Hemen zaude:
 » 
Ekonomia lingustikoaz (eta II) - Xabier Aristegieta

Inprimatu

Data: 2016ko azaroa

Ekonomia lingustikoaz (eta II) - Xabier Aristegieta


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Laburpena

Artikulu honen lehen parte iaz argitaratuan ekonomia linguistiko kontzeptuarentzat eduki zehatz bat proposatu zen, eta kontzeptu horri behar duen garrantzia ematen ez dion testugintzan sortzen diren bi problema nagusiak identifikatu eta landu ziren: astuntasuna eta konbinagaiztasuna. Bigarren parte honetan konponbide batzuk jorratzen dira euskarazko testuak ekonomia linguistikoaren gidalerroari gehiago hurbiltzeko. Horietako batzuk edozein hizkuntzatarako balio duten jokabideak badira ere, artikuluan arreta bereziz aztertzen dira euskarak bere-bereak dituen baliabide mesedegarri batzuk, oro har perpausaren oinarrizko elementuei dagozkienak, hala nola izena eta haren erabide batzuk, izenlaguna, atzizkiak eta aditza.


Sarrera

«Prosa ona leihoko beira bezalakoa da», zioen George Orwell-ek. Leiho-beira garden batek behatzaileari paisaia zuzen-zuzenean ikusten uzten dion bezalaxe, ikusmira oztopatzen duen zikinkeriarik gabe: halaxe gidatzen du prosa onak irakurlearen arreta, testuko hitzetan barrena, edukiraino. Zuzen-zuzenean, eta testuaren nolakotasun formalekin behaztoparazi gabe. Beste arlo batzuetan bezala testugintzan ere, funtsaren morroi baita forma.

Bada, ikuspegi horretatik, ekonomia linguistikoaren aintzatespenak berebiziko garrantzia hartzen duelakoan gaude.

Eta, zehazki euskarazko testuei gagozkiela, logikoa dirudi, haien harrerak oraindik ere zailtasun estralinguistiko ugarirekin tupust egiten duen honetan, testugileok gure esku dagoena egiteaz arduratzea, euskarazko testuei zailtasun estralinguistiko horiez gain malkar intralinguistiko antzurik ez eransteko. Ez baita ahaztu behar soziolinguistikoak ere badirela jokoan dauden ondorioak.

Aurreneko partean salatutako hizkuntza-portaerak alderantzikatzea

Artikulu honen lehen zatian (Senez aldizkariaren 46. zenbakian argitaratua) 0, ekonomia linguistikoa gure ustez zer den eta zer barnehartzen duen azaltzen saiatu ginen. Kontzeptu horren arabera, espresio linguistikoki ekonomiko batek esanahi bat ahalik eta material fonetiko/grafiko urriena erabiliz adierazi eta, halatan, astuntasuna ekiditen du; eta gainera, osagai duen hitz-kopurua minimizatuz (idealki, hitz bakarrekoa izatea xede harturik), testuko hitz-jarioan txertatzeko konbinagarritasun-aukerak maximizatzen ditu.

Ekonomia linguistikoaren etsai diren astuntasuna eta konbinagaiztasuna ardatz harturik, zenbait problema-iturri (araugileen, hiztegigileen eta testugileen jokabideak, hizkuntza-fenomenoak…) zerrendatu genituen, zeinak, berez, euskaraz ez ezik beste edozein hizkuntzatan ere ager baitaitezke.

Korapilo horiek askatzeko modurik nabariena litzateke salatutako hizkuntza-jokabidearen alderantzizko hautua egitea: perifrasietara jo beharrean, terminoak sortu edo mailegatu; nominalizazioa normaltasunez erabili, eta abar.

Aurrera egin baino lehen, jarraian bueltatu nahiko genuke artikuluaren lehen partean azaldutako jokabideetatik gogoangarrien iruditzen zaizkigun batzuetara, oroigarri gisa.

Premiazkoena perifrasien aldean hitz bakarreko aukerak lehenesteari deritzogu, gure artean izugarri zabalduta baitago perifrasirako joera.

Gailuok lanpostuetan instalatutako birusen kontrako programarekin analizatu behar dira. Esaldi hori autokritikoki hartu dugu gure lantokian itzulitako testu batetik, eta duen akatsa da lehenik eta behin iradokitzen duen ideia ‘lanpostuetan birusak instalatuta daude’ dela (lanpostuetan instalatutako birusen…), instalatutako-ren eta birusen-en hurbiltasunagatik. Jakina, instalatuta dagoena programa da (birusik badagoen ala ez dagoen, ondoren ikusi beharko): Estos dispositivos se deberán analizar con el programa antivirus instalado en los puestos de trabajo. Baldin eta birusen kontrako erabili beharrean ordain hitz bakar bat (adibidez, antibirus) erabili izan bagenu, akabo ulerproblemak (alegia, akabo konbinagaiztasuna): gailuok lanpostuetan instalatutako antibirus programarekin / programa antibirusarekin analizatu behar dira.

Eta espresio hitzbakarrik eskueran ez dagoenean, premia gorrikotzat jotzen dugu hitz-loturen hierarkia beste nolabait ikusgai egitea behintzat; esate baterako, bloke bat osatzen duten hitzak marratxo bidez lotuz. Izan ere, euskarazko testugintzaren ulergarritasun-problema larrienetako bat da kasu askotan irakurleari ez zaiola argi uzten perpauseko hitzak nola dauden batzuk besteekin lotuta, eta lotura horietatik zein diren estuagoak beste zein baino. Adibide batzuk:

Gizonak ez du beste gizon baten barruko arropa garbitzen1 . Lehen irakurraldi batean, beste gizon baten barruko uler liteke. Eta kontua da horrelako ulerbideei atea ixteko aski litzatekeela hiztegiek bipilago jokatzea espresio lexikalizatuak hitz bakarrean idaztearen alde: barrukoarropa. Proposamen hori astakeria galanta ote den? Bada, gogoan izan, adibidez, Hiztegi Batuak hitz bakarrean idatzita jasotzen duela etxekoandre. Edonola ere, lexikalizazioaren berri gutxien-gutxienez marratxo bidez ematearen aldekoak gara: barruko-arropa. Gogorarazi nahi dugu Hiztegi Batuak marratxoz lotuta jasotzen dituela izenbiko ez diren zenbait hitz-elkarte ere. Gorago erabili dugun gaizki-ulertu hitz-elkartea, adibidez. Edo azken-aurreko. Edo hitzez-hitzezkotasun.

Iaz urte amaieran bertan behera utzitako programak. Baldin eta hitz bakarrean idatziko bagenu bertanbehera, ekidingo genuke urte amaieran bertan ulertzea: iaz urte amaieran bertanbehera utzitako programak. Bestela, gutxienez ere marratxoz: bertan-behera utzi.

Nortasun alde askotako horretan, Txillardegi politikariari erreparatu dio Pako Sudupek irakurri dugu azken horrek idatzitako Txillardegiren borroka abertzalea liburuaren atzeko azalean. Esaldi hori irakurterrazagoa izango zen Nortasun aldeaniztun horretan… hitzekin hasi balitz, linguistikoki ekonomikoagoa. Trinkoagoa, beraz, eta irakurtzen hastean nortasun-alde hitz-elkartea iradokitzearen arriskurik gabekoa; hots, konbinagarriagoa.

El menú del día más bestia (El Mundo egunkariaren webgunea, 2016ko apirilaren 15ean). Interpretazio-zalantza: el menú… más bestia? Ala … del día más bestia? Hizkuntza guztietan, perifrasiak nahasbide-iturri. Jarraian ematen zen azalpenak zalantza argitzen zuen, bai. Baina irakurtzen hasteango2 txundidura ezin ekidinik. El menú-del-día más bestia-rekin, korapilorik ez. Horrela, bada, gaztelaniaz ere marratxoa bitarteko egokia izan liteke perifrasi bateko hitzen sakabanatutasuna kontrolperatzeko.

• Gogorarazi nahi dugu ingelesez problemarik gabe darabiltela marratxoa: Taking multiple blood-sugar-lowering drugs adibidean (Time aldizkaria, 2016ko urtarrilaren 25ekoa, 38. or.), blood, sugar eta lowering hitzek, guztiek batera, adjektibo funtzioa betetzen duen bloke bat osatzen dute, eta, marratxoen bidez bloke-izaera hori irudikatuz, irakurleari argi geratzen zaio aurreko multiple hori ez duela blokeko hitz bakan batekin lotu behar, drugs-ekin baizik.

Espresio bat hitz batean baino gehiagotan idaztetik hitz bakarrean idazterako iragate horren abantaila ez da konbinagarritasuna soilik. Izan ere, hasiera batean bereizita zeuden hitzak batera idazten ditugunean, hitz horietako batzuek libre uzten dute perpausean betetzen zuten tokia, halako moduz non beste hitz esanahi-gehigarri bat txertatzeko moduan geratzen baita toki hori, horrela perpausa esanahiz aberastuta baina hitz-pilaketa baldarrik suertatu gabe. Ikuspegi horretatik, hitz-fusioak perpausaren egituraketan hitz-berrantolaketako txukuntze-efektu bat sortzen du, nolabaiteko antzekotasunik falta ez zaiona Tetris bideo-joko famatuan pieza ezberdinak elkarren ondoan hutsunerik gabe paratzea lortuz gero sortzen denarekin.

