behar itzultzailearentzat testu heterolingueak itzultzea, sorburu-testuan dagoen botere-egituren konfigurazioa agertu nahirik ere, xede-kulturako botere-egiturekin aurkituko baita aurrez aurre.

Itzultzaileak bi modutara joka dezake testu heterolingueak itzultzean. Alde batetik, itzultzaileak sorburu-testuko aldaera linguistikoak neutralizatzera edo are ezabatzera egin dezake; testu homogeneizatu bat izango da horren emaitza. Beste alde batetik, hizkuntzen arteko elkarreragina gordetzeko ahalegina egin dezake itzultzaileak. Itzultzailearen esku-hartzea nabaria da testu heterolingueen itzulpenak aztertzean, hark hartutako erabakiek baldintzatuko dutelako testu itzuliaren heterolinguismo maila. Hala ere, esan beharra dago bestelako faktoreek ere eragin izugarria dutela. Grutmanen esanetan (2006), sorburu-literaturak xede-kulturan duen prestigioa eta estatusa kontuan hartzekoak dira, baita xede-kulturan zer jarrera erakusten duen itzulgaian ageri diren hizkuntzekiko ere. Argitaletxeek ere badute zeresana, eta horri lotuta, irakurle potentzialek espero dutena kontuan hartzekoa da.

Sorburu-testuan bertan ageri den hizkuntzetako batera itzuli behar denean, arazoa areagotu egiten da. Zelan ohartarazi irakurleari jatorrizkoan xede-hizkuntzak baduela tokia? Eta nola azaldu sorburu-testuan hizkuntza horrek zer funtzio betetzen duen? Arazo horri egin behar dio aurre, hain zuzen ere, Ramon Saizarbitoriaren eleberriak gaztelaniaratzen dituen itzultzaileak.

Susmoa dugu itzulpenetan eleaniztasuna neutralizatu egingo dela, hori baita joera nagusia testu heterolingueen itzulpenean: «linguistic diversity is usually at considerable risk of disappearing or having its subversive potential downplayed in translation» (Delabastita eta Grutman 2005: 28). Gainera, hizkuntza gutxitu batetik hizkuntza nagusi batera egindako itzulpenak izango ditugu aztergai, eta horrek ere eragina izan dezake heterolinguismoaren neutralizazioan. Jatorrizko testuetan, hainbat hizkuntza nagusi ageri dira hizkuntza gutxitu baten ondoan. Itzulpenetan izango ote du tokirik hizkuntza gutxituak, euskarak, inguruko hizkuntza nagusien artean? Eta, hala bada, zer egoeratan eta nola agerraraziko dute itzultzaileek euskara? Galdera horiek erantzuten saiatu aurretik, baina, Saizarbitoriaren ikuspuntua jasoko dugu.

Saizarbitoriaren ikuspegia

Saizarbitoriaren eleberrigintzan ohikoa da erdarak agertzea eta euskararen inguruko hausnarketak aurkitzea. Hala ere, idazleak dioenez, oro har ez da idazten euskararen egoerari buruz literatura-lanetan, pentsatzen delako euskaraz idaztea baizik ez dela idazleen eginkizuna:

Saiakeraren bat alde batera utziz gero, euskal literaturak ez du islatzen gure egoera linguistikoa. Are gehiago, egoera hori saihestu egin behar dela pentsatzeko joera dago, [...]. Gauzak horrela, gure nobeletan jendea tabernetara, anbulatoriora edo bankura doa; jendea, nobeletan eta bizitzan, joaten den lekuetara, beraz, eta euskara batuaz mintzatzen da, hori guztia, gure bizitzarren errealitate linguistiko konplexuaren izpirik erakusten utzi gabe (Saizarbitoria 1999: 22).

Dena den, Saizarbitoriaren helburua ez da besterik gabe euskararen errealitate soziolinguistikoa ispilatzea. Haren hitzetan, euskararen egoerak eragina du hartu-emanetan, eta askotan hizkuntza bat ala bestea hautatzeak mezua ere baldintza dezake; «zirkunstantzia bakoitzak du bere hizkuntza» (Saizarbitoria 1999: 69). Euskararen egoera diglosikoak gure harremanetan dituen eraginak azaltzen ditu idazle donostiarrak bere eleberrietan, azterketa soziolinguistikoek ezin harrapa ditzaketen ñabardurak eta xehetasunak aurkeztuz. Heterolinguismoak indar espresibo handia ematen die bere obrei, eta adierazkortasun hori gordetzea erronka handia izan daiteke itzultzailearentzat, xede-hizkuntzako irakurleek ez dutelako zertan ezagutu hizkuntza bat ala bestea erabiltzeak dakartzan inplikazioak.

Ehun metro

Euskal literaturan euskararen errealitate soziolinguistikoa zenbateraino islatu behar ote den eztabaidatu den ia aldiro, Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro (1976) eleberriari egin zaio erreferentzia. Hala ere, bakanak dira nobela haren itzulpenetako heterolinguismo mailari erreparatzen dioten iruzkinak. Hiru hizkuntzatara bihurtu zen liburua: 1979an gaztelaniara itzuli zen; 1985ean, ostera, italierara eta ingelesera.

