Hemen zaude:
 » 
Filosofiaz eta itzulpenaz, Idoia Gillenearekin - Karlos del Olmo

Inprimatu

Data: 2017ko azaroa

Filosofiaz eta itzulpenaz, Idoia Gillenearekin - Karlos del Olmo


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Laburpena

Idoia Gillenea dugu elkarrizketa honetako protagonista, bi zio direla kausa: lehena, aurten EIZIE elkartearen lehendakari aukeratu dutelako; bigarrena, itzulpengintzan, interpretazioan eta zuzenketan izan duen ibilbideagatik. Hala, elkartearen oraina eta etorkizuna berberak egindako lanbide jardunarekin lotu, eta euskal itzulpengintzaren gaineko gogoeta ezinago interesgarria egiten du —eginkizun horietan jarduteaz gain, hizkuntz zerbitzuak ematen dituen enpresa baten burua da—, lehenaldiaz eta etorkizunaz, baina egungo krisi garaiak ahazteke. Euskal itzulpengintza sasoi oneko ikusten du; halere, etorkizunean aurrera egingo badu auzi batzuk ebatzi behar dituelakoan dago, batez ere industriaren osagaien aldetik, itzultzaile eta enpresek gero eta zerbitzu erantsi gehiago eman behar izaten dituzten arren horren ondorioak ez direlako hain erraz jasotzen prezio eta tarifetan. Horren inguruko gogoeta eta diagnosi halako bat ere egiten du elkarrizketan.


2017ko martxoaren 18an, lehendakari aukeratu zuten EIZIEko kideek. Hautaketa hori aitzakiatzat, elkarteaz eta ofizioaz jardun dugu, filosofiaz, itzulpen enpresez, interpretazioaz, zuzenketaz… Bestela esanda, lehenaldiaz eta etorkizunaz. Idoia Gilleneak Filosofiako lizentzia jaso zuen, eta zinpeko itzultzaile eta interprete agiria ere badu. 1981. urtean hasi zen itzultzen, batez ere ikus-entzunezkoak: hamaika film, marrazki bizidun eta dokumental itzuli eta egokitu ditu euskarara eta gaztelaniara —batez ere, ingelesetik—, telebistarako eta zinema aretoetarako. 1993. urtean, interpretazio lanei ere ekin zien. 1999an Hitzurun Hizkuntz Zerbitzuak enpresa sortu zuenetik, hura zuzentzen ere badihardu, kudeaketa eta letra lanak bateratu eta orekatzea lortzen duelarik. Vitoria-Gasteiz Itzulpen Saria jaso zuen 2003. urtean, Frindela (Andrew Clements) lanari esker. Hainbat lan itzuli ditu ingelesetik euskara; besteak beste, Jim Thompson, John Irving, J.R.R. Tolkien eta Roald Dahl egileenak.

Karlos Del Olmo: Heldu berria zara EIZIEren lehendakaritzara. Zer iruditu zaizu? Zer aurkitu duzu elkartean?

Idoia Gillenea: Lehendik ezagutzen nuen elkartea, baina aspaldi ibili gabe nintzen. Jende gazte pila bat aurkitu dut; oso jende prestatua, gainera, oso bizkor erantzuten duena; batez ere gogoa duen jendea aurkitu dut. Horrek harritu egin nau, eta gero ikusi dut elkartea martxan dagoela eta badituela proiektu dezente aurrera eramateko.

Karlos: Lehendakaritza hartzea proposatu zizutenean, zer pentsatu eta erantzun zenuen?

Idoia: Ezetz esan nuen, ezetz. Hasiera batean iruditu zitzaidan neure lanarekin ez zetorrela bat, ez nuela denborarik, oso lanpetuta nenbilela. Gero, etxera joan, etxekoekin komentatu, eta esan zidaten izan zitekeela, beharbada, zerbait desberdina egiteko aukera; beti atzera eta aurrera lanean ibili beharrean, beste gauza batzuk egin nitzakeela. Buelta batzuk eman nizkion, eta esan nuen: «Bale!». Oso ondo jakin gabe… Elkartekoei galdetu nien: «zer egin behar dut?, zer ez dut egin behar?». Onartzea erabaki nuen, eta gustura nago, egia esan.

Karlos: Kudeaketaren aldetik, esaterako, zer alde ikusi duzu elkartean egin beharreko gauzen eta, normalean, enpresaburu moduan, eguneroko jardunetan dituzun erabaki behar horien artean?

Idoia: Ikusten dudan aldea da ni neure enpresan nagoenean nik neuk hartu behar ditudala erabakiak, denetatik egin behar dudala: kudeatu, erantzun, erabaki eta arazoei aurre egin. Elkartean gehiago da ordezkaritza edo elkartearen izenean hitz egitea, kudeaketa, berez, bulegoan bertan egiten baitute. Nirea gehiago da irudia bermatzea, elkartearen irudi bat ematea, ordezkaritza egitea, eta, gero, lanbidearen interesak defendatzea ere bai, noski; kontua bestelakoa da.

Karlos: Ildo beretik, enpresaburua, itzultzailea, interpretea, irakaslea… Zelan elkartzen edo josten duzu hori dena? Bestela esanda: zer egiten du filosofo batek horrelako lanetan, ikasketaz filosofoa baitzara, ezta?

Idoia: Filosofoa, filosofoa, ez dakit… Bai, bizitzaren filosofoa beharbada… Filosofia ikasi nuen, eta aldi berean sortu zitzaidan, ustekabean, itzultzaile gisa hasteko aukera. Eta, gero, enpresaburua izatearen kontu hori… Pixkanaka sortuz joan zen. Hasiera batean, bakarrik nengoen; gero, anaiarekin; gero, pixkanaka lan eskaintzak ugaritzen joan ziren… Betidanik izan nuen talde txiki potente bat sortzeko gogoa, txikia betiere, txikia baina kalitatezkoa… Dena nahasita, beharbada, gauza asko direla ematen du. Agian, enpresa arloan izan dut prestakuntzarik kaxkarrena, eta, horretan, bizitzak berak erakutsi dit, ederki erakutsi ere! Ama ere banaiz. Eta hori ez da txantxetako kontua. Zer den hori guztia galdetzen didazu? Saltsa, egundoko saltsa, baina gustura ibiltzen naiz. Diziplina pixka bat, eta umorea! Besterik ez da behar.

Karlos: Enpresa sortzea bat-batean erabaki zenuen ala zure ibilbide luze horretan bakarka hainbat lan egitearen ondorioz beste norabide batetik jotzeko nahiaren ondorioa?

Idoia: Hasieran, urte mordo bat eman nuen bakarrik lanean, filmak eta, oro har, ikus-entzunezkoak itzultzen eta egokitzen… Gero ere, Lur hiztegi entziklopedian ibili nintzen, musika arloaren arduradun, taldean urte eta erdi lanean, eta, ondoren, berriro bueltatu nintzen bakarrik egotera, eta, ikusita telebistako itzulpen eta egokitzapenen kontua pixka bat okertzen hasia zela, han ez zegoela etorkizun handirik, pixkanaka, lanak eskaintzen hasi zitzaizkidan, testuliburuak egiteko batez ere, eta, anaiarekin batera, biok hasi ginen arlo horretan lanean. Lan mordoa genuen esku artean, eta erabaki nuen talde bat sortu nahi nuela. Nik betidanik izan nuen talde bat sortzeko gogoa, kalitatezko talde bat sortzekoa, ondo itzuliko zuena eta ondo erantzungo zuena. Eta, gero, beste alde batetik, iruditzen zitzaidan euskal itzulpengintzan ez zegoela industriarik sortuta edo ez zegoela azpiegiturarik, garai hartako beharrei eta etorkizunekoei erantzungo zienik, eta, orduan, pentsatu nuen horrelako zerbait egin nahi nuela. Eta, alde batetik, lortu dut; esan nezake berez sortu zitzaidala, ez nuela askorik pentsatu: lanak iritsi ahala hasi nintzen egiten eta jendea bilatzen eta egitura sortzen eta azkenean… hortxe! Nire garai berean, beste talde batzuk ere sortu ziren; ez nintzen bakarra izan, beste batzuek ere sortu zituzten beren taldeak eta beren enpresak. Horrela izan zen, talde bat sortu nahi nuelako eta bakarka lan egiten ibiltze hori ez zitzaidalako egokia iruditzen… Beti pentsatu izan dut talde lanak askoz ere emaitza hobeak ematen dituela.

Karlos: Zerikusirik izan zuen horretan lehen aipatu duzun Lur hiztegi entziklopediaren inguruko lantaldeak?

