Atal berezia: Besterena nuen neuregana - Aurkezpena
Karlos del Olmo

Euskal Herrian bestelako aurkeztatzerik behar ez duen ikertzaile talde baten ekarria dakargu aurtengo ale honetan Besterena nuen neuregana atalera: Ixa Taldearena, hain zuzen ere. Euskara eta informatika txertatzen trebe jardun du luzaro, zailtasunak zalitasun, eta emaitzetako batzuk argiro azalduta dituzue hurrengo artikuluotan.

Itzulpengintzaren ikuspegitik, ederto batean dakigu orain arte bete ez den ametsa dela hizkuntza batetik bestera akatsik gabe itzuliko duen tresna (gizakien artean ere ia- ia ezinezko gertatzen baita), baina, adimen artifiziala eta softwarea nola bilakatzen ari diren ikusita, baliteke laster batean iritziz aldatu behar izatea: eta lanbide honetan dihardugunoi dagokigu, batez ere, geure burua beste egoera berri horretarako prestatzea.

Noiz igaroko da dena delako itzultzaile unibertsal hori zientzia-fikziozko filmetatik benetako unibertsora? Oraingoz, askotan iragarritako eta beste hainbatetan huts egindako promes bat besterik ez da. Baina hainbat alorretako adituek lanean diraute, etsi gabe. Egungo ordenagailuek eta eskuko telefonoek akatsekin itzuli eta ahoskatzen dute, nekeza gertatzen baitzaie giza pentsamenduarekin eta tokian tokiko aldaerekin lehiatzea. Hizkuntza naturala giza fenomeno konplexua dugu, eta ñabardura guztiak harrapatzea eta ulertzea lan nekeza da, are gizakion artean ere, esan bezala. Literatura itzultzeak beti (?) beharko du gizaki bat... ala ez? Hainbat bertsio zibernetiko itzulita emateko gauza diren makinak izango ditugu eskura, zeinek berea? Liburugintza ere errotik aldatuko da idazle batek liburua amaitu bezain laster makina bidez itzulita jasotzeko aukera dugunean? Eta interpretazio kabinak berak ere ez dira robotez beterik egongo?

Makina bidezko itzulpena, zuzenketa eta interpretazioa akastunak izateari esker, izugarria da pertsona bidezko itzulpenaren negozioa: 2014ko datuen arabera, munduan 30.000 bat miloi dolar gastatu ziren munduan berriak edo liburuak itzultzen. Europar Batasunak 1.300 bat milioi euro inbertitzen du, urteko, hizkuntza gatazkak bideratzen dituzten hizkuntzalari, itzultzaile eta interpreteei ordaintzen. Zuhur du: behar ez bezala itzulitako adierazpen edo agiri bat nazioarteko gatazka bat eragiteraino ere hel bailiteke.

Itzulpengintza automatizatua 1950. urtearen inguruan jaio zen arren, emaitza hobeak eskuratzen hasi da azken 20 urteotan, hiru zutabe oinarri: adimen artifiziala, konputazio ahalmen handiagoa eta webean datu kopuru ikaragarriak metatzen hasi izana. Egun, softwareak automatikoki itzultzen ikas dezake, eta abian dira speech-to-speech translation deritzona (berbetatik berbetarako itzulpena) izeneko proiektuak. Ozta-ozta dabiltza, baina badabiltza ibili.

Estatu Batuetako armadak poltsikoko gadget bat ematen die soldaduei, esaldiak bat-batean itzuli ahal izateko 25 hizkuntzaren artean. Bestalde, antzeko tresnak edo aplikazioak eskuragarri dituzte herritar arruntek, eta enpresak saiatzen ari dira jantzita eta aldean eroateko moduko tresnak edo teknologiak garatzen. Egun, aplikazio baten bidez, etiketak, kale izenak eta abar itzultzen dituzte telefono mugikorrek. Internet loturadun ukipen leiarrek bat-bateko itzulpenak erakustea ez litzateke harritzeko kontua epe motzera, ikertzaile batzuen aburuz. Horrelako aurrerapenek bi ondorio iraultzaile izan ditzakete laster batean: bateko, jende askok beste hizkuntza batzuk ikasteari uztea (zenbait motibazio eta erabilera instrumentaletarako, bederik); besteko, migrante askok ez du zertan lehen hizkuntza galdurik –kontu muntaduna hizkuntza txikiagoei gagozkiela–. Eta, zertan esanik ez, kultur aberastasunaren aldetik, garrantzizkoagoa da hori hainbat hizkuntza berri ikastea baino. Horrek, zertan esanik ez, itzulpengintzan behar bezala gaituriko pertsonek zinpean ontzat emandako itzulpenen beharra nabarmenduko dute. Etorkizun hori gure artean geratzeko asmoz heldu da. Bihoaz, amaiera moduan, Xabier Leteren ahapaldi batzuk: «Gure bideak ez darama / eskainitako hirira / bide soila baizik ez da: / gauzen izentatze etengabe bat».

Atal berezi honetan artikulu hauek argitaratu dira: