Taligner: itzulpen corpus eleaniztunak sortzeko tresna
Ibon Uribarri

Taligner programa EHUko itzulpengintza saileko ikertzaile talde batek garatu du Iñaki Albisua informatikariaren laguntzarekin itzulpen corpus eleaniztunak sortu eta aztertzeko asmoz. Zenbait ikerketa egitasmotan erabili da eta, aldi berean, egitasmo horiei esker garatu ahal izan da. Narratibako testuak eta testu dramatikoak etiketatu eta lerrokatzeko aukera ematen du, horrela sortutako corpusak bilatzaile bat baliatuz aztertzeko. Bestalde, corpus ezberdinak kudeatzeko baliabideak ditu. Testu analisiari dagokionez, oraingoz testuen hustuketa terminologikoa egiten du, hitz bakoitzaren maiztasuna zenbatuz.

Artikulu honetan, Taligner programa informatikoa aurkeztuko dut. Software horrek corpus paraleloak sortzeko, kudeatzeko eta analizatzeko balio du, corpus eleaniztunak eta itzulpen corpusak barne. Programaren jatorria eta ezaugarri nagusiak zehaztuko ditut, bereziki.

Jatorria

EHUko Itzulpen eta Interpretazioko jakintza-arloko ikerketa ekimenetan du jatorria Taligner programak. Bai TRACE ikerketa proiektuetan bai Gasteizen egin diren zenbait doktoretza tesitan, corpusak erabili dira zenbait itzulpen errealitate hobeto ezagutzeko. Hasiera batean, corpus horien kudeaketa oso oinarrizkoa izan zen: Word programarekin lerrokatzen ziren jatorrizko testua eta itzulpena(k). Egoera horrek ez gintuen asetzen, eta ordurako eskuragarri zeuden zenbait software probatu genituen. Jauzi nabarmena egin zen Elizabete Manterolaren tesiari esker. Batetik, itzulpen corpus paralelo eleaniztun zabala sortu zuen Manterolak (Atxagaren 12 testu oso edo lagin, eta haien itzulpenak 7 hizkuntzatara; milioi eta erdi hitz inguru guztira), eta, horretarako, Wordsmith Tools programa erabili zuen. Tresna hori zen une hartan aurkitu genuen onena; izan ere, corpusak analizatzeko tresneria garatuarekin uztartzen du corpus paraleloak sortzeko tresna. Hala ere, zenbait arazo edo oztopo topatu genituen: batetik, software ez-librea erabiltzen du; bestetik, artxibo mota propio ez-estandarrak baliatzen ditu, eta, batez ere, lerrokatzeko tresneria oso astuna du, hau da, jatorrizko testua eta itzulpena(k) esaldi mailan doitzeko prozesua oso neketsua da.

1. irudia: Atxagaren itzulpen corpusa Wordsmith Tools erabiliz.

Hala, ikusi genuen aurrera egin nahi bagenuen geure beharretara egokitutako tresna bat sortzea zela bidea. Une horretan, gainera, Hezkuntza Ministerioko TRACE proiektua lortu genuen, Leóngo Unibertsitateko talde batekin elkarlanean. Orduan, Leónen egin ziren Trace aligner 1.0. sortzeko lehen urratsak. Bitestuak lerrokatzeko oinarrizko programa bat sortu zen, baina oso erabilera mugatua zuen: lerrokatutako testuak (laburrak) html formatuan erakustera mugatzen zen.

