Hemen zaude:
 » 
Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri - Karlos del Olmo

Inprimatu

Data: 2017ko azaroa

Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri - Karlos del Olmo


Irakurri artikulua pdf formatuan.


La traducción literaria. Nuevas investigaciones. Galanes Santos, Iolanda; Luna Alonso, Ana; Montero Küpper, Silvia; Fernández Rodríguez, Áurea (editoreak). Comares, 2016.

1980-2015 aldian literatura itzultzearen inguruan paratutako zenbait ikerlan jasotzen ditu lan honek. Alderdi teorikoak nahiz instrumentalak aztertzen dituzte hamalau egilek, irakaskuntzaren nahiz erakundeen aldetik. Iberiar penintsulako literatur esparru eta genero nagusiak jorratzen dituzte (besteak beste, nobela beltza, genero literatura, literatura postkoloniala, haur eta gazte narratiba, poesia eta antzerkia —azken hori goraipatzekoa da, normalean baztertu samar egoten baita genero hori—).

Francisco Lafarga irakasle emeritu ospetsuak idatziriko hitzaurre interesgarri- interesgarri baten ondoren, Iolanda Galanes Santosek eta Ana Silvia Montero Küpper-ek artikulu bildumaren ardatz nagusiak aurkezten dituzte. Segituan, hamalau egileon ekarriak datoz, zein baino zein interesgarriago ikertzaileentzat ez ezik profesionalentzat eta politikarientzat ere, besteak beste, itzulpen politikaren ingurukoez gogoeta egiteko. Ikusi besterik ez dago zertaz diharduten: literatur itzulpenei buruzko atzo arratsaldeko bertako ikerketak.

Artikulu batzuek garrantzi handiagoa izan dezakete euskal itzulpengintzaren aldetik, erlazio zuzenagoan direlako: besteak beste, Elizabete Manterolak idatziriko «La traducción literaria en el País Vasco», artezena, eta, aldez baino ez bada ere, Silvia Monteroren «Políticas para la traducción de textos literarios», Áurea Fernándezen «El traductor como agente cultural», Iolanda Galanesen «La traducción literaria gallega contemporánea. Intratraducción y extratraducción», Maria do Cebreiroren «Lecciones de economía poética. La traducción de poesía en Galicia, Euskadi y Cataluña (2010-2015)». Halere, ale osoak oso ikuspegi gogoangarria eskaintzen du literatur itzulpenaren gaineko ikerketa berriez, batez ere penintsulako beste kultura eta hizkuntzetan jorratzen ari direnek bestelako bide batzuk zabaldu diezazkioketelako euskal literatura itzuliaren inguruko ikerkuntzari.

Literatur itzulpenak azken hogeita hamabost urtean izan duen bilakabidearen paisaiari buruzko ikuspegi orokor halako bat eskaintzea izan da Eli Manterolaren artikuluaren jomuga nagusia, batez ere euskal sistema beharbada hain ondo ezagutzen ez duten ikusleen begiratua gogoan. Euskara zein euskaratik itzulitako literaturak jorragai.

Hala, euskal literatura definitu eta zedarritzeko atal baten ostean, ikergaia, tresnak eta metodologia aipatzen ditu; gero, euskal literaturaren eta itzulpengintzaren arteko gurutzamenak aztertzen ditu —euskararen estandarizatzearen aldeko garrantzia atzendu barik—: zer ekarri dion itzulpenak euskal literaturari, zertan den egun literatur itzulpena, zelako presentzia eta eragina dituen zuzeneko itzulpenak. Zertan esanik ez, EIZIE elkarteak eta haren ekimenek merezi duten trataera jasotzen dute. Euskal literatura etxetik kanpo zertan den aztertzen du beste atal muntadun batek: ikuspegi orokorra eta kultur politika eta sustapena.

Manterolak, bi norabideen arteko aldeak aztertu ondoren, ondorio nagusi batzuk eskaintzen ditu artikuluaren amaieran; haien artean, nabarmentzeko moduan, haur eta gazte literatur itzuliaren zama gailen. Bestalde, berbabidera dakar ingelesaren nagusigoa euskaratzeko orduan, gaztelania andre eta jabe den moduan euskaratik itzultzeko orduan.

Itzulpenaren ikusgarritasunaren aldeko aldarri halako batez jartzen dio erramua artikuluari Elizabetek. Eta, jauzi batez, aldarri horretatik ale osoa ixten duen akabukora joko genuke, argi egiten baitute Áurea Fernándezek eta Ana Lunak ikerketa berri horietaz; hain zuzen, haiek ere ondorioztatzen baitute, Manterolak bezala, literatur itzulpena eta haren inguruko ikerketa sasoi onean direla, egungo mundu globalizatuak mehatxuetatik bezainbeste eskaintzen baitu aukeretatik itzultzeari, ikertzeari eta hori guztia baliabide digitalez gorde nahiz aditzera emateari dagokienez.



El fantasma en el libro. Javier Calvo. Seix Barral, 2016.

Liburuko mamua eta kameleoi paradoxikoak

«Gure lanaren izaeragatik beragatik, ia ezinezkoa da itzulpengintzaz idaztea, nolabait, horren erreibindikazioa egin gabe». Horixe dio El fantasma en el libro entseguan Javier Calvo itzultzaile eta idazle ezagunak, eta esanak ezin hobeto laburbiltzen du gai horretaz hausnarketa teorikoak egiten edo idazten ditugun gehienon kezka, erabaki beharra edo patua, nondik ere heltzen diogun autuari.

Mamu berbak dituen esanguretatik, aipagai darabil Javierrek letren unibertsoan gehienontzat ia ezari-ezarian —bestela baitakoan— igarotzen den itzultzailearen mamutasuna edo ikusezintasuna. Ikusezintasun edo mamu izate horrek bi alde ditu, haren ustez: langilearen eskubideei dagokiena, eta, horretan, itzultzaileak, interpreteak eta zuzentzaileak ez du inondik inora ikusezin izan edo gertatu behar; baina, lanari berari gagozkiola, Calvoren ustez, ezin da bestela gertatu: itzultzailearen idazketak ikusezin izatea du jomuga, itzulpena irakurri ahal izatea itzulpena ez balitz bezala. Javier Calvoren ustez, literatur itzultzaileak ez du «han egon nahi»; hain erroraino sartuta egon gura du orrietan non ez den igarri behar han denik. Itzultzaileak «kameleoi paradoxikoak» dira, «orrian desagertzeko, hura bete beharra dugu» eta.

Mamu izate hori definitzen du egileak aztarna psikiko huts izatearen aldetik, itzultzailearen lana orrian baitatza lorratz modura baino areago, oihartzun moduan, testuaren ifrentzua delako itzulpena, argazkiaren negatiboa. Berben arteko espazioa betetzen duen orriaren zuria da itzulpena, sasiatea edo sasileihoa irudikatzen duen irudiaren inguruko espazioa.

Calvoren ustez, etxe eroso-eroso halako bat izan daiteke literatur itzultzailearentzat ikusezintasuna. Haren bidez, idazlearen bizimoduaren alderik erakargarrienak partekatzen ditu: pijama jantzita eta kafe kikara aldean dela lan egitea, norberak erabakitako ordutegiaren arabera; kalera nahierara irten ahal izatea buruak gainez egiten duenean; liburua aurkeztearen inguruko ekitaldietara joan behar ez izatea… Gainera, liburu itzulia argitaratzen denerako, gehienetan, inork ez dio erreparatuko itzultzaileari, edo inork ez du haren lanaren laudoriorik edo kondenarik egingo: lanbidean edo haren aldirietan ez dihardutenei galdetuz gero, nork izango du gomutan irakurtzen ari den liburuaren itzultzailea zein den?

Zenbateraino da desezaguna itzulpengintza, ordea? Inoiz baino gehiago itzultzen da, itzulpengintzak inguratzen baikaitu; itzulpenezko mundu batean bizi gara, baina itzulpena ez ikusten ikasi du populuak. Azken buruan, zergatik jakin behar du herri xeheak gehiago itzulpengintzaz beste zeinahi giza asmakizunez baino? Itzulpenak ez du ia interesik pizten jendearengan; kanpotik begiratuta, lan aspergarri eta erakarmen txikikoa da (nahita aukeratu dugunontzat izan ezik). Jakina, itzulpengintzaren funtzionamendua ez da jendeak uste duen modukoa: itzulpena ez da hitzez hitz eraikitzen; hitz bera ez da beti berdin ordaintzen beste berbetaren batean; araurik barik, kasuak daude, eta inoiz ez da estrapolatu behar.

Calvoren ustez, gezur hutsa da esatea itzulpena datzala liburu bat beste hizkuntza batean berriro idaztean: «Ezinezkoa da liburu bera bi hizkuntzatan idaztea». Horixe da, hain suertez, arazoa, liburu bera bi hizkuntzatan idazterik balego itzulpengintzarik ez litzakeela, aski genukeelako liburuak hizkuntz bihurtzaile batetik igaroaraztea. Itzultzaile horren aburuz, testu bat itzultzea, konparazio baterako, Lego etxe bat beste jostailu bateko piezekin eraikitzearen parekoa da, are txarragoa ere: gure planetako jostailuak zelakoak diren ez dakiten planeta batean eginiko jostailu estralurtar bateko zatiekin eratzearen pareko lantegia da itzultzea. Jostailu arrotzaren zatiak ezberdinak dira formaz eta tamainaz, eta, kosta ahala kosta ahaleginduta ere, etxea ezin da inoiz nahi bezala eraiki. Baina esfortzua egin beharra du itzultzaileak. Eta, amaitutakoan, hurbiletik begiratuta, ageri-agerikoak dira aldeak, zehaztasunik ezak, lekutik at diren ñabardurak; urrundik ikusita, ordea, etxeak badu planoan agertzen den irudiaren itxura orokor halako bat. Horixe da, Javier Calvoren aburuz, itzultzea. Edo, liburuko sarreran aipatzen duenez, Guillermo Valenciaren metafora bat erabil liteke ilustrazio gisa. Keats poetak urna greziar baten inguruan idatziriko oda itzultzearen gaineko poema batean azaltzen du Valenciak, modu poetikoan, zer den itzulpengintza: marmolezko urna eder bat zati-zati eginda dagoela, zatiak jaso eta jatorrizko urna berregiten saiatzea, baina, jatorrizkoaren marmolaren partez, buztin arrunta erabilita.

Ez da miraritzekoa, dena dela, hartan aritzea, jardutea baita itzulpenaren eskola bakarra, arau sistema bat barik anabasa halako bat denez gero: egoera bereziak, ahots ezberdinak, salbuespenen salbuespenak…

Hori dena harrointzat, liburuan itzulpenaren lehenaldiaz berba egiten dute hiru atal jakinduriaz beteek, eta beste bik, itzulpenaren oraina darabilte aipagai. Ez dira, guztiarekin ere, itzulpenaren historia bat, elegia halako bat baizen.

Egungo zenbait itzultzaileren egoera tamalgarriaren aurrean —lan baldintzak txartu egin baitira, orokorrean—, lehengo egunak idealizatzea estrategia erretorikotzat jotzen du Calvok, azken buruan «itzulpengintzak beti miseria bezainbeste distira bizi izan duelako aski zantzu bai baitira literaturaren historia osoan».