Itzulpena, kulturen elkargune (Kirmen Uriberen eta Harkaitz Canoren poesia, georgieraz)*
Vladimer Luarsabishvili (Georgiako Tbilisiko Ilia Estatuko Unibertsitatea). Itzulpena: Karlos del Olmo

Itzulpena kultura oso ezberdinen arteko topalekua izateko aukera jorratu du ikerlan moduan egileak artikulu honetan. Euskal literatura garaikidea itzultzea zela medio gauzatu du azterlana, azken bost urteotan eginkizun horretan jardun baitu ikertzaile-itzultzaile honek. Euskal narratiba (Juanjo Olasagarre, Kirmen Uribe), euskal poesia (Gabriel Aresti, Kirmen Uribe) eta horien inguruko teoria liburuak (Jon Kortazar) itzultzeari esker, gogoeta egin ahal izan du euskal kultura beste kultura arrotz batera aldatzearen berezitasunen gainean, bai eta horrek dakartzan arazoen inguruan ere.

0.

Itzulpena kulturen elkargune bihurtzeko baliabide emankorra den aldetik ikertzea darabilt ikergai artikulu honetan. Egungo euskal literatura itzuliaren esparruan egin nuen ikerlan hau, eginkizun horretan eman baititut nire azken bost itzulpen urteak. Itzultzean –nahiz euskal narratiba (Juanjo Olasagarre1 eta Kirmen Uribe2), nahiz euskal poesia (Gabriel Aresti3, Kirmen Uribe4), nahiz literatur teoria (Jon Kortazar5)–, gogoeta egin dut euskal kultura beste kultura arrotz batera transmititzearen berezitasunez; izan ere, bi artikulu argitaratu ditut kontu horretaz6. Orri hauetan zirriborratzen ahalegindu naiz bestela ulertzen dudala itzultzea, interpretazioa, transdukzioa, negoziazioa eta elkarrizketa baititu ezaugarri prozesu horrek. Eta, paratzerakoan, harroin hartu ditut Kirmen Uriberi eta Harkaitz Canori itzuli dizkiedan poema batzuk. Esker oneko natzaie egileei, haien poemak itzuli eta argitaratzeko baimena eman didatelako.

Hiru zati ditu artikulu honek. Atal honetan egindako sarrera hitz laburren ondoren, literatur itzulpenaren berezitasunak aztertuko ditut, elkarren ezberdin samar diren kultura bi edo gehiago batzeko lurraldetzat jotzen dudala; bigarrenean, gogoetagai erabiliko dut egin dudan itzulpen lana –aukeraturiko egileen testu poetikoak euskaratzea–; hirugarrenean, aztergaiaren ondorio orokorrez arituko naiz.

1.

Komunikazio ekintza bat da itzulpen literarioa, eta hainbat itzulpen tresnaren bitartez gauzatzen da, banakoei kultura arrotz, urrun baten berezitasunak ezagutarazten saiatzeko. Tresna horiek bitarte direla, kultura baten bereizgarritasuna beste kultura baten esku jartzen da. Bi kulturen osagai dira, hortaz, itzultzaileak eduki eta erabili beharreko gaitasunak, irakurria entelegatu egin behar duelako ulertua transmititu aurretik. Literatur gaitasun halako baten jabe izan behar du itzultzaile literarioak, ekoizlea baita hartzailea izateaz gain, batera (Aguiar e Silva, 1977; García Berrio, 1979; Albaladejo, 1992), eta hainbat motatako elementuak lortu behar baititu ekoizpenean; besteak beste, erretorikoak (Arduini, 1996, 2000; Chico Rico, 2001). Eta hortxe agertzen da jatorrizko testuari fidel izan beharraren kontua, irakurri eta ulertu ondoren jatorrizko testuaren edukia interpretatzen hasten baita itzultzailea. Horra zergatik tratatu itzulpena interpretaziotzat, transdukziotzat, negoziaziotzat eta elkarrizketatzat; horrek, orobat, kultura arrotz eta ezberdinak elkarrengana hurbiltzea eragiten du eta.

