Hemen zaude:
 » 
Esaldi bat aski - Iñaki Bastarrika Izagirre

Inprimatu

Data: 2017ko azaroa

Esaldi bat aski - Iñaki Bastarrika Izagirre


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Laburpena

Eman dezagun itzultzaile batek esaldi berbera, itzulgai berbera hartzen duela egunero, eta itzultzen duela berrogei urtez. Baldintza batekin: egunero itzulgaia irakurri, eta, itzultzerakoan, aurretik egin dituen itzulpenak ez begiratzea. Antzeko zerbait egiten da sumi-e deritzon pintura japoniarrean: marrazterakoan, asmo bat hartzen da –banbu bat egitea, adibidez–, eta hori marrazteko ahalegina egiten da. Behin eta berriro. Itzultzeko ere balio al du jokatzeko modu horrek?


Itzultzaileak asmo bat hartu zuen: esaldi bat itzultzea. Esaldi bakar bat aukeratu, eta hura behin eta berriro itzultzea. Nondik etorri zitzaion, baina, asmo hura? Ziurrenik, sumi-e marrazketa japoniarreko klaseetatik. Han, behin eta berriz motibo bera marrazten zen —adibidez, banbua—, eta, irakasleak zioenez, berrogei urte eman zitezkeen egunero banbu bat marraztuz, eta hargatik aspertu gabe. Etxean egina zuen proba hori, banbuak, orkideak, eta abar errepikatuz, eta gustu pixka bat hartua zion lantegi hari. Hortaz, berrogei urtean ari zitekeen esaldi bera itzultzen, egunero bat itzuliz, eta aspertu gabe. Une bakoitza bakarra izanik, itzulpen bakoitza ere bakarra izango zen.

Liburu oso bat har zezakeen, eta hura behin eta berriz itzuli, baina neke handiegia izango zen. Hobe itzulgai labur bat hartzea; orrialde bat, paragrafo bat edo esaldi bat. Esalditxo batekin aski izan zitekeen. Bezperako itzulpena ezin zitekeen begiratu; egunero, itzulgaiari soilik begiratu, eta zerotik abiatu beharra zegoen. Eguneroko itzulpen freskoa, esnea bezala.

Lan bakar batean tematzen ziren egileetan, Jon Etxaide etortzen zitzaion gogora, beti bere lanak ontzen, zuzentzen, orrazten, hobetzen… eta, gainera, sekula gustura ez geratzeko. Joanak joan liburuan, honela zioen: «Hirugarren edizio hau bigarrena baino franko hobea da, baina ez egileak nahi lukeen bezain ona. Ai zuberotarren batek akatsak zuzendu izan balizkio! Orduan gaina joko luke noski. Alabaina, bigarren argitalpenak arrakasta izan zuen (4 urtean ahitua) eta jendea eskean. Beraz, hirugarren edizioa ateratzea behar-beharrezkoa zen, eta hemen duzu eskuartean, irakurle, elaberriaren hobekuntzan pauso sendo bat eman ondoren. Egileak ahal duen guztia egin du. Hala ere, bere izpiritu konformagaitzean, gutxitxo egin ote duen kezka dabilkio buruan».

Etxaidetuta bukatuko al zuen berak ere esaldi kuttuna berrogei urtez itzultzen pasatu ondoren?

Eleberri baten hasiera hautatu zuen. Hauxe haren lehen itzulpen-kolpea:

Eguzki-erlojuak ez zuen inolako ordurik adierazten. Koadernoa, burdinazko eskoadra, ezabatu egiten ziren akaziek harrien gain egiten zuten itzal-ahokaduran. Dorrea eta haren bi begiak. Kanpandorrea eta beste erlojua bere ezkila-errepikekin, orduak kantari, txori misteriotsu baten txorrotxioaren erara.

Gizonak ez zeukan urterik. Adinik gabe, axolagabe, esaten zuen:

—Ehun aldiz kontatu dut. Ez nuen beste ezertxo ere ikusi. Txaluparen gainean etzanda zegoen eta hasieran lo zegoela pentsatu nuen. Arrantzaleei logura etortzen zaie eta arraunean ari direla lokartzen dira. Kamioilariei bezalaxe. Gauza bera da. Berehala hartu nion susmo: gizon hau hilda dago. Txalupa mugitu egiten zen, baina gizona ez. Egunsentian gauzak ez ziren ageri. Cornelioren burua amaraunez beteta zegoen. Nik lo zegoela esan nuen neurekiko. Tira, eta kito jaunak, horixe da guztia. Nik ez dut berriz kontatuko.

Jatorrizkoa hauxe:

El reloj del sol no marcaba ninguna hora. El cuaderno, la escuadra de hierro se borraban en el encaje de sombra que sobre las piedras daban las acacias. La torre y sus dos ojos. El campanario y el otro reloj con su carrillón que cantaba las horas como el gorjeo de un pájaro misterioso.

El hombre no tenía años. Sin edad, indiferente, decía:

—Ya lo he contado cien veces. No vi absolutamente nada más. Estaba echado sobre la barca y al principio creí que dormía. A los pescadores les viene el sueño y remando se duermen. Es como los camioneros. Lo mismo. En seguida me dio a la nariz: este hombre está muerto. La barca se movía, pero el hombre, no. Al amanecer las cosas no se dejan ver. La cabeza de Cornelio estaba llena de telarañas. Yo me dije que dormía. Bueno, y se acabó lo que se daba. Yo no lo cuento otra vez.

Azken pasarte horri buruz pentsatzen aritu zen. Nola izango ote zen hori ahozkoan, natural ulertzeko moduan? Mendebaldeko etxe barruetara adi jarri nituen belarriak:

Ehun bider kontau dot. Ez neban beste ezebe ikusi. Potiñan gaiñien etzunde euen eta hasieran lo euela pentsau neban. Arrantzaliei logurie etorten jakue eta arraunien dabizela lokartzen di. Kamioilarixei lez. Gauza bardiñe da. Segiduen hartu notsen susmue: gizon hau hilde da. Potiñe mobidu eitxen zan, baña gizona ez. Egunsentixen gauzak ez zin agiri. Cornelion burue amaraunez beteta euen. Nik lo euela esan neban neure bostin. Tire, ta kitxo jaunek, hoixe da dana. Nik eztot ostabe kontauko.

Iparraldekoetatik, berriz, hau zetorkion:

Ehun aldiz kondatu dut. Ez nuen bertze deus ere ikusi. Barkuaren gainean etzanik zen eta hastapenean lo zela pentsatu nuen. Arrantzaleeri lo(g)alea etortzen zaiote eta arraunean ari direlarik lokartzen dira. Kamioilarieri bezala. Gauza bera da. Segidan susmatu nuen: gizon hau hila da. Barkua mugitzen zen, baino gizona ez. Argi- hastean gauzak ez ziren ageri. Cornelioren burua amaraunez betea zen. Nik lo zela pentsatzen nuen nere buruarekin. Hara, eta kitto jaunak, hori da dena. Nik ez dut berritz kondatuko.

Euskalkien kontua, auzi hori, gainditua bide zegoen batuarekin, baina, halere, potiñan gaiñien etzunde

Printzipioz, albo batera laga zuen kontu hori. Ezin izan zuen bere lehen itzulpena begiratu gabe utzi.

Al amanecer, las cosas no se dejan ver. Horrekin zebilen bueltaka. Ez zuela behar bezala jarri euskaraz. Egunsentian gauzak ez ziren ageri. Hori zeukan jarria. Egunsentian gauzak ez ziren ikusten uzten??????

Noraezean zeukan gogoa, eta, halakoetan, eskura zuen libururen batean hasten zen zoko-miaketan, hoberik ezean. Egunsenti bila hasi zen.

Ez nuen begirik bildu, jakina. Zangoak, posturagatik, sorgortuta neuzkan eta zoruko baldosak gogorrak eta hotzak zeuden. Beraz, lehen argi txinta ikusi nueneko, Pacorro esnatu nuen eta isilka ihes egin genuen handik. Halako egoeretan ez da hizketarako gogorik izaten. Gogoan dut metroa nola hartu zuen, nirea ez zen beste norabide batean, anorakaren solapa artean burua hondoraturik zuela.

Orotariko Euskal Hiztegian egunsenti hitza begiratzean, hau aurkitu zuen:

Irten zan iñork ezagutu etzezan egunsenti berean. Aran SIgn 20.

Hortaz, Egunsentian gauzak ez ziren ezagutzen jar zezakeen. Edo egunsentitzean gauzak ez ziren ezagutzera uzten?

Orotarikoan, beti perlaren bat.

Goizeti zen. Argiak iluna urkatzen zun sartalderantza. Or Mi 112.

Hortaz, egunsentian gauzek ez zuten iluna urkatzen uzten. Edo egunsentian gauzek argia ukatzen zuten.

Edo egunsentian gauzek ez zuten beren iluna askatzen edo egunsentian gauzek ez zioten beren ilunari jaregiten.

Eta, hala, berriro joan zen eskueran zuen liburu gustagarri bat hartu eta egunsenti bila.

Goizaldera hozkirria sentitu nuen. Sua itzalita zegoela ikusi nuen begiak irekitzean. Ortzian artean goibel zegoen eta ganduek mendien zati bat estaltzen zuen. Kosakoa esnatu nuen; tea hartu eta gure adiskideen kanpamenduaren bila abiatu ginen. Gaua egin genuen lekutik hurbil zihoan bideska okertu egiten zenez, segituan utzi genuen; baina beste aldeko hegian aurkitu genuenak gure kanpamendu nagusira eraman gintuen.

Hara! Zuzenean edo zeharka, egunsentiek inspiratzen zuten. Hona otu zitzaion beste aukera bat:

Egunsentian gauzek ez dute beren burua erakusten.

Aukera horren balioaz hausnartzen zebilen bitartean, aurreko pasartea zekarren liburutik beste egunsenti bat leitu zuen:

Egunsentian, Dersu esnatu zen lehena; ni bigarren, eta ondoren soldatuei tokatu zitzaien txanda. Eguzkia irten berri zen, oraino mendi-gailurrak bakarrik argitzen zituen. Gosari arin baten ondoren, fardelak lotu eta berriz bideratu ginen. Mutu- khe-ren ibarreraino segitu genuen bidea, oso harritsu, ez zen batere erraza izan. Haitz ebakiak eta sustraien arteko zuloak benetako tranpak ziren. Zamariak hankak hausteko arriskuan ari ziren beti, eta nekez aitzinatzen ziren. Harrigarria da egiatan bertako zaldi txinoak, ferrarik gabe eta zama astunen pean, halako bideetan ibiltzea. Bost kilometro inguru egin genituen ibaiaren luzean, itsasorantz itzuli aurretik, ekialderantz alegia.

Liburu horretan, egunsenti asko zeuden, eta plazer ematen zion haien bila ibiltzeak:

Eguna urratzean, bideari lotu ginen. Berriz ere zidorretik ez abiatzea eta mendian barrena egitea hobetsi zuen Dersuk. Ibaia ibiz iragan ondoren, senda aurkitu eta belar garaietan barrena egitekotan ginenean, udehe bat, txispa eskuan, sastrakaditik irten eta gure destakamenduarekin aurrez aurre topatu zen. Lehen unean, beldurtu egin zen, baita gu ere; baina ene ofizial kapeluari erreparatzean, plegu bat atera barnesakeletik eta berehala eman zidan. Gutun bat zen eta bertan jakinarazten zitzaidan ehiztari konpainia batek, Txan-Bao buruzagi txinoaren agintepean, Sanhobe ibaia utzi berri zuela, hundhuzeen atzetik. Mezu hau irakurtzen ari nintzen bitartean Dersuk eta udeheak galdera ugari egin zizkioten elkarri. Honela jakin izan nuen Txan-Bao eta bere hogeitamar ehiztariek guregandik ez urrun iragan zutela gaua, eta laster heltzeko zirela Yodzy-khe-ra. Hala gertatu zen; hogei minutu beranduago aurkitu genituen.

Hemen, beste argi-haste bat:

Eguzkiaren lehen errainuek zutik aurkitu gintuzten. Edonola ere, ez nintzen lo egiteko gauza eta aurrera egin beharra nuen ahal bitartean. Ez dut sekula ahantziko egun hau. Ehun urratsen ondoren lurrean eseri beharrean nintzen. Oinetakoen presioa arintzeko, joskurak askatu nituen. Segidan sartu ginen oihana lur-jotako zuhaitzez eragotzia zegoen eta ketan bildua osorik. Berrogeita hamar urratsetara ez zitekeen zuhaitzik bereiz.

