Hemen zaude:
 » 
Entsaladatik euskalduntzera - Edorta Agirre

Inprimatu

Data: 2016ko azaroa

Entsaladatik euskalduntzera - Edorta Agirre


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Laburpena

Hizkuntza eta nazioa antzeko edukiko kontzeptuak direla oinarri gisa harturik (gutarrekin elkartzen eta gainerakoengandik bereizten gaituzte batak eta besteak), egileak bere buruaren eta, hedapenez, ia nornahiren euskalduntze-zaletze-trebatze-espezializatze prozesuaren berri ematen du: eragozle eta laguntzaileak, animo-emaile antzuak, garaietan barrenako panorama orokorra… Artikuluari amaiera emateko, eskaera bat egiten du autoreak: gurean, elikadurak, oro har, euskararik gabe bizitzen segitu ahal izango du, baina… merezi? Ondasun prosaikoak eta utzikeriak luze beteko al dute euskararik ezaren zulo tristea?


Hizkuntza eta nazioa kontzeptuek antzeko edukia dute, biek:
gutarrekin elkartzen eta gainerakoengandik bereizten gaituzte batak eta besteak.

Sarrera

Pazientzia handiko irakurle miretsia, bide muturraren hasierara begiratzeak autoreari zerbait gazi-gozo garrazñoa noziarazi dion arren, letra hauetatik ez duzu Nobel sarira aurkezteko ezer probetxuzkorik. Lanari ekitean, gogoan izan dezagun egun, zorionez, aski modan zaigula autokritika edo auzokritika egitea, are kontrako eztarritik joanda ere, inoiz zinismo izpi batez.

Hasiera honetatik, barkamenak umil-umil eskatzen dizkiet mundua D ereduan sortua izan zela eta hizkera eta gainerako guztia hiztegiek agertzen dutena baizik ez dela sinesten duten hiztunei. Aspaldion bertsolaritzan, esku pilotan eta itzulpengintzan egin diren aurrerapenak ikusita, apaletik saiatu beharko.

Euskalduntzeaz

Ama-hizkuntza, etxean eman zaizuna;
ssstia-hizkuntza, zeuk, buru-belarri,
diziplinaz ikasi, erabili, irakatsi eta
zabaltzen lagundu duzun hori.

Gogo jardun edo ariketa espiritualak egitera bildu gintuzten Ulia aldeko mojen aterpera Mariaren Bihotza edo Belarraren Pankrea ikastetxeko fraideek, dozena bat urte genuela eta Eliza frankismoa zela. Joxeanek zerbait idatzia zuen bere gelako armairuxkaren atzealdean, klarionez. Hara joanarazita, berak kriptograma erakutsi zigun, baina erdaldun peto hau artean ez zen gauza hango hitzik interpretatzeko. Euskara zela, bai, nonbait; hortik aurrera, jai. Alferrik ari zela.

—Begira, Euskadi hau da, Euskal Herria, eta askatuta, libre. Gora, gora da, etab.

Akaso hezur-muin edo kromosometan nekarren mezu haren funtsa; kontua da ehun bat toki ezkututan idatzi genituela hitz haiek hiru egun haietan, lagunak ohartarazita:

—Kontuz ibili, debekatua dago eta.

1963 hartan ez zegoen ezer debekatu gaberik. Kalean, helduekin hizketan, politika hitza esan, eta: «Ixo, hori ez da esaten hemen».

Fraide haietako batzuei esker jakin ahal izan genuen el mula eta la suelo Suelgo, no: suelo») euskara garbia zela eta beste kontu asko. Esaterako, Ulia aldeko baserrietako ikasle eta gurasoei simaur usaina zeriela. Horregatik ez zekiten hizketan eta horregatik ateratzen zituzten nota txarrak. Barre algara ederrak egiten genituen, sarri, cashero xelebre edo ergel haien kontura gainerako euskaldunek eta erdaldunok, listuok nonbait.

1966ko udaberriko goiz batean, Parte Zaharreko frontoian eskuak berotzen, bakar-bakarrik. Arrain salmenta eginda, kaitik irten ezinik zeuden baporeak, portuko irteerako ur sakonera urri-urrikoa baitzen. Itsasgoraren zain, gertuko pilotaleku hartara arrimatu ziren arrantzale oriotarrak, ohi bezala. Bertaratuta, zerbait esan zuten.

Niri ote? Batere ulertu ez niela arraposturik, tostarteko hark lagunei:

—Aizue, egin erdaraz, antiojodun horrek euskaraz ez daki eta.

Hala, denak espainolez, polizia honek derrigortuta. Lotsa eta amorrua; frakasoa. Pilota bertan utzita, handik alde egin, eta euskaraz ikasteko promesa hausnarrean.

Horrela, edonork «Euskaraz ba al dakizu?» galdetzean, «Oraindik ez» erantzuteko konpromisoa hartzea izan nuen bidea, artean koherentzia hitza ezagun ez bagenuen ere. Esan eta izan, izan eta izen, buzo berriaz jantzi eta, deitura ere, berria hartu genuen, sabindarra. «Elorza?». Ez, Elorza badakit esaten, baina ez da horrela. «Gorka?»… «A, bai, Elorta!». Pentsatzen jarrita, hobe Arana izengileak euskal senetik jo izan balu, disimilazioaren legea betetzeko, Eluardo eta antzekoak ez baitira bakanak gurean ere.

Hori, etxean. Urrutiko kartzeletara bisitan, Karlota ere irakurri dute funtzionario erudituek nortasun-agirian. Arrazoia zuek, mundua oker.

Kulpanteak

Kontua ez zen gabezia larri haren errua inori egoztea, bizimodu goxoa dastatzea egokitu baitzitzaien gurasoei: beste askoren gisara, amari —Espainiako Errepublikako mezulari baten arreba— errizino olioa harrarazi, ilea seko moztu eta kamisoian paseatu zuten jaioterri txiki hartan, jendeak barre egin ziezaion. Tximista bezala, hartu eta hanka egin behar izan zuen handik, mehatxuak atzean utzita. Izena aldatuta bizi izan zen geroztik, sasiz sasi (Getxo, Hondarribia, Bera…), sukaldari, Donostiako jatetxe ezagun batean sartu arte. Ia sosik jaso gabe, jakina, lapurtutako jan-kondarrak eta kamaina latza aski baitzuten palazio hartako langileek, doña Nikolasak zioenez.

Aita, antzekoa: 1936ko uztailaren 17an etxera bidean, soldadutza bukatuta. Heldu aurretik, telegrama zain: «Reincorpórese inmediatamente a filas». Hurrengo hamaika urteei hasiera emateko, fusilari heldu, eta Hendaiatik Kataluniara gerturatu ziren. Txangoan, bi heriotza-zigor bizkarreratu, Somalia-Hendaia (Hondartza) trenbidea aitzurrez jorratu, Aljeriako militar eta zamari frantsestuei jana prestatu, eta, arantzaz josiriko indipikuez, barrukoz kanpora itzulita, elikatu, eta abar.

Moda-modan, beraz: oraingo gazteen modura, 30 urteak ondo pasatuta ezkondu ziren. Zer kontu eskatu haiei?

Zergatik, zertako euskaldundu

Zergatik… Euskal gizartean txertatzeko baimena eskuratu nahi genuelako. Zeinahi klub, elkarte edo soziedadetan sarrerako kuota ordaindu behar bada, nolatan ez pagatu gizarte honetako kide izateko? Gustura, gainera.

Zertako hori errazagoa da: taldekide izateko. Zoriontsu izan nahi badugu, gu baino handiagoa den zerbaitetan (Athletic, jainkoak, loteria) sinetsi behar omen dugu. Beharbada, 68ko maiatz paristar haren eragin bereizgarriak gizarte zahar zaharkituaren dogma asko aldatzea eta bestelako gizataldeak eratzea izan zirelako. Hego Euskal Herrian, bederen, boterearen agintaritza jainkotiarra auzitan jarrita, modu askotako har eta pipiek jotako gizarte kontserbadore epel haren kontrako talde kultural, sozial eta sasipolitiko mordoa sortu edo osatu ziren, erregimen urdinaren amaiera hasteko: kultur talde berriak (Ez dok amairu, nagusi); eskultore eta pintore modernoenak (Debako Eskola, Gaur, Ur, etab.); kooperatiba edo tankerako lantegi horizontal txiki asko; bestelako abesbatzak, folklore eta dantza taldeak; sindikatuen jarduera nazionala; emakumea lan-merkatuan sartzea (etxeko atazak utzi gabe); gaur egungo antzerkigintza, kantagintza, poesia, narrazioa eta bertsogintza urbano edo molde berrikoak; Durangoko Azoka; egindako eta egiteko zentral nuklearren (Deba, Baiona, Lemoiz) aurkako mugimenduak; jendearen janzkera arinagoa; euskara batuaren hastapen sendoak; eskola sozial nazionalak eta estatalak; Eliza katolikoaren atzerakada humanitarioaren hasiera; euskal sukaldaritza berriaren gorpuztea (bezeroek bultzatuta)… Euskal Herrian Euskaraz hogei urte geroago munduratu zen, baina, zinez, horrelako zerbait eratzen ahalegindu ginen oilar gazte ausartegi batzuk, oraino erdaldun hutsak ginela. Gorbata-gabetasun hartan, gizaki distiratsutik talde iraunkorrera pasatu zen: Leonardo bakarra izan zen, baina antxoak oraindik bizi dira, herriaren eta herritarron mesederako. Aldez edo moldez, nornahi eta zernahiri zor zitzaion bizitzeko eskubiderik. Baita euskarari ere, Ustelandia frankista eta Autxerri jakobino haietako instituzio guzti-guztien kontra.