Itzulpena interpretazio bat da erreprodukzio edo errepresentazio funtzioa duelako. Errepresentazio funtzioaren bidezko interpretazio formen artean, interpretazio dramatikoa, interpretazio musikala eta «testu bat jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean» itzultzea aipatzen ditu Emilio Betti jurista italiarrak (1975: 55). Zera dio Tomás Albadalejo irakasleak gaiari buruz: izaeraz antzezlanak, itzulpenak eta musikak oso ezberdinak ematen badute ere, aditu batean, alderdi komun asko dituzte, musika lan batek edo antzezlan batek errepresentazio halako bat behar baitu mamitu ahal izateko; lehenengo kasuan, soinuek partitura ordezkatzen dutenean, eta, bigarrenean, testu dramatiko idatzia ikus-entzuleengana proiektatzen denean (2006: 2-3):

Oso esanguratsua da Bettik erreprodukzio edo interpretazio funtzioan elkarren ondoan ezartzea itzulpena, antzerki errepresentazioa eta musika lanak, eta interes handikoa, hiru forma horiek, elkarren ezberdintasunekin batera, ezaugarri komun asko baitituzte, eta horiek hobeto ulertzen laguntzen digute, bai eta komunikazio modu eta prozesuen multzoan kokatzen ere. Musika lan bat jotzea errepresentazioa da, benetako soinuek partitura ordezten baitute; musika hizkeraren grafiek kodeturiko obraren ordez egoten da jotzearen emaitza. Antzezpena errepresentazioa da antzezlanaren bertsio idatzia ordezkatzen duen neurrian, haren ordez proiektatzen baita komunikatiboki ikusleengana (zehazkiago, ikus-entzuleengana), haiek dira-eta antzezten den lanaren hartzaileak.

Izan ere, gogora datozkit Julián Marías filosofoaren hitzak, Unamunoren antzerkiaren gaiaz jardutean, «antzerkiaren aldetik jenialak diren» antzezlanak agertokian antzeztu beharra aipatzen baitzuen (1948: 67). Era horretan, errepresentazioa da itzulpen prozesuaren ezaugarrietako bat.

Testuak itzultzean –alegia, interpretazio bidez eraldatzean–, itzulpenak transdukzioaren tasuna bereganatzen du, Lubomír Doleželek ulertzen duen modura (1986). Literatur testua egile horrek «transmisio kateak» izenekoetan integratuta dagoenez gero, oso eginkizun garrantzizkoa betetzen du ekoizte diskurtsiboan kateetako transdukzio literarioak (Doležel, 1990).

Transdukzioa eskuratzeko, beharrezkoa da zenbait negoziazio eragiketa mamitzea, literatur itzultzaileak irrika duena lortzen baitu zerbaiti uko egitean (Eco, 2003). Hala, itzulpen estrategia bihurtzen da negoziazioa, zeinaren bitartez itzulpen aukeren artean hauta daitekeen, testuaren eta itzultzailearen arteko elkarrizketari esker.

Sobera ezaguna da elkarrizketak literatur ikerlanetan duen garrantzia. Kasuetako bat da elkarrizketa testuaren barruan dagoenekoa –horri buruz, kronologian zelan edo hala galdu gabe, Bajtin (1968), García Berrio (1978-1980), Bobes Naves (1992) eta Zavala (1994) egileen testuak irakurri beharrekoak dira–; baina, gainera, testuen baitan egoteaz gain, testuon eta hartzaileen arteko elkarrizketazko harremanari ere arreta berezia eman behar diogu. Elkarrizketan dihardu literatur itzultzaileak jatorrizko testuarekin, xede kulturan interpretatu ahal izateko. Hala, mezu kodetu bat jasotzen du jatorrizko testuaren hizkuntz gaitasunen jabe ez den hartzaileak, literatur itzultzaileak eginiko transdukzioari esker. Hortaz, itzulpenaren behin betiko ezaugarriak dira interpretazioa, transdukzioa, negoziazioa eta elkarrizketa, hartzaileari bidea ematen baitiote jatorrizko kulturaren tasunak ulertzeko, hau da, kultura ezberdin bi edo gehiago elkarrengana hurbiltzea errazten dute.

2.