1. Ehun metroren euskarazko bertsioa

Testuko hizkuntza nagusia euskara bada ere, ugariak dira gaztelaniaz emandako pasarteak. Esate baterako, espainolez jasota daude polizien jarduna, fraide-eskolako pasarteak, turismo-gida bateko atalak, dendetako errotuluak, kartelak, egunkarietako goiburuak, irratiko esatarien jarduna eta abar. Horrek argi erakusten digu 1970eko hamarkadaren hasieran euskarak bizi zuen egoera diglosikoa. Jesus Mari Lasagabaster (1982) literatura-kritikariak nobelaren izaera elebiduna azpimarratu zuen, eleberriak ondo islatzen baitu garai hartan hizkuntza bakoitza zein erabilera-esparruri zegokion: gaztelania, hizkuntza prestigiotsua, eremu publikoan erabiltzen zen; euskara, berriz, eremu pribatura mugatuta zegoen. Ildo beretik, Joseba Gabilondoren (2013) esanetan, nobelan «diglosiak mugatutako euskara baztertua» ageri da. Ehun metrori buruzko iruzkinetan diglosia eta elebitasuna askotan aipatzen diren arren, kontuan izan behar da ingelesak, frantsesak eta latinak ere badutela tokia.

Hizkuntzen errealitatea erakusteko, Saizarbitoriak oro har erdarak sartzen ditu elkarrizketa eta aipu zuzenetan. Euskarak presentzia handia du, besteak beste narratzailearen ahotsa biltzen duelako, baina osterantzean erdarek eta batez ere gaztelaniak pisu nabarmena dute. Ezinbestekoa da gaztelaniaz jakitea sorburu-testua ondo ulertu ahal izateko; beraz, nobelak gutxienez irakurlea elebiduna izatea eskatzen du.

Lasagabasterrekin bat eginez, esan genezake elebitasunak funtzio bi betetzen dituela eleberrian: alde batetik, funtzio errealista edo mimetikoa du, nobelari egiantzekotasuna eransten diona; eta, beste alde batetik, funtzio estilistikoa du, horrek adierazkortasuna ematen baitio testuari.

2. Ehun metroren gaztelaniazko bertsioa

Ehun metroren gaztelaniazko bertsioa Nuestra Cultura Madrilgo argitaletxeak plazaratu zuen 1979an. Itzulpena Pilar Muñoak egin zuen. Gogoan izan behar da jatorrizko testuan sarritan agertzen dela xede-hizkuntza. Orduan, nola gorde daiteke euskarazko bertsioan azaltzen den egoera diglosikoa? Zelan agertu gaztelania menderatzailearen hizkuntza dela? Euskarazko testua gaztelaniara itzuli eta jatorrizko testuan gaztelaniaz ageri diren pasarteak bere horretan utziz gero, gaztelaniazko xede-testu neutralizatu bat lortzen da; ondorioz, galdu egiten da gatazka linguistikoaren deskribapena.

Zentzu horretan, Ehun metro gaztelaniaratzea gaitzagoa da italierara edo ingelesera itzultzea baino, testuaren hizkuntza-aniztasuna jatorrizkoaren neurri berean gorde nahi bada behintzat. Horregatik, Joxerra Garziak aipatu zuen italierara eta ingelesera egindako itzulpenetan ez dagoela arazorik, gaztelaniaz jasotzen delako polizien arteko elkarrizketa (Joxerra Garzia, apud Askoren artean 1988: 15).

Pilar Muñoaren gaztelaniazko bertsioan, ordea, euskarazko testu nagusia nahiz gaztelaniazko pasarteak, biak ageri dira espainolez; eta ingelesezko eta frantsesezko pasarteak bere horretan utzi dira. Gaztelaniak euskarazko bertsioan duen lekua azpimarratzeko, jatorrizkoan gaztelaniaz zeuden hitz, esaldi edo paragrafoak letra etzanez agertzen dira itzulpenean. Hortaz, elkarrizketa batean letrakera arrunta ageri bada, irakurleak ulertuko du pertsonaiak euskaraz ari direla.

(1)

–Desde luego huevos no les faltan.
–A qué hora fué.
–Por la mañana.
–Ya jode. A la mañana yo estaba en la plaza.
–Pues por la mañana temprano.
–Es que meterse aquí es meterse en una ratonera.
–Podía haberse metido en un portal. Y salir por el tejado.
–Hitz egitea erraza duk.
–Ez, ez. Potroena ez dik inork diskutitzen (22).

Desde luego huevos no les faltan.
–A qué hora fue.
–Por la mañana.
–Ya jode. A la mañana yo estaba en la plaza.
–Pues por la mañana temprano.
–Es que meterse aquí es meterse en una ratonera.
–Podía haberse metido en un portal. Y salir por el tejado.

–Es fácil hablar.
–No, no. Nadie les niega los cojones (32-33).

Irakurlearen gogoan euskarak oihartzuna izan dezakeen arren, paper gainean behintzat heterolinguismo maila neutralizatu egiten da ezinbestean: zaila da euskararen eta gaztelaniaren arteko harremana erakustea hizkuntza nagusiko hiztunei begira eginiko itzulpen batean. Euskarazko pasarteak gaztelaniara bihurtzen direnez, hizkuntza gutxituaren agerpena oso mugatua da. Hala ere, pasarte batean aurkitu ditugu euskarazko hitz solte batzuk:

(2)

–Sabes hablar vasco?
Mutilak baietz erantzuten dio.
–Nik ere hitz asko dakizkit.
–Esate baterako…
–Agur.
–Formidable.
–Ogia.
–Estupendo.
–Neska polita.
–Fabuloso.
–Maite zaitut.
–Acojonante (34).

¿Sabes hablar vasco?
El joven contesta que sí.
–Yo también sé muchas palabras.
–Por ejemplo…
–Agur.
Formidable.
–Ogia.
Estupendo.
–Neska polita.
Fabuloso.
–Maite zaitut.
Acojonante (44).

Kasu horretan, kontakizunak ahalbidetzen du itzulpenean ere euskarazko berbak agertzea, mintzagaia euskara bera denez. Edozein modutan ere, azpimarratzekoa da euskarazko hitz horiek letrakera arruntez eta oin-oharrik gabe ematea. Euskarazko hitz apur horiek agertzea esanguratsua da, eta tarte labur batez euskara erdigunera ekartzeko saiakeratzat har daiteke.

Hamaika pauso

Hamaika pauso (1995) eleberriak Saizarbitoriaren ibilbide literarioaren bigarren faseari eman zion hasiera. Nobela honetan ere adierazgarria da beste hizkuntza batzuen agerpena. Saizarbitoriak Ehun metro idatzi zuenetik hogei urte pasatxora argitaratua, alde handia dago eleberri batetik bestera heterolinguismoa azaltzeko baliabideei dagokienez.

1. Hamaika pausoren euskarazko bertsioa

Hamaika pauso 1970eko eta 1980ko hamarkadetan girotuta dago, eta garai hartako egoera soziolinguistikoari buruzko hainbat zertzelada jasotzen dira liburuan. 70eko hamarkadan, euskara arautze bidean zen oraindik, eta jardun informaletan erabiltzen zen batik bat. Horiek horrela, Hamaika pausoko pertsonaiek ez dute argi euskaraz "zuzen" zelan idatzi edo ahoskatu behar den. Adibidez, Daniel Zabalegi testamentu politikoa euskaraz idatzi ezinik aurkezten zaigu, zalantzaz betea, eta «alternatibarik gabe ––gaztelera ez baita alternatiba––, nahiago du isildu» (Saizarbitoria 1999: 21). Ondorengo urteetan, 80ko hamarkadan, euskarak hobera egin zuen eta urrats garrantzitsuak eman ziren hizkuntzaren normalizazioan. Nobelara etorrita, aurrerapen horren erakusgarri dugu Abaitua osatzen ari den hiztegia, euskara batu eta modernoa jasotzen duena.

Erdaren agerpenari dagokionez, Hamaika pauson gaztelaniaz daude emanda polizien hizketak, egunkarietako goiburuak, irratiko esanak eta pertsonaien arteko hainbat elkarrizketa, Ehun metron legez. Toki desberdina ematen zaio espainolari, ordea, nobela batean eta bestean. Izan ere, Hamaika pauson askotan erdarazko elkarrizketetako zenbait esaldi euskaraz idatzita daude estilo zuzenean.

(3)

"Berrehun libra gutxienez". Hori esan du besazpitik heldu eta lurretik altxatzen hasi den batek, eta barre egin dute beste batek"será de plomo" erantsi duenean. "A que no hasta el furgón" (HP: 92).

Teknika hori erabiltzen da oro har eleberri guztian gaztelaniazko elkarrizketak emateko. Alegia, solasa berez gaztelaniaz garatzen bada ere, euskaraz jasotzen dira esaldi batzuk, irakurleak badakielako konbentzio hutsa dela.

Gaztelaniaz gain, frantsesa, ingelesa, katalana, alemana, italiera eta latina aurki daitezke Hamaika pauson, pertsonaien arteko elkarrizketetan nahiz aipu literarioetan. Erdarak ez dira oin-oharretan itzultzen; beraz, irakurle euskaldunak eleanitza izan behar du, dena ulertuko badu.

2. Hamaika pausoren gaztelaniazko bertsioa

Hamaika pausoren gaztelaniazko bertsioa Espasa-Calpe argitaletxeak argitaratu zuen 1998an, Los pasos incontables izenburupean. Itzulpena Jon Juaristirena da. Gorago aipatu bezala, jatorrizko testuan egoera soziolinguistikoa azaltzen da zenbaitetan, euskarak gaztelaniarekiko duen mendekotasuna agertuz. Horretarako, heterolinguismoak eskain dezakeen informazioa ez ezik, narrazioan esplizituki ere ematen dira euskarak jasandako zapalkuntza egoeren deskribapenak. Pasarte horiek itzultzean, hortaz, hizkuntza gutxituaren eta nagusiaren arteko harreman asimetrikoak islatzen dira ezinbestean. Ikus dezagun, esate baterako, Zabalegiren amak semeari kartzelara azken bisita egiten dioneko pasartea:

(4)

Lehenbiziko hitz tramitekoak gurutzatu orduko –nork ekarri duen, ez al dioten beste inori sartzen utzi–, bizpahiru aldiz agintzen diete gazteleraz hitz egiteko, eta horrek ere ez dizkie gauzak errazten.
¿Y qué se dice por el pueblo?
En el pueblo todos se acuerdan mucho (366).