Irakurketa horien ondotik, hiru aletxo atera zituen:

Egunsentian gauzek ez dituzte lehen errainuak hartzen.

Egunsentian gauzek ez dute gura bereiz ditzagun/bereiz ditzaten.

Egunsentian gauzei aiher zitzaien argia.

Liburura, berriro.

Goizean, Dersu lehen jaiki zen eta neu iratzarri ninduen lehena. Zioenez, ahal genuen bitartean aurrera egin beharra zegoen, gure zangoek eraman gintzakeeino. Baina bideari lotu orduko, nere indarrak urritu egiten zirela nabaritu nuen; motxila bezperako pisua bikoizturik zuela iruditu zitzaidan. Ordu erdi oro geldiunea egiten genuen eseri eta atseden hartzearren. Etzan eta ezer ez egiteko gogoa genuen, eta hau seinale txarra zen. Eguerdira arte ibili ginen, oso bide laburra eginez.

Iratzarri aditzarekin, zerbait egin zezakeen?

Egunsentian gauzek ez zuten inoren begitara iratzarri nahi.

Beste liburu bat agertu zitzaion begi-bistara. Saiakera, heziketari buruzkoa. Ea zer han!

Haurrak, umeak begiak ireki bezain laster, ingurumenari begiratzen hasten dira, oharketa hori geroan jakinminaren iturria izango da. Azken biologia azterketek erakutsi moduan jokaera ta joera horietan, ninitik mutila ta neska bereizten dira, lehenak, mutikoak, maiz, ingurumeneko ikusgarriz laster aldatzen direlako, ezin egonak direlako eta neskek berriz beren begiak oharketan errazago finkatzenago dakitelako. Geroago, ikasketetan eta hogei urtetaraino neskek, joera horiengatik, batik bat, mutikoetan abantaila izango dute.

Begiak ireki espresioa sartuz gero, zer?

Egunsentian gauzek ez zituzten begiak irekitzen.

Ez ote zen, baina, hobe, gauzak erraz egitea?

Egunsentian gauzak ezin ziren ikusi.

Egunsentian gauzarik ez zen ikusten ahal.

Gauzei nekez antzematen zitzaien egunsentian.

Haize-bafada etxaidetar bat heldu zitzaion, orduan.

Zorionez, egun argitzearekin elur egiteari utzi zion eta haizeak gero eta azkarrago bakantzen zuen lainozko estalki egoskorra.

Ea horri zein etekin ateratzen zion.

Egun argitzean nekez bakantzen zen gauzen gaineko ilun estalki egoskorra.

Eta, hala, hurrengo egunean, egunsentiarekin, itzultzaileak berriro ekin zion pasartea euskaratzeari:

—Ya lo he contado cien veces. No vi absolutamente nada más. Estaba echado sobre la barca y al principio creí que dormía. A los pescadores les viene el sueño y remando se duermen. Es como los camioneros. Lo mismo. En seguida me dio a la nariz: este hombre está muerto. La barca se movía, pero el hombre, no. Al amanecer las cosas no se dejan ver. La cabeza de Cornelio estaba llena de telarañas. Yo me dije que dormía. Bueno, y se acabó lo que se daba. Yo no lo cuento otra vez.

—Ehun bider kontatu dut. Ez nuen ezertxo ere gehiago ikusi. Batelaren gainean etzanda zegoen eta hasieran uste izan nuen lo zetzala. Arrantzaleei logura etortzen zaie eta arraunean ari direla lokartzen dira. Kamioilariak bezala. Berdin. Berehala susmatu nuen: gizon hau hilda dago. Batela mugitzen zen, baina gizona, ez. Goiztirian gauzak nekez bereizten dira. Cornelioren burua amaraunez josita zegoen. Lo zegoela egin nuen neure artean. Tira, esan dut eta kitto. Nik ez dut berriz esango.

Eta horrela pasatuko zituen urteak eta urteak, egunero itzulpen berri bat eginez, aurrekoari begiratu gabe sekula. Berrogei urtean egunero bat eginez gero, hamalau mila eta seiehun bertsio agertuko ziren. Bakailaoa ehun eratara prestatzen zuen itsasgizonak bezalatsu jokatuz, baina, areago, hitzak osagai izanik.