Idoia: Bai. Egia esan, Lur hiztegi entziklopedian lanean hasi aurretik, bakarrik ibilia nintzen lanean, eta beti faltan sumatzen nuen prestakuntza; ni ez naiz itzultzailea ikasketaz; nik Filosofia egin nuen, ez nuen Itzulpengintza egin; beraz, itzultzen nuen, baina prestakuntzarik gabe. Lur entziklopedian hasi nintzenean, han ikasi nuen benetan itzulpengintzan, eta taldean egoteak izugarri lagundu zidan itzultzen ikasteko. Nik han ikasi nuen benetan itzultzen, aurrekoa bakarkako lana izan baitzen; urte gehiegitan, nire ustez. Bai, han asko ikasi nuen: entziklopedian, zuzendu egiten zidaten, erakutsi. Nik uste dut Lur hiztegi entziklopediatik aurrera beti pentsatu izan dudala itzulpengintza talde lana dela: itzulpengintzaren alor batzuk, agian, bakarka egin beharrekoak dira —literatura, agian—, baina itzulpen komertziala eta hainbat arlotakoa taldean egin beharreko lana dira, dudarik gabe.

Karlos: Lur hiztegi entziklopedia ekarri dizut gogora ez zarelako lehena aldizkarirako egindako elkarrizketetan hautu hori aipatzen, taldearen garrantzia nabarmentzen, oso esperientzia ontzat aipatzen.

Idoia: Eskola antzeko bat izan zen niretzat: Josu Zabaleta, Koro Navarro, Miren Arratibel, Aintzane Atela, Aintzane Ibarzabal, Antton Olano, Juan Garzia… jende pila bat. Jende asko ibili zen, eta elkarri asko laguntzen genion; ikusten zenuen batak nola itzultzen zuen, besteak nola zuzentzen zuen. Ez genuen Internetik; hori sinestezina da, baina gabe egin genuen: entziklopediak hartu, begiratu, aztertu… Egia esan, niretzat oso baliagarria izan zen; asko ikasi nuen, eta lagun piloa egin nuen, hori ere esan beharra daukat.

Karlos: Eta enpresa sortzeak zer ekarri dizu: buruko minetatik gehiago, ala poza, edo bietatik, une garratzak eta goxoak?

Idoia: Nik uste dut buruko min gehiago eman didala, baina, gero, ematen dizkizun pozek gainditu egiten dute gainerako guztia. Egia esan, buruko min ikaragarriak. Kopurutan, buruko min gehiago eta poz gutxiago, baina, beharbada, pozek gehiago balio dute. Une onek txarrak ahantzarazten, hainbeste buruko min, hainbeste istorio, hainbeste une txar… Egia esan, urteak igaro ahala, gauzak lasaiago hartzen dituzu; hasieran askoz serioago hartzen nituen kontuok, edo gehiago larritzen nintzen; gaur egun, lasaiago hartzen ditut.

Karlos: Orduan, esan dezakegu barrikadaren bi aldeetan egotea egokitu zaizula: langile izatea eta, orain, zeu beste langile batzuen buru aritzea. Horren inguruko hausnarketaren bat?

Idoia: Bai, batzuetan pentsatzen dut: «Zer pentsatuko dute nire itzultzaileek, nirekin lan egiten dutenek, nitaz?». Bai, besteentzat lan egin bai, baina beti langile autonomoa izan naiz; ez dut inoiz lan kontraturik izan nire bizitza osoan. Bai, besteentzat lan egin dut, bezeroak izan dira niretzat, baina beti eutsi diot neure burujabetza horri; ez dut inoiz kontratu bat izan, ez naiz inoiz egon beste baten mende ehuneko ehun. Eta, gero, bai, talde baten buru zarenean, erabaki asko hartu behar izaten dira, batzuk oso gogorrak, batez ere krisian, krisi garaian, oso gogorrak, eta, ez pentsa, batzuetan, neure burua autoebaluatu egiten dut, pentsatzen dut: «Honetan, honetan eta honetan, zer egin dut?, nola egin beharko nukeen? Aldatu beharko nuke?». Dena den, erabakitzeko askatasuna izatea, niretzat, behintzat, urrea da. Lan mordoa eskatzen du, ez pentsa, baina merezi du.

Karlos: Krisi garaiaz hitz egin duzu. Krisialdia gorabehera, aurrera, ezta?

Idoia: Bai, jarraitu genuen, emaitza negatiboekin, kezkatuta, eta, gero lantaldea murriztu behar izan genuen. Oso erabaki gogorrak hartu behar izan nituen, baina, etorkizunari begira, ez zegoen beste erremediorik. Orduan, bai, krisi garaia gogorra izan zen; dena dela, jarraitu egiten duzu beste biderik ez duzulako, baina krisi garaia oso gogorra izan zen, eta plantearazi zigun ea merezi ote zuen jarraitzea. Beti pentsatzen duzu: «Merezi du?, merezi du?». Beti egingo diot neure buruari galdera bera: «Merezi du?». Ez dakit, baina, egia esan, Hitzurunen lan egiten duen jendeak aspaldidanik lan egiten du bertan; lantaldea aspaldikoa da, eta horretaz esango nuke harro nagoela, jende bera dagoelako neure inguruan; horrek esan nahiko du zerbait ondo egiten dugula noizean behin.

Karlos: Eta, oraingo egoera, hobea?

Idoia: Adibidez, joan den urtea, 2016a, urte on-ona izan zen. 2017a kaxkarxeagoa, baina, orain, egia esan, egoera ekonomikoa hobetu da, hobera jo du, dudarik gabe. Gertatzen dena da lan baldintzak eta tarifak kaxkarrak direla. Nahiko baldintza gogorretan lan egiten dugu. Gero, bada beste gauza bat itzulpengintzan: bere kasa, etxean lan egiten duen pertsona baten lana eta enpresa batean egiten den lana parekatu egiten dira, baina ez da kontuan hartzen egun eskatzen den bizkortasunak kudeaketa lan ikaragarria eskatzen duela, testu masa handiak mugitu behar izaten direla, kudeaketa horrek kostu handia duela; kostu hori guztia ez da planteatzen ez itzulpen tarifetan, ez itzulpen lehiaketetan, ez inon. Eta kudeaketa horrek, eta erantzun bizkor bat eman beharrak beste planteamendu bat eskatzen du, beste egitura bat: kuantitatiboki eta kualitatiboki beste koxka bat estutzea edo igotzea eskatzen du.

Karlos: Oso gai interesgarria iruditzen zait hori, ikusita beste hizkuntza batzuetan gertatzen hasita dagoela iraultza halako bat itzulpengintzan, dena azpikoz gora jartzen, erronka berriak sortzen, automatizazio gero eta handiago bat… Itzulpengintzaren inguruko ekoizpena oso azkar aldatzen ari da, eta ez dakigu Euskal Herriko tradizio eta ibilbide txiki honetan egonkortzen hasi orduko ez ote gaituen jango aldaketa horrek guztiak.

Idoia: Pentsa, ni itzultzen hasi nintzenean, Plazido Mujika neukan nik, ez neukan besterik; Plazido Mujika, bizpahiru hiztegi, eta lau liburu euskaraz. Ez zegoen besterik… Idazmakina elektriko bat, eta, berehala, Commodore 64K bat. Eskerrak! Eta ni horrekin hasi nintzen. Pentsa orain non gauden; orain, tramankuluak eta guzti baditugu itzultzen dutenak, belarrira itzultzen dizutenak, itzulpen memoriak, itzulpen automatikoa, corpusak erabilgarri, hamaika programa eta aplikazio lagungarri, ikastaro mordoa… Mila gauza daude, gehi Internet. Lehen esan dizudana. Niretzat, puntu klabea hori da. Eskatzen dizute dena bizkor eta ondo egitea, baina horrek eskatzen du kudeaketa piloa atzetik eta ziztu batean egitea, eta hori ez da kontuan hartzen, hau da, eskatu egiten da, eskatzen dira mila formatu, mila gauza, mila ordu, baina hori ez da ordaintzen; hor zerbait egin behar da, edo aldatu egin behar da txipa, edo guk, enpresok, aldatu egin behar dugu, eta erreklamatu benetan egiten dugun lana. Horretan erreta gabiltza, edo, zuk esaten duzuna, horri buelta bat eman behar zaio, edo jan egingo gaitu. Horretan, uste dut beste koxka bat behar dela, beste koxka kualitatibo bat eman behar dela. Bakarkakotik taldera eta taldetik beste zerbaitera. Beste zerbaitek etorri behar du. Bueno, nik, jada, baditut urteak, baina beste zerbait.

Karlos: Aukera ederra duzu elkarteko arduratik hori guztia filosofiaren aldetik aztertu eta jorratzeko.

Idoia: Azkenean, ni beti nabil lanbideaz pentsatzen, egiten dudan lanaz, nola egiten dudan, nola egin beharko nukeen, nola hobetu eta nola sortu baldintza duinak gure lanbidearentzat.

Karlos: Azken batean, elkarteak berak zeozer egin beharko du aipatu dituzun kontraesan horien aurrean, bai baitira bazkide batzuk enpresetan ardurak dituztenak, enpresek kontrataturiko bazkideak, erakunde publikoetan ardurak dituzten bazkideak, bakarka eta beregain diharduten bazkideak… Denak elkarte berean, eta bakoitzari bere neurriko konponbide bat emateko modua topatu beharko du EIZIEk.