En cuanto se cruzaron las primeras palabras de trámite –quién la había traído, si no habían dejado entrar a nadie más–, les ordenaron que hablasen en castellano, y eso no les facilitó las cosas.
¿Y qué se dice por el pueblo? * –En el pueblo todos se acuerdan mucho * (302).

Gisa berean, narrazioan modu esplizituan aipatzen denean pertsonaiek zer hizkuntzatan diharduten edo ahoskerari buruzko xehetasunak deskribatzen direnean, itzulpenak ere informazio hori jasotzen du. Hamaika pauso gaztelaniaratzearen erronka, baina, heterolinguismoak jatorrizkoari ematen dion aberastasuna eta adierazkortasuna gordetzean datza.

Sorburu-testuan xede-hizkuntzak duen tokia nabarmentzeko, tipografia baliatzen du Juaristik, Muñoak Cien metrosen egiten duen antzera. Juaristik erabilitako marka tipografikoa, hala ere, bisualki deigarriagoa da, letra etzanei izartxoa eransten dielako esaldi amaieran. Estrategia horrek irakurleari argitzen dio zein esaldi zehatz idatzi dituen gaztelaniaz Saizarbitoriak. Itzulpenean letrakera arruntarekin ageri direnak, beraz, euskaraz agertzen dira jatorrizkoan eta irakurleak pentsa dezake pasarte horietan pertsonaiek euskaraz hitz egiten dutela. Dena den, beti ez da horrela gertatzen, euskaraz jasota daudelako gaztelaniazko elkarrizketen zati batzuk. Ondorioz, letrakerak hizkuntzekin lotzea nahasgarri samarra gerta daiteke. Adibide honetan euskararik ez dakien pertsonaia bat, Susana, ari da berbetan:

(5)

"No te preocupes, hombre, era para gastarte una broma. Eramango dut zure laguna, baina ez dizut gehiago lagunduko. Entzuten? Gehiago ez, eta gauza bat zin egin behar didazu, ez zarela istiluetan sartuko" (249).

«No te preocupes, hombre, no voy a meterte en la cama, era para gastarte una broma *. Llevaré a tu amigo, pero no te ayudaré más. ¿Me oyes? Más no, y tienes que jurarme una cosa, que no te meterás en líos» (209).

Jatorrizkoan noizbehinka erdara sartzeak irakurleari gogorarazten dio zein hizkuntzatan diharduten pertsonaiek; itzulpenean, aldiz, oroigarri hori ez da beharrezkoa. Gauzak horrela, xede-irakurleak ezingo du erraz igarri zer dela-eta agertzen diren letra etzanak edo zergatik den garrantzitsua jatorrizkoan gaztelania agertzea.

Euskarari dagokionez, esan behar da euskal hitzen presentzia mugatua dela itzulpenean. Gehienbat euskara istorioaren osagai denean azaltzen da; hots, narrazioak horretarako bide ematen duenean. Esate baterako, Abaituaren hiztegiko fitxak agertzen diren pasarteetan, hiztegiko sarrerak euskaraz aipatzen dira eta itzulpen intratestualaren, oin-oharren edota Abaituak hitzari eman dion definizioaren bitartez esanahia argitzen da, adibide honetan bezalaxe:

(6)

"Azpiegitura" izan zen, hain zuzen, ordenagailuan sartu zioten azken hitza […]. Zergatik ez "azpiegitura, ageriko egiturari eusten dion oinarria" bezalako hitz moderno, 1977, biribil eta tekniko batetik hasi, "a: alfabetoko lehen letra" bezain gauza ageriko batez ekin beharrean. Azpiegitura: ageriko egiturari eusten dion oinarria, hura datzan egitura ezkutua.
–Ez derizkiozu aproposago, modernoago, "a", "aba", "ababor" eta "abade"rekin ekitea baino? –galdetu zion idazkariari (28-30).

Azpiegitura («infraestructura») era, precisamente, la última voz que le habían metido en el ordenador […]. […] Por qué no empezar con una palabra moderna, del 77, rotunda y técnica como «azpiegitura: base que sostiene la estructura manifiesta», en vez de hacerlo con algo tan previsible como «a: primera letra del alfabeto.» Estructura oculta que subyace a la misma. ¿No te parece más adecuado, más moderno que empezar por las consabidas, a, aba, ababor y abade[1. ataleko 2. oin-oharra], preguntó al secretario.
[1. ataleko 2. oin-oharra] Primeras voces del diccionario, a, primera letra del alfabeto. Aba: tratamiento que se da a los clérigos. Ababor: babor. Abade: abad (24-25).