Geroxeago, Gasteizen, Iñaki Albisua informatikaria kontratatzeko aukera izan genuen, TRACE proiektuen diru laguntzei esker hasieran eta TRALIMA/ITZULIK ikerketa taldeko baliabideei esker ondoren, eta horrek ekarri zuen TRACEaligner 2.0. garatzeko bultzada erabakigarria. Leónen egin zena oinarri hartuta, Albisuak programa garatu zuen, bi doktoretza tesiren eskakizunak betetzeko, Naroa Zubillagaren tesirako lehenik eta Zuriñe Sanzen tesirako ondoren: programaren aldaera berriak testu luzeekin lan egiteko aukera ematen zuen; tritestuak lerrokatzeko bidea ireki zuen (jatorrizko testu alemanez eta euskarazko itzulpenez gain tarteko gaztelaniazko testua ere behar baikenuen zeharkako itzulpenen kasuan); lerroketa doitzeko funtzioak gaineratu ziren; corpusak mysql formatuko datu base bihurtzen zituen, eta bilaketa motorra garatu zen sortutako corpusa arakatzeko. Une horretan genuen arazo nagusia datu basea sortzeko prozesu astuna zen (xampp programa erabili behar genuen sql datu baseak sortzeko).

Programaren aldaera hori Aleuska egitasmoko zenbait lani esker eta, aldi berean, lan horien mesedetarako garatu zen. Alemanetik euskarara itzulitako testuen katalogoan oinarrituta (700 sarreratik gora), Naroa Zubillagak AleuskaHGL itzulpen corpus paraleloa sortu zuen (18 egileren 19 itzulpen zuzen eta 14 zeharkako; 1.275.000 hitz guztira); Zuriñe Sanzek, AleuskaPhraseo corpusa (30 egileren 34 itzulpen zuzen eta 14 zeharkako; 3.500.000 hitz guztira), eta Ibon Uribarrik, AleuskaFilo corpusa (13 egileren 33 itzulpen zuzen; 1.200.000 hitz guztira). Aleuska corpusek gaur-gaurkoz 5.500.000 hitz inguru biltzen dituzte osotara. Besteak beste, Touryren interferentziaren legea zehazteko balio izan du. Touryk zeharkako interferentzia aipatzen du (1995: 72):

Hypothetically identified relationships may also give rise to the assumptions that a target text drew on a text in a language other than the assumed one, or on more than one source text, in more than one language.

Baina, gero, ez du zehazten interferentziaren legeaz diharduenean. Izan ere, paratestuen mailan itzulpen zuzen moduan aurkezten diren testuetan, zeharkakotasun arrastoak nabari dira Aleuska corpusetan, zenbait mailatan. Gerta daiteke testua itzulpen zuzen moduan aurkeztea baina benetan gaztelaniatik itzulia izatea testua, ez alemanetik, hau da, ustez itzulpen zuzena zena (assumed direct translation) ezkutuko zeharkako itzulpena izatea (covert indirect translation). Testu interferentzia hori osoa izan daiteke, jatorrizko testua erabili ez denean, edo gertakari bakana izan daiteke, aldian-aldian jatorrizko testuaz gain bitarteko itzulpena(k) erabili d(ir)elako (itzulpen konpilatua litzateke hori). Zeharkako testu interferentzia horretaz gain, zeharkako interferentzia instrumentala ere identifikatu dugu, alemanetik euskarara itzultzerakoan zeharkako laguntza tresnak erabiltzen direlako (hiztegiak, bereziki). Eta, azkenik, zeharkako gogo interferentzia edo interferentzia kognitiboa ere aurkitu dugu, hau da, alemanetik zuzenean itzultzerakoan, euskal itzultzaileak zeharkako hizkuntza bat ere aktibatzen du (gaztelania, bereziki), eta, orduan, zeharkako itzulpena egiteko aukera sortzen da noizean behin, tarteka edo sarriago. Beraz, itzulpen zuzena/zeharkakoa dikotomia oso motz geratzen da itzulpen errealitate askoz ere konplexuago bat aztertzeko. Azaldutako itzulpen egoera horri zeharkako interferentzia diglosikoa deitu diogu. Ustez (guztiz) jatorrizkoak diren testu produkzioan gertatzen den fenomeno bera da, azken finean.