Horrek zuzen-zuzenean dakarren abantaila bat zera da, hitz-elkarteak osatzeko aukerak izugarri areagotzea: gogoratu dezagun Euskaltzaindiaren 25. arauak zalantzagarri jotzen dituela bi hitz baino gehiagoko elkarteak, Berrelkarketa izenburua duen I.4. atalean esaten baitu duda-mudak sortzen direla hitz bi baino gehiagoko elkarteetan. Eta, jarraian, ekonomia linguistikoaren ikuspegitik ohargarria den hau gehitzen du: Ez da garbi ikusten, halakoetan, hitz-elkarketaz baliatzea egoki den ala izen-sintagma zabalagoetara jotzea komeni den.

• Esaten ari garenaren erakusgarri, har dezagun lantalde hitzaren adibidea. Zorionez, Hiztegi Batuak horrelaxe jasotzen du: hitz bakarrean idatzita. Eta, horri esker, guztiz zuzena eta zilegia da, adibidez, kultura-lantalde hitz-elkartea sortzea, bi hitzeko elkartea denez gero. Lantalde beharrean lan talde idatzi beharko balitz, ordea, horri kultura hitza gehitzean sortutako hiru hitzeko kultura lan talde elkarteak, esanahi aldetik nahasgarriago suertatzeaz gain, zalantzazkoa izango luke 25. arau horren babesa. Jakina, Euskaltzaindiak esandakoari jarraituz «izen-sintagma zabalago» batera joko genuke eta kulturako lan talde izen-sintagma izenlagunduna sortu. Baina horra hor konbinagaiztasun-problemak, testuan txertatzean. Ezen zer esan nahiko luke, adibidez, udaleko kulturako lan taldea espresioak? Udaleko [kulturako lan taldea] (udalaren esparruan denetariko kultura-kontuetan diharduen lan talde bat)? Ala [udaleko kulturako] lan taldea (zehazki herri horretakoa den kulturari dagozkion gaiak jorratzen dituen bat)? Ez da argi gelditzen. Guztiz posiblea da testuingurua ezaguna izatearen ondorioz ulermen-korapilorik ez sortzea. Baina hizkuntza-egitura bera da problematikoa, konbinagaitza delako. Udaleko kultura-lantaldea, berriz, unibokoa da. Eta, horren ahalbidetzaile, askok hasiera batean aski xume eta ondoriogabetzat jo lezaketen erabakia: lantalde idaztea, eta ez lan talde.

Espresio lexikalizatuetan hitz-fusiorantz jotzea guztiz ohikoa da. Gogora ekar ditzakegu, adibidez, ingelesezko firewall, edo smartphone. Lehenengoari dagokionez, oroit gaitezen Hiztegi Batuak suebaki dakarrela —hitz bakarrean, zorionez—; eta, bigarrenari heldurik, susmoa dugu askorentzat oharkabean pasatu dela smart eta phone hitzak batera idatzirik daudela eta, beraz, telefono adimendun itzulpenak, ekonomia linguistikoaren aldetik komenigarri ez izateaz gain, ez duela lexikalizazio hori euskarara garraiatzen.

• Hitz bakarrean idazteak zerikusia du, besterekiko konbinagarritasunarekin ez ezik, berezko esanahiarekin berarekin ere: largometraje euskaratzeko, Euskaltermek jasotzen duen ordaina film luze da. Oinarrizko esanahia horixe dateke, baina ezin uka espresio iritzi-emaile soil batera jo duela termino tekniko bat euskaratzerakoan. Izan ere, X zuzendariak film luze bat egin du esatean, mezu nagusia da esataria balorazio bat egiten ari dela, eta ez film-mota bati buruz mintzatzen ari dela. Esaten ari garenaren ildotik, filmluze beharko luke. Dena den, komunikazioa bazegoen jadanik zeharo ziurtatuta nahiko erabilia izaten hasia zen luzemetraiarekin. Alabaina, zergatik oso ondo ez dakigula, eta susmoak susmo, hura baztertu, eta euskal irakurleari esanahi-lausotasuna besterik ez dakarkion film luze hitzbiduna aukeratu da.

Aditzei dagokienez, Hiztegi Batuak badakar zenbait partez osaturiko aditz-mordoxka bat, hitz bakarrean idatziak eta esanahi aberatsekoak (beraz, linguistikoki ekonomikoak); adibidez, antzaldatu, antzeman, gurutziltzatu, hitzartu, hitzeman, irudialdatu, kopetilundu, lekualdatu, odolustu, zaharberritu (bidenabar esanda: partizipio modura erabiliak direnean, ingelesezko starlit, windswept, airlifted eta halakoen oso parekoak iruditzen zaizkigu, iristen duten ekonomia linguistikoaren mailari dagokionez).

• Halere, 2015eko apirilaren 19ko Berrian, hau irakurri genuen: Indarrean dago legez kanporatzea. Lexikalizazioak, gure ustez, legezkanporatze idaztera behartzen badu ere. Eta ohar bedi ez garela zera bezainbeste esaten ari; alegia, lekualdatu eta odolustu aditzen bidea egin eta legekanporatu beharko lukeenik.

• Deigarria egin zitzaigun, adibidez, Orixeren pasarte hau: erriko latiña il da, edo osotara izan-aldatu3.

• Ildo horretatik, egokia iruditu zitzaigun Google-ren euskarazko webgunean agertu zitzaigun bertsio-berritu Google+ zerbitzura. Dena den, are egokiagoa irudituko zitzaigun bertsioberritu idatzi izan balute, Hiztegi Batuan jasota dagoen biziberritu-ri jarraituz.

• Halaber, eta lexikalizazio-prozesu baten berri eman dezakeen heinean, deigarri suertatu zitzaigun Aimar Irigoien harri-jasotzaileari ETBren erreportaje batean4 aditu genion harrijaso aditza: harrijasotzen, harrijasotzeko sena

• Beste hainbeste esan dezakegu Julian Alustiza «Aztiri»k darabilen artozuritu aditzaz: Maluta tartean ankak gordeta, kazkabar otsa teillatuan da, orduan arbi-ostoa egiten baiño giroago izan oi da artozuritzen5.

Euskarazko gaur egungo testugileok hitzak elkarturik idazteari larderia handiegia diogu. Baina hain harritzekoa ere ez da hori, araugile dugun Euskaltzaindiaren irizpenei erreparatzen badiegu: nahiz eta ahaleginak egin ditugun Hiztegi Batuak zenbait hitz-bikote elkarturik edo bereizita idazteko darabilen irizpidea identifikatzeko, ez zaigu erraza egiten ondorio argi batera iristea.

Batetik, asko pozten gara ikusteaz hitz-bikote asko batera idatzirik jasotzen dituela. Esate baterako, artelan (ez, ordea, zubilan), bidebanatze, bizipoz, bizkartzain, etxekoandre (ez etxekogizon), gizalege, gizatxar, hasiberri, itsaslapurreta, kalezulo, kontraeraso, lantalde (jadanik aipatua), lehenseme, lurbira, lurrazal, noraez, oroitarri, prentsaurreko, testuliburu, urlehortar, zerumuga

Bestetik, ordea, zerrenda horretan ageri diren zenbait hitzek bezainbesteko historia luzea daukaten hitz-bikote batzuk ez ditu batera idatzita jasotzen. Adibidez, dirulaguntza eta dirusarrera ez ditu jasotzen, nahiz eta —esango genuke— prentsaurreko eta testuliburu bezain lexikalizatuak behintzat badauden. Diruzaintza, ordea, bai, jasotzen du. Ez du ez gaitzerdi eta ez gaitz-erdi baimentzen: gaitz erdi agintzen du (nahiz eta Orotariko Euskal Hiztegian gaitz-erdi marratxoduna izan sarrera, eta hitz bakarrean idazteko arrazoia ikusten zen jadanik sarrera horretan aipatzen diren adibide ugaritan). Batez besteko ere horrelaxe idazten du, bi hitzetan, batezbesteko lexikalizatu gabe balego bezala. Zehar-galdera da onartzen duena, eta ez zehargaldera; zeharkale, ordea, batera idatzita jasotzen du. Mugaegun ere ez du jasotzen: muga-egun edo muga egun idatzi behar dela dio. Hortik eratorritako aditzak muga eguneratu izan behar badu, ondorioa sintaktikoa eta semantikoa da: muga eguneratzea, berez, muga bat eguneratzea da, eta ez ‘zerbait bere muga-egunera iristea’.

Xelebrea: Hiztegi Batuak hitz bakarrean idatzirik jasotzen ditu bideokamera, bideokasete, bideoklip, bideoklub eta bideozaintza. Baina bideojokoez, baizik eta bideo-joko edo bideo joko. Ez da batere erraz ikusteko modukoa zer irizpidek behartzen duen batzuk eta bestea ezberdin idaztera.

Euskaltzaindiaren 25. arauari jarraituz, jarleku-ren tankerako hitz-elkarteak (hots, aditz-oina + izena) elkarturik idaztekoak dira (salbuespenak badaude). Horrekin, onespen ofiziala ematen zaio euskarazko hitz konpaktu eta esanahi joriko batzuk, linguistikoki askoz ere ekonomikoagoak haien gaztelaniazko ordainak baino, sortzeko modu tradizional bati. Adibidez: frogagiri, zeina gaztelaniaz documento acreditativo astunagoaz ematen baita (nahiz eta justificante hitza ere badagoen), edo hautesleku (colegio electoral), edo galzori (riesgo de extinción). Zergatik ez dakigula, Hiztegi Batuak gaitzetsi egiten du galdeikur, eta horren ordez antiekonomikoagoak diren galdera-marka edo galdera marka agintzen ditu. Orixeren testu batean, adibidez, irartokerrak irakurri dugu6. Eta zer esanik ez gaur egun hizpide bilakatu diren euskararen arnasguneei buruz, euskaraz hain lirainki esaten den hitza eta gaztelaniaz emateko problemaren bat edo beste ekartzen duena. Halere, Hiztegi Batuak jakin-behar, jakin-gose, jakin-egarri jasotzen ditu, hitz bakarra guztiz eratu gabe. Kasu honetan pentsatzen dugu hitz bakoitza errazago identifikatzearren agintzen duela marratxoz bereizita idaztea, nahiz eta ez dirudien oso koherente eginbehar bai baina jakinbehar ez idaztea.

Euskaltermek misión-erako misio edo xede terminoak proposatzen ditu, Ekonomia eta Enpresa etiketarekin; eta definizio hau ematen: erakundearen zerizana edo izateko arrazoia laburbiltzen duen adierazpena. Zerizan hitz batean idaztea pozgarria eta aipagarria iruditzen zaigu. Hiztegi Batuak halaxe idatzita jasotzen du (Orotariko Euskal Hiztegian, ordea, ez da agertzen), osaera bereko zerikusi, zeresan eta zeregin bezalaxe. Kontuan izanik zer + aditz-oina egiturako izenen zerrenda oso kopurutsua dela, ez dugu beharrezkotzat jotzen konbinazio posible guztiak hiztegiratzea, noski. Duela gutxi topatu genuen esaldi honen kasua litzateke: Espainia bezalako herrialdeek zer irabazi / zerirabazi handia dute TTIPrekin. Tarteko bidea, lehenago egin izan ditugun proposamenen ildotik, marratxoa erabiltzea litzateke: zer-irabazi.

Pozten gara, halaber, Euskaltzaindiak zeozer Hiztegi Batuan jasotzeko erabakia hartu izanaz. Ihesbidea ematen baitu bai astuntasunaren aurrean (deklinatzean, adibidez: zeozerk / zerk edo zerk; zeozertarako / zertarako edo zertarako?), bai konbinagaiztasunaren aurrean ere (pentsa dezagun zer efektu sortzen den bereiz idatzita egon eta adjektibo bat gehituz gero: zer edo zer gazia jateko gogoa dut esaldian, adibidez, berezko ulerkera zer edo [zer gazia] delakoan gaude, ez [zer edo zer] gazia).

Euskarak ekonomia linguistikoa erdiesteko dituen berezko baliabide batzuk

1. Aditza

Euskararen zailtasun nabarmenetako bat aditza dela gutxik jarriko dute zalantzan. Morfema ugari konbinatuz eraikitzen dugunez aditza, hiztunoi arreta eskatzen digu, bai ikasteko eta bai kasuan-kasuan aditz egokia produzitzeko.

Horrek, ordea, alde ona ere badu: aditz-forma bakoitza informazio zehatzez beteta dator, eta gure inguruko hizkuntzek, ezinbestean, askoz ere hizkuntza-kantitate handiagoa erabiliz eman behar izaten dute informazio bera. Alegia, euskaraz, ekonomia linguistiko askoz handiagoa erdiesten da. Adibideak:

dagokionez: ‘en lo que respecta’, ‘in so far as X is concerned’

dagokionari: ‘a quien corresponda’ ‘to whom it may concern’

dakizuneraino, hori horrela al da?: ‘hasta donde usted conoce, ¿es eso así?’ ‘as far as you know, is that so?’

diraueino: ‘mientras permanezca, por el tiempo que se mantenga’ ‘for as long as he/she/it lasts…’

2. Asko-askotariko hitz-erabideak

Euskarazko morfema-ugaritasunak aukera handiak ematen ditu askotariko esanahi-operazioak egiteko, ñabardura sotilak eranstetik hasi eta kasuko hitzaren antonimo bete-beteak adierazteraino, ekonomia linguistiko handiz.

• Orixek aisetasun handiz erabiltzen ditu material horiek bere testuetan. Adibidez: Gogora beza irakurleak sarreran esan duguna: Larramendi euskal-idazle ez ta idazarazle dela7. Begi-bistakoa da euskaraz sinpletasun eta aisetasun horrekin (alegia, ekonomia linguistiko horrekin) ematen duen idazarazle hori ez dela gure inguruko hizkuntzetan hain ematen erraza.

• -arazi atzizkia utzi gabe: gaztelaniazko desapariciones forzadas esateko, desagertze behartuak erabiltzen dugu askotan. Baina euskarazko desagerrarazpen hitzak, -arazi atzizkia daramanez, berez adierazten du behartua dela aditz-ekintza. Eta ekonomia linguistiko handiagoz.

Batzuetan, euskaraz, izenlagunak eta erlatibozko perpausak erabiliz, astundu egiten ditugu esaldiak, edo konbinagaiztasunarekin topo egiten dugu, noiz eta euskararen ondareak atzizki bidez hitz bakarreko ordainak sortzeko modua eskaintzen digunean:

Menores con diabetes: diabetesa daukaten adingabeak? Hobeto adingabe diabetesdunak, edo, are hobeto, diabetesdun adingabeak, ez dadin uler adingabe-diabetes hitz-elkarterik dagoenik.

Ez dut jokatu gabeko aditzik aurkitu? “Ez dut jokatu…” gaizki-ulertua ekiditearren, hobeto ez dut aditz jokatugaberik aurkitu.

Vehículo de dos ruedas sin motor: motorrik gabeko bi gurpileko ibilgailua? Hobeto bi gurpileko ibilgailu motorgabea.

Acceso inalámbrico: hari gabeko sarbidea? Hobeto sarbide harigabea.

Atzizkien laguntzaz, hitz bakarreko toki-izendapenak sor ditzakegu euskaraz; kasu batzuetan, ez dira zorrozki toki, eta, badirenean, muga lausoak dituzte. Eta, euskaraz ez bezala, beste hizkuntza batzuetan ezin izaten dira beti hitz bakar batez adierazi:

• Joxe Austin Arrietak Swann-enetik laburrarekin bikain ekarri zuen euskarara –eta bidean esanahi-izpirik galdu gabe– Proust-en Denbora galduaren bila-ren lehen partearen izenburua (frantsesez Du côté de chez Swann)8.

• Sutondo: Behin batez, Nafarroako sutondo eder eta bikain batean eserita geunden gu ere9

• Aurrekoaren tankera berekoak: gerizpe, itsaspe, itsasalde, jendaurre, nazioarte…

• Giza gorputzeko parteak: lepagain, besape, hankarte.

Are nabarmengarriagoa da nola hitz horietatik abiatuz aditzak sor ditzakegun euskaraz, maiz gure inguruko hizkuntzetan hitz bakarrean eman ezinekoak: jendaurreratu, mahaigaineratu, itsasperatu… Ikus, adibide honetan, euskarazko esaldia zenbatez ekonomikoagoa den linguistikoki, gaztelaniazko itzulpena baino:

• Iruñeak badauka lainopetzeko joera (lainopetu: ‘quedarse sumergida bajo la niebla’. Hori guztia hitz bakar batez adierazten da euskaraz).

Halaber, -alde atzizkia ere oso lagungarri gertatzen da: eskolaldea (‘zona escolar’), industrialdea (‘polígono industrial’), metropolialdea (‘área metropolitana’), mugaldeak (‘zonas limítrofes’). Baita -aldi atzizkia ere: negualdia (‘temporada de invierno’).

-tasun eta -keria atzizki-bikotea euskararen aberastasun handietako bat iruditzen zaigu, bai eta hiztegia aberasten segitzeko lanabes guztiz emankorra ere. Esate baterako, erka bitez desberdintasun (‘diferencia’) / desberdinkeria (‘desigualdad’), gurasotasun (‘paternidad, maternidad’) / gurasokeria (‘paternalismo’), iluntasun (‘oscuridad’) / ilunkeria (‘oscurantismo’), bikoiztasun (‘duplicidad’, zentzu neutroan) / bikoizkeria (‘duplicidad’, zentzu negatiboan) politika (‘política’, zentzu neutroan) / politikakeria (‘politiqueo’), eta abar. Nahiz eta atzizki horiek euskarazko hiztegia hornitzeko daukaten ahalmena ez den ekonomia linguistikoarekin zerikusi berezirik duen afera bat, kasu batzuetan ekarpena egiten diote gure aztergaiari.

• Adibidez, apaltasun gaztelaniazko ‘modestia’ baldin bada, apalkeria ‘falsa modestia’ dateke.

• Juan Luis Zabalak, 31 eskutik blogean idatziriko erantzun batean, kanpora begirako inolako imintziokeriarik gabe esaten zuen, eta, guk ulertu genionez, ‘gestos de cara a la galería’ esan nahi izan zuen.

• Kike Amonarrizek Arrasaten 2012ko abenduaren 19an emandako hitzaldi baten kronikan, honako hitz hauek jaso zituen Sustatu albistegiak: Gainera, taldekotasuna zehazteko ere balio die gazteei “euskañolak” (taldekotasuna: ‘pertenencia al grupo’, ulertzen dugunez).

• Ekonomia linguistikoaren ikuspegitik gogoangarria da, halaber, Juan Garziari 2010eko Ugarteburu jardunaldietan aditu genion norberemaisukeria (zentzu negatiboko autodidactismo, interpretatu genuenez).

3. Atzizki-eranste ohargarri zenbait

Beheko zerrendan bildu ditugun adibideek amankomunean dutena da agertzen dituzten atzizki-eransketa noizbehinka ustekabekoek egitura linguistikoki ekonomikoak osatzen dituztela. Horregatik, euskarazko gaur egungo testugile estandarrak kontuan hartu beharrekoak iruditzen zaizkigu.