Idoia: Gertatzen dena da elkartean beti izan dela hor literatura, eta, noski, literatura da itzulpengintzaren adierazpiderik gorena, esango genuke. Egia da, literatura itzultzen duzunean —eta nik garai batean literatura itzuli nuen—, hor benetan itzultzen ikasten duzu, hor hizkuntzari ematen diozu bere kalitatea, bere goi maila hori, ez? Baina, gero, egia esan, elkarteko itzultzaile gehienak dira administrazioko itzultzaileak edo ikus-entzunezkoetakoak edo zientzia nahiz teknika itzultzen dutenak, edo legeak itzultzen dituztenak, eta hor, mundu guztiak aitortzen du, gainera, horri beste buelta bat eman behar zaiola, eta beste egitura bat eman behar zaiola, eta beste profesionalizazio bat; gertatzen dena da ez garela elkargo, elkarte baizik, baina bai, hor badago egundoko lana egiteko alde horretatik. Eta literatura, noski, baina bazkide gehienak ez dira literatura itzultzaileak, eta horiek behar dute babesa, bai ekonomikoa, bai lege aldetik, babes bat. Gure ogibideak maila batzuk igo beharko lituzke.

Karlos: Hainbat urtean, administrazio guztietako itzultzaile eta interpreteen egoerak eta mailak hobetu eta homogeneo egitea izan da elkartearen eginkizunetako bat; hain zuzen ere, beste lanbideetan gertatzen den moduan, administrazioa eredu izan daitekeelako, lan baldintzen aldetik. Gero, dena dela, administrazio batzuek ezaugarririk txarrenak hartzen dituzte eremu pribatutik, eta baldintzak ez dira behar bezain egokiak, ez dute behar beste ordaintzen, eta ezinbestekoa da EIZIEren bitartekari lana, egoera hori bideratuko bada.

Idoia: Gertatzen dena da EIZIEk babes ekonomiko handiagoa behar duela. Gero eta itzal handiagoa du gizartean, nire ustez, baina, kontuan hartuz kide gehienak hortik bizi direla eta hor dutela beren ogibidea, benetan, askoz ere babes edo laguntza handiagoa beharko luke; diru aldetik, beste egoera batean egon beharko luke bazkideak babestu ahal izateko, noski. Edo lobby antzeko bat sortzeko, edo presioa egiteko, edo… Zeren, zenbat jende bizi da horretatik? Zenbat jende bakarrik bere etxean? Eta, orain, gainera, unibertsitate ikasketetatik atera den jende gazte asko, asko eta asko lanean ari da bere kasa, autonomo gisa, eta horiek guztiek babesa behar dute.

Karlos: Hor, gainera, bada beste kontu bat elkarteak kezkabide izan dituena aspaldidanik, itzultzaile berriei gagozkiela: memoria historikoa eta transmisioa. Gainera, harira ezin egokiago dator gogoraraztea elkarteak, aurten, hogeita hamar urte betetzen dituela, eta bada garaia ibilbide luze horretan metatutako jakinduria belaunaldi berriei eskaintzeko. Oso aukera ederra da lehendakari heldu berriarentzat hori guztia eratzen hasteko, atzeko ondare hori guztia hartu eta XXI. mendera ekartzeko.

Idoia: Egia esan, historia hori guztia ezagutzen dut. Hogeita hamar urtetik gora daramatzat itzultzen, eta ondo ezagutzen dut historia hori. Bestalde, gazteek abantaila bat dute: karrera dute, eta karrerak ematen dizu oinarri oso sendoa, eta, gero, badituzte baliabideak, tresnak, memoriak, corpusak… Gauza asko dituzte eskura. Garai hartan, hamar urte behar genituen puntu batera iristeko, eta, orain, gazteek, nik uste, bi-hiru urtean, edo urtebetean, maila egokia lortzen dute, ezta? Inbidia pixka bat ematen dit.

Karlos: Inbidia aipatu duzu, eta hainbat urte emandakoek ere aipatu dute, bestalde, nola tradizioaren parte bat apurtu den, edo galdu. Lehen, argitaratzen zen guztia irakurtzen genuen; Plazido Mujika eta beste pare bat hiztegi besterik ez zegoen, baina bazen lan egiteko beste modu bat, eskulangintzaren parekoagoa zena, eta gero gutako askori gertatu zaigu euskara batua bera landu ahala guk ere aurrera egin dugula lanbidean, hau da, hor bateratze bat egon da, eta, zuk diozun moduan, gure seme-alabek batu eginago bat dute esku artean. Neurri handi batean, itzulpengintzari esker izan da, ezta?

Idoia: Bai, badago, jada, itzulpengintza estandar samar bat; milaka orri itzultzen dira egunean-egunean. Administrazioan eta administraziotik kanpo, badago orain euskara normalizatuago bat, estandarizatuago bat, eta hori denon eskura dago, baina egia da Plazidoren garaian eta garai haietan orduak eta orduak ematen genituela ńabarduren bila, bueltaren bila, esaldi egokienaren bila. Ez dakit oso ondo egiten genuen, baina, gutxienez, saiatzen ginen beste modu batean egiten, eta oraingo garaietan… Lehen, askoz ere denbora gehiago eskaintzen zitzaion lanbideari, eta gozatu egiten zenuen. Saiatzen ginen, ez dakit txukunago egiten, baina nahi zenuena aurkitu arte hantxe ibiltzen zinen bueltaka batera eta bestera, pentsa, eta ez zegoen non begiratu, baina egia da, egia da.

Karlos: Atzera begira hasi garenez, nondik datorkizu hizkuntza zaletasun hori?

Idoia: Nondik? Beti gustatu izan zait. Txikitan beti ari nintzen irakurtzen. Ikastolan eta kontserbatorioan, beti, mahai azpian, liburua ezkutatzen. Horiek kalkuluak egiten nituenak irakasleak ez harrapatzeko! Euskaraz ez geneukan asko irakurtzeko, egia esan. Txikitatik ikasi dut euskaraz; ia ikasketa guztiak —unibertsitatekoak barne— euskaraz egin nituen, baina libururik gabe. Beti irakurri dut asko, eta irakurtzea beti gustatu izan zait asko; ahizpak pasatzen zizkidan liburuak; amak ere irakurtzen zuen; etxean bazeuden liburuak. Euskaraz; gero, gaztelaniaz; gaztelaniaz, asko irakurri nuen garai batean, eta ikasi nuen, eta, gero, aukera sortu zitzaidan ingelesa ikasteko, eta hura ikasi nuen, eta ingelesez ere asko irakurri nuen. Gero, alemana etorri zen; egia esan, ez dakit oso ona naizen hizkuntzak ikasten, baina, bai, bai, gustatzen zaizkit. Ba al dago, akaso, hitz egokia aurkitzea, ńabardura batekin asmatzea baino gauza ederragorik?

Karlos: Eta, gero, zelakoa izan zen itzulpengintzarako jauzia? Nola heldu zinen?

Idoia: Hori txiripa hutsa izan zen. Urtebeterako joan nintzen Estatu Batuetara, UBI egin ondoren. Ingelesa ikasi nuen; han egin nuen Bigarren Hezkuntzako azkenengo urtea, senior urtea, eta, bueltan etorri nintzenean, handik, ez dakit, hilabete batera edo bitara, nire mutil lagunak esan zidan: «Jo, badakizu telebistan ari direla bilatzen ingelesetik euskarara pelikulak itzultzeko jendea, eta proba bat egin behar dutela?». Nik sekula ez nuen ezer itzuli; bai, latinetik-eta bai, baina ez itzuli, berez, kontzienteki, esan nahi dut. Aurkeztu nintzen eta aukeratu ninduten, eta hor hasi nintzen ikus-entzunezkoak itzultzen. Xabier Mendiguren zen hango arduradunetako bat. Hamar pertsona hartu gintuzten, eta han hasi nintzen itzultzen. Ideia handirik gabe, esan nahi dut, itzuli! Ingelesetik hartu eta itzuli.

Karlos: Orduan, ondo gogoan izango duzu lehenengo itzulpen kontziente hura, ezta?

Idoia: Nik, kontzienteki, latinetik egin nituen lehen itzulpenak, Lizeoan. Nahiko gauza lehorra! Baina, bai, gero, lehenengoak, marrazki bizidunak. Eta ez naiz oso ondo gogoratzen, baina marrazki bizidun ezagunak ziren. Hasiera batean, itzuli besterik ez nuen egiten. Gero hasi nintzen itzultzen eta pantailarako egokitzen. Horiek izan ziren nire lehenengo itzulpenak, baina, jakin gabe; esan nahi dut, hartu eta egin… Egia esan, hizkuntzan eta literaturan beti nota onak ateratzen nituen Lizeoan; idazten, pixka bat banekien. Oraindik ikasten ari naiz.

Karlos: Eta lagungarri gertatu zitzaizun hori, edo ikusi zenuen aldaketa handia zegoela ikus-entzunezkoetarako itzultzean?

Idoia: Aldaketa izugarria, bai. Ikus-entzunezkoak itzultzea eta literatura itzultzea guztiz desberdina da, ahozkoa ari baitzara itzultzen, entzuten den zerbait itzultzen. Ez da itzulpen estandarra, esan nahi dut, irakurtzekoa; aldagai asko hartu behar dira kontuan. Nahiko lan izan genuen, ez zegoelako tradiziorik. Gero, jakingo duzunez, beti izan genuen jendea kontra, gure kontra… Kaleko jendea izan, intelektualak izan. Barre egiten ziguten. Jendeak etengabe esaten zuen telebistako euskara ez zela euskara, jendeak ez zuela ulertzen… Hor badaukat porrot sentimendu bat; hainbeste urte izan dira, hainbeste film, hainbeste telesail… Gero, zinema aretoetarako ere itzuli eta egokitu izan dut, euskarara eta gaztelaniara, baina beti eduki genuen mundu guztia kontra, beti teilatuaren kontra, beti jendea esanez «hori ez da ulertzen, hori ez da euskara, hori ez dakit zer». Baina, jakina, tradiziorik ere ez zegoen. Zer euskara egin behar genuen? Euskalkiak erabili behar bagenituen, zer euskalki erabili behar genuen? Nola egin behar genuen? Eta, gero, nire ustez ere, politika, hizkuntza politika egoki bat ere ez zegoen, itzulpen politika egoki bat. Orain, desagertu egin da ia erabat bikoizketaren kontua; bikoizketaren kontra egon zaitezke, jatorrizko bertsioak zoragarriak dira, baina nik uste dut euskara entzuteko eta zabaltzeko tresna egokia izan zela. Eta horixe izan zen nire lehenengo itzulpen esperientzia.

Karlos: Orduan, aitzindarietako bat izan zinen horretan.

Idoia: Bai, bai… Pottokiak, Dallas eta horrelakoak itzuli eta egokitu nituen. Egia esan, telesail asko, eta batzuk oso kalitate altuko ekoizpenak ziren. Oharkabean pasatu ziren, euskaraz eginiko kulturan maiz gertatzen den bezala.

Karlos: EITBren hasiera haietan, zer diren gauzak, ni irakasle egondako ikastolan, Muskizen, umeei marrazki bizidun horiek ikusteko esaten genien, eta, gero, euskara lantzeko erabiltzen genituen. Bazkaldu ostean, marrazki bizidun horiek ikusteko gomendioa egiten genien, ikasmaterial moduan erabiltzeko gero. Gaur egun, hain suertez, irakasleek diotenaren kontrakoa. Niri joko handia eman zidaten garai hartako marrazki bizidun haiek.

Idoia: Gauza da tradiziorik ez zegoela, jarraibide argirik ez zegoela, eta, orduan, bai ibili ginela mundu guztia kontra genuela. Baina gauza onak egin genituen, ordu asko, lan handia, gauza asko sortu genituen… Bilera mordoa egiten genituen itzultzaile eta egokitzaileen artean gauzak adosteko, lan sistemak ezartzeko… Ibon Sarasolarekin ere lan saio ugari egin genituen garai batean. Gauzak ondo egiteko gogo bizia genuen, baina alferrik!

Karlos: Eskerrak gaur egun ikuspegia aldatu dela eta ikusten dela garai hartakoa ezinbestekoa zela euskara normalago bat lortu ahal izateko. Lehen zeozer aipatu duzun arren, nolako prestakuntza izan zenuen itzulpengintzari eta interpretazioari ekiteko? Bi gauza ezberdin izan ziren, ala aldiberekoak?

Idoia: Lehendabizi, beti, idatzizkoa. Neure kasa itzultzen nituen filmak eta ikus- entzunezkoak, eta, gero, prestakuntza Lur hiztegi entziklopedikoarekin etorri zen, Josu Zabaletarekin batez ere; hor ikasi nuen asko, itzultzen ikasi nuen. Eta, hasiera batean, interpretea ez nintzen. Interprete hasi nintzen 1994an edo 1993an, eta, hor ere, txiripaz, Euskal Telebistan interprete bat behar zutelako ingelesaren eta euskararen artean itzultzeko. Anne Igartiburuk bazeukan programa bat; zinemako garai bateko izarrak ekartzen zituen: Omar Sharif, Stalloneren ama, Peter O’Toole… Halakoak ekartzen zituzten, eta hor hasi nintzen, baina prestakuntzarik gabe, esan nahi dut, ingelesez eta euskaraz banekien, eta hor hasi nintzen lehenengo saiotxoak egiten; egia esan, ez dakit nola ausartzen nintzen, baina, tira. Ea, berriz ere, inolako prestakuntzarik gabe. Berez, Filosofia ikasitakoa nintzen, Filosofia eta, gero, Musika, urte askoan, Kontserbatorioan. Musika eta Filosofia, baina ez interpretazioa. Gero, interpretazioan jarraitu nuen ingelesetik euskarara, batez ere EHUren Udako Ikastaroetan, eta, ondoren, euskaratik erdarara eta erdaratik euskarara. Lankideei entzunez ikasi nuen, orduak eta orduak besteei entzunez, eta neure kasa. Horrela ikasi nuen; ikastaroak geroago etorri ziren.

Karlos: Orain, atzera begiratuta, eta itzulpengintzan egin duzun bidea edo bilakaera ikusita, zer alde ikusten duzu hasi zinenetik eta gaur egungo Idoia Gillenea honenganaino heldu arte?

Idoia: Hainbeste itzulpen eta interpretazio mota egin ditut… Egundoko aldea! Orain, dena presaka egin behar da; hori da okerrena, nire ustez. Beharbada, garai batean, denbora gehiago nuen pentsatzeko, baina gauza gutxiago egina nintzen orduan ere, eskarmentu gutxiago nuen; orain, esan dezaket testuak itzultzen ditudanean edo interpretazioak egitera joaten naizenean askoz ere gehiago kontrolatzen dudala dena. Eta badakit non dagoen koxka, zer egin behar dudan, eta testua zer den, nolakoa den, zer eskatzen didan, nola egin behar dudan; eta interpretazioan, gauza bera. Aldea, bueno, urteak… Urteak eta eskarmentua, eskarmentua. Dena den, egunero ikasten dut zerbait; lan bakoitzean ikasten dut zerbait, eta, beti, lankideengandik.

Karlos: Zenbateraino eta, zeure kabuz ikasi arren, gaur egun besteei irakastera heltzeraino, zuk zeuk beste batzuk trebatzeraino! Eta irakasle izatearen esperientzia horrek zer ekarri dizu?

Idoia: Irakasle-irakasle ez naiz asko aritu. Batez ere interpretazioan nabil gaur egun, eta gure enpresan —Hitzurunen— sartu den gazte jendeari erakutsi izan diot. Eta, egia esan, oso polita da irakastea; ahalegin gehiegizkoa eskatzen du, hori bai. Nire ustez, esfortzu handia eskatzen du, baina oso gauza polita da, konturatzen zarelako zer dakizun, zer irakats dezakezun, eta, gero, gauzarik inportanteena da besteengandik ikasten duzuna. Askotan, ikusten duzu ikasleek dituzten arazoak zureak ere badirela; horregatik, oso jarduera polita da, baina oso nekagarria, batzuetan zaila izaten baita dakizuna transmititzea, baina bai. Oso jarduera polita; gutxitan egiten dut gaur egun: batez ere interpretazio praktika irakasten dut.

Karlos: Eta zuzentzaile?

Idoia: Bai, zuzentzaile ere… Bueno, irakatsi, zuzendu, bai. Egia esan, praktikan, itzultzaile berriei irakastean, irakasten ari zarenean, zuzentzen ari zara. Baina zuzentzea… Noraino zuzendu behar da testu bat? Niretzat, zuzentzea testu zuzen bat uztea da, egilea errespetatuz, egilearen ezaugarriak, egilearen koloreak eta printzak mantenduz, baina testu zuzen bat ematea. Oso ariketa nekagarria ere bada, baina, zuzenketa amaitu eta azken irakurraldiaren ondoren testu zuzen bat ikusten duzunean, ondo irakur daitekeena, lagungarria izango zaiona irakurleari, hor asmatu duzu! Ez da nire jardun ohikoena, gaur egun; garai batean bai, besteen itzulpenak hartu eta txukun uzten ahalegintzen nintzen, baina beti besteen egiletza errespetatuz: hori da niretzat zuzentzea.

Karlos: Horren barruan sartuko lirateke elkartearen bitartez eman dituzun ikastaro horiek, ezta? Beste maila batekoak. Azken buruan, «lankideei» irakatsi diezu.