Azken TRACE proiektuari esker (EHU, Leóngo Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea, Elxeko Unibertsitatea), Taligner 3.0. garatzeko aukera ere izan dugu. Iñaki Albisuak hutsetik berridatzi du programa osoa. Oraintsu arte, adabakiz osatutako kode nahasi bat genuen, eta arazo teknikoak sortzen ziren, askotan. Orain, java hizkuntzan idatzitako programa multiplataforma bat dugu, hau da, java behar du ordenagailuak programa erabiltzeko, baina berdin dabil, printzipioz, Windows, Mac eta Linux plataformetan. Hauek dira, oraingoz, azkena den aldaera horren berritasun nagusiak: pluritestuz osatutako corpusak osatzeko aukera ematen du, hiru testuko muga gaindituz; testu dramatikoz osatutako corpusak sortzeko aukera berezitua ematen du; corpusaren testu analisia egiteko lehen tresnak biltzen ditu (testu hustuketa egiteko tresna); datu baseak sortzeko tresna integratu da (orain ez da xampp edo beste programa berezirik behar); hainbat corpus aldi berean kudeatzeko funtzioa gaineratu zaio. Aldaera hori Itzulpen Ikasketetako gradu amaierako lan batzuk egiteko baliatu da; Itzulpena eta Teknologiak graduondokoan ere erabili da, eta Garazi Arrulak 10 idazleren 10 testu eta haien autoitzulpenak biltzen dituen corpusa osatzeko baliatu du.

Programaren ezaugarri nagusiak

Hasiera batean poesia testuak ere lantzea pentsatu bazen ere, oraingoz, aukera hori ez da garatu, eta testu laua eta testu dramatikoa erabiltzeko dago prestatuta programa. Hasieran, testu laua bakarrik hartu genuen kontuan, eta, azken aldaeran, testu dramatikoa gaineratu diogu, hau da, elkarrizketa testuaren egitura konplexuagoa lantzeko aukera jaso dugu: pertsonaien izenak, pertsonaien solasa, iruzkinak.

2. irudia: Taligner 3.0. interfazea.

Orain, funtzio nagusiak aurkeztuko ditut, ezkerretik eskuinera. Lehenak Limpiar izena du (oraingoz, gaztelaniaz bakarrik dugu interfazea), eta testu garbiketan laguntzen duen eranskin bat dela esan daiteke. Hainbatetan, testuak eskaneatu egin behar izan ditugu, eta horrek testuak garbitzeko lan astuna ekartzen zuen gero. Testu garbiketa horretako eragiketa errepikakor batzuk kolpe batean egiteko tresna bat sortu zuen Albisuak, Access erabiliz, eta tresna autonomoa zena programa nagusian integratu genuen, azkenean. Baina, zuzenean testu digitalarekin lan egiteko aukera izanez gero, funtzio hori ez da ezertarako behar.

Etiketazioa da bigarren funtzioa. Lerrokatzen hasi aurretik, testuak etiketatu egin behar dira. Abiapuntu gisa, txt formatuko testuak erabiliko ditugu beti, eta, etiketatze funtzio honekin, xml artxiboak lortuko ditugu. Testua aukeratu eta kargatu ondoren, Etiquetar texto botoia erabiliz, behin-behineko emaitza ikusiko dugu, eskuinean.

3. irudia: Testuak etiketatzen. Canettiren Die gerettete Zunge.

Gure kasuan, testu bat etiketatuta egoteak esan nahi du, alde batetik, paragrafo eta esaldiak etiketa (tag) bidez markatuta egongo direla, eta, bestetik, testuak metadatuz hornituko ditugula; gero bilaketak egiteko ezinbestekoa izango den informazioz, alegia. Etiketa horretan, testuaren izenburua, egilea, itzultzailea, eta itzulpen eta genero mota jasotzen dira, besteak beste.