Hasteko, hona hemen -ago atzizkiaren erabileraren adibide-sorta bat:

• Izen deklinatu edo atzizkidunari erantsita, hark adizlagun-funtzioa edo beste bat betetzen duela:

Sagarroia, bere egitez ere nekez erditzen da, baina are, bere faltaz nekezago10.

Gogotikago aiphatzen dautzuet zeren eta sinhesten ahal baita bere langiletasunaz bertzerik ere badaukala erran den langile harrek11.

Askoz bidezago esan liteke…12

Aukeran ni onen alderago13.

Larrasquet’en, Gimet-Ameztoi’ren eta Navarro Tomas’en lanak zureak bañon aintzatago artzen ditudalako, ez neri egotzi14.

…jendea han zenbaitek nahi genuen baino presakago hasi da ibiltzen15 … – Pantailetan edo karriketan pornografia hutsa agerianago dagoenean16

Begibistakoa da gaur egun oraindik hizkuntza administratiboa finkatzeke badugu, garai hartan ere finkatzekeago geneukala17.

• Aditz nagusiari erantsita:

Ardia bere lagunei azkentzen zaienean, halako moldez bide onetik eta bere ardi lagunen alhapidetik aldaratzen, eta hastantzen da, non geroago, urruntzenago, galtzenago eta errebelatzenago baita18.

Sortzaileari baiño sorkarieri men egiñago diotenak19.

• Aditz-oin/partizipioari erantsita: Egiazko gurasoak guraso nitunik ez siñestu nai. Esanago ta gutxiago20.

• Izen bereziari erantsita: Emen uzten ditut Euskalerria baiñon Euskalerriago dirudin atzerri ontan21.

• Izenari erantsita, lokuzio barruan: Maluta tartean ankak gordeta, kazkabar otsa teillatuan da, orduan arbi-ostoa egiten baiño giroago izan oi da artozuritzen22.

• Ezezko partikulari erantsita: Homer’ek eta Plato’k griegoari eziñ eutsi izan ba’diote, guk ezago euskerari23.

-egi atzizkia aditz nagusiari loturik ere ikusi dugu:

Hego Afrikan aldiz arra-saldoek bortxaketa zuzentzaileak paira arazten dizkiete lesbiana izaera aldarrikatzenegi dutenei24.

-ero maiztasun-atzizkia izenari lotzera ohituta gaude (egunero, goizero…). Honako adibide hauetan, ordea, aditz laguntzaileari lotuta ageri da (nahiz eta pentsatzekoa izan sakoneko egituran izen bati lotuta doala), -n bakoitzean egitura erabili behar izan gabe:

Lekunberrira edo Leitzako Erasoteko Bordetara yoaten nintzanero25.

Alderdi politiko baten inguruko ikerketa bat abiatzen denero ez da Estatuaren egiturak zoli ibili direlako26

-garri atzizkia, adizlagun deklinatuari zuzenean lotua: gogoangarri.

-tsu atzizkia lotura-mota batean baino gehiagotan ikusia daukagu. Hiru letra horien eranste hutsak beste esanahi-geruza bat gehitzen du, kasuko hitzaren esanahiaren zehatz-zorrotzen lausogarri:

• Izenarekin: William A. Douglas-ek idatzi duenez, Caro Barojaren iritzian, berriz, “korta” izeneko baserriak izango lirateke zaharrenak, alegia, nekazaritza hasi zeneko garaitsukoak edo27.

Lotsatuxe gelditu nintzen behinik behin, duela hogei urtetsu28

• Adizlagunarekin: Orixek […] jatorrizko idazketa eta hizkuntza arrotzetiko itzulketa pareantsu jartzen dituela29

Esan diñat, bada, onak eta emazteak ere orobatsu egiten zutela30.

• Are printzipioz mailakatzerik onartuko ez lukeen superlatiboko adjektibo batekin, superlatibotasuna bera graduatuz bezala: Euskal-eliz-liburuetan bai politentsuna, txiki samarra dena31.

Bezalarekin: Izan ere gure euskaldun zaharrentzat sua zen biziaren iturri, Eguzkiaren senide txiki bat bezalatsu edo, eta sukaldeko suaren ingurumarian emango zituzten ordurik gozoenak ere…32

Zenbat galdetzailearekin: Baserri bakoitzak zenbatsu behi izan ohi zituen ere jakin nahiko luke norbaitek33.

Euskaltzaindiaren Hiztegian nortsu begiratuta: nortsu izord. (Galdetzailea). ‘Gutxi gorabehera nor?’: Nortsu zen edo zertsu bizitze eraman zuen.

Euskaltzaindiaren Hiztegiak, halaber, bateratsu jasotzen du.

-txo atzizki txikigarria, aditz laguntzaileari loturik (nahiz eta pentsatzekoa den sakoneko egituran substantibo bat dagoela erlatibozko perpausaren eta -txo atzizkiaren artean, hain zuzen ere etorriko delakoan nago esaldian uste izena elipsian dagoen bezala):

Nik nere al dedantxoa egingo det34.

Ahal duguntxo hori egiten jarraituko dugu35.

-txo-rekin, halaber:

Orain dela urtebete pasatxo.

-txe: oraintxe edo legetxe espresioetan ez bezala, aditz nagusiari loturik agertzen da Orixerengandiko adibide honetan, Orotariko Euskal Hiztegiak men egin sarrerapean jasoa:

Men egitentxe zun, baiña berriro beure oldarrez zetorren. Or. Aitork. 236

-na atzizki banakariari deklinabide-marka ere gehitu ohi zaio:

Liburu banaren aurkezpena.

Gurasoek A eta D ereduak eraikuntza banatan antolatze aldera egindako eskaria.

4. Izenlagunak eratzeko erraztasuna eta eratutako izenlagunen zilegitasuna

Atal honetan, izenlagun-azpimultzo bat hartu dugu arretagai: jadanik deklinabide-atzizki bat (edo, batzuetan, bestelako atzizki bat edo postposizio bat) duen izenari -ko izenlagun-atzizkia gehituz eratutako izenlagunena.

Halako izenlagunei zenbait sektoretatik goganbeharrez begiratzen zaien arren, ekonomia linguistikoari dagokionez euskaraz dauzkagun indargune behinenetako bat direlakoan gaude, eta uste dugu eman lezaketen etekin guztia ez zaiela oraindik atera.

Eta bestela pentsatzen duenari gonbit egiten diogu saia dadin beheko zerrendako izenlagunak gure inguruko hizkuntzaren batera itzultzen, ea euskaraz bezainbesteko esanahi-zehaztasun, hizkera arrunt eta ekonomia linguistikozko emaitza lortzen duen. Izerdi-jarioa iragartzera ausartzen gatzaizkio: kasu askotan, aditz bat (gutxienez) tartekatu beharko du kasuko erdaran. Hona adibideak:

• Konpara ditzagun euskarazko bi izenlagunok: agintaritza aldizkarietatiko hitz-bilduma eta agintaritza aldizkarietako hitz-bilduma. Lehenengo kasuan, iradokizuna da hitz-bilduma hori aldizkarietatik datorrela, edo haietatik aterea dagoela. Alegia, nolabaiteko erauzte-ekintza baten berri ematen digu. Bigarrenak, besterik gabe, agintaritza-aldizkarietan aurki daitekeen hitz-bilduma dela adierazten du. Bada, euskaraz inolako aditzen laguntzarik gabe adierazten dugun ñabardura bereiztaile hori emateko, gaztelania aditz bati hel egitera behartuta gertatzen da (halatan, bistan da, ekonomia linguistikoari kalte eginez): vocabulario extraído/procedente de los boletines oficiales, batetik, eta gehiagorik gabeko vocabulario de los boletines oficiales, bestetik, hurrenez hurren.

• Bistan da, bestalde, euskaraz hain zehatza eta linguistikoki ekonomikoa den Espainiatiko independentzia sintagma ezin dela gaztelaniaratu besterik gabeko independencia de España esanez, horren esanahi nagusia Espainiaren independentzia baita. Horrenbestez, euskarazkoaren esanahiari hurbiltzeko, zerbait gehiagoren laguntza behar da gaztelaniaz. Aditz batena, adibidez: … obtuvieron la independencia de España. Edo lokuzioren batena: independencia de manos de España. Hala eta guztiz ere, esanahi oraindik gardenagoko deritzogu euskarazko sintagmari.

Gaurdainoko euskalariak

• Hemendik aurrerako lana36

• Neolito garaitiko ohitura

• Gaztetandiko irrika

• Hiltzerainoko oinazeak

• Haurrei begirako eskaintzak

• Hainbesterainoko haserrea

Abantaila hori galdetzaileetara ere iristen da:

Noizdaniko gatazka da hori?

Norainoko informazioa dauka kontseilariak horri buruz?

Postposizioekin:

… aukera izan genuen, beraz, suaren inguruan bildu, eta egunean zeharreko zenbait kalte konpontzeko37

• … esaldiaren antolaeran barrenako gure ibilaldi honetan38.

• edukiontzien bitartezko hondakin-bilketa.

Kasu askotan, tankera horretako izenlagunen gaztelaniazko ordaina sintagma preposizional baten bidez ematen da:

• Bere konturako langilea: trabajadora por cuenta propia

Inbertsioengatiko kenkaria: deducción por inversiones

Epekako salmenta: venta a plazos

Emanaldikako nobela: novela por entregas

Konbinagarritasunaren ikuspegitik, ez da muntagabea izenlaguna (euskaraz) edo sintagma preposizionala (gaztelaniaz) erabiltzea.