Idoia: Lankideei, bai. Niretzat, beti, garrantzitsuena lankideei laguntzea da, akatsak edo arazoak zuzentzen laguntzea. Saiatzea nik dakidan hori, ikasi dudan hori, besteei irakasten. Horregatik gustatzen zait beti nahiko ikasle talde homogeneoa izatea. Beti ez dugu hori lortzen; batzuetan, denetatik egoten da, baina gustatzen zait beti talde homogeneo bat edukitzea, gutxienez probetxuzko zerbait emateko ikasten ari direnei, gaur egun, egia esan, gero eta gehiago behar baita interpretazioa. Horrelako ikastaroak aurkitzea eta prestatzeko lekuak aurkitzea ez da erraza izaten, baina ondo pasatzen dut. Kontaktuan zaude, jendearekin harremanetan zaude, jendea ezagutzen duzu, eta ikusten duzu nola funtzionatzen duten, eta, egia esan, batzuk oso ondo ibiltzen dira.

Karlos: Demagun Idoia itzultzailea saldu behar duzula, saldu. Nola epaitu edo definituko zeure burua itzultzaile moduan? Hau da, Idoia Gillenea itzultzailea honelakoa da: …

Idoia: Bada, nolako itzultzailea? Eta interpretea ere bai?

Karlos: Lehenengo bat eta gero bestea, ezberdintasunik ikusten baduzu bataren eta bestearen artean…

Idoia: Nik beti bilatzen dudana da bezeroari ahalik eta zerbitzurik egokiena ematea, ahal dudan neurrian, haren beharrei erantzutea, eta ahalik eta testurik eta ahozkorik zuzenena, erabilgarriena eta baliagarriena ematea. Belarriak zorrozten ditut, beraz.

Karlos: Orduan, kalitatearen bila?

Idoia: Bai, kalitatearen bila, ahal den neurrian, beti kontuan hartuz zer baldintzatan lan egiten dugun azkenaldi honetan. Baina, bai, saiatu beti zerbitzua ematen, saiatu beti erantzun egoki bat ematen.

Karlos: Oso ondo. Lanbideak emandako une goxoren bat, bereziki gogoan duzuna?

Idoia: Jendeak esaten dizunean ondo egin duzula zerbait. Hori une goxo bat da, eta batzuetan egia da eskertu didatela egindako lana, eta esan didate ondo atera dela; kontuan hartuta non zen, zer jenderekin eta zer unetan, bai, une goxoak dira. Eta, gero, gogoratzen naiz… Ez nuen espero, baina sari bakarra irabazi dut. Haur literaturako Gasteiz itzulpen saria irabazi nuen behin, eta hor, bai, hor, egia esan, pozik hartu nuen; txorakeria bat zen, liburu bat itzuli nuen eta ez nuen espero, eta horrek halako sentipen bat eman zidan: «Ui, begira, ematen du zerbait ondo egin dudala, norbaitek aitortu duela, ikusi duela zerbait ondo egin dudala». Une goxoak bai, jendeak esaten badizu ondo egin duzula lan bat, edo interpretazio bat ondo atera dela, eta aitortzen badizute ondo egin duzula; ez esaten dizutenean «A, nola egiten duzue? Miraria ematen du!». Askorentzat, azti antzekoak gara interpreteak; mirariak egiten ditugu, baina, jakina, hori ez da horrela. Interpretazio on baten atzean lan ikaragarria dago, prestaketa lana; asko ikasi eta prestatu behar da. Eta, horretaz gainera, lan fisikoa ere bada, ahotsa eta gorputza zaindu behar dituzu, intonazioa, entzuleenganako enpatia… Gauza asko. Beraz, miraritik gutxi, eta nahiago izaten dut entzutea lana ondo atera dela. Ondo atera dela zerbait.

Karlos: Egia esan, nahi gabe, gidoian dudan galdera bati erantzun diozu dagoeneko; sariarenari, hain suertez.

Idoia: Egia esan, bai izan zela une goxo bat… Egia esan, ez zen inor enteratu. Berrian, nire izena jarri ordez, aurreko urteko irabazlearen izena jarri zuten… Inor ez zen enteratu, baina berdin du: niretzat izan zen; jendeak ez zuen jakin. Bigarren urtea zen sari hori ematen zutena; garai hartan, saria inork ez zuen ezagutzen, baina pozgarria izan zen niretzat. Niretzat, pertsonalki, ez kanpora begira. Ni gauza horietan nahiko lotsatia naiz, eta ez zait askorik gustatzen kanpora begira ibiltzea. «Zerbait ondo egin dut», halaxe pentsatu nuen. Ni, egia esan, kanpora begirako kontuetan, nahiko diskretua naiz.

Karlos: Hori da bitartekarien lana, ezta?

Idoia: Hori da, hori da. Ni, bitartekari, argi eta garbi. Eta ez zait gustatzen inon agertzea. EIZIEko lehendakaria izatea beste zerbait da. Elkartearen izenean hitz egiten dut, elkartea defendatzen dut, eta kito. Besteen esanetara nago. Lotsatia izaten jarraitzen dut.

Karlos: Ematen du kontraesana dagoela: interpretea izatea eta lotsatia…

Idoia: Bai, baina interpreteok beti kabinan gaude, babestuta. Babesa bilatzen dugu, eta, atera behar dugunean esan ostekoa egitera… kostata. Ikasi egiten da ere jendearen aurrera ateratzen. Adina izango da.

Karlos: Orain, kontrakotik, une garratzen bat?

Idoia: Lehen esan dizudana. Krisi garaian, egia esan, erabaki gogorrak hartu behar, eta une txarrak. Ikustea, batzuetan, ezin duzula aurrera jo, etorkizuna beltz ikustea. Une garratzak, bai. Enpresa txikietako gorabeherak.

Karlos: Baina ez lanbideak berak emandakoak.

Idoia: Ez, itzulpengintzak berak, ez. Baina, enpresa txiki bat daukazunean, mila gauzez arduratu behar duzu: finantzak direla-eta betebehar mordoa duzu, harremanak landu eta zaindu behar dituzu —bezeroak zaindu, alegia—, lan bila ibili behar duzu, itzultzaile egokiak aurkitu behar dituzu, aurrekontuak eta fakturazioa, ordainketak eta kobratzeak kudeatu, kalitatea zaindu, lehiaketetara aurkeztu, berrikuntza eta bikaintasuna, lan prebentzioa, laneko osasuna, datuen babesa, berdintasuna, lana eta familia bateratzea, boladan dauden kontu horiek guztiak… Jarduera komertzialaren goxotasunak! Nik enpresa arloan ez dut ikasketarik egin, eta, askotan, gauza batzuek ustekabean harrapatu naute. Betebehar batzuk, beharbada ezagutzen ez zenituenak eta egin behar dituzunak; hamaika betekizun eta betiko kontua, enpresa txikiak enpresa handien antzera tratatzen gaituztela. Baina, horrela, garratzen bat, esatekoa, hobe ahaztea…

Karlos: Lanbidea uzteko modukorik ez, behintzat. Edo uzteko tentazioa izaterainokoa ez, ezta?

Idoia: Ez, uztea ez. Lanik ez egitea, bai, hori pentsatzen duzu askotan: utzi egingo nuke, erretiratuko nintzateke, baina lanbidea, berez, gorrotatzea edo utzi nahi izatea, inondik inora ere ez. Itzultzea gustatzen zait.

Karlos: Egia esan, inori ez diot inoiz entzun lanbide hau utzi nahi duenik. Interpretazioan jarduniko baten bati, bai…

Idoia: Nik kasu bat ezagutu nuen, e! Utzitakoa, utzi egin zuena itzulpengintza. Baina bat ezagutzen dut. Horrela, lanbideari uko egin ziona, esan zuena «nik ez dut gehiago itzuli nahi». Gero, ezagutu ditut itzultzen hasi eta utzi egin dutenak, baina hasieratik oso argi ez zutenak, ez? Baina, horrela ez, egia esan, itzultzaile-itzultzaile ibilitakoa eta esaten duenik «utzi nahi dut, ez zait gustatzen», nik ez dut ezagutzen.

Karlos: Nik ere ez; horregatik, horregatik galdera…

Idoia: Itzulpengintzak harrapatu egiten zaitu, ez? Eta interpretazioak, zer esanik ez!

Karlos: Ezagutu dut kabinako lanari gaina ezin hartu eta parte hori utzi behar izan duenik, kabina ezberdina delako, gaitasun batzuk eskatzen ditu…

Idoia: Gero, egia esan, badaude itzultzaileak lanbidea justu betetzen dutenak eta ez direnak beste ezertaz arduratzen: egiten dute beren lana, ta-ta-ta, beren orduetan, eta ez dute gehiago jakin nahi, ez dira beste gauza batzuetan sartzen… Lanbide honek badu zerbait! Badu zerbait.

Karlos: Orduan, lehen aipatu duzun moduan, literatura itzultzeagatik sari bat irabazi zenuen, guztiz teknikoak ez diren liburuak ere itzuli dituzu… Horrelako lanak egiterakoan, zer hartzaile izaten duzu buruan? Nor irudikatzen duzu? Edo ez duzu inor gogoan?