Nahikoa jakingarria da ikustea itzultzaileek zer ziorengatik aukeratzen dituzten testu jakin batzuk itzulgaitzat. Gogora ekarriko dugu hemen Lawrence Venuti itzulpenaren historialariaren testu klasikoa, non adierazten duen testu jakin batzuk aukeratzea baldintzatzeaz gain literatur itzultzaileak zer teknika erabili behar duen ere erabakitzen dutela argitaletxeek (Venuti, 1995). Izan ere, baliteke lansari bat jaso eta lana argiratuta ikusteko segurtasunak itzultzailearengan negoziazioa hain ezaguna ez den, minoritarioa den kulturari erreparatzeko nahimena piztea. Eta aipaturikoari gehitzen badiogu gobernu batek herri bateko kultura hedatzea sustatzeko hainbat modu erabiltzen dituelakoa, esandako guztiak eginkizun garrantzizkoa izan dezake hain ezaguna ez den kulturarenkiko interesa handitzean.

Niri dagokidanez, gertaerak aipatu ekintzen bidetik joan ziren. Roberto Serrano adiskide eta lankideari zor diot Euskal Herriarekin lehen aldiz topo egitea, hainbat urtean Amurrioko Zaraobe institutuaren eta Tbilisiko Allemagne ikastetxearen arteko kultur trukean parte hartu baitzuen. 2006. urtean etorri nintzen lehen aldiz Euskal Herrira, programa hartako partaide moduan. Eta, kultur gaietan interes handia nuenez gero, liburu dendetara joaten nintzen sarritan, garai hartan erabat ezezagun nuen herri bateko literatur kontuak hobeto ezagutzeko.

Apur-apurka, Euskal Herriko hainbat alderdi ezagutzen hasi nintzen: historia, literatura, tradizioak. Zenbait alditan egon naiz Euskaltzaindian; neure itzulpenak ere badaude hango liburutegian jasota, eta harro sentiarazten nau horrek. Roberto Serrano eta Jon Kortazar euskal literaturako irakasleen lagun izateari esker, hobeto ezagutu ahal izan dut euskal literatura, Euskal Herriko gertaera historikoei estu-estu lotua bera. Aldi berean, Euskal Herriaren eta Georgiaren arteko harremanen historiaren berri izan dut; besteak beste, Georgiako literaturako poemarik garrantzitsuena, Zaldun tigrelarruduna, euskaratu zuelako Xabier Kintana euskaltzainak Sergei Serebryakov poeta eta ikertzailearen laguntzaz.7 Ez da ahaztu behar euskal hizkuntza eta literatura irakasten zutela Tbilisiko Estatuko Unibertsitatean 1976tik, bizi osoa euskal gaiak ikertzen eman zuen hispanista Yuri Zitsar irakasle gonbidatuak zuzendurik.8 Horrek denak berehala piztu zuen nigan euskal idazleak espainieratik georgierara itzultzeko interesa. Urtea joan, urtea etorri, euskara ikastea espero dut, zuzen eta artez itzuli ahal izateko euskaratik georgierara.

Aresti izan zen euskal literaturarekin izan nuen lehen topaketa. Gaur arte, Gabriel Aresti dut neure pentsaera (ez bakarrik literarioa) aldatu zuten pertsona ospetsuetako bat. Bizitza poesia modura, bizitza borroka modura eta poesia borroka modura ikusteak Arestirengana hurbildu ninduen lehen orrietatik, eta, harrezkero, ez nau abandonatu. Arestiren ostean, Jon Mirande irakurri nuen; gero, Gabriel Celaya, eta, hala, egungo euskal poesia ezagutu arte jarraitu dut irakurtzen, ene ustez, egungo munduan den poesiarik bizienetako, esperimentatuenetako eta gizatiarrenetako bat baita.

Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru laguntzei esker gauzatu nituen itzulpenak, eta, gero, Etxepare Institutuaren urgazpenari esker. Gernika argitaletxeari eta Iliako Estatuko Unibertsitateari esker ikusi dute argia itzuli nituen euskal literatur lanek. Eta garai horri dagokio egun egiten dudan hausnarketa, literatur itzulpena kulturen elkargunea delakoa.