Euskarazko izenlagunarekin, konbinagaiztasun problemak ezkerretik doakion elementuarekin sortzen dira.

• Halatan, gure almendrekiko opila izen-sintagman, ez da argi gelditzen zer den «gurea»: opila ala almendrak. Gure ustez, eta hurbiltasunagatik, sintagma horren interpretazioa «gureak» almendrak direla beharko litzateke izan.

Gaztelaniazko sintagma preposizionalaren kasuan, konbinagaiztasuna, besteak beste, testuan txertatzean aditzarekin sortzen den harremanari dagokionez gertatzen da:

El Defensor del Pueblo pide apoyo a los refugiados esaldi bitxia agertu zen El País egunkarian39. Jakina, esaldi hori zuzen ulertzeko, logikara jo beharra dago, sintaxiaz fidatu beharrean. Ezen, berez, a los refugiados sintagma preposizionala lotuagotzat jotzen dugu aditzarekin (hortik gaizki-ulertua) apoyo izenarekin baino. Bestela esanda: apoyo a los refugiados sintagmak, hutsean, ez du ulertze-problemarik sortzen, eta argi dago a los refugiados sintagma apoyo izenaren osagarri dela. Baina, esaldiaren jarioan txertaturik, apoyo + a los refugiados lotura horrek amore ematen du a los refugiados sintagmaren eta pide aditzaren arteko lotura sendoagoaren aurrean.

• Orobat gertatzen da multa por incumplir el déficit-ekin. Sintagma preposizional hori esaldi batean txertatzean, sintagma preposizionalak aditzarekiko lotura lehenesten du, eta hori kontuan ez hartzeagatik eskaintzen zuen beste esaldi bitxi hau, logika gorabehera, La Vanguardia egunkariak40: Bruselas perdona a España: no habrá multa por incumplir el déficit.

Honetara ezkero, hizpidera ekarri nahi genuke, baina harekiko desadostasuna adierazteko, Jesus Mari Makazagaren artikulu interesgarri bat41, zeinetan aipagai hartzen baititu hain zuzen ere atal honetan jorratzen ari garen motako izenlagunak. Eta, «egitura horien gramatikaltasuna ez dirudi zalantzan dagoenik» aitortzen duen arren, oro har haien aurka agertzen da, eta aldeztu egiten du aratz-aratz ekonomia linguistikoaren kontra doan jokabide hau: [perpausa]-en + izena egitura erabiltzea izenlaguna + izena egituraren ordez. Eta hori, oro har ez dirudielako «euskal hiztunak behar handirik ikusi duenik halakoak erabiltzeko». Izenlaguna + izena egiturari buruz iritsi izan omen zaizkien kontsulta ugari horiek hain justu egitura horren beharra edo horretaranzko joera sentitu izate baten ondorio ez balira bezala.

Protesta egin nahi genuke tankera horretako azalpenak direla eta: hasteko, nolako hiztuna da euskal hiztun ideal hori? Ahozko euskara besterik ez darabilen bat, ala testugile bat? Euskara akademikoa darabilena ala lagunartekoan baizik mintzatzen ez dena? Ikasketaduna ala ikasketagabea? Komeni al da euskal hiztun mota guztiak ordezkatuko dituen euskal hiztunaren eredu bateratu baten bila abiatzea?

Makazagak zuhurki onartzen du artikuluan jasotzen dituen adibide guztiak ez direla onartezintasun-maila berekoak; esate baterako, hortik gorako prezioak egitura. Ez du aipatzen, baina, ez-hainbesterainoko onartezintasun hori zer irizpideren arabera erabakitzekoa ote den.

Nolanahi ere, argi adierazten duen irizpen orokorra da «konstrukto» horiek tradizio urrikoak direla eta «euskarak, euskaldunak ez duela beharrik izan halako ingeniaritza-egiturak osatzeko». «Ingeniaritza-egiturak», alajaina. Tradizioaren araberakotzat, besteak beste, aurrera begira egindako proposamenak eta munduan zehar egindako bidaiak proposatzen ditu, eta ez aurrera begirako proposamenak eta munduan zeharreko bidaiak.

Gure ustez, horrelako ikusmoldeek tradizioa oztopo-jartzaile gisa zilegitzen dute hizkuntzaren tresnatasunak bultzaturiko ekonomia linguistikoranzko eboluzioaren aurka, nahiz eta eboluzio horrek hedatuki sentitua den premia bati erantzuten dion.

Hain hedatuki sentitua da premia hori non Makazagak berak hitz hauekin hasten baitu bi hilabete geroagoko bere artikulua («Urteko uztari begira», 31 eskutik bloga, 2014-12-29): «Urte zaharra amaitzen ari zaigun honetan, irakurle, begitantzen zait une egokia dela aurrera begirako egitasmoei ekin aurretik atzera begira jartzeko». Artikulu horretan bertan, guk oso begi onez dakusagun campuskako banaketa ere jasotzen du.

Ekonomia linguistikoari dagokionez hain ahaltsuak diren euskarazko izenlagun atzizkibidunei eskainitako atal hau ezin bukatu aldarri ozen bat egin gabe -n + -ko atzizkidun izenlagunen alde. Adibidez, eguneango izenlaguna, egunean egindako-ren ordez.

Izan ere, substantiboa + -ko motako izenlagunarekin batera eskueran baldin badugu substantiboa + -n + -ko motako izenlagunak osatzea, modua izango dugu hurrenez hurren nongo? eta noizko? galderei erantzuten dieten izenlagunak bereizteko:

Bideango produktu erabiltzen du Euskarazko Wikipediak ingelesezkoak work in process eta frantsesezkoak travail en cours espresioaz (ingelesezkoaz gain) izendatzen dutena adierazteko. Bideango izenlagunak noizko? galderari erantzuten dio: bidean dagoenean + -ko. Bideko-k, ordea, nongo? galderari erantzuten dio eskuarki.

• Horregatik ere, jarduneango gobernu espresioa aldezten dugu jardunean dagoen gobernu-ren baliokide linguistikoki ekonomiko gisa, gobierno en funciones esateko; aldea baitago jarduneko arduradun-en eta jarduneango arduradun-en artean.

Beste batzuetan, izenak jadanik denbora-esanahia duenean, hemen aldezten ari garen deklinatze-bitasunaren abantaila ez da nongo?/noizko? bereizketa, baizik eta denbora-esanahi horri buruzko ikuspegia:

Legegintzaldiko/legegintzaldiango bikotean, lehenbizikoak denbora-epe osoari buruzko ikuspegia adierazten duelakoan gaude, eta epe horren osotasunarekin lotzen du izenlagunaren ondotik datorren izena; bigarrenak, ordea, izenlagunak adierazten duen epe horren barneko momentu murritzago batekin —unean uneko denborarekin— lotzen du ondoko izena.

Argiaren hutseango abiadura sintagmaren kasuan42, esanahia "argiak hutsean mugitzen denean daukan abiadura" litzateke, gaizki ulertu ez badugu; alegia, noiz? galderari erantzuten dio. Ez dakigu adibide zehatz honetan zenbateraino izan litekeen esanguratsua nongo/noizko bereizketa, baina bereizketa hori ahalbidetzeko baliabidea eskueran izatea problema bat inoiz ez delakoan gaude. Aipatu beharrekoa da, alabaina, Euskaltermek hutseko bakarrik jasotzen duela.

Bestalde, aditz-izena + -ko izenlagunaz gain aditz-izena + -n + -ko motako izenlaguna sortzeko modua izateak aukera biribila ematen du euskaraz argi eta garbi bereizi ahal izateko zertarako? galderari erantzuten dioten izenlagunak eta noizko? galderari erantzuten diotenak. Adibideak:

• Ez dira gauza bera enpresak sortzeko oztopoak (izenlagunak zertarako? galderari erantzuten dio; a priori dauden oztopoak dira) eta enpresak sortzeango oztopoak (noizko? galderari erantzuten dio, eta enpresa bat sortzean agertzen diren oztopoak adierazten ditu).

• Arrazoi beragatik, ez dira gauza bera etxea eraikitzeko problemak eta etxea eraikitzeango problemak; bizitzeko ilusioa eta bizitzeango ilusioa, espazio-ontziak atmosfera zeharkatzeko baldintzak eta espazio-ontziak atmosfera zeharkatzeango baldintzak…

Dena den, gogoan eduki behar dugu ez dela inola ere beharrezkoa substantibo edo aditz-izen guztiekin bai -ko bukaeradun bai -n + -ko bukaeradun izenlagunak erabili ahal izatea. Zentzuagatik, askotan, bakarra izango da posible: etortzeango geldialdia, nekatzeango izerdia, jateango atsegina, itxaroteango ezinegona

Argi gelditu behar da izena+ -n + -ko eta aditz-izena + -n + -ko motako izenlagun horiek ez garela proposatzen ari nongo? galderari erantzuten dioten izenlagun gisa, esan dugunez, baizik eta noizko?-ren erantzun bezala bikain funtzionatzen dutelako. Gainera,

  1. Zilegitasunari dagokionez, -n + -ko izenlagunak dokumentatuta daude, hots, ez dira inoren asmakeria43.
  2. Arkaikoak izan daitezke, baina gaur egun ez daude guztiz desagertuta44.
  3. Gaur egungo euskarazko testuetan, maiz ikusten dira deklinabideko kasu-marka gehienen ondoren -ko atzizkia daramaten izenlagunak: egurrezko, egurrarekiko, egurrarengatiko, egurrarentzako, menditiko, mendirako, mendirainoko, mendiranzko, mendirako… Hori horrela izanik, zer legoke berez oker -n + -ko elkarte zehatzean?

-n + -ko motako izenlagunek beste galdera batzuei ere erantzuten ahal diete. Pentsa dezagun, adibidez, gaztelaniazko educación en valores-en euskarazko ordainean. Jakina, nominalizazioa gaitzesten duenak balioetan heztea proposa lezake agian; eta, horretara ezkero, iaz argitaraturiko artikulu honen aurreneko partean nominalizazioaren alde esaten genuenari egiten diogu hel. Hezkuntza izena erabiltzekoak bagara, balioetako hezkuntza ez da gardena, eta balioetan ardazturiko hezkuntza (adibidez) ez da ekonomikoa, aditz baten laguntza behar baitu. Gure proposamena: balioetango hezkuntza, non balioetango izenlagunak ez, noski, nongo? edo noizko? galderei, baizik eta nolako?-ri erantzuten dion. Sistema bera proposatuko genuke arresto domiciliario euskaratzeko: etxeango atxiloaldi.

Azkenik, ez genituzke aipatu gabe utzi nahi -(r)ik + -(a)ko motako izenlagunak. Hiztegi Batuak eta Elhuyar Hiztegiak jasotzen dituzten alferrikako, dohainikako edo zutikako-ren edo Ereduzko Prosan ageri den isilikako-ren ildotik joz, aproposa iruditzen zaigu, adibidez, bizirikako dohaintza, donación en vida esateko.

Zinez uste dugu eman ditugun adibideetan agerian uzten dela halako izenlagunek zeregin muntaduna dutela euskarazko testuen ekonomia linguistikoa erdiesteko ahaleginean. Alegia, zehaztasun handia ahalbidetzen dutela (informazio-kantitate handia, beraz), hizkuntza-kantitate txiki batekin (haiei esker ez baitago aditzik txertatzeko beharrik). Eta ez direla ezerezetik asmatuak, ongi dokumentaturikoak baizik. Ez gara hemen ari, jakina, inor horiek erabiltzera inola ere behartzeaz, gogoko ez baditu. Baina dituzten abantailak direla-eta erabili nahi dituenari horiek debekatzeko arrazoirik ere ez dagoelakoan gaude.

5. Aditz trantsitiboen alde

Perifrasi bat maiztasunez erabiltzen hasten denean, badago joera bat, esango genuke, ekonomia linguistikoa erdiestekoa perifrasi horren ordez aditz trantsitibo bat sortuz eta aditz horrek osagarri zuzen gisa hartuz perifrasian zehar-osagarri funtzioa betetzen zuen elementua. Adi¬bideak:

• Zerbaiti azpimarra jarri > zerbait azpimarratu

• Norbaiti saria eman > norbait saritu

• Norbaiti zorionak eman > norbait zoriondu

• Norbaiti elkarrizketa egin > norbait elkarrizketatu

• Bideei langak jarri > bideak langatu

• Zerbaiti iruzkin bat egin > zerbait iruzkindu

• Zerbaiti zedarriak jarri > zerbait zedarritu

Dena den, gaur egun, osagarri zuzen bihurtuta ikusi ohi dira hasiera batean zehar-osagarri ez beste funtzio bat betetzen zuten elementuak:

• Hiriaren inguruan harresia eraiki > hiria harresitu

• Planetaren inguruan orbita egin > planeta orbitatu (Egungo Euskararen Hiztegian adibide mordo bat ikus daiteke)

• Prekarietatearen aurka borrokatu > prekarietatea borrokatu (Hiztegi Batuak da laguntzailea soilik baimentzen du, dena den).

• Ildo horretatik, bilakaera aski natural gisa ikusten dugu zerbaiten berri eman > zerbait berrieman eraldaketa. Abantaila nabarmen batekin: -en berri eman, egitura postpositiboa izaki, atzerakarga handien errudun izan daiteke; hortaz, zerbait berrieman egiturak aditza aurreratzeko modu bikaina ematen du. Konparazio baterako: Aldapeko sagarraren adarraren puntan gertatuaren berri eman zuen > Berrieman zuen aldapeko sagarraren adarraren puntan gertatua.

Bereziki euskaraz, aditz trantsitiboa erabiltzearen beste abantaila ohargarri bat da horrek aukera ematen duela osagarri zuzenari aditz trantsitiboaren partizipioan oinarrituriko izenlaguna eransteko. Goragoko adibide batzuk erabiliz: azpimarratutako zerbait, elkarrizketatutako norbait, harresituriko hiria, orbitaturiko planeta, borrokaturiko prekarietatea. Trantsitibizatze-joera hori gabe, nekez sor litezke aipatuak bezain ulergarriak diren izenlagunak: norbaiti elkarrizketa egin > elkarrizketa egindako norbait???

• Horren beste erakusgarri bat dateke emakume erasotuak espresioa, zeina, gaur egungo errealitate tamalgarri baten isla, hedabideetan eta jendaurreko solasean maiz ikusia edo entzuna baita. Hiztegi Batuaren arabera, baina, norbaiti eraso esan behar da (dio laguntzailea bakarrik onartzen baitu eraso aditzarentzat). Bada, zalantzazkoa iruditzen zaigunez emakumeei eraso-tik emakume erasotuak-era pasatu ahal izatea, euskal hiztunen artean erabilera-aldaketa bat gertatzen ari den seinaletzat hartzen dugu, nori eraso-tik nor eraso-ra, eta are nor erasotu-ra. Trantsitibizatze horrexek ahalbidetuko luke eraso zaien emakumeak edo emakume eraso zaienak-en ordez emakume erasotuak edo erasotutako emakumeak erabiltzea.

Trantsitibizatze-joerak duen indarraren beste erakusgarri gisa har litezke, agian, urregintza, zilargintza, buztingintza eta halako substantiboak: argi dago jarduera horietan ez dela urrerik, zilarrik edo buztinik egiten —nahi bai, lehenengo bien kasuan!—, baizik eta haiekin lan egiten dela.

Beste kasu batzuetan, aditza trantsitiboa litzateke hasieratik, baina hasieran adizlagun funtzioa betetzen zuen elementu bat batzen zaio aditzari:

• Norbait gurutzean iltzatu > norbait gurutziltzatu

• Norbait lekuz aldatu > norbait lekualdatu

• Zerbait barnean hartu > zerbait barnehartu

• Zerbait eskuz landu > zerbait eskulandu?

Argi ikusten denez, adibide guzti horietan ekonomia linguistiko handiagoko adierazpenak lortzen dira. Inolako esanahi-galerarik gabe, alegia.

• Hagitz ohargarria iruditu zitzaigun Euskerazaintzak 2002an argitaratutako liburu baten izenburua: 36ko gudaldian su-izkillatutako idazle gazteak.

• Aditz trantsitiboranzko joera hori ez da euskaraz bakarrik gertatzen; antzera gertatzen da, esate baterako, gaztelaniaz, ambicionar, inventariar, presupuestar eta entrecomillar aditzekin, besteak beste.

• Inoiz aurkitu uste dugun ekonomia linguistikoaren gailurretako bat Interneten topatutako ingelesezko adibide honetan dago: Can I DIY a Kitchen Island? Izan ere, lehenbizi Do-It-Yourself akronimo bihurtu da, eta, jarraian, akronimo hori aditz trantsitibo.

• Aurreko adibidearekin lotuta, aipagarria iruditzen zaigu euskarazko brikolatu aditza, ingelesezko DIY horren ordain betea, Paskual Rekaldek 31 eskutik blogean45 gure oharmenera ekarria. Pena da, alabaina, Hiztegi Batuak jasotzen duen arren, nola bertan ohartarazten den ezen brikolatu aditzak du aditz laguntzailea daramala, bai, baina «nor kasurik gabea» dela. Horrek esan nahi du, ulertzen dugunez, ezin duela osagarri zuzenik izan. Ereduzko Prosa Gaur-en jasotzen den lekukotasun bakarrak, ordea (zeina Herria astekaritik erauzia den), osagarri zuzen bat inplikatzen du: «Eta ez dugu nahi […] estruktura “brikolatu” berri bat, ez!» 46.

6. Baita aditz intrantsitiboen alde ere

Arestian ikusi dugun trantsitibizatze-joeraren ifrentzu gisa, eta betiere ekonomia linguistikoa helburu, uste dugu orobat hauteman daitekeela aditz trantsitiboa intrantsitibo bihurtzeko joera bat; gehienbat, neure, zeure… burua espresioaren astuntasunari itzurtzeko beharrarekin erlazionatuta, gure ustez.

Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian buru sarrerapean neure, heure, zeure… burua espresioa bilatuta, horri buruz azaltzen du: aditzaren nor berekiko era gauzatzeko erabiltzen den bidea. Hala ere, aurreko lerroaldean esan dugun bezala, aditz bihurkariak ez dira ematen espresio horren bidez soilik. Ikus ditzagun adibide batzuk:

Begiratu aditzak, Hiztegi Batuaren arabera, du edo dio aditz laguntzaileak bakarrik har ditzake. Alabaina, Orotariko Euskal Hiztegian, adibide hauek ere agertzen dira jasorik:

(Reflexivo). Beira zaite ispilu andian. El 73. Zeruko ispillu eder onetan ondo begira zaite. Cb Eg III 340. Nagusitu eztidin lar librotxo au, itxiten dot emen. Norbera begiratu bedi; ta eskatuten badeutso humiltasunaz argia Jangoikoari, erakutsiko deutso Jaunak, zer itxi ta zer artu bear daben ona izateko. Añ LoraS 191s. Dama gaztiak, ez egon lotan, / begira zaitezte ispillu ontan. Bil 82. Ez nauzu ain itsusi ere. Oixtion, itsasoa aize gabe zegola, ur-ertzean begiratu naiz. Ibiñ Virgil 34.