Idoia: Haur eta gazte literatura itzultzen nuenean, noski, eta, haurrentzako filmak egiten nituenean, beti izaten nituen gogoan haurrak; haurrak eduki ditut beti aurrean, beti. Saiatu naiz ahalik eta errazen egiten, edo haur horiengan pentsatzen, edo. Nahiz eta garai batean ere oso esaldi korapilatsuak egiten genituen, orain gauza askoz ere sinpleagoak egiten dira, edo errazagoak. Eta, gero, helduentzako literatura itzuli dudanean, saiatu naiz argia izaten, eta saiati naiz, baita ere, egilea errespetatzen: egilea niretzat oso inportantea da, egileak transmititu nahi duen hori ematea oso inportantea da, irakurleak ikusteko egileak benetan zer eman nahi duen.

Karlos: Eta, horietatik, gogoan gustukoen moduan duzuna, gozamena, plazer hutsa izan zena?

Idoia: Itzultzea, literatura itzultzea gogorra da; plazera ematen du, bai, baina literatur itzulpengintza lanbide gisa, nik uste gogorra dela. John Irving itzuli nuenean, Besteen ametsak, egia esan, bai, lan horretan gozatu nuen, edo Jim Thompson itzuli nuenean ere bai; beharbada, Jim Thompson itzuli nuenean, Emakume demonioa, hor bai, hor gozatu nuen.

Karlos: Literatura beltza.

Idoia: Beltza, bai, bai. Gutxi itzuli dut literatura.

Karlos: Eta Gasteiz itzulpen sariaren eragile izan zena?

Idoia: Frindela? Horretan ere ondo pasatu nuen; bazituen hitz jokoak, eta buelta batzuk eman behar izan nizkion. Baina ez nuen espero, esan nahi dut, nik itzuli nuen argitaletxe batek eskaini zidalako. Liburu polita zen; badakit eskola askotan zabaldu zutela. Istorioa oso polita zen. Ondo pasatu nuen. Haurrentzako eta gazteentzako itzultzen duzunean eta istorioak kuriosoak edo politak direnean, bitxiak edo harrigarriak direnean, polita izaten da lana.

Karlos: Eta, itzuli eta interpretatzean, zer hizkuntzatatik egiten duzu erosoen lana?

Idoia: Erosoen? Erosoen ez, baina errazen- errazena niretzat gaztelaniatik euskarara interpretatzea, da, noski. Azkenaldi honetan askoz gehiago egiten dut euskaratik gaztelaniara; zenbat eta gehiago egin hizkuntza konbinazio bat, beste batzuk galduz joaten zara. Eta, gero, ingelesetik euskarara egiten dudanean, guztiz bestelakoa da, ingelesa eta euskara guztiz aldenduta baitaude: oso interpretazio desberdina da, eta zuk zeuk sortu behar duzu askotan diskurtsoa. Sormena eskatzen dizu, egitura aldetik oso aparte baitaude. Euskara eta gaztelania ere bai, baina, kasu horretan, kutsatuago daude hizkuntzak.

Karlos: Eta, lehengora itzulita, ikus-entzunezkoetako eskarmentua, batetik, eta, bestetik, Zinemaldiaren inguruan lan egina zarela eta, zinema izarrekin zein Nobel saridunen batekin ere…

Idoia: Izar pila batekin lan egin dut, eta pertsona jakintsu-jakintsuekin ere bai; alegia, Nobel saridunekin.

Karlos: Nola zabaldu zenuen Zinemaldiko zirrikitua? Zer topatu duzu barruan?

Idoia: Zinemaldiko interpretazioan? Jende ezagun piloa. Eta atentzioa ematen duena da zenbat eta ospetsuago izan orduan eta pertsona normalagoak direla, egia esan. Eta oso profesionalak dira; esan nahi dut, Hollywoodeko izarrak oso profesionalak dira: etortzen dira, eta badakite; beren langintza daukate eginda eta ikusten zaie badakitela; oso ondo dakite. Batzuek karisma handiagoa izango dute, besteek txikiagoa, baina ikusten da oso jende profesionala dela. Orduan, erantzunak, hitz egiteko modua… Niri gehien-gehienak oso jatorrak iruditu zaizkit. Gero, Espainiako antzezleak… Denetatik egon daiteke; hasiberriak… hor fauna desberdinago bat dago. Eta zinemako izarrak itzultzea, bai, bai. «Brad Pitt dator» esaten dute, estralurtar bat balitz bezala, eta gero ikusten duzu pertsona normal-normal bat dela, erantzun oso normalak ematen dituela; badaude batzuk jantziagoak direnak, beste batzuk gutxiago, baina, normalean, frantsesak dira, beharbada, jantzienak edo. Nobel saridunen kasuan, batzuk oso didaktikoak dira, eta oso ohituta daude beren jakinduria besteei helarazten. Gero, tokatu izan zaizkit Nobel saridun zientifiko puru-puruak, eta beldurgarria da hasten direnean beren zientziaz hitz egiten, baina oso maila altuan, benetan oso zaila, oso-oso-oso zaila izaten da, eta horrek eskatzen du prestatzea, dokumentatzea eta… Bi mutur dira, nahiz eta Nobel saridun batzuk zinema izar antzera ere ibiltzen diren, beren historia saltzen, eta beren lorpenak eta beren aurkikuntzak… Baina, une honetan, zientzia dibulgazio ere bihurtu nahi dutenean, izar bihurtu dira neurri batean; hara, antzekotasunak badituzte. Baina, egia esan, gero, zientzialaria jartzen denean benetan zientzia arloaz hitz egiten, hitz egiten hasten denean, hor, kontuz! Sarri esaten dut nik: zientzialariekin, broma gutxi!

Karlos: Orduan, esan duzunaren arabera, eta lanbidean izan duzun ibilbidearen aldetik, zeure burua pribilegiatutzat duzu; aldez, egin behar izan dituzun lan horietako batzuengatik?

Idoia: Bai, kontuan hartuz zer herritan bizi garen, herri txiki batean bizi garela, eta jende asko pasatzen dela hemendik, egia esan, bai. Eduki dut denetatik ezagutzeko aukera, bai Nobel saridunak, bai zinema izarrak, bai politikariak, sindikalistak ezagutu ditut, elkarteetan lan egiten duen jendea, denetatik, filosofoak, soziologoak, hizkuntzalariak, historialariak, artistak, ekonomialariak, zientzialariak, feministak… Denetatik, egia esan. Adibidez, Wikipediaren sortzaileari itzuli nion. Jende mordoa ezagutzen duzu, eta kontatzeko dutena ikasten duzu. Gero, hemengo erakunde politikoak ezagutu ditut, ezagutzen ditut; erakundeak, denetatik, bai behe mailakoak, bai goi mailakoak. Europako Batzordean lan egin dut; barruko kontuak ezagutu ditut; telebistetan ere lan egin dut, Madrilen, Bartzelonan, Katalunian, Parisen, Bordelen… Gauza asko. Bizkartzainekin lan egin dut; Aieteko Bake Konferentzian izan nintzen; armagabetzean izan naiz; biktimen bileretan izan naiz… Gauza asko entzun ditut, eta gauza askori jarri dizkiet nire ahotsa eta nire hitzak. Euskal Herriko hamaika egoitza berri, hau da, kabina, estreinatu ditut. Ni ohituta nago, baina kanpotik begiratuta eman dezake… Bai, pribilegiatua, bai. Ez isilpekoak diren gauzak entzuteagatik —halakoak ere badaude—, baina bai, jende mordoa ezagutu dudalako, beren ideiak, pentsamoldea, gauza asko-asko-asko… Guztiak pentsarazten dit.

Karlos: Esaterako, zer egiten du euskal interprete batek Zinemaldian, goiz-goizetik han egon beharra izanik?

Idoia: Niri zinema gustatzen zait. Zinema asko itzuli dut, eta, zinema itzuli eta egokitzen duzunean, azkenean, filmak egiteko modua ere ikasten duzu. Eta horrek aukera ematen dit niretzako plazer bat dena egiteko, aukera ematen didalako filmak ikusteko eta, gero, gainera, prentsaurrekoetara joateko, eta filmei buruz zuzendariei entzuteko, edo antzezleei entzuteko. Hogei urtetik gora daramat Zinemaldian, eta gustura nabil, batez ere aukera ematen didalako zinema ikusteko eta zinemagileei eta antzezleei entzuteko lanbideari buruz hitz egiten. Interesgarria.

Karlos: Eta, hor, Zinemaldian hasi zinenean, zeure jakinduria moldatu behar izan zenuen beste interpretazio mota batzuen aldean, ala berdin-berdin hartu zenuen?

Idoia: Berdin-berdin? Ilusio handiagoz hartzen duzu horrelako lan bat, zinema baita; niretzat, erakargarriagoa da. Adibidez, udalbatza bat egin behar badut, ez da gauza bera, nahiz eta udalbatza batzuetan oso gauza interesgarriak gertatzen diren, ez pentsa. Baina, niretzako, erakargarriagoa da zinema delako. Gaztetxoa nintzenean, beti joaten nintzen goizeko bederatzietan Victoria Eugeniara filmak ikustera; ET estreinatu zutenean, esate baterako, ni hantxe nengoen. Niretzako, ohore edo pribilegio bat da, Zinemaldia beti jarraitu izan dudalako gaztetatik. Lana ere bada, jakina, baina egun horietan beste mundu batean bizi zara.

Karlos: Eta Idoia gazte horrek pentsatu ote zuen sekula noizbait egongo zela Zinemaldiaren tripak ezagutzen?

Idoia: Ez; gainera, nik hasieran idatzizkoa egiten nuen. Hemen bazegoen garai batean musika denda bat, eta hango jabeak beti esaten zidan: «Zergatik ez duzu interpretazioa egiten?». Eta nik ez nuen neure burua ikusten, batez ere ez nengoelako prestatuta, ez nuelako horretarako ikasi, instrusismoa iruditzen zitzaidalako. «Nola hasiko naiz, ba, ni interpretazio lanetan, ez badakit nola, ez badut ikasi?». Gero, zirkunstantziengatik. Erregutu egiten zidaten: «Ingelesetik euskarara itzultzen duen norbait behar dugu… Hamar minutuz sikiera». Udako Ikastaroetan. Batzuetan, pilularen bat eta ezki-lorea hartuta joaten nintzen, egia esan; hasieran, gaizki pasatuta, mikrofono baten aurrean jarri egin behar baita. Gero, egia esan, interpretatzen hasten nintzen, eta oso ondo pasatzen nuen. Izugarri gozatzen nuen. Bazuen zerbait, eta badu, bai. Hizlaria ona denean, harekin batera zoazenean, haren hitzak eramaten zaituztenean eta harekin bat zeharo egiten duzunean, haren buruan sartzen zarenean, harrapatzen duzunean, hortxe duzu plazera! Egia da, bestalde, biluztu egiten zarela askotan! Gaur egun, lasai asko joaten naiz, baina, garai haietan, gogorra zen. Zinemaldia beti da gustukoa, altxor txiki bat.

Karlos: Bide beretik, kontu teknikoago batera pasatuko ginateke: Peter Newmarken arabera, «hiztegia zurruna da; ezin da nahierara erabili; esanahiak ezin dira aldatu; baina joskera, ordea, guztiz malgua da». Nola lortzen duzu bien arteko oreka hori?

Idoia: Bai, gogoratzen naiz behin norbaiti irakurri niola hiztegiak pozoia bezalakoak direla, take with care bat. Hiztegia, azken finean, egile batena da, pertsona batek sortutako zerbait da, eta pertsona horrek modu batean sortu du, eta bai, bada zurruna, batzuetan, bai da itxia, eta, askotan, begiratzen duzu eta sarritan ez dizu ematen behar duzun hori, baina batzuetan ematen dizu arrastoa. Zurruna da, bai. Joskera, aldiz, goizean jaikitzen zaren modu horri erantzun dion zerbait da. Ez? Haserre esnatzen bazara, joskera ere halakoa. Joskera txiklea bezalakoa da. Gainera, gaur egun ere, jada aditzak bukaeran jartze hori eta hori guztia aldatzen ari denez, nik uste dut joskera jolas bat dela, jostea eta jolastea batera, jolas antzekoa dela, gauza irekia, baina kontuz! Kontuan hartuz beti nork irakurriko dizun, zeren, zuk joskera erabil dezakezu nahi duzun moduan, baina ezin duzu behartu ere… Testuak markatu nahi badituzu, arrazoi batengatik markatu behar dituzu, eta joskera erabiltzen duzu markatzeko, baina kontuz, kontuan hartuz nolako testua den; ezin duzu gehiegi kutsatu. Joskera gauza polita da, jolasa, baina arriskutsua da. Eta hiztegia zurruna da, baina lagungarria. Eskerrak hor dauden!

Karlos: Beste egile bati helduta, Umberto Ecok behin idatzi zuen desdramatizatu egin behar dela, neurri batean, itzulpengintza, itzultzailea izaki librea delako. Nola argudiatzen zuen? Itzulpena lotuago ikusten zuelako xede hizkuntzaren senari arauei baino areago. Galdera bestea litzateke: zenbateraino sentitzen zara sortzaile eta libre itzultzean eta interpretatzean?

Idoia: Egiten duzun itzulpena, bai interpretazioan, bai idatzizkoan, zurea da, nik uste dut. Zurea da, zuk egin duzu. Baina, beste alde batetik, ni ari banaiz norbait interpretatzen, niretzako hizlaria eta hartzaileak oso garrantzitsuak dira: hartzaileari helarazi behar diot hizlariak esaten duena. Alde batetik, bai da kontraesan bat. Libreak gara —hori argi eta garbi—, libreak gara, beti erabil dezakegulako ńabardura bat edo hitz bat edo beti aukeratu dezakegu adjektibo bat beste baten ordez, izen bat beste baten ordez… Hor, libreak gara, baina kontraesana da gero eman nahi dugula egileak sortu duena, ezta? Baina libreak, bai.

Karlos: Eta sortzaile?

Idoia: Gaztelaniatik euskarara itzultzen duzunean, adibidez, hartzaileari eman behar diozu jatorrizkoaren ulermena, baina bere hizkuntzan. Eta hori egundoko erronka da, denbora piloa eskatzen baitu: oso erraza da testu bat hartzea gaztelaniaz eta taka-taka- taka parez pare jartzea. «Hori esaten du? Ba nik hori esango dut». Baina, benetan, ulertzea zer esan nahi duen testuak, eta, gero, irakurtzen duenak ulertzea eta gustura sentitzea eta esatea «jo, ordenatza honetan, pa-pa-pa-pa, horrela da, eta ulertu dut neure hizkuntzan». Horretarako, sortu ere egin behar da. Xede hizkuntzan eman behar duzu testua. Hori da itzultzea, eta hori oso zaila da.

Karlos: Eta, horri lotuta, zer alde igarri duzu testu tekniko eta literarioen artean, itzultzeko orduan?

Idoia: Aldea dago, bai. Testu teknikoetan, nire ustez, zehaztasuna, doitasuna… Ez daukazu ihesbide handirik. Esan nahi dut, ńabardura gutxirako lekua dago; ezin zara joskeran malguegi ibili. Gauza oso espezifiko eta teknikoa baldin bada, hori da eman behar duzuna, eta hor floritura gutxi daude, eta oso zehatza izan behar duzu. Eta, adibidez, zientzia interpretatzen duzunean, hasieran zaila da, gero errazagoa. Beti lau gauza dira, baina oso zehatza izan behar da, eta ez dago denborarik ezer eransteko, ez ezer jartzeko: zientzia interpretatzen edo itzultzen duzunean, oso zehatz eta zorrotz jokatu behar duzu. Eta zurrun, batzuetan. Eta, literatura itzultzen duzunean, berriz, etengabe esaten dudana, egilearen musika eta abar, hori dena transmititu egin behar da, nolabait transmititzea lortu behar duzu, baina hor egon daitezke, ez dakit, koloreak, ez dakit nola esango nukeen, baina literaturan egon daiteke marjina handiagoa; ez zure aukerak egiteko edo gehiago jolasteko, nahiz eta, azkenean, beti gauza berera itzultzen naizen: nik uste dut literaturan bai eman behar duzula kolore hori, egilearen kolore hori… Eman egin behar da, irakurleak sentitu behar baitu idazleak hori esan nahi zuela eta bere idazteko modua hori dela.

Karlos: Horrelako konparazio batez, beharbada, argiago utzi duzu. Musikaria ere bazarenez gero, partiturarekin konpara liteke: jotzaile bakoitzak bere modura jotzen du partitura, nahiz eta partitura beti bera izan.

Idoia: Adibidez, entzuten duzu musika lan bat pianoan, eta piano jotzaile batek jotzen du modu batean, eta beste batek, beste modu batean. Bata bestea baino gehiago gustatzen zaizu. Nola nahiko zukeen, adibidez, Mozartek? Ez dakigu. Ze pena! Pieza baten inguruan, oso bertsio desberdinak daude; gero, egia da bakoitzak badakiela nola joko lukeen. Nik badakit, testu bat ingelesez ikustean, badakit nola nahiko nukeen nik, eta horrek ematen dio nire sormen puntu hori. Nik ere badakit edo aurresaten dut edo ikusten dut edo hautematen dut horrela nahiko lukeela egile batek. Musikarekin, hori asko pasatzen da. Zuk hartzen duzu Bachen fuga bat, entzuten duzu nola jotzen duen piano jotzaile batek, eta esaten duzu: «Nik sekula ez nuke horrela joko». Gero, beste bati entzuten diozu, eta esaten duzu: «Horrela joko nuke nik!». Hori da interpretazioa.

Karlos: Oso definizio ederra. Orain, gainera, erantzukizun handiagoa duzunez elkartean, buru zarenez gero, zer pentsatzen duzu traduttore, traditore topiko ezaguna entzutean?