Juaristik kasurik gehienetan euskal hitzen itzulpenak eskaintzen ditu, askotan oin-ohar bitartez, testuaren hartzaileak beharrezko informazio guztia izan dezan. Horrez gain, jatorrizkoan frantsesez, katalanez, italieraz edo ingelesez agertzen diren hainbat esaldi itzuli egin ditu oin- oharretan, nahiz eta jatorrizkoan ez den halako azalpenik eskaintzen:

(7)

"Menys cridar y més empènyer" zioen funerariakoak furgoitik irten gabe (71).

«Menys cridar i més empènyer»[1. ataleko 5. oin-oharra], decía el de la funeraria sin salir del furgón.
[1. ataleko 5. oin-oharra] «Menos gritar y más empujar» (58).

(8)

"It's Baudelaire's time, my darling. Etoile de mes yeux, soleil de ma nature" (435).

«It's Baudelaire's time, my darling. Étoile de mes yeux, soleil de ma nature»[15. ataleko 5. oin-oharra].
[15. ataleko 5. oin-oharra] En inglés y en francés, «Es la hora de Baudelaire, cariño. Estrella de mis ojos, sol de mi mundo.» (N. del T.) (359)

Horregatik guztiagatik, iruditzen zaigu euskarazko bertsioak irakurle eleanitz aktiboa eskatzen duela, eta itzulpena, ostera, irakurle elebakarrari dagoela zuzenduta. Itzulpenean, gaztelaniaren presentzia areagotu egiten da, eta hizkuntza horri nagusitasuna ematen zaio besteen gainetik, gaztelaniaduna izatea aski baita dena ulertzeko. Laburbilduz, heterolinguismo maila asko apaltzen da Los pasos incontablesen, baina testuak izaera heterolingueari eusten dio neurri txikiagoan bada ere.

Martutene

Saizarbitoriaren azken nobela 2012an kaleratu zuen Erein argitaletxeak. Martuteneren ezaugarri nagusietako bat heterolinguismo maila altua da, eta, horregatik, oso interesgarria da eleberri honen gaztelaniazko itzulpena aztertzea. Lehenik, jatorrizkoan heterolinguismoa nola agertzen den ikusiko dugu, ondoren itzulpenarekin alderatzeko.

1. Martuteneren euskarazko bertsioa

Saizarbitoriaren eleberri guztiak dira heterolingueak, baina esan daiteke Martutene dela guztietan heterolingueena. Hizkuntzari dagokionez, euskara lehen mailan ageri da, eta gainerako hizkuntzak bigarren mailan daude. Gaztelania, frantsesa eta ingelesa dira gehien azaltzen direnak, eta neurri txikiagoan alemana, italiera, latina eta katalana.

Eleberriko pertsonaia gehienak eleanitzak dira, eta haien gaitasun linguistikoak zehaztasun osoz daude deskribatuta, baita bigarren mailako pertsonaienak ere. Halaber, pertsonaien hautu linguistikoak, hizkuntza-jarrerak eta hizkuntzari buruzko gogoetak oso xehe azaltzen ditu Saizarbitoriak liburu honetan, eta gogoeta soziolinguistikoek euskararen errealitatea azaltzeko parada eskaintzen dute. Horrek guztiak pertsonaien karakterizazioa osatzen laguntzen du, haien inguruko informazio ugari eskura baitaiteke zehaztasun linguistikoei erreparatuta. Pertsonaien hizkuntza-hautuak, adibidez, haien aldarteari buruzko informazioa eman dezake, askotan ez baita berdin mezu bera hizkuntza batean ala bestean adieraztea. Hala, batzuetan hitzen esanahia aldatu egin daiteke erabilitako hizkuntzaren arabera.

Martutenen, heterolinguismoak oro har adierazkortasuna ematen dio testuari, batez ere hizkuntza eta emozioak uztartzen direnean, Pilarrek eta Abaituak autoan eztabaidatzen dutenean kasu (ikusi 739-745 orrialdeak). Pasarte horretan, argi azaltzen da hautu linguistikoek zenbaterainoko eragina izan dezaketen giza harremanetan, tentsioa areagotu egiten da-eta solaskideak euskaratik gaztelaniara pasatzen direnean.

Saizarbitoriaren esanetan, «pertsonaiaren batek ez baldin badaki euskaraz, idazleak itzultzaile lanak egiteko joera dago. Horrek artifizialtasun kutsu bat ematen dio narrazioari» (Saizarbitoria, apud Gerenabarrena 2013). Artifizialtasun hori ekiditeko, autoreak baliabide bi erabiltzen ditu batez ere nobela honetan: batetik, estilo zuzenean erdarak txertatzea pertsonaiek eta egoerak hala eskatzen badute, eta, bestetik, zehar-estiloa erabiltzea. Zehar-estiloa baliatuta, euskarari lehentasuna eman dio egileak, eta, aldi berean, gizartearen hizkuntza-aniztasuna erakutsi du. «Zehar-estiloak laguntzen du hizkuntzen arazoa gainditzen, gure diglosiarena, askotan faltsua gertatzen baita irakurlearentzat zenbait elkarrizketa euskaraz irakurtzea» (Saizarbitoria, apud Bereziartua 2012). Zehar-estiloan emandako pasarteetan, estilo zuzenean erdarak tartekatuz adierazten zaio irakurleari zer hizkuntzatan mintzo diren pertsonaiak:

(9)

Tell me. Ez al zaion normala iruditzen bera hil ondotik bizitzea.