Minoritarioa da euskal kultura, georgiarra legez. Kultura minoritario batetik natorrenez gero, argiro uler dezaket hura hedatzearen garrantzia. Baina kantitatez urria izatea ez da kalitatez pobrea izatearen baliokidea. Literatura bakoitzak, sortzeko prozesuan, loraldiak eta makalaldiak izaten ditu, eta, herri txikien literaturen kasuan, goraldiak hil edo bizikoak dira. Aurreneko euskal testu inprimatua 1545. urtekoa den arren, egungo euskal literatura, zalantzarik gabe, gure garaiko literaturarik garrantzitsuenetako bat da, eta horixe izan zen euskal literatur testuak georgierara ekartzera adoretu ninduen eragile azkena.

Nire itzulpenak aurkeztu eta iruzkindu aurretik, adierazi nahi dut zergatik aukeratu nituen bi euskal poetaren poema horiek. Kultura, herri baten historiaren zati banaezina den aldetik, harekin batera eratzen eta garatzen da. Hara hor zer dioen horretaz Wolfgang Welsch-ek (2008: 110):

Lehenik eta behin, eta Herderen arabera, herri baten bizitza zehaztu behar luke kultura batek, orokorrean nahiz partikularrean, eta objektu bakoitza kultura horren parte nahasezina bihurtu: oso kontzepzio sinplista da hori. Bigarrenik, herri baten kultura izan behar du beti kulturak –Herderen arabera–, herri batez izatearen lorea: herri bati loturik dago kontzepzioa. Hirugarrenez, kanporanzko banaketa estu bat ondorioztatzen da arestian esandakotik; kultura bakoitza, herri bakar baten kultura den aldetik, bereizi egiten da, eta beste herri batzuen kulturatik banatzen: kontzepzio separatista da hori.

Hala, bizitzaren ezaugarririk behinenak gordetzen ditu kulturak, dinamikoa ez ezik egunerokoa ere bai baita. Eta, irakurle georgiarrari Euskal Herriaren berezitasun historiko eta garaikideak are biziago egiteko, bi faktore ezinbestekoren garrantzia (itsasoa eta familia) adierazten dituzten testuak aukeratu ditut.

Kirmen Uriberen poesia

ტექნოლოგია

წერა და კითხვა არ იცოდა ბაბუამ თუმცა
ცნობილი იყო

იმ ამბებით რასაც ყვებოდა
წმინდა გიორგის ფუგასს ანთებდა
შთამომავლობით გარშემორტყმული

მოხდენილი და დახრილი იყო
ხელწერა მამის
მკვეთრად ქარგავდა ფურცელს თითქოს

ხატავდა ფიქალს
დღემდე შემომრჩა სამხედროდან გამოგზავნილი
ღია ბარათი

აი კარგად ვარ შენც ხომ კარგად ხარ
მომწერე კიდევ

ჩვენ ელექტრონულ
წერილებს ვგზავნით

ასეა სამი თაობის გზაზე
შემოვირბინეთ დამწერლობის გრძელი ნაკვეთი

მაგრამ შიში და წუხილი დარჩა
ისევ იგივე
ასეც იქნება მომავალშიც

აი კარგად ვარ შენც ხომ კარგად ხარ....

TECNOLOGÍA

Mi abuelo no sabía leer, tampoco

sabía escribir. Sin embargo, era conocido

por las historias que contaba. Él encendía,

rodeado de críos, las fogatas de San Juan.

La caligrafía de mi padre era inclinada, elegante.

Tejía el papel con precisión,

como si esculpiera sobre la pizarra.

Todavía tengo la postal que envió desde la mili:

"Yo bien, tú bien,

mándame cien".

Nosotros mandamos

mensajes electrónicos.


Es cierto: en tres generaciones hemos recorrido

un largo trecho en la historia de la escritura.


De todas formas, las preocupaciones,
los miedos
 son los mismos de siempre,
y lo seguirán siendo:

"Yo bien, tú bien..."

TEKNOLOGIA

Aitonak ez zekien irakurtzen,

ez zekien idazten. Hala ere kontalari ezaguna zen

herrian. Berak pizten zituen,

haurrez inguraturik, sanjuan suak.

Aitaren kaligrafia etzana zen, jantzia.

