Hemen zaude:
 » 
Literatura Unibertsala Urretxindorra ikastolan: gozamenerako tresna - Antton Irusta

Inprimatu

Data: 2016ko azaroa

Literatura Unibertsala Urretxindorra ikastolan: gozamenerako tresna - Antton Irusta


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Laburpena

Artikulu honetan, Urretxindorra ikastolan Literatura Unibertsala, Batxilergoa 2 testu liburuarekin nolako esperientzia ona izan duten azaltzen du egileak. Literatura itzulia sustatzeko ekimenen barruan irten zen plazara liburua, 2012an, EIZIEren eta Erein argitaletxearen arteko lankidetzaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. 5 urte daramate, joanean-joanean, Batxilergoko bigarren urteko ikasleekin literatura unibertsala lantzen, eta, Antton Irusta irakaslearen iritziz, oso esperientzia gogoangarria da, literaturak bene-benetan ematen baitie gazteei heldutasun intelektual, estetiko eta afektiboan beren esperientziak kontrastatzeko aukera, bai eta beren ingurunetik edo garaitik urrun dauden errealitateak ezagutzekoa ere, kultura tradizioan barneratzen joateko eta gizakion jokamoldeaz hausnartzen laguntzeko.


Literatura Unibertsala irakasgaiaren bidez, jasotako prestakuntza literario eta humanistikoa zabaldu nahi dugu Urretxindorra ikastolan.

Hasteko, aipa dezagun Arteen modalitateetan dabiltzan Batxilergoko ikasleek aukeratu izan dutela irakasgai hori, beren nortasuna sendotu eta munduaz duten ikuskera berezia sakondu ahal izateko.

Bost urte daramagu jo eta su, joanean-joanean, Batxilergoko bigarren urteko ikasleekin literatura unibertsala lantzen, eta esan dezakegu bene-benetan literaturak gazteen heldutasun intelektual, estetiko eta afektiboan beren esperientziak ikusteko aukera ematen diela.

Zergatik? Literatura-testuek pentsaera eta sentipen kolektiboak adierazten dituzte, eta kultura bakoitzak bere historiako garai bakoitzean zituen berezitasunak ulertzen lagundu die ikasleei.

Guk zerrenda bakar batean jaso ditugu irakasgai honetako edukiak, eta, ikastolan, erabateko autonomia izan dugu programazio didaktikoa egiterakoan.

Baina hori guztia ez zen izango Literatura unibertsala, Batxilergoa 2 izeneko liburua esku artean eduki izan ez bagenu.

Eusko Jaurlaritzaren eta EIZIEren arteko hitzarmenaren barnean kaleratu da liburua, eta honako ezaugarri hauek ditu:

a) Prozedurak, kontzeptuak eta jarrerak txukun antolatuak daude, eta edukien zerrenda bat dator selektibitateko gaitegiarekin.

b) Jarrerazko eta prozedurazko edukiak, zeharkakoak izanik, programazioak antolatzeko ardatz gisa hartu dira.

c) Kontzeptuzko edukiak, berriz, kronologikoki egituratu dira, eta ibilbide historikoa osatzen dute gure kulturako literatura-kanonetan zehar.

d) Ardatz kronologikoari esker, erraz lot daitezke literatura-lanak eta lan horiek sortu dituzten testuinguruak.

e) Irakasgaia modu orokor eta irekian aurkezten da, hizkuntza, nazionalitate edo genero bakar bati lotu gabe.

f) Bestalde, kontzeptuzko edukiak bost etapatan antolatu dira: Antzinaroa, Antzinaro klasikoa, Erdi Aroa, Aro Modernoa eta Aro Garaikidea.

Batxilergoko ikasgaien curriculumean, literatura unibertsalaren ikas- eta irakas-prozesua honako hiru jarduera hauetan oinarritzen da: literatura-testuen irakurketa, ikerlanak eta ahoz zein idatziz egindako iruzkinak.

Jarduera horiek egiteko ikuspegirik egokiena komunikazio-ikuspegia da, baita irakasgai honetan ere, eta liburu honek, hain zuzen ere, betetzen ditu baldintza horiek guztiak, ikasgela eztabaidagune bihurtzen duen heinean.

Liburuaren ekarpena oinarrizko gaitasunak eskuratzeari begira

Literatura Unibertsala irakasgaiak curriculumeko oinarrizko gaitasunak garatzen laguntzen du. Hala ere, modalitateko irakasgaia denez, Arteen modalitatearekin eta Giza eta Gizarte Zientzien modalitatearekin zerikusi zuzena duten oinarrizko gaitasunak lantzen ditu bereziki.

Irakasgai honetan, literatura unibertsaleko literatura-lanik garrantzitsuenetakoak irakurri, interpretatu eta balioesten dira LIBURU HORREN BITARTEZ, eta ikasleek aukera dute beren ingurunetik edo garaitik urrun dauden errealitateak ezagutzeko, kultura-tradizioan barneratzen joateko, eta gizakion jokamoldeaz hausnartzen laguntzeko. Era berean, literatura hizkuntzak dituen aukeren adierazpide gorena da, eta aukera horiei buruz gogoeta egiten ere laguntzen du liburuak.

Bestalde, literatura ulertzeko eta aztertzeko trebeziak eta estrategiak —irakasgaiaren aztergai berezia— beste esparru batzuetan ere erabil daitezke. Era berean, literatura-testuak aztertzeko kontzeptuzko edukiak ere balia daitezke horretarako. Horregatik, ikasleak hainbat eta hainbat literatura-testu aberats izango ditu eskura, bilbliografia sakon eta ugari batekin.

Liburuaren helburuak

Literatura Unibertsala liburuak, etapa honetan, honako gaitasun hauek lortzea du helburu:

  1. Literatura-testuak edo pasarte garrantzitsuak irakurtzea esanahiaz jabetuz, irakurtzeko ohitura autonomoa garatu eta literatura irakurtzen ikasteko.
  2. Literatura-testu osoak edo pasarte esanguratsuak irakurtzea eta interpretatzea.
  3. Literatura-testu osoetatik edo pasarte esanguratsuetatik abiatuta, literatura unibertsala osatzen duten mugimendu estetikoetako generoen eta idazlan eta egile garrantzitsuenen ezaugarriak ezagutzea.
  4. Idazlan esanguratsuak irakurriz eta alderatuz, historian zehar behin eta berriz agertzen diren gaiak identifikatzea eta haiei buruz jardutea.
  5. Literatura unibertsaleko lanen eta bestelako arte-adierazpenen (musika, zinema…) arteko harremanak aztertzea —adibide esanguratsuak erabiliz—, ikusteko zein diren adiera-molde horien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak.
  6. Literatura unibertsaleko lanak ulertzeko, beste irakasgai batzuetan literaturaz ikasitakoa modu autonomo eta kontzientean erabiltzea.
  7. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta bibliografia-iturriak modu kritiko, autonomo eta eraginkorrean erabiltzea, literatura-gaiei buruzko informazioa lortu, interpretatu eta aztertzeko.
  8. Literatura-testuen gaineko ariketa akademikoak egiteko eta ezagutzak eskuratzeko behar diren jardueretan parte hartzea, modu aktibo eta egokian, eta gogoeta eginez.
  9. Plangintza bati jarraituz, ahozko nahiz idatzizko hitzaldiak prestatzea, esparru akademikoko hainbat helburutarako egokiak diren literatura-gaiei buruzko lanak aurkezteko; hitzaldi horiek modu kritikoan berrikustea, komunikatzeko eraginkorragoak izan daitezen.
  10. Literatura-testuak kritikoki balioestea, banaka nahiz taldeka egindako sorkuntzak eta sentipenak direla ulertzeko.

Bihoazkie liburuaren egileei eta EIZIEko lagunei gure eskerrak, egin duten liburu txukun eta atseginagatik.