Ondoren, sortuko den fitxategi berriari izen bat jarri, eta gorde egin beharko dugu (Guardar texto), eta, hala, xml fitxategi bat sortuko da; hor amaitzen da etiketatze prozesua. Eragiketa bera egin behar dugu corpusean jaso nahi dugun testu ororekin. Xml fitxategiak software jakin bati lotuak ez daudenez, testu kudeatzaile arrunt bat erabil dezakegu fitxategiaren barne-informazioa ikusteko.

4. irudia: Metadatuak. Canettiren Die gerettete Zunge.

5. irudia: Xml dokumentua. Kafkaren Die Verwandlung.

Irudian, fitxategiaren zati bat besterik ez da ikusten. Garrantzitsuena bi zati handi daudela identifikatzea da: alde batetik, etiketaren barnean biltzen dena, eta, bestetik, barruan dagoena. Lehen zati horretan, metadatuak aurkitzen dira (izenburua, egilea, kodea, itzultzailea, hizkuntza, modua, generoa), eta bigarrenean, aldiz, testua bera dago. Testua, era berean, paragrafo eta esalditan banatuta dago. Paragrafo eta esaldi gisa markatzeko, berariazko etiketak erabiltzen dira: (< p > eta < s >). Goiko irudian gorriz agertzen den n-a paragrafo eta esaldien atributu bat da, eta halakoak zenbatzeko balio du. Beheko eskeman ikus daiteke aipatu berri duguna, laburbilduta. Sarean erabiltzen ditugun corpusek ere egitura bera dute (TEI estandarra).

6. irudia: Xml testu baten egitura.

Testuak etiketatu ondoren, lerrokatu egin beharko ditugu, hirugarren funtzio nagusia erabiliz, Alinear. Bi, hiru edo testu gehiago lerrokatu daitezke aldi berean, aurretik sortu ditugun xml artxiboetatik abiatuz. Segundo gutxiren buruan lerrokatuko du programak testu bikote, hirukote, laukotea... (testuak oso luzeak baldin badira, denbora pixka bat har dezake kontuak). 7. irudian, behin testuak lerrokatuta programaren itxura ikus dezakegu.

Hala ere, gehienetan, lerrokatze-prozesu automatikoa ez da guztiz zehatza izango, are gutxiago literatur itzulpenak lerrokatu nahi baditugu, hau da, programak testu bakoitza esalditan banatzen du, eta testuak esaldiz esaldi uztartzen, baina uztarketa hori ez da zuzena izango beti; bereziki, gorabeherak izan badira itzulpen prozesuan puntuazioarekin. Orduan, guri egokituko zaigu, jatorrizko testuan oinarrituta, jatorrizko testuko esaldia xede testuko esaldiarekin bat datorrela ziurtatzea.

7. irudia: R. M. Azkueren Urlo opera, euskaraz, gaztelaniaz eta alemanez.

8. irudia: Lerrokatze funtzioaren doikuntza tresnak.

Itzulpena(k) jatorrizkoari egokitzeko, beharrezko aldaketak egin ahal izateko, goiko irudian ikus daitezkeen botoiak ditugu (saguaren eskuinaldean sakatuta ikusiko ditugu). Combinar botoiarekin, bi esaldi batu ditzakegu; laukiak gehitu nahi baditugu, Insertar blanco-n egingo dugu klik; hitzak berak dioen bezala, Dividir-ekin, laukiak zatitu daitezke; Eliminar-en klik eginez, nahi beste lauki kendu dezakegu; Editar funtzioarekin, lauki bateko testua aldatu/zuzendu dezakegu. Gero, gainera, goiko botoietan, Deshacer daukagu; aukera horrekin, azken agindua desegin dezakegu, hanka sartu baldin badugu.