Doiki ehuntzen zuen papera,

arbela zizelatuko balu bezala.
Mahaian dut soldaduzkatik igorritako postala.



"Yo bien, tú bien,

mándame cien".

Gure sasoian mezu elektronikoak

bidaltzen dizkiogu elkarri.

Hiru belaunalditan, egia da,

idazketaren historia luzea igaro dugu.

Dena den, kezkak, beldurrak

beti-betikoak dira, eta izango.


"Yo bien, tú bien..."

Labur-labur kontatzen du hiru belaunaldiren historia Uriberen poema horrek. Bertsio zabalago halako bat ematen digute Bilbao-New York-Bilbao eleberriko orriek. Georgiako irakurle batek hartan datzan ideia nagusia ulertu ahal izateko, noraezekoa da Euskal Herriko bizitza historikoari buruzko ideiaren bat izatea. Ulertu beharrekoa da nolako garrantzia duten euskaldunen bizitzan itsasoak eta senideen arteko maitasunezko harremanak, hainbat zio direla kausa banatuta badaude ere: soldadutza, arrantza edo beste edozein. Eta, bizialdiaren amaieran, aitona umez inguratuta egoten da, eta, are zahartzaroan ere, haren bizitza itsasoarekin egoten da harremanetan. Baina, neure ikuspegitik, Uribek azpimarratu nahi du pertsonen kezkak eta beldurrak berdin-berdinak direla denborak eta lanbideak gorabehera. Poema modu horretan amaituta, Uribek ihes egiten dio ohiko euskal gaiak jorratzeari; alderantziz, hura erabiltzen du balio batzuk lantzeko, eta horiek berdin dira erakargarri irakurle euskaldunarentzat, alemaniarrarentzat, ingelesarentzat eta beste edozein nazionalitatetako irakurle batentzat. Hain zuzen ere, horrexegatik aukeratu dut poema hori itzulkizun; bateko, euskal bizitza erakusten digu; besteko, munduko literaturako gai unibertsal bat erakusten du: pertsonen arteko harremanak.

არ შემიძლია ავირჩიო

არ შემიძლია ავირჩიო
ზღვა ანდა მიწა
მათი შემრთველ ხაზზე ბედნიერი ვარ
ამ შავ თასმაზე ქარი რომ არხევს
გადაკარგული გოლიათის ამ გრძელ დალალზე

ზღვაში მე მომწონს მისი გული გაზრდილი ჩვილის
ზოგჯერ შმაგი და ზოგჯერ ავტორი
შეუძლებელი პეიზაჟების
მიწაში მომწონს მისი ხელები

არ შემიძლია ავირჩიო
ზღვა ანდა მიწა
ვუწყი რომ ჩემი ალაგია ეს თხელი ძაფი
თუმცაღა ზღვაში ვიკარგები
და მიწა მახრჩობს

არ შემიძლია ავირჩიო მე აქ დავრჩები
მწვანე ტალღებსა და ცისფერ მთებში.

 

NO PUEDO ELEGIR

No puedo elegir
entre el Mar y la Tierra.
Vivo feliz en la línea que las une.
En esta cinta negra que mueve el viento.
En este largo cabello de un gigante desorientado.

Del Mar me gusta sobre todo su corazón de niño grande.
A veces rabioso, a veces capaz de dibujar
paisajes imposibles.
De la Tierra, sus manos.

No puedo elegir
entre el Mar y la Tierra.
Sé que mi lugar es un hilo fino,
pero en el Mar me perdería
y en la Tierra me ahogo.

No puedo elegir. Me quedo aquí.
Entre olas verdes y montañas azules.

EZ EMAN HAUTATZEKO

Ez eman hautatzeko
Itsasoa eta Lehorraren artean.

Gustura bizi naiz itsaslabarrean,

Haizeak mugitzen duen zinta beltz honetan,
Gizandi erratu bati eroritako ile luze honetan.

Itsasoarena maite dut batez ere bihotza. Inozoa, haur handi batena bezain.

Orain temoso, orain ezinezko paisaiak
marrazten.

Lehorrarena berriz
esku handi horiek ditut gogokoen.