Ezin espero lezakeela amerindiar alargun bat bailitzan su-metara bere ondoan erraustua izateko lagun egin diezaion. Hori ez egitea ulertzen al duen. Maitasunez zainduko duela, eta joaten denean –zelan gorroto duen Abaituak eufemismo hori: when you'll leave me–, hoberenean ere oraindik nahikoa gaztea izango denez, bizitza berregingo du. Ez da berdin izango, baina ongi egongo da. Ez duela beregatik zer kezkaturik. Tell me. Kezkatu egiten al du lehenago hiltzeak? Esateko. Hatzekin saihetsetan sakatuz eta lepoan hortzikatuz, zalantzak dituela dena den, iruditzen zaiola urte asko iraungo duela eta bera gehiago bizi baldin bada atsotxo bat izango dela (486-487).

Testuan hizkuntza anitz integratzen dira, baina betiere euskara lehen planoan jarrita. Saizarbitoriak hizkuntzen errealitatea erakusten du aztertutako hiru obretan, baina bilakaera bat sumatu daiteke erabilitako baliabideetan. Ehun metron, estilo zuzena da nagusi; eta Martutenen, aldiz, zehar-estiloa da idazleak gehien ustiatu duen baliabidea.

2. Martuteneren gaztelaniazko bertsioa

Martuteneren gaztelaniazko itzulpena Madalen Saizarbitoriak egin zuen, idazlearen alabak; eta Erein argitaletxeak kaleratu zuen 2013an. Itzulpena Donostiako argitaletxe baten eskutik heldu izanak pentsarazi lezake xede-testua Hegoaldeko euskal herritarrei dagoela zuzendua. Alabaina, zenbait elementu kultural oin-oharretan azalduta egoteak erakusten du eremu zabalago batera heltzeko asmoa egon dela.

Martuteneko pasarte batzuetan hizkuntzak mezua baldintzatzen du, eta horrek areagotu egiten ditu testu heterolingue bat itzultzeak izan ditzakeen zailtasunak. Pilar eta Abaitua autoan haserretzen direnean, adibidez, pertsonaien hautu linguistikoak izugarrizko erritmoa eta indarra eman dizkio narrazioari. Hizkuntzak horrenbesteko informazio eskaintzen duen pasarte bat itzultzea oso gaitza izan daiteke, batez ere, adierazkortasuna lortzeko erabiltzen den hizkuntzetako bat ez bada ulergarria xede-irakurlearentzat. Hona hemen aipatutako pasartearen zati bat:

(10)

–Susmotsu?
[…]
–Arrazoirik gabe torturatzen duzu zeure burua.
[…]
–¿Y por qué se van a reír de ti, si se puede saber?
Agerikoa iruditzen zaio, baina zaila adierazten:
–Ez dakit, zure senarra naiz azken finean.
[…]

"Eres un egoísta de mierda" esan du kasik eztiro, "Sólo piensas en ti". Bere buruz baino ez kezkatzea aurpegiratu dio, bere izen onak kezkatzen duela bakarrik, "Que cuando hablen de lo mío pronunciarán tu nombre. La cagada de la mujer de Abaitua".

Zergatik ez du euskaraz egiten? (740-742).

–¿Suspicaz dices? [Oin-oharra: En castellano en el original]
–Te estás atormentando sin ninguna razón.
[…]
–¿Y por qué se van a reír de ti, si puede saberse? [Oin-oharra: En castellano en el original]
Le parece obvio pero difícil de explicar:
–Soy tu marido, al fin y al cabo.
[…]
"Eres un egoísta de mierda" dice con dulzura casi, "sólo piensas en ti, lo que te perturba es que cuando hablen de lo mío pronunciarán tu nombre. La pifia de la mujer de Abaitua".



¿Por qué no habla en euskera? (732-734).

Euskaraz bizi ez denarentzat oso nekeza izango da hautu linguistikoak adieraz lezakeen guztia jasotzea, bere errealitatea gaztelania hutsean garatzen bada, gorabehera emozionalek hizkuntza-hautuan eraginik izan gabe. Horregatik, itzulpenean hizkuntzak egoeraren arabera txandakatzearen jolasa neutralizatu egiten da, testua nahitaez gaztelaniaz eman beharra dago-eta, xede-irakurlearentzat ulergarria izango bada. Hori dela eta, irakurleak ez du euskararik aurkituko estilo zuzenean, eta lerro batzuk irakurri ostean jakingo du Pilar gaztelaniaz ari dela eta horrek Abaitua harritu egiten duela. Orduantxe aurkituko dio zentzua irakurleak oin-oharretan bildutako informazioari; hots, ulertuko du zergatik dauden idatzita gaztelaniaz esaldi horiek sorburu-testuan. Dena den, esan beharra dago jatorrizko testuko gaztelaniazko esaldiak ez datozela bat itzulpenean oin-oharra daukatenekin. Badirudi itzultzailearen asmoa ez dela izan irakurleari jakinaraztea euskarazko bertsioan zehazki zein esaldi agertzen diren gaztelaniaz, ezpada irakurlea ohartaraztea pertsonaiak gaztelaniaz aritzea esanguratsua dela. Martutene eleberri mardulean, kasu horretan baizik ez da argitu oin-oharretan jatorrizko bertsioan esaldiak gaztelaniaz daudela. Oin-ohar eta guzti ere, uste dugu xede-irakurleak ez duela hain erraz lotuko egoera emozionala hizkuntzarekin. Heterolinguismoaz hausnarrean dabilela, Martuteneko pertsonaia batek, Juliak, esaten du arazoa ez dela konpontzen –en castellano en el original– jarrita (ikusi 227-228 orrialdeak). Baina itzulpenean ahalik eta informazio gehien biltzeko ahaleginean, estrategia egokia izan daiteke jatorrizkoan gaztelaniaz jasota dagoela ohartaraztea.