Idoia: Eta lost in translation ere bai, ezta? Itzulpenean galtzen dena… Adibidez, pertsona batek zuri kontatzen dizu: «Gaur, Idoia Gillenea etorri da nire bulegora, eta hau eta hau eta hau esan dit». Horrek zer ulertuko du? Ulertzen duena. Gero, pertsona horrek beste bati kontatuko dio, bere iritziekin jantzitako beste bertsio bat, eta, jada, kontakizuna bosgarren bertsiora iristen denean, hor, zer galdu da? Bada, hori da bizitza, traduttore, traditore itzulpenean eta bizitzan ere bai, gauzak kontatzen direnean ere bai. Nahiz eta hizkuntza bera izan, bakoitzak zer ulertzen du? Eta traduttore, traditore, bai, eta zergatik ez? Eta lost in translation? Seguru, baina won in translation ere bai beharbada: beharbada irabazi egin duzu, eta beharbada traduttore, traditore horri esker ere bai, ez? Nik ez dut uste itzultzailea traizioa egitera doanik. Zergatik traditore? Ez da jatorrizkoa, jakina, ezin daiteke izan. Orduan? Nik traduttore, traditore hori hartzen dut topiko bat balitz bezala, jolas bat balitz bezala. Errazegia da esaten. Beharbada, lost in translation gehiago gustatzen zait. Behinola, sindikalista batek esan zidan: «A, itzultzailea zara? Nire herrian, holakoei kontakatilu esaten zaie. Zelestinen antzera ibiltzen zarete zuek, besteen kontuak kontatzen!». Holaxe.

Karlos: Nik gehiago esaten dut, azken batean, hori delako elkarteak aurre egin beharreko aurreiritzietako bat, oraindik jende askok horixe pentsatzen duelako. Euskal irakaskuntzan ere asko gertatzen da oraindik irakasle batzuek oso ontzat ez jotzea literatura euskaratua, uste dutelako jatorrizko sorkuntza hobea dela, eta gaitzetsi egiten dituzte itzulpen eder askoak.

Idoia: Niretzat, horiek konplexuak dira. Alde batetik, itzulpengintzak egundoko bultzada eman dio irakaskuntzari; atera ditu ezkutuan zeuden mila gauza, joskera aldetik, termino aldetik… Mila gauza. Zenbat aldiz barre egin digute aurpegira kaudimena esan dugunean, edo hobaria esan dugunean? Ekonomia itzultzen ari gara, barkatu. Terminoak, termino ekonomikoak behar ditugu, eta gutxiegi ditugu… Horiek denak dira euskaldunen konplexuak, euskara garbi gaizkiulertu horren kontuak, eta itzulpengintzak egundoko bultzada eman dio hizkuntzari, eta ezinbesteko lanbidea da. Gero, beste gauza bat ikusi dut nire karrera profesionalean, hau da, jende bati, ez nuke esango gorroto hitza, baina ez zaizkio itzultzaileak gustatzen: uste dute itzultzaileak ez garela benetakoak, ez dugula egiten gauza benetakorik… Haien konplexuak ere badira! Eta ez da horrela; ez dira konturatzen egunero ari direla itzulpena kontsumitzen, toki guztietan: Twitterren, Facebooken, sare sozialetan, egunkarietan, irratian, telebistan zer esanik ez, dena da itzulpena, denak dira teletipo itzuliak. Orduan? Itzulpengintzak ez duela sormenezkoaren kalitatea? Mozart entzutera joaten gara, eta ez gara hasten pentsatzen musika hori gutxiago denik Mozart baino, ezta? Joaten gara eta entzuten dugu… Berlinen joan nintzen Filarmonikoa entzutera, eta flipatu egin nuen, nolako musika entzuten nuen Berlinen, eta Beethoven zen. Eta nik ez nuen pentsatu maila apalagokoa zenik, Beethoven baizik. Gure itzulpenak zergatik ez dira egilearen maila berekoak? Ez dut ulertzen. Zergatik dira txarragoak: beste hizkuntza batean daudelako, ez direlako nire burutik sortu? Berdin du, baina sortu zaizkio norbaiti. Nik ematen dizkizut beste modu batean. Non dago arazoa? Horiek denak konplexuak dira; hori denok egiten dugu: entzuten dugu gauza bat, eta errepikatu egiten dugu, ez? Hori horrela da: «Hori txarra da, hori txarra da». Ez. Hor aurreiritzi bat dago. Urteak igaro ahala frogatu da itzulpengintzak euskarari onura asko eta asko ekarri dizkiola. Eta literatura elikatu egin dela itzulpenetatik. Guk egin dugun lan ikaragarri eta isil horretatik, aitortu gabeko horretatik edan dute idazleek, eta oso ondo iruditzen zait. Gainera, ez da inori zor izatearen kontua, nork zor dion nori. Guretzat ere haien sormen lanak guztiz beharrezkoak dira, eta guk ematen dugula, bakoitzak ematen duela eman beharrekoa.

Karlos: Zure iritziz, zer da, beraz, fideltasuna itzulpengintzan? Traidoreak garela dioskutenez, zer da fidela izatea?

Idoia: Niretzat, fidel izatea da eman nahi izatea egile horrek esan nahi duena, esan duena. Saiatu, gutxienez, ematen, bere kolorea, bere musika, bere hizkera… Saiatu irakurleari ematen egileak bere mahaian eserita eman duen hori. Hori da fideltasuna; bestela, zer da? Ehuneko ehun esan behar da berak esan duena, literalki; hitzez hitz jarraitu behar diot berak esan duenari? Ala irakurleak esatea: «Shakespeare irakurri dut, eta ekarri dit bere kolorea». Edo «Mankel irakurri dut euskaraz, eta eman dit bere istorioa edo sartu nau bere munduan». Hori da.

Karlos: Eta, interpretatzerakoan, fideltasuna?

Idoia: Adibidez, niri Medikuntza ez zait tokatu interpretatzea, baina hitz egin dut horrelako gaiak itzultzen dituztenekin, eta hor oso zehatza izan behar duzu. Nik askotan interpretatzen ditut unibertsitateko tesiak, eta hor oso zehatza izan behar dut, eta doktoregaiak esaten duen hori esan behar dut, eta hor saiatu behar dut prezisio lana egiten, eta prestalan ikaragarria eskatzen du. Hor bai eman behar duzula zehaztasuna; horretan bai, fideltasuna. Gero, beste memento batzuetan, kontuan izan behar da zer hizlari motak ditugun; normalean, hizlariak ez dira izaten profesionalak. Irakasleak direnak, tira, bai… Baina, normalean, interpretatzen dugun jendea ez da profesionala, ez dira hizlari profesionalak. Orduan, batzuetan, samurtu egin behar duzu, azalpenak eman behar dituzu zuk, konturatzen zarelako hizlariak ez dituela behar bezala ematen edo ez duela borobiltzen; orduan, zuk eman behar dituzu. Interpretazioa, zer motatako hizlaria den, zer gai den… Bai, teknikoa denean, hor, noski, kirurgia interpretatzen ari bazara, hor, oso zehatza izan behar duzu. Politika interpretatzen duzunean, adibidez, kontu handiz ibili behar duzu ńabardurekin, esaten diren gauzekin, ironiekin, bigarren zentzuekin, gauza ezkutu horiekin; kontu handiz. Konplikatua da. Gainera, entzuleak, hartzaileak oso kontuan hartu behar dituzu. Auzi fisikoa ere bada. Zure ahotsa entzuten dute, erraztu egin behar diezu entzunaldia…

Karlos: Zein izan da itzuli behar izan duzun itzulgairik latzena?

Idoia: Latzena? Egin ditut txosten finantzario batzuk nahiko lehorrak, gogorrak, astunak batez ere, batere erakargarririk ez zeukatenak. Gero, denak ez dira horrelakoak, finantza arloko guztiak ez dira horrelakoak. Baina batzuk tokatu zaizkit erotzeko modukoak, bai. Zuzenbidea askoz ere erakargarriagoa iruditzen zait; badu bere zentzua. Ekonomia arloko itzulpenak, batzuk, txosten lehorrak direnak, oso astunak.

Karlos: Interpretazio saio gaitzen bat?

Idoia: Nobel sariren batekin ibili nintzen pixka bat erotuta, behin, oso-oso azkar zihoalako, eta, gero, tokatu izan zaizkit, garai batean, politika garai gogorragoak zirenean, tokatu izan zait oso gauza gogorrak interpretatzea: irainak, politikariek elkar iraintzea udal bilkuretan… Eta oso une gogorrak, bizkartzainak areto berean edo atean zeudela interpretatu behar izatea. Kontuz ibili behar duzunean, ez dakizunean… Zu tartean, erdian zaudenean, irainak interpretatu behar dituzunean, ez da batere samurra.

Karlos: Hor, gure herriak bizi izan dituen urte latz horien gaineko memoria historikoan, itzultzaile-interpreteok badaukagu geure eskarmentua, eta ekarria ere egiteko… Lanbidearen oroimen historikoa, lekuko izan garelako.

Idoia: Oso gogorrak, eta ikusi izan dut nola deitzen zioten hiltzaile bati baino gehiagori, jende ezagunari. Orain