Ez eman hautatzeko
Itsasoa eta Lehorraren artean.
Badakit hari fin bat dela nire bizilekua,
baina Itsasoarekin bakarrik galduko nintzateke,
Lehorrarekin ito.

Ez eman hautatzeko. Hemen geratuko naiz.

Olatu berde eta mendi urdinen artean.

Nago poema hori Uriberen aitorpen poetiko bat dela. Hartan, benetako naturan tokirik ez duela nabarmentzen du egileak. Bi gai ezaugarritzen ditu: itsasoa, bateko, berezkoak ditu-eta amorrua eta ume bihotza; besteko, lehorra, ito egiten du eta. Koloreen oposizioa darabil -urdina eta berdea- zertzeladak emateko, eta, aldi berean, ezaugarriak aldatzen ditu: olatua berdea da, eta mendia, urdina. Errealitatearen harrera poetiko bat da, Uribe benetako munduan kokatzen utzi ez eta mugalde batean jartzen duena, bataren (itsasoa) eta bestearen (lehorra) artean; berberak aitortzen duenez, «hari fin» batean. Sinesmen poetiko bat delako itzuli dut poema hori.

Harkaitz Canoren poesia

12 ძველი სარდინი გადაუდებელი მოხმარებისათვის

ვით თევზის შეკვრა უნდა იყოს
ლექსთა კრებული

ახალი მარგი კვებისათვის
ფოსფორითა და კალციუმით გამდიდრებული

ან მყრალი თევზის შეკვრა იყოს
და გვაიძულოს რომ გავიქცეთ შეშინებულნი

გაფუჭებული თევზის შეკვრა
გაკირულ თავით მახვილ თვალებით

ან ერთი უნდა იყოს ან მეორე

ლექსთა კარგ კრებულს
უნდა ჰგავდეს
ჩვენი ცხოვრება.

 

12 SARDINAS VIEJAS PARA CONSUMO 
INMEDIATO

Un buen libro de poemas ha de ser

como una caja de pescado.

Nutritiva y fresca, fuente de fósforo y calcio.

O descarga hedionda

que nos impulse a salir huyendo

de ella, presos del pánico,

una caja de pescado podrido y cabezas calcinadas

de dientes y ojos afilados.

Una de dos.

Y así habría de ser,

como un buen libro de poemas,

nuestra vida.

12 SARDINZAHAR LEHENBAILEHEN
 KONTSUMITUAK IZATEKO

Poema liburu on batek izan behar luke

arrain kutxa bat bezalakoa.

Fosforo eta kaltzio iturri elikagarri freskoa.

Edo izu-laborriz harengandik ihesi

ateratzeko sentipena

sortzen duen deskarga

arrain usteldu, ikatzezko arrainburu,

hortz eta begi zorrotzena.

Bietarik bat.

Eta halakoa behar luke,

poema liburu on bat bezalakoa

gure bizitzak.

Arima elika dezakeen poesia halako bat da bizitza, gorputza janaritzen duen arrain kutxaren modukoa. Bi bizi aukera daude, elikagaia jateko bi aukera modu, dela goxoa, dela usteldua. «Bietarik bat»; ezer ez dago tartean. Bizitza poesiarekin erlazionatzen eta esplikatzen du Harkaitz Canok poema labur honen bitartez, Gabriel Arestiren bidetik: bizitza eta poesia borroka baten modukoa direla, mailu bat, eta beti egoten dela modua freskoaren eta ustelduaren artean, elikagarriaren eta ikatzezkoaren artean aukeratzeko.

3.

Artikuluaren akabuan, zenbait iradokizun eskaini gura ditut kulturaren itzulgarritasunaz eta literatur itzulpenak kulturak elkarrengana hurbiltzean izan dezakeen eginkizunaz. Kultura bakoitzak ezaugarri bereziak dituen arren –sarritan, beste kultura batekoentzat nekez ulertzekoak–, kulturazko analogoak topa daitezke xede kulturan, arrotza eta ezberdina dena esplikatzeko. Honako honetan, arroztearen itzulpen teknika –hala deritzo Venutik– erabiltzea izan daiteke aukerarik erakargarriena eta onargarriena; testu itzulia dela ulertzen laguntzen du, ez dela irakurlearen xede kulturaren ekoizkina (1995: 148):