Euskarari dagokionez, esan daiteke euskararen presentzia ez dela oso joria itzulpenean; edozelan ere, uste dugu Madalen Saizarbitoriak ahalegin berezia egin duela Martuteneren gaztelaniazko bertsioan euskara agerrarazteko. Esate baterako, euskara agertzen da hainbat euskal bertso, kantu eta poema testura ekartzean, pertsonaiek euskara dutenean berbagai, Juliak zenbait hizkuntzatan ematen dituenean esamolde baten ordainak edo hitz-jokoak azaltzen direnean. Ildo beretik, batzuetan pertsonaiak euskaraz mintzo dira gaztelaniazko bertsioan, baldin eta euskarara hurbiltzeko egiten duten esfortzua esanguratsua bada. Horren erakusgarri dugu Luz perutarra eta Lynn estatubatuarra euskaraz mintzatzea. Itzulpenean, gainera, Lynnek hitz egiten du euskara gehien estilo zuzenean:

(11)

Neska amerikarrak, gaztelania txukun hitz egiteaz gain, atzerritar batzuek izan ohi duten adeitasun hori erakusten du, hitzen bat euskaraz erabiltzekoa, eskerrak emateko adibidez esaldi laburren bat ere bai, ""Oso ederrak dira"" te joko zaharraren aztarnak atera dituenean. Inhibiziorik gabe eta huts egiteko edo gaizki ahoskatzeko inongo beldurrik gabe, kanpokoa izateak ematen duen inpunitate horrekin (103).

La chica americana, además de hablar español muy correctamente, tiene esa cortesía de algunos extranjeros que procuran usar palabras en euskera: eskerrik asko[5. oin-oharra] a Martin por haberle subido las maletas, frases cortas incluso, como oso ederra da[6. oin-oharra] cuando ha sacado el juego de té. Sin ninguna inhibición, sin temor a equivocarse o a pronunciar mal, con la impunidad de quien no es del lugar.
[5. oin-oharra] Gracias.
[6. oin-oharra] Es muy hermoso (101).

Adibide horretan, nolabait jatorrizko testuaren edukiak bultzatuta agertzen da euskara itzulpenean. Dena dela, Martuteneren gaztelaniazko bertsioan euskararen agerpena ez da mugatzen horrelako situazioetara. Batik bat, 500. orrialdetik aurrera –hots, liburuaren azken herenean–, erabili da euskara bestelako egoeretan azaltzeko estrategia. Modu horretan, euskara ikusgarriago bihurtu du itzultzaileak. Adibideak bakanak dira, baina oso adierazgarriak:

(12)

Burua bizpahiru aldiz makurtzeko keinu hori egin du gainbegiraleak, pentsamenduren bat baieztatzekoa, hain ondo ezagutzen duen dezepzioa eta pena nahaste horrekin.
"Ona hago hi" adierazteko muturjea (525)

Luego la mujer hace el gesto de inclinar la cabeza dos o tres veces como confirmando un pensamiento, con esa mezcla de decepción y pena que tan bien conoce.
La cara de decir "Ona hago hi".[41. oin-oharra]
[41. oin-oharra] "Estás tú bueno." (519)

(13)

Txundigarria egin zaio Juliari "Bere bizitzako gaurik zoragarrienaren" kontakizuna Sagastizabal existitzen den egiaztapenarekin hastea, jakinarazteko ume bat izan duela bere lehengusu etxejaun berriak antza denez Argi izena duen perutar txikiarekin, eta umeari Peru jarriko diotela izena, […] (573).

Le resulta desconcertante a Julia que el relato de la noche más extraordinaria de su vida empiece con la confirmación de que Sagastizabal existe y la noticia de que su joven primo, el nuevo "etxeko-jaun" y su peruanita, que por lo visto se llama Argi, hayan tenido un crío al que llamarán Peru, […] (567).

(14)

Juliak gogoan daukana da bera umea zela mutiko batzuek lehergailuren bat aurkitu zutela, eta harekin jolasean ari zirela eskuan egin ziola eztanda etxeko morroiari, zenbait hatz eramanez (688).

Lo que sí recuerda es que, siendo ella muy niña, unos críos encontraron una bomba en los alrededores y que jugando con ella le reventó en la mano al morroi[55. oin-oharra] de Etxezar, que perdió varios dedos
[55. oin-oharra] "Criado" (680).