Lerrokatze lana amaitu dugunean, edo lanerako denbora gehiago ez badugu, lanaren emaitza gordetzeko modu bat baino gehiago dago. Saguarekin, Guardar xml erabil dezakegu, eta, hala, lerrokatu ditugun testu guztiak gordeko ditugu, banan-banan. Lanarekin aurrera jarraitu nahi dugunean, testu bakoitzaren xml artxiboa igo beharko dugu berriz, banaka-banaka. Bestalde, goialdeko funtzioetan, Guardar tmx dugu; aukera horrekin, lerrokatutako testu guztiak artxibo bakarrean gordeko ditugu (OLI programek erabiltzen duten formatu berbera da).

9. irudia: Lerrokatutako tmx artxiboa.

Hala, gordetako artxibo bakar hori kargatu egin dezakegu gero, lanarekin jarraitzeko. Hala ere, tmx formatoak badu arazo bat: ez du metadaturik gordetzen. Horregatik, Taligner 3.0. aldaeran, taf formatua gaineratu dugu, zeina Guardar alineación funtzioarekin aktibatzen den. Kasu horretan, testu guztiak artxibo bakarrean gordetzen ditugu, metadatuak barne. Gero, artxibo hori berriro kargatu daiteke, lanean jarraitzeko.

Lerrokatze lanak amaitu eta emaitza gorde badugu, datu basea elikatu behar dugu. Horretarako, testu bakoitza banan-banan igo behar dugu datu basera, saguaren funtzioen artean Añadir a corpus hautatuta. Aurreko prozedura hori hainbat aldiz errepikatu dezakegu corpusean sartu nahi ditugun testu bildumekin; hala, datu basea elikatzen jarraituko dugu.

Corpusa eratua dugunean, bilaketak egin ahal izango ditugu. Horretarako, goiko Consultar corpus atalean sartuko gara. Hor, bilaketa motorraren interfazea aurkituko dugu. Hala ere, bilaketak egin aurretik, corpusa modu egokian antolatu behar da, eta, horretarako, Configurar corpus atalean sartu, eta eragiketa batzuk egin beharko ditugu.

10. irudia: Corpusa konfiguratzen. AleuskaFilo.

Hor, corpuseko testu bilduma osoa ikusi eta kudeatu ahal izango dugu. Bilaketa prozesuan arazorik ez izateko, testuen arteko harremanak zehaztu ahal izango ditugu, hau da, itzulpenen eta jatorrizkoen arteko harremanak, testuen gainean saguarekin Editar metadatos y relaciones aktibatuz. Bestalde, corpus osoan azpicorpusak zehazteko aukera ere badugu; hala, bilaketetan corpus guztia erabili beharrean, azpicorpus bakoitzean egin dezakegu bilaketa. Gainera, aurretik osatutako corpusak inportatu edo sortu duguna esportatzeko aukerak ere badauzkagu hor. Corpusa ongi eratu ondoren, bilaketak txukun egin ahal izango ditugu Consultar corpus funtzioa baliatuz.

11. irudia: Bilatzailea.

Bilaketa interfazea aurrez aurre izanda, argiago ikus daiteke metadatuen funtzioa. Izan ere, testu bakoitza metadatuz hornituta dagoenez, posible da, esate baterako, bilaketak egile jakin baten testuetan bakarrik egitea. Eta gauza bera egin daiteke hizkuntza, izenburu, itzultzaile, itzulpen modu eta generoarekin. Horretaz gain, hitza(k) bilatzeko orduan, aukera bat baino gehiago dugu: Exacto, Contiene, Empieza con, Termina con, alegia. Hala, hitza bere horretan, hitz zati bat, hitzaren hasiera edo hitzaren amaiera bilatu dezakegu. Gainera, hitz bateko bilaketa sinplea egiteaz gain, hitz konbinazioak bilatzeko aukera ere badugu (hiru hitzeraino), hitz horien arteko distantzia zehaztuz. Gainera, emaitzak bistaratzeko unean, bilatu nahi dugun hitza edo esamoldea agertzen den esaldia bakarrik aukeratu dezakegu, edo aurreko eta ondorengo esaldi 1, 2 edo 3 ere ikus ditzakegu. Hona hemen adibide bat.