Foreignizing translation is a dissident cultural practice, maintaining a refusal of the dominant by developing affiliations with marginal linguistic and literary values at home, including foreign cultures that have been excluded because of their own resistance to dominant values. On the other hand, foreignizing translation enacts an ethnocentric appropriation of the foreign text by enlisting it in a domestic cultural political agenda, like dissidence; on the other hand, it is precisely this dissident stance that enables foreignizing translation to signal the linguistic and cultural difference of the foreign text and perform a work of cultural restoration, admitting the ethno deviant and potentially revising domestic literary canons.

Beste testuak ez bezala, literatur testuak itzultzean ez da begi bistatik galdu behar subjektibotasunak itzulpen prozesuan duen eginkizuna. Itzultzaileak birkodetu egiten du egileak jatorrizko testuan aurretiaz kodeturiko mezu bat. Prozesu horretan, muntaduna da irudimenaren eginkizuna (Schwab, 2008: 242-243):

Kultur harremana beti eskualdatzen da modu subjektiboan literaturan, eta, kultur jakinduriaren itzulpen literarioa egitean, kulturaren esperientzia subjektiboa transferitzea erdi-erdian egotea inplikatzen du horrek. Hemen, transferentzia ulertu beharra dago berbaren adierarik psikoanalitikoenean, kulturaren bereganatze subjektiboa kultur inkontzientearen irudi imajinario-fantastikoz eta proiekzioz beterik egoten baita. Modu subjektibo eta estetikoan eskualdaturiko kultura birkodetzearen ondorioz, eman ere daiteke literaturak ezinbesteko eginkizuna duela non eta kultur transferentziazko prozesuak irudikatzekoan.

Euskal poeten testuak itzultzean, saiatu nintzen bai edukiari bai poemen mezu semantikoari fidel izaten. Noraezeko deritzot jasotako testuaren kultur ezaugarriei ahal denik eta gehien eusten saiatzeari. Ezbairik gabe, onuragarriago izango da kulturak elkarrengana hurbiltzea, indarkeria etnozentrikoari saihets eginez gero. Kultura ezberdinarekiko interesa pitz dezake atzerriko kultura arroztzat, norberaren kulturaren ezberdintzat jotzeak; gureari dagokionez, euskal kulturarekikoa, eta irrika bat sorraraz dezake interes horrek: historiagatik eta ezaugarri etnografikoengatik aberats eta bakan den kultura hori sakonago ezagutzea.


Bibliografia

Aguiar e Silva, V. M. DE (1977). Competência lingüística e competência literária, Coimbra: Almedina.
Albaladejo, Tomás (1992). «Aspectos pragmáticos y semánticos de la traducción del texto literario»,
            Koiné. Quaderni di Ricera e Didattica sulla Traduzione e l'Interpretazione II (1-2), 179.-200. or.
–––––  (2006). «Traducción y representación», in Consuelo Gonzalo eta Pollux Hernúñez (arg.).
            Corcillum. Estudios de Traducción, Lingüística y Filología dedicados a Valentín García Yebra,
            Madril: Arco/Libros, 31.-45. or.
Arduini, Stefano (1996). Retorica i traduzione, Urbino: Università degli Studi di Urbino.
Betti, Emilio (1975). Interpretación de la ley y de los actos jurídicos, Madril:
            Editorial Revista de Derecho Privado; Editoriales de Derecho Reunidas.
Chico Rico, Francisco (2001). «Retórica y traducción. 'Nóesis' y 'Poíesis' en la traducción del texto
            literario», in Pierre-Yves Raccah eta Belén Saiz Noed (arg.). Lenguas, Literatura y traducción.
            Aproximaciones teóricas, Madril: Arrecife.
Doležel, Lubomír (1986). «Semiotics of Literary Communication»,
            Strumenti Critici 50, n.s., I, 1, 5.-48. or.
–––––  (1990). Occidental Poetics. Tradition and Progress, Lincoln: University of Nebraska Press.
Eco, Umberto (2003). Dire quasi la stessa cosa. Esperienze di traduzione, Milan: Bompiani.
García Berrio, Antonio (1979). «Lingüística, literaridad/poeticidad (Gramática, Pragmática, Texto)»,
            1616. Anuario de la Sociedad Española de Literatura general y Comparada 2, 125.-170. or.
–––––  (1978-1980). «Construcción textual en los sonetos de Lope de Vega: tipología del
            macrocomponente sintáctico», Revista de Filología Española LX, 23.-157. or.
Marías, Julián (1948). La filosofía española actual, Buenos Aires: Espasa Calpe Argentina, S.A.
Schwab, Gabriele (2008). «Restricción y movilidad. Hacía la dinámica del contacto cultural en
            la literatura», in Interculturas/Transliteraturas. Introducción y compilación de textos Amelia
            Sanz Cabrerizo (Grupo LEETHI), Madril: ARCO/LIBROS, S.L., 287. or.
Venuti, Lawrence (1995). The Translator's Invisibility, Londres eta New York: Routledge.
Welsch, Wolfgang (2008). «El camino hacia la sociedad transcultural»,
            in Interculturas/Transliteraturas. Introducción y compilación de textos
            Amelia Sanz Cabrerizo (Grupo LEETHI), Madril: ARCO/LIBROS, S.L., 287. or.
Zavala, Iris M. (1991). Unamuno y el pensamiento dialógico, Bartzelona: Anthropos.