Madalen Saizarbitoriak hitz horiek gaztelaniaz jar zitzakeen eragozpenik gabe, pasarte horietan ez baita erabat ezinbestekoa euskara agertzea. Hala eta guztiz ere, euskara txertatu du testuan, eta, ondorioz, euskararen presentzia areagotu du. Irakurleak espero ez duen pasarteetan ere egingo du topo euskararekin. Hala, euskarari toki bat aitortzen zaio gainerako hizkuntza nagusien alboan.

Euskarazko hitzak oin-oharretan edo beste baliabide testual batzuk erabilita itzultzen dira, baina ez da gauza bera gertatzen ingelesarekin edo frantsesarekin. Izan ere, gaztelaniazko bertsioak, euskarazkoak ez bezala, ez du amaieran eranskinik ingelesezko eta frantsesezko hitz eta esaldiak argitzeko, nahiz eta hizkuntza horiek pisu nabarmena duten gaztelaniazko bertsioan. Ondoriozta dezakegu irakurle eleanitza eskatzen duela Martuteneren gaztelaniazko bertsioak, beste hizkuntza batzuk ulertzeko kapaza dena. Neutralizazioa, beraz, euskara eta gaztelaniaren arteko hizkuntza-jolasetan gertatzen da gehienbat. Azken batean, euskara hizkuntza gutxitua da, eta itzultzaileak ezin dio bizkar eman errealitate horri.

Ondorioak

Ehun metro, Hamaika pauso eta Martutene eleberrien gaztelaniazko bertsioetan hizkuntza- aniztasuna ez da jatorrizko testuan bezain oparoa. Sorburu-testuan ageri diren hizkuntzen arteko harreman asimetrikoak itzulpenean azaltzea ez da erraza, xede-kulturako botere-egiturek itzulpena baldintzatzen dutelako. Gogoan izan behar dugu jatorrizko bertsioaren heterolinguismoaren osagai nagusia hizkuntza gutxitu bat dela, eta, gainera, sorburu-testuan ageri den hizkuntza nagusietako batera egin dela itzulpena. Hori dela eta, euskararen presentzia asko murrizten da; izan ere, euskararen egoera soziolinguistikoak eta gaztelaniarekiko duen harremanak eragin zuzena dute itzulpenean. Hala ere, euskara ez da guztiz desagertzen itzulpenetan, eta azpimarratzekoa da hiru itzulpenetan euskarak toki bat izatea. Euskarazko berbak egoera jakin batzuetan agertzen dira oro har, sorburu-testuak berak euskara agerrarazteko aukera ematen duenean, eta itzultzaileek aukera horiek aprobetxatu dituzte askotan. Martutenen, gainera, euskararen agerpena harago doa.

Azterketa honetan lagin txiki bat aztertzera mugatu gara; horregatik, aurrera begira oso interesgarria litzateke ikerketa-ildo honi jarraipen bat ematea: egile, xede-hizkuntza eta literatura-genero desberdinak aztertu behar lirateke ikuspegi osatuago bat eskaintzeko. Har bedi lan hau ikerketa-ildo horren abiapuntutzat.


Bibliografia

ASKOREN ARTEAN (1988). "Euskal literatura geroari begira", Plazara 10, 11-18.

BEREZIARTUA, Gorka (2012). "Ramon Saizarbitoria: Nobelagilea gupidagabea da,
            makurra, gaiztoa, zikina", Argia 2334.

DELABASTITA, Dirk & GRUTMAN, Rainier (2005). "Introduction. Fictional representations
            of multilingualism and translation", Fictionalising Translation and Multilingualism.
            Linguistica Antverpiensia 4, 11-34.

GABILONDO, Joseba (2013). New York-Martutene: euskal postnazionalismoaren
            utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz (edo nola desiratuko dugu orain?),
            Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea.

GERENABARRENA, Felix (2013). "Ramon Saizarbitoria: Gure munduan ez dugu inoiz
            bukatuko gai batzuei buruz hitz egiteaz", Territorios 2013-11-30.

GRUTMAN, Rainier (1997). Des langues qui résonnent. L'hétérolinguisme au XIXème
            siécle québécois, Montréal: Fides.
–––––– (2006). "Refraction and recognition. Literary multilingualism in translation",
            Target 18:1, 17-47.

LASAGABASTER, Jesus Mari (1982). "Literatura vasca y bilingüismo: vasco y castellano
            en la novela Ehun metro de R. Saizarbitoria", in Giuseppe Bellini (arg.)
            Actas del Séptimo Congreso de la Asociación Internacional de Hispanistas,
            Roma: Bulzoni, 667-675.

SAIZARBITORIA, Ramon (1976). Ehun metro, Donostia: Kriselu.
–––––– (1979). Cien metros [itzul. Pilar Muñoa], Madril: Nuestra Cultura.
–––––– (1995). Hamaika pauso, Donostia: Erein.
–––––– (1998). Los pasos incontables [itzul. Jon Juaristi], Madril: Espasa-Calpe.
–––––– (1999). Aberriaren alde (eta kontra), Irun: Alberdania.
–––––– (2012). Martutene, Donostia: Erein.
–––––– (2013). Martutene [itzul. Madalen Saizarbitoria], Donostia: Erein.