Panoramika (subjektiboa)

Errespetua norbaiti aitortzekotan,
euskaltzaleari eta euskaldun berriari.

Joxe Austin Arrietak maitasunez, maisuki, goxotasun eta xehetasun osoz erakusten digu XX. mendearen erdialdeko paisaia hura, baina, gure etxean, bestela bizi izan zen, bera izatez eta heziketaz euskalduna izatearren eta gu, aldiz, kontrakoan, seguruenik. Baina hala zegoen antolatuta mundua.

Garai bizi-nahasi haietan, euskaraz nork ote zekien, baina? Ikusi batera, inork gutxik; auzokideei galdetu, eta: «Guk bai. Bueno, nik neronek, ez; gure ama zenak, ordea, hark bai euskara garbi polita!»; «Hemen inoiz ez da euskararik entzun», eta horrelako arrapostu gordinak jaso genituen, nahi baino gehiagotan, Donostiako Parte Zaharrean, mintza-praktikan aritu nahian. Tarteka, Koxkako (Bretxako) baserritarrei zerbait erostera joan, euskaraz hasi, eta haiek: «¡Es que no te entiendo! ¿Media docena de manzanas? Hala, trae cuatro pesetas».

Aldez —egun etxe guztien bihotzeraino iristen den telebista indartsuaren aitzindari, nornahiren gaineko informazio konfidentziala eguneratuta zeukan Elizak, eta, bide batez, frankismo osoak izuturik— edo moldez —euskaldun izatea modaz pasea zegoela, munduko herritarra (hots, madrildar edo paristar erdalduna) izatea zen joera modernoa—, euskara baztertuta zegoen kalean. Sekulako baztertua, toki askotan. Debekatuta, akaso ez zegoen nonahi legeak erabat debekatuta, baina ez zen jardunbide txukuna.

Kontuak ez esajeratzeko, aitor dezagun Donostian ere bazela euskaldunik: lagunetako batzuk, senideren bat, eta horrela. Euskaldun eta, agian, euskaltzale ere bai, baina kalean —gure aurrean, behintzat— ez zuten euskaraz egiten. Ezkutuko hiztun eta ageriko zuzentzaile ziharduten; ikasi berri zenuen hura bota bezain laster, esakunea zuzenduko zizun: «Ez, hola ez da esaten». Laburtzeko, euskalduntzat agertzen zena ez zen gai euskaraz egiteko (oso-oso-oso… baskoa izan arren), eta egiazko euskaldunak bereizgarri hori gorde egiten zuen, eskuarki, lagun minekin aritzean ez bazen.

Hedabide eta panfleto batzuek, irakurleak sinesten ez badu ere, Los txiquis y los aitas, al polikiroldegui eta antzekoak erakusten zituzten. Euskara tituluetarako utzita. Alde batekoek eta bestekoek, esatea itsusia bada ere. Gezurra dirudi nola aldatu den panorama, alajaina!

Euskaraz jabetzeko premiaz konpromisoa hartuta, Plazido Mujikaren totxo potoloa ekarri, eta beste hiztegi bat, baliagarria, sortzen hasi ginen, geure kabuz: debekatutakoen zerrenda. Berrehun tabutik gora bildu genituen berehalako batean, jendeak —berariazko ikasketarik gabeko herritarrek, bestelako herritarrik ez baitzen— zuzentzen zizkigunak apuntatuz: handik aurrera -> aurrerantzean, Dolox eta ni -> Nekane ta biok, ibai -> hibai, hibai -> ibai, ur baso bi -> baso bi ur -> bi ur baso -> ur bi baso (edalontzi)…

Debeku haiek miatzen hasita, kontraesan mordoxka atzeman genuenez, ikasitakoaren parte handi bat desikasten hasi behar izan genuen. Informatzaile batek zuria esan, beste batek beltz-beltza, eta, hirugarrenak, ez batera eta ez bestera. Horri esker deskubritu genuen euskaldun euskaltzaleek ez zekitela euskaraz. Erdaraz idazten zutenek, aldiz… haiek bai jakin! Garbiago idazten zuten, gainera, espainieraz, hebreerazko eta magyarrerazko argudioak mulkoka ipinita, bidezko adibide egokiak tartekatuta eta pertsiera klasikoko arauak gurera egokituta. Gurea izango zen, beraz, guk ondo ikasi eta inoiz menderatuko bide genuena, egiazko euskara garbia, hizkuntza benetan garbitzerik inori egundo bururatu ez omen zitzaion eta.

Hasierako egiaztapenak sendotzeko, erlijio liburu zaharren bat eskuratu genuen, erdal edo euskal bertsioa zuena. Anabasa, kaosa, nahi duzuna, itzulpena izan ezik: «Non esaten da Jainkoak besotik heldu ziola? Hemen, le disuadió baizik ez da agertzen». Baina… aurrera egin behar!

Egiazko euskaldunak

Ez dago euskaraz; beraz, ez da euskalduna;
beraz, ez da euskal herritarra, ez da gurea.
Kontrakoak, behinik behin,
emaitza politak agertu ditu historian.

Etxe hura altxatzen ari zirenak ez ziren idazle edo kazetariak, hizkuntzalariak baizik —gramatikariak, zehazki—, Euskaltzaindiaren osakerak frogatzen zuen gisara. Bestetik, ba omen ziren bizkarroi modukoak, beren burua bertsolari edo izkiriatzailetzat zeukatenak, baina haiek ere beti berena; haiekin, alferrik zen. Zergatik esan duzu «Atsaldion baitere plaz’hontara bildu zeraten danoiri»?; «Ez dakit nola adierazi… gure herrian, horrela esaten da».

Gaizki, bide horretatik ere. Bertsolaria, zerbaiten arrazoirik emateko gauza ez bada, euskaraz ez dakien seinale. Amonak zioen: «Zikinak zikindu bai, baina garbiak ez du garbitzen». Alegia, larruak astintzeko garaian, trebeak ginen; euskaraz egiteko, baina, ez.

Objektiboki edo, euskaldunek zerabilten euskara, gainera, ez zen oso… Guk erdaraz muscullo esaten genionari mejilloia zeritzon, betidanik, kanpotik etorri eta Parte Zaharrean taberna jarri berria zuen euskaldun peto-petoak, eta hala deritzo oraino ere; chipirónari, kalamarra; lampernari, pertzebea; changurruari, zentoiloa.

Kolektibizazioari eta proletariotzaren internazionalizatzeari esker ikasi genuen bizkaieraz egiten zuten gajoek ere ez zekitela ondo: erdarakadaz beteriko lexikoa, intonazio arraroa, etab. Lapurteraz eta nafarreraz mintzatzen zirenak, poliki bai, baina… Zuberotarrak, ordea, denetan maitagarriak, haiek bai exotiko eta zoragarriak! A, bai: lastima Erronkariko uskara hura, hiltzeko zorian zetzana.

Hots, euskararen bizi esperantza (presentzia) hutsaren hurrena zen, eta egoera hari buelta eman behar zitzaion, genion.

Autodidaktak ginen, ezinbestez; lanari ekin genion lagun taldean. Euskara ikasten hasi bezain laster, baratze hura txukuntzeko tentazioari uko egin ezinik, etxea altxatzen hasi ginen, oinarri sendo baten gainean: gure hizkuntza bestelakoa zen, beste ezein baino primitiboagoa; ez zen SOV egitura duten arrunt horietakoa, SOV edo OSV baizik. Ulergarri, ulergaitz edo ulertezina izan.