* Artikulu hau METAPHORA ikerketa-proiektuan egindako lanaren emaitza da. Proiektuak FFI2014-53391-P erreferentzia du, eta Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren ikerketa, Garapena eta Berrikuntzako Estatu dazkaritzak finantzatua da. 1. Juanjo Olasagarre. Las maletas imposibles. Gaztelaniatik euskarara itzulia. Gernika argitaketxea, 2010. ISBN: 978-5-91600-006-1.


1. Juanjo Olasagarre. Las maletas imposibles. Gaztelaniatik euskarara itzulia. Gernika argitaletxea, 2010. ISBN: 978-5-91600-006-1.

2. Kirmen Uribe. Mientras tanto cógeme la mano. Gaztelaniatik georgierara itzulia. Ilia Estatuko Unibertsitatea argitaletxea. 2013. ISBN 978-9941-18-154-2.

3. Gabriel Aresti. Harri eta herri. Gaztelaniatik georgierara itzulia. Ilia Estatuko Unibertsitatea argitaletxea. 978-9941-18-067-5; Gabriel Aresti. Harrizko Herri Hau. Gaztelaniatik georgierara itzulia. Ilia Estatuko Unibertsitatea argitaletxea. Euskal Harria. Gaztelaniatik georgierara itzulia. Ilia Estatuko Unibertsitatea argitaletxea.

4. Kirmen Uribe. Bilbao-New York-Bilbao. Gaztelaniatik georgierara itzulia. Ilia Estatuko Unibertsitatea argitaletxea. ISBN 978-9941-18-155-9, 2013.

5. Jon Kortazar. Euskal Literaturaren Historia. Gaztelaniatik georgierara itzulia. Ilia Estatuko Unibertsitatea argitaletxea. 978-9941-18-068-2; Jon Kortazar. El Poeta Gabriel Aresti (1933-1975). Gaztelaniatik georgierara itzulia. Ilia Estatuko Unibertsitatea argitaletxea., 2012. ISBN: 978-9941-18-075-0.

6. Luarsabishvili, Vladimer (2011): "Nire Aitaren Etxea defendituko dut". Senez, 41, 219-241 or.; Luarsabishvili, Vladimer (2014): Gabriel Aresti en georgiano - reflexiones del traductor Arestiren poemaren itzulpena dela eta, Euskera, 2014, 2.

7. Zaldun tigrelarruduna / Xota Rustaveli; Xabier Kintanak georgieratik itzulia; irudiak, Mihai Ziczi. Madrid: Santillana; Etxebarri: Zubia, 1999, 207 or.; 22 cm, L.G. M. 27048-1999, ISBN 84-8147-193-3.

8. Zitsar irakaslearen bizitzako aldi horretaz, ikus: "Lehengo eta gaur egungo euskaltzaletasuna Georgian eta Errusian", Gernika, 3-4 zk.