Ez zaigu batere harritzekoa iruditzen nor erako aditz laguntzailea erabiltzera jotzea: konpara bedi, lehenbiziko adibidea hartuz, zer-nolako aldea dagoen begira zaitez ispilu handian eta begira iezaiozu zeure buruari ispilu handian esaldien artean, ekonomia linguistikoari dagokionez. Jakina, ekonomia linguistikoa diogunean, arintasunaz, erosotasunaz eta halako abantailez ari gara. Ildo horretatik, normala da bota zaitez uretara eta halakoak erabiltzea, eta ez bota ezazu zeure burua uretara.

Defendatu aditzak du aditz laguntzailea bakarrik har dezake, Hiztegi Batuaren arabera; babestuk, ordea, bai da eta bai du.

Aurkeztu, bota, garbitu, orraztu erakoek bai da eta bai du har dezakete. Horrenbestez, aditz horiek, esanahiz bihurkari direnean ere, nor motako aditz laguntzailea daramate. Onar dezagun, beraz: zeure burua… ezta orraztu ere ez duzu egiten.

7. Aditz-multzoko partikula modalak eta beste. Ahalbideak

EGLUk47 «aditz-multzoko partikula modal» deitzen die ahal/al, bide, ei, omen eta ote partikulei. Honako hau dio 503. orrialdean (etzana geurea da):

Modaltasun mota jakina ematen dute: ziurtasun neurriarekin zerikusia duena, hain zuzen, bestela perifrasi luzeagoez eman beharko litzatekeena (omen: entzun dudanez, esaten dutenez…; bide: dirudienez, itxura denez…).

Bestalde, aditz modalak aipatzen ditu (nahi ukan, gura ukan, behar ukan eta ahal izan jasotzen ditu), eta, hasiera batean haien erabilerak partikulenarekin antza baduela aitortzen badu ere, ohartarazten zaigu partikulak adizki jokatuarekin doazela, eta aditz modalak adizki nagusiarekin (ez dugu, dena den, puntu horretan sakondu nahi; interesa duenak 503. orrialdean kontsultatu dezake).

Bereiz sailkaturik jasotzen du EGLUk ohi (izan) hitza, antzekoa izan arren horrek ere ezberdintasunak bai baititu partikula eta aditz modalekin.

Bereiz, halaber, aipatzen ditu berri eta hurren, zeinak ez baitira «partikula modalen sailean sartzekoak, nahiz eta hauek ere lehen begiratuan adizki nagusiaren eta laguntzailearen artean kokatzen diren» (ikus xehetasunak 507. orrialdean).

Ondorioak ateratzen hasi aurretik, egin dezagun orain jauzi Euskaltzaindiaren 41. araura, Egiteko asmoz izenekora. Arauaren xedatze-testuak honela dio:

Erabil bitez egiteko asmoz, joateko asmoz, eztabaidatzeko asmoz, e.a., tradizioa duten egiturez baliatuz, eta ez *joan asmoz, *egin asmoz, *eztabaidatu asmoz

Euskaltzaindiak arau horretan adierazten duenez, «badira zenbait izen —asmo, gura, gogo, nahi edo beharizan (*edun) aditzarekin perifrasia osa dezaketenak [ez du aditz modal espresioa erabiltzen] eta, horrenbestez, aurretik partizipioa har dezaketenak» (*edun aipamenari dagokionez, gogoan izan dezagun, halere, Añibarroren mun egin gogoz ta asmoz Jesusen llagaren bat esaldia ere aipatuta datorrela).

Halatan, etorri asmo du, etorri gura du, etorri gogo du, etorri nahi du eta etorri behar du guztiz onargarritzat jotzen ditu. Bai eta haiei loturiko etorri asmoa, etorri gura, etorri gogoa, etorri nahia eta etorri beharra ere. Zein da problema, orduan? Gogo eta asmoizenekin:

«…askoz maizago esan eta idatziko dugu etortzeko gogoa / asmoa dut, etorri gogo / asmo dut baino (nahiz badiren literaturan halako perifrasien lekukotasunak, Lardizabal, Etxaide edo Mitxelenarenak, besteak beste). Eta hortaz, etorri gogoa eta etorri asmoa ere askoz bakanago aurkituko ditugu, etortzeko gogoa edo etortzeko asmoa maizenak izanik».

Ikusten denez, Euskaltzaindiak bere erabakia ez du oinarritzen partizipioa + asmoz egituraren berezko ezein okertasun edo agramatikaltasunetan, baizik eta erabilera-maiztasun soilean. Hori argi uztea interesatzen zaigu, ezen horrek esan nahi baitu egitura hori berronartzearen alde jarraian ematera goazen argudioa dela, hain zuzen, Euskaltzaindiaren arabera okerra ez, baizik eta bakana den egitura baten itzulera eskatzeko argudioa. Zer esanik ez, ezertan eragotzi gabe etortzeko gogoa edo etortzeko asmoa erabil daitezen. Ez baitugu inola ere zalantzan jartzen etortzeko asmoa denik egiturarik ohikoena, alde handiz (are gehiago, zer esanik ez, Euskaltzaindiak beste egitura baztertuz geroztik).

Esaldiek, alabaina, jirabira asko egiten dituzte, eta haietako bat da hemen jasoko duguna: erlatibozko perpaus bihurtzea. Hona bi adibide:

Uda honetan bi bidaia egiteko gogoa dut perpausetik abiatuz, erlatibozko hau lortzen dugu: Uda honetan egiteko gogoa dudan bi bidaiak.

• Beste hainbeste gertatzen da perpaus honekin: Gobernuak jardunaldiak antolatzeko asmoa du > Gobernuak antolatzeko asmoa duen jardunaldiak.

Aurreko esaldi horietan, komunztadura-problema baten irudipena sortzen da. Eta, gure ustez, esaldi horiek askoz ere kohesionatuago geldituko lirateke horrela:

uda honetan egin gogo ditudan bi bidaiak

gobernuak antolatu asmo dituen jardunaldiak

Alegia, proposatzen ari garena da gogo izan eta asmo izan aditz modal gisa aintzat hartuak izatea, nahi izan, gura izan eta behar izan bezalaxe. Esaldiak arinago eta kohesionatuago gelditzeaz gain, komunztadura aldetik logikoagoak iruditzen zaizkigu. Hein horretan, konbinagarritasuna hobetu egiten da.

Guztiz posibletzat jotzen dugu uda honetan bi bidaia egiteko asmoa dut esatetik abiaturik uda honetan egin asmo ditudan bi bidaiak esanez amaitzea.

Eta, horretara ezkero, uste dugu zilegi dela gogoeta egitea beste hainbat eta hainbat substantiborekiko konbinazio ugari aditz modalaren —edo, nahiago bada, EGLU-IIn Euskaltzaindiak aditz-multzoko partikula modalei eskainitako atalean azaltzen dituen gainerako egituretako baten— funtzionamendura ekartzearen komenigarritasunaz:

defendatu uste dituzun pertsonak

egin irrika ditudan bidaiak

jan gorroto ditudan barazkiak

esan damu ditudan hitzak

• Eta abar.

Betiere, erabilera horiek aukera soil gisa proposaturik, testugileak eskueran dituen baliabideak ugaritzearren, eta nahi duenak egoki deritzen kasuetan erabili ahal izan ditzan.

Izan ere, Euskaltzaindiak ez du zehatz-mehatz zedarritzen zein edo nolakoak diren aditzarekin perifrasia osatu eta partizipioa har dezaketen substantiboak; hauxe besterik ez du esaten:

Badira zenbait izen —asmo, gura, gogo, nahi edo beharizan (*edun) aditzarekin perifrasia osa dezaketenak eta, horrenbestez, aurretik partizipioa har dezaketenak.

Argi dago asmo, gura, gogo, nahi edo behar zerrenda hori ez dela agortzailea: batetik, substantiboak zerrendatzean edo juntagailua erabili da, aukerak irekita utziz bezala, eta ez eta kopulatiboa; bestetik, ez da ikusten zer ezaugarri litzatekeen bost substantibo horiek konpartitzen dutena, beste substantibo batzuei egitura horrexetan parte hartzeko atea itxiko liekeena («badira zenbait izen» besterik ez du esaten Euskaltzaindiak); eta, hirugarrenik, hortxe dugu, esate baterako, uste substantiboa, zerrenda horretatik kanpo baina Orotariko Euskal Hiztegian ondo dokumentatuta dagoena, besteak beste honako adibide honen bitartez:

Guk billatzen duguna eta guk billatu uste duguna eztela gauza bera (Villasante). Argi ikus daitekeenez, billatu uste duguna linguistikoki ekonomikoagoa da billatzen dugula uste duguna baino.

Zinez uste dugu atal honetan oharmenera ekarri nahi izan dugun egiturak ere egiten diola ekarpen bat, bere neurri zehatzean noski, euskarazko testuak bizkortzeari eta ekonomia linguistikora hurbiltzeari.

Gibelsolasa

Ekonomia linguistikoaren auzia, zalantzarik gabe, hizkuntzak berez duen tresna-izaeratik heldutako ezinbesteko premia da.