Zergatik itzultzaile bihurtu (nahi)

Itzulpen-motak:
-beste hizkuntzan dagoena ekartzea
helburu duena
-zerbait zuritzea xede duena

Nola, zergatik? Euskal gizartean goxoago bizi ahal izateko eta, agian, Unamuno eta Suarez analfabetoei arrazoia emateko, eta euskara diruaren aurrean gutxiesten duten feniziarrei txalo zaparrada jotzeko, eta euskara derrigor zabaldu behar duten instituzio zekenei ukazioaren bidetik segi dezatela berresteko, eta euskararen suspertzea contra natura eta absurdotzat jotzen zuten kooperatiben sortzaile argi haiekin eta beren ondorengo dotrina-jarraitzaileekin enpatizatzeko, eta erdaraz hobeto dakielakoan euskaraz mintzatzeari uko egin eta idatziz edo mikrofono aurrean espainiera ezin kaskarragoan ari direnei gure mirespena adierazteko, eta Gaintxurizketan arabiar batek Parisko bidea zein den galdetzen dizunean euskaraz eta keinuz erantzun ordez espainieraz eta ozenki ihardesten dutenen jarrera bultzatzeko, eta jan-edan kontuez euskaraz egiterik merezi ez duela predikatzen dutenekin bat etortzeko, eta herria gorputza eta hizkuntza bihotza dela ukatzen diguten iragarle buruargi horiei euskaltzaleon omenaldi xumea eskaintzeko.

Denok dakigu elebakar gehien daukan hizkuntza kanpeoi dela; banku, armada eta hedabide ahaltsuak baditu, jakina. AEBko, Erresuma Batuko, Emirerri Arabiar Batuetako presidente elebidunik izan ote da behin ere? Pobreok, baliabide gabeok, ezjakinok bakarrik ikasi behar dugu beste hizkuntzarik, ahaltsu eta aberatsekin jarduteko eta haiek egindakoaren parte baten berri izateko. (Hortaz, herri indartsua izan nahi badugu, erdarez bakarrik segitu beharko).

Euskararen eta erdararen arteko zubia egitea genuen misioa. (Nola, zein erdara? Erdara, batu eta bakarra. Orduan ez zen gaztelaniaz egiten; Eufebidek ekarri zuen hori, beste hizkuntzetan bezala: espainieraren ordez, gaztelania; kaserna edo kuartelaren partez, ertzain-etxe, etab.). Baina itzulpengintzako ateak itxita edo mugak, bederen, urrun eta zurrun ikusi ditut maiz, neu trebezia, sen edota ausardia eskasekoa izaki, dudarik gabe.

Nola itzultzen hasi, ordea; zer aldartez ekin itzulpen lanari? Bat, guk proposatuko genukeen hizkuntzaren oinarrizko definizio bati helduta: hizkuntza gizakiek elkar ulertzeko tresnetako bat da. Elkar ulertze hori erdiesten ez bada, jai. Eta bi, harmonia, kadentzia naturala, belarria, doinua edo dena delakoa. Eta, prozesu guztietan bezala, zerbait sakrifikatu behar izaten da beti: forma, tentsio-distentsioak, mezuaren parte bat, segida, estiloa… Manet pintoreak zioenez, koadroak duen zailtasun larriena azken pintzelkada zein izan den asmatzea da.

Zergatik jan-edanen kontuak euskaratu

Zume horiekin, ordea, nolako saskia
egin dezakegu? (Ez guk: euskal filologia
pribatuaren antolatzaileek baizik) Inazio
Agirre gogoan.

Sagardotegian mojón!, mendiko ostatuan mondejus de Zaldivia, tabernan marmitaco eta establezimendu herritar guztietan horrelako oinarria zegoela ikusirik, zeru aldera begiratu genuen. Alferrik, prezio biziko jaki izen luze aldrebes haiek ere frantsesez edo espainolez loratzen baitziren han, lainezaz.

Urte batzuk joanak ziren goiko hasiera hartatik, eta sukarra arindu samarra bide zuen egunerokotasunak. Itsasoa utzitakoan, irakaskuntzan, sukaldaritzan, itzulpen lanean, artikuluak egunkarietan idazten, zernahitan aritu ginen.

Lagun sukaldari batekin solasean, 1979 aldera hasi ginen euskal elikaduraren balizko fakultate bat eratzen: «Lehen urtean, euskaraz trebatu beharko dira ikasleak, eta hizkuntza horretan jantziko dira ikasgaiez: elikagaien ekoizpena, ezaugarriak, enologia, ekonomia, zuzenbidea…», espekulatzen genuen ia arratsaldero, lauretatik zazpiak arte, orduantxe genuelako astirik, eguerdiko eta arratsaldeko txandak bereizita.

Euskaltzaindiak banatzen zituen tituluak eskuratuta, Euskal Filologia estudiatzen hasiak ginen, arratsaldez, Urumea ertzeko ikastegi pribatu batean. Irakasle haietako askok —Juan Mari Lekuonak, Joxe Azurmendik, Altunak— ederki egiten zuten euskaraz, baina, saskia etxeko zumitzez osatu behar zenez, beste asko erdaldun lasaiak ziren, hots, filologia mota hura gainditzeko, espainolez sendo jantzi behar zen; euskaraz, xeoxe.

Han, unibertsitate onetan bezala, dena duda, dena galdera. Eta, zalantza planteatuta, irakasleen aholkua: «Begira, hortxe duzu tesia egiteko gai aproposa». Trilioi pare bat tesi osatzeko materiala bai, baina hitzak bereiz, marra eta guzti edo elkarrekin idatzi behar ziren, hori ez omen zen hileroko fakturan.

Alderdi politikoek eta instituzioek, oro har, ez zuten euskara aintzat hartzen. Herri diruak halako edo bestelako xedera bideratzea ez da euskararen alde bizitzea, ez argazkilaritzaren alde baino areago. Hedabideen jokaera ere, aurrekoaren adierazgarri. Euskara suspertzeko, zabaltzeko eta ganoraz erabiltzeko dirua herritarraren patrikatik atera da, zergetatik aparte; denbora, larunbat eta igandetan. Boluntarismoa vs soldatak; diziplina eta militantzia vs (hatzez adierazitako) kargua. Gogoan al duzue Gipuzkoako Aldundiak ez oso aspaldi bultzaturiko Aire, aire! kanpaina hura, gipuzkoar erdaldunek protagonizatua eta beste hamaika mini-kanpaina, zerga-kondarrez eratuak?

Tartetxo bat iragarkientzat. Elikadura hiztegia

Jaio giñen, bizi gera, ez degu ezer
eskatzen
… Tira, oraingoz, aurreneko biak
bakarrik joko ditugu aintzat. Eskatu,
eskean gabiltzalako.

Alferrikako bi hiztegi osatzea bururatu zitzaidan, aukeran: Miss Euskadi hautatzeari zegokiona edo elikadurari buruzkoa. Bietan alferrikakoena hautatu nuen, dudarik gabe.

Mundu hori ber-bertatik ezagun eta gustukoa izaki, elikaduraz idazten hasi ginen, aspaldi, Egin, Deia, EITB, Argia, Egunkaria eta Berria hedabideetan, izen-abizen eta guzti edo izengoitian gorderik, gure ezjakina ezkutatu nahian. Gastronomia, sukaldaritza, enologia eta antzekoak, orduan, ez ziren sasoiko fruta preziatuak, baina, gure ustez, norbaitek hautsi behar zuen etendura, beste batzuek aurreko gabealdiak hautsi zituzten modura: Baionako sukaldari profesionalen Escualdun cocinera (1864), Eusebio Lopezen Cocinan icasteco liburua (Tolosako moldiztegia, 1889), Julene Azpeitiaren Osasuna, merketza ta yanaritzaz (Editorial Vasca, 1930). Mende erdia ondo pasea, Sukaldaritzarako hastapenak hura argitaratu genuen (Elkar, 1983); badakigu, ez euskarari, ez elikadurari ekarpen behinenik ez zion egingo liburuxkak, baina beldurrak uxatzeko balio omen zuen, bederen.

Hala, lotsak uxatuta, J. J. Lapitzen Gaurregungo sukaldaritza Euskadin (Espasa-Calpe, 1985) moldatu genuen, espainieratik. Eta hark katea osatzeko aukera eman zigun, laster etorri baitziren Josu Urrutikoetxearen Giltzapeko sukaldaritza (Hiru, 1996), Martin Berasategi taldeko kideen Tabula. Arrautza (autoreak editore, 2001), J. F. Saint-Germainen Foie-Gras (Aurrera, 2002), Martin Berasategiren Gipuzkoako gastronomia (Kutxa, 2002), talde beraren Guggenheim: su-artean (Guggenheim, 2002) eta Tabula. Bakailaoa (Montagud Editores, 2003), Andoni Luis Adurizen Klorofilia (egilea editore, 2004), P. Garcia Amianoren Goi Euskal Sukaldaritza Miniaturan (egilea editore, 2004), eta Juan Mari Arzaken Errezetak (Bainet, 2004), Mokaduak (Bainet, 2007), Errezetak (Bainet, 2008) eta Sekretuak (Bainet, 2010). Denak enbor beraren adar berdintsuak, aspaldiko joerari jarraikiz: ezkerraldean, argazkia, lehengaien zerrenda eta zertzelada pare bat; eskuinean, jakia prestatzeko urratsak eta aholku edo trikimailuren bat (batzuetan, badirudi ogitartekoa osatzeko opila irekitzea edo janari gatza botatzea trikimailua dela. Agian, zuzen dabiltza, martxa honetan).

Itzulpen lan horiekin, etxean eginikoak tartekatu edo teilakatu genituen: Almanaka 2003 (Pamiela, 2002), Tabula. Bakailaoa (egile-kide; Montagud, 2003). Azken horrek zenbait sari bildu zituen: Gourmand World Cookbook Awards saria (2003) arrainaz eginiko liburu onenari, Librería Gastronómica saria gastronomiari buruzko 2003ko agerkari hoberenari. Hurrengoa Euskal sukaldaritzaren antropologia (Gaiak, 2004) izan zen, eta, oraingoz, zerrenda ixteko, Baietz okerreko bidea aukeratu! (Alberdania, 2006). Errezeta-kontuez beste libururen bat osatzeko eskaintza etorri bazen ere (Santiago Bidekoak, Euskadi berdekoak, tradizional gaurkotuak), nik uste nuen alor hori sobera jorratua zegoela, euskal irakurleak ez zuela interesik izango antzeko formulak behin eta berriz begiratzeko. Hortaz, gure partetik, ezezkoa eman genien errepikapen ustez antzu haiei, beste batzuek ildo horretatik segitu zuten arren.

Eta, itzulitako eta idatzitako liburuez gainera, kazetaritza beti-gose aseezinak irentsi zituen milatik dezente gorako artikulu haiek prestatzeko bilatu edo asmatu behar izan genituen fitxak hasi ziren agertzen han-hemen. Gaiak (nutrizioaz, tradizioez, lehengaiez, teknologiaz, trazabilitateaz, euskararen presentziaz, elikagaien segurtasunaz, antropologiaz, soziologiaz…) ordenatzeari ekin, eta, ia-ia nahi izan gabe, ikusi genuen hiztegi moduko zerrenda potoloxka bat osatzen ari zela. Ordurako, alta, hiztegigintzan saioren bat eginda geunden: frantsesezko Bordas hiztegi entziklopedikoa euskaratzeko saioak egin genituen Alvarez Enparantza «Txillardegi» zenarekin, baina editorialaren porrotak eta arduradunen ihesak proiektua eraitsi zuen. Berriki Enciclopèdia Catalana-k sorturiko Soziolinguistikako hiztegiaren parte bat ere euskaratu genuen (2009), etab.

Alderdi askotan maisu eta zuzendari ditudan lagunei galdetu nien ea interesgarria izan al zitekeen elikaduraren gaineko hiztegia eratzea; haiek, irakasle dabiltzan unibertsitatean galdetu, eta, baietz. Orriak osatu ahala, erakutsi, eta aurrera segitzeko.

Hala, 2010 urte hitsean (sozioekonomiaz ari gara) egin genituen estreinako bueltak, obra ezagutarazi eta baliabideak biltzeko asmoz. Eta, harrigarria bada ere, Basque Culinary Center izen-abizenekoak inongo arretarik ez zuen azaldu, nahiz eta haren aurrekoak (Euskal Herriko Gastronomia Etxea) interes bizia agertu zuen.

Hiztegia zer den

Gurean, han-hemenka tamaina guztietako hitz zerrendak erdaratu eta euskaratu diren arren, monografiko honi ez diogu aurkitu arbasorik. Meritu handiko saiakera batzuetan, hitzak hizkuntzaz aldatzera mugatu dira autoreak, baina adierazle eta adierazi horietako asko hil egin dira, zaharkiturik (erretzea, sensu stricto, egun ez da frijitzea, berakatz erreak esan izan badugu ere), eta beste anitz sortu eta sortu ari dira, premia berriek aginduta; haiei ere ateak zabaldu behar dizkie euskarak, aurrera egingo badu.

Hitzak, gehienez ere, itzuli egin ditugu (eta afizio edo ofiziozko itzultzaileok, askotan, ez dugu asmatu; bistan da) historikoki, baina sortu ez dugu egin, ez baitugu euskaraz jardun. Aurrerantzean elikadura munduan gure hizkuntzan zerbait serio egingo bada, ia erabateko hutsune hori bete beharra dago, euskararen normalizazio eta estandarizazio prozesua beste alor askotan aurrera eroso doala ikusirik. Sortzailea ez da izango itzultzaile hutsa, alor horretan diharduena baizik.

Euskaraz eratu, elikatu eta hausnartu da hiztegia, euskal unibertsoan hizkuntza bakar bat eredu edo euskailu hartu gabe, iturri biziak asko baitira egun: frantsesa (aspalditik), ingelesa, espainiera, japoniera…

Ez dakigu etorkizunean arrautza bat olio bero-beroan murgildu eta ezaugarriez aldaraztea frijitzea izango den; ez dakigu, berendiarekin eta urliarekin batera, sandia ere geratuko den gure artean ala angurriak kanporatuko duen. Guk hemen proposatzen duguna etorkizunean berretsi, egokitu edo baztertu beharreko zirriborro bat baizik ez da, daukagun euskal apurño triste honetatik irteteko, ezer ez egitea izan bailiteke hanka sartzerik larriena.

Nolakoa den

Bi idazlanek osatzen dute obra:

– Hiztegi hutsa edo glosarioa: hitza edo esakunea bere soilean agertzen da, eta, ondoren, euskal sinonimoak; segidan, adiera zientifikoa, latinez; hurrengo zutabeetan, haren baliokideak, espainieraz, frantsesez eta ingelesez.

– Hiztegi entziklopedikoa: aipaturiko hitz horiez gainera, eta terminoaren garrantzia aintzat hartuta, azalpen orokorrak datoz: termino horren etimologia (gehienetan), jatorria, historia edo bilakaera, hedadura, nolakotasunak, aplikazio edo erabilerak, gurean duen presentzia, prestaerak hemengo sukaldaritzan eta, bidezko bada, argibideren bat.

Sarri, testua izugarri luzatu ordez, taulak ezarri ditugu lagungarri, adierazi nahi dugunaz ikuspegi orokor edo sistematizatua izan dezagun ikusi batera.

Tamainaz ari garela, hiztegi entziklopedikoak 1.500 orri inguru hartzen ditu (hiru milioi karaktere, Word formatuan); bukatutzat eman ditzakegun hitzak 3.860 dira; egun egiteko daudenak, 3.700 inguru.

Bi lanak hemen ikus daitezke:

Elikadura Hiztegia (glosarioa)

Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa

Norentzat

Norentzat ez, ordea? Euskara aintzat harturik sukaldaritza, elikadura, nutrizioa, dietetika, bromatologia eta abar jorratzen, ikasten edo irakasten ari direnentzat; terminoez jabeturik idazlanik sortu edota euskaratu nahi dutenentzat; ostalaritza lanetan dihardutenentzat (sukaldari, laguntzaile, zerbitzari, sommelier, chef, maître, antolatzaile, biltegizain); hedabideetako esatari eta kazetarientzat; herri administrazioetako langileentzat; lehen sektorean (nekazaritza, abeltzaintza, arrantzan), bigarrenean (elikagaien industrian) eta hirugarrenean (ostalaritzan, oro har) dabiltzanentzat, eta nahi duen nornahirentzat da, egun, baliagarri. Aurki, mesedegarria izango da bere burua alfabetatutzat daukan herritar ororentzat, elikatzeak berariazko arreta eskatzen baitu gure osasunaz, ekonomiaz edo ongizateaz arduratzean.

Zertarako

Dagoeneko, erdaretatik ekartze edo kopiatze hutsa ez da aski; geure lanabesak eratu edo egokitu behar ditugu, gerora ere sortu ahal izan dezagun, geure sortze-lanaz jabetu gaitezen, kultura eta erudizio arrotzen jopu izan ordez, haien klixeak landu gabe irentsi ordez.

Alboko hizkuntza guztietan, ohikoak dira trukatzeak, maileguak, kalko semantikoak, eta abar, kasuan kasuko nortasunari eutsita. Ez luke itxura ederrik emango gure elikadurak kanpotik terminorik jaso ezean, edo denak erdaretatik hartuko balitu, adibidez; edo, are eta okerrago, espainieraz eta frantsesez bakarrik mintzatuko balitz.