Hitzostea

Sumi-e (墨絵)

Sumi-e diziplina sortzaile bat da, tintaz egindako pintura monokromatikoa.

Sumi hitzak ‘tinta’ esan nahi du japonieraz, eta -ek, berriz, ‘pintura’.

Sumi-e tintaz egindako pintura da, hortaz.

VII. mendetik aurrera landu zen, Txinan, eta XIV. mendean sartu zuten Japonian monje zen budistek.

Isipu edo pintzel batekin egiten den pintzelkada edo ukitua iraunkorra da, eta ez zaio ondoren beste konponketarik egiten. Izadiaren espiritua barneratu behar da, eta hori adierazi modu soil eta aratz batean. Trazuek seguruak izan behar dute, bat-batekotasuna ongi adierazteko. Antza ematea baino gehiago, funtsa adieraztea da asmoa.

Tinta beltza erabiltzen da, eta, urarekin nahasirik, grisaren gama osoa prestatzen ahal da. Tinta prestatzen den bitartean, metsukea egiten da, hau da, kontzentrazio-ariketa bat: artistak bere baitako izatea papereratzeko prestamena egiten du, buru-gogo-bihotzak gertatzen ditu, orainean bete-betean aritzeko.

Gutxirekin asko adieraztea da xedea, ahalik eta gutxienarekin ahalik eta gehien lortzea, nolabait esateko. Papereko (arroz- papera, tradizionalki) hutsune edo zuriuneak garrantzi handia du.

Japoniar pinturaren klasikoen artean, lau nagusiak deritzenak daude. Lau horiek marraztuz ikasten dira margotzeko behar diren pintzelkada guztiak.

Banbua, orkidea, krisantemoa, eta aranondoa loretan. Horiek dira laurak.

Banbua (竹 – take)

Landare gogor eta malgua. Udararekin lotzen da, eta egoera zailetan iraun behar duen gizakiaren bertutea eta izaera adierazten du.

Orkidea (蘭 – ran)

Emetasuna adierazten du, fintasuna, naretasuna, emankortasuna, inozentzia. Udaberrian, leku malkartsuetan hazi ahala, lurrin goxo bat hedatzen du. Txinatar artista batzuek Lan Hua esaten zioten: perfekzioaren pertsonifikazioa.

Krisantemoa (菊 – kiku)

Sendagarria eta iraupen luzekoa denez, oso estimatua izan zen Txinan. Familiaren batasuna adierazten du. Japoniarrak Heian aldian hasi ziren gai hori poesiarako eta literaturarako hartzen (794 - 1185). Udazkena adierazten du, gaztetzearekin eta bizitza luzearekin lotuta.

Aranondoa loretan (梅 – Ume)

Txinatik Japoniara esportatua orain mende asko, ikur bihurtu zen garai hartako gizartearentzat. Negua adierazten du, udaberriaren hasiera, negu hotz gogor baten ostean etortzeko dagoena, eta esperantza eta ekinaren ekina edo iraunkortasuna iradokitzen ditu.

8 lezio-gako sumi-e egiteko

  1. Gehiago adieraz daiteke gutxirekin.
  2. Sekula ez erabili (kolore) gehiago, gutxiagorekin aski bada.
  3. Baztertu itzazu xehetasun hutsalak, funtsezkoa adierazteko.
  4. Argia-iluna arretaz erabiltzea garrantzizkoa da argitasuna eta kontrastea sortzeko.
  5. Erabil ezazu kolorea soilik xede argi batekin eta intentzio arrazoitu batekin.
  6. Konposizio bakarrean bateratu daitezke kontraste argia, begi-kitzika eta fintasuna.
  7. Gauza guztietan bilatu: oreka, argitasuna, harmonia, bakuntasuna.
  8. Erraza dirudiena zail da (baina merezi du).

Zenbait webgunetatik hartutako informazioa (Kaze no Ryu-Ogawa ha…).

Su Dongpo-ren olerki bat

Yu ke banbu margotzen ari denean
guztia da banbu, inor ez da jende.
Ez al du ba ikusten jendea?
Bere burua ere ez du ikusten.
Sor-gor, banbu bihurtzen da,
hazi ta hazi egiten den banbua.
Nork dauka, berak izan ezik, ahal hori,
mugitu gabe joatekoa?