Azken lerrootan, ez genuke aipatu gabe utzi nahi, eman ditugun argudioen indargarri delakoan, nola tabu bilakaturiko espresioak, zeinak esanahi-karga handikoak eta berehalakoan ulergarriak baitira, laburrak izan ohi diren; eta alderantziz, eufemismoek espresio luzeetara jo ohi duten, intentsitate handiko esanahi-karga bat hitz askotan banatuz esanahi-dentsitatea jaitsi nahiko balute bezala. Artikulu honetan erabili dugun ikuspegitik adierazita: tabuak linguistikoki ekonomikoak izan ohi dira, eta eufemismoak, linguistikoki antiekonomikoak (konpara bitez, esate baterako, abortu eta haurdunaldia borondatez etete). Ez al da hori, bere horretan, ekonomia linguistikoak komunikazio-ekintzaren arrakastan duen garrantziaren erakusgarri argia?

Bestelako gogoeta garrantzitsu bat ere egin nahi genuke. Hizkuntzaren tresnatasuna aipatzen dugunean, hizkuntza ez genuke tresna bat bezala irudikatu beharko, baizik eta, hobeki, tresneria edo tresna-kutxa bat bezala, zeinetatik kasuan kasuko beharrerako aproposena den lanabesa ateratzen baitugu: lagunarteko elkarrizketak bere tresnak ditu, eta testugintza akademikoak, bereak.

Horregatik, beldurgarria iruditzen zaigu dena delako soziolekto zehatz bati dagozkion errezetak erabiltzea hizkuntza-zuzentasunari buruzko auziak erabilera-maila guztietan ebazteko irizpide gisa.

Espero dugu artikulu honen bi parteetan ekonomia linguistikoari buruz azaldu ditugun gogoetek eta argudioek, beren indargune eta —ziur— ahulguneekin, neurriren batean lor dezatela gure testuetako tresneria findu beharraz ohartaraztea.


0. Akats-zuzenketa bat, bide batez: 155. orrialdearen amaiera aldera, "hitz bakar baten bidez perifrasiak erabiltzeko joerak" esan ordez, "hitz bakar baten ordez perifrasiak erabiltzeko joerak" esan nahi genuen.

1. Mohamed Xukri, Ogi hutsa. Itzulpena: Arantzazu Royo Manterola. Igela argitaletxea, 56. or.

2. Apropos erabili dugu hasteango izenlaguna. Artikulu honetan bertan horrelakoei buruzko iritzia emango dugu, behera¬go.

3. Orixe, «Euskerari nola eutsi», Euzko-Gogoa, 5-8, 1954, halaber jasoa Eusko Jaurlaritzak eta Etor argitaletxeak argitara¬tutako Idazlan guztiak. III. Artikulu eta saiakerak liburukiaren 966. orrialdean.

4. ETB-1ek 2013ko martxoaren 6an emana.

5. Julian Alustiza «Aztiri», Euskal baserriaren inguruan, Arantzazu frantziskotar argitaletxea, Oñati, 1985, 112. or.

6. Orixe, Lizardi’ren azken olerkiak, Yakintza, 6, 1933, in Idazlan guztiak. III. Artikulu eta saiakerak, Eusko Jaurlaritza eta Etor argitaletxea, 1991, 394. or.

7. Orixe, Euskal literatura’ren atze edo edesti laburra, Euskal-Esnalea, XVII, 1927, in Idazlan guztiak, III. Artikulu eta saia¬kerak, Eusko Jaurlaritza eta Etor argitaletxea, 1991, 265. or.

8. Marcel Proust, Denbora galduaren bila (I). Swann-enetik, Joxe Austin Arrieta Ugartetxea itzultzaile, Alberdania-Elkar argitaletxeak, 2010.

9. Julian Alustiza «Aztiri», Euskal baserriaren inguruan, Arantzazu Frantziskotar Argitaletxea, Oñati, 1985, 54. or.

10. Axular, Gero, Egin biblioteka, ORAIN S.A., 1995, 44. or.

11. Eskualduna. Journal basque-français hebdomadaire. Baiona, 1908-09-04, 2. Orotariko Euskal Hiztegiak langiletasun sa¬rreraren pean jasotzen dituen adibideetatik hartua.

12. Orixe, Altube iaunari, Euzko-Gogoa, 5-8, 1954, in Idazlan guztiak. III. Artikulu eta saiakerak, Eusko Jaurlaritza eta Etor argitaletxea, 1991, 964. or.

13. Ibidem, 969. or.

14. Ibidem, 965. or.

15. Luis Michelena, Obras Completas al cuidado de Joseba A. Lakarra e Iñigo Ruiz Arzalluz. XIV. Escritos autobiográficos y literarios. Traducciones. Actualidad política y cultural. Entrevistas. Crítica de cine. Cuestiones históricas y culturales. Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea. Donostia eta Gasteiz, 2011, 16. or.

16. Itxaro Borda, «Rip Nogwaza», Berria, 2011ko maiatzaren 20koa.

17. Mikel Garmendia, Euskal erakunde publikoak eta itzulpengintza: Eusko Legebiltzarra, Senez, 9. zenbakia, 1994ko urta¬rrila.

18. Axular, Gero, Egin biblioteka, ORAIN S.A., 1995, 44. or.

19. Orixe, Agustiñ Gurenaren aitorkizunak, 169, Orotariko Euskal Hiztegian men egin sarreraren barruan jasota.

20. Orixe, Quito-n arrebarekin, Euskal editoreen elkartea, 40. or.

21. Orixe, Agur, Guatemala’ri, in Euzko-Gogoa, 9-10, 1954, halaber jasoa Idazlan guztiak. III. Artikulu eta Saiakerak libu¬rukiko 969. orrialdean.

22. Julian Alustiza «Aztiri», Euskal baserriaren inguruan, Arantzazu frantziskotar argitaletxea, Oñati, 1985, 112. or.

23. Orixe, «Euskerari nola eutsi», Euzko-Gogoa, 5-8, 1954, halaber jasoa Idazlan guztiak. III. Artikulu eta Saiakerak liburu¬kiko 967. orrialdean.

24. Itxaro Borda, «Rip Nogwaza», Berria, 2011ko maiatzaren 20koa.

25. Orixe, Quito-n arrebarekin, Euskal editoreen elkartea, 40. or.

26. Argia, 2015eko azaroaren 8koa, 10. or.

27. Julian Alustiza «Aztiri», Euskal baserriaren inguruan, Arantzazu Frantziskotar Argitaletxea, Oñati, 1985, 25. or.

28. Luis Michelena, obra aipatua, 41. or.

29. Xabier Mendiguren, «Orixeren itzulpengintza», in Orixe mendeurrena (1888-1988) IV. hitzaldiak. Eusko Jaurlaritza eta Etor Argitaletxea, 1991, 520. or.

30. Orixe, Quito-n arrebarekin, Euskal editoreen elkartea, 87. or.

31. Orixe, Idazlan guztiak. III. Artikulu eta saiakerak, 266. or.

32. Julian Alustiza «Aztiri», obra aipatua, 47. or.

33. Julian Alustiza «Aztiri», obra aipatua, 137. or.

34. Aita Antonio Zavala, Itzaurrea, in Justo M. Mocoroa, «Ortik eta emendik». Repertorio de locuciones del habla popular vasca. Labayru Ikastegiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Etor argitaletxearen argitalpena. I. liburukia, 11. or.

35. Oskar Arana Ibabe, Zuzenbide- eta administrazio-itzulpengintza, ahatetxo itsusia? (erantzunean), 31 eskutik bloga, 2013ko otsailaren 22an.

36. Euskaltzaindiaren Adierazpena, in Euskal Gramatika Lehen Urratsak-I, 1985, 9. or.

37. Virginia Woolf, Gela bat norberarena, Maria Colera Intxausti itzultzaile, Consonni argitaratzaile, 2013, 35. or.

38. Juan Garzia Garmendia, Esaldiaren antolaera. Funtzio informatiboak gako, EHUko argitalpen zerbitzua, 2015, 10. or.

39. El País, 2015eko irailaren 13koa, 24. or.

40. La Vanguardia egunkariaren webgunea, 2016ko uztailaren 27ko albiste bat.

41. Jesus Mari Makazaga, «Hizkuntza-ingeniaritzaz ohartxo bat (-rentzakoa?)», 31 eskutik bloga, 2014ko urriaren 29a.

42. Hemen agertzen da: P. M. Etxenike, J. M. Pitarke, F. Plazaola, Sinpletasunetik konplexutasunerantz, milurteko berriaren atarian, jakin.eus webgunean.

43. Ikus Euskal Morfologiaren historia, Miren Azkarate eta Patxi Altunarena, Elkarlanean SL argitaletxea, 99. or., non Az¬kueren iritzia eta Mitxelenak bildutako zenbait adibide jasotzen baitira.

44. Ikus EGLU-I, Euskaltzaindia, 1991ko argitarapena, 249. or.: txikitango, umetango, gaztetango; eta, 200. orrialdean, adibidetzat aipatu dugun eguneango hori berariaz ontzat ematen da.

45. Paskual Rekalde Irigoien, «Brikolatzen», 31 eskutik bloga, 2013ko martxoaren 2koa.

46. Mixel Berhocoirigoin, Eta orai, Euskal Herriko Laborantza Ganbara!, in Herria, 2001eko otsailaren 22koa, 8. or.

47. EGLU II, 1987, 501. orrialdetik aurrera.