12. irudia: Zunge hitzaren bilaketa Canettiren Die gerettete Zunge testuan.

Bilatu d(ir)en hitza(k) horiz markatuta agertzen d(ir)a, eta, gainera, esaldia identifikatuta dago lehen zutabean testuari eman zaion kodearekin eta esaldiaren zenbakiarekin. Gure kasuan, gainera, hitza agertzen den esaldiaren aurreko eta ondorengo esaldiak ere erakusten ditu bilaketak, testuinguru pixka bat gehiago izateko. Egiten diren bilaketak Excel fitxategi moduan gorde daitezke, gerora berriro kontsultatzeko.

Horretaz guztiaz gain, Consultar ficheros atala ere badugu. Hor, testuak analizatzeko aukerak nahi ditugu bildu, pixkanaka. Oraingoz, corpuseko testu bakoitzaren hustuketa terminologikoa egin daiteke, alfabetoaren arabera ordenatuta edo hitzen maiztasunaren arabera ordenatuta. Testu batean agertzen diren hitz guztiak eta euren maiztasuna ematen ditu horrek. Gainera, hitz kopuru gordina (token) eta hitz formen kopurua (type) kalkulatzen ditu.

13. irudia: Immanuel Kanten Kritik der reinen Vernuft.

Aurreko adibidean, 175.374 hitzez (token) osatutako testu bat dugu; tartean, 9.659 hitz ezberdin (type). Analisiaren emaitzak Excel taula batean gorde daitezke.

Amaitzeko, Configurar Taligner atala dugu. Hor, metadatuetan sar daitekeen informazioa egokitzeko tresna dugu, hala nola, hizkuntzak, itzulpen modua eta testuen generoa.

Etorkizunean

Etorkizunean programa garatzen jarraitzeko aukerarik balego, hauek lirateke egin beharreko hobekuntza batzuk: interfazea euskaratu eta ingeleseratu; bilatzailea testu lematizatuak erabiltzeko egokitu; testu analisirako tresneria zabaldu (Antconc programak eskaintzen dituen aukerak integratuz, besteak beste); eta abar.


Bibliografia

Barambones, J. (2012). Mapping the Dubbing Scene. Audiovisual Translation in Basque Television. Bern: Peter Lang.

Barambones Zubiria, J.; Manterola Agirrezabalaga, E.; Sanz Villar, Z.; Uribarri Zenekorta, I.; Zubillaga Gomez, N. (2015). «Itzulpen ikasketak eta euskara. Zenbait ekarpen Itzulpen Ikasketa Deskribatzaileei, eta haratago», in Traducimos desde el sur: actas del VI Congreso Internacional de la Asociación Ibérica de Estudios de Traducción e Interpretación, José Jorge Amigo Extremera (arg.). Las Palmas kanaria Handikoa: Las Palmas kanaria Handikoko Unibertsitatea.

Manterola, E. (2012). Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea.

Sanz Villar, Z. (2015). Unitate fraseologikoen itzulpena: alemana-euskara, UPV/EHUko tesia.

Toury, G. (1995). Descriptive Translation Studies and beyond, Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins Publishing Company.

Zubillaga, N. (2009). «Alemanetik euskaratutako haur eta gazte literatura edo amaigabe istorioa?», Senez, 36: 231-241.

–––––– (2012). «A corpus based descriptive study of German children's literature translated into Basque: Preliminary results», in Translating Fictional Dialogue for Children and Young People, Fischer, M. eta Naro W. (arg.), Berlin: Frank&Timme.

–––––– ; Sanz, Z. eta Uribarri, I. (2015). «Building a trilingual parallel corpus to analyse literary translations from German into Basque», in New directions in corpus-based translation studies, Fantinuoli, C. eta Zanettin, F. (arg.), Berlin: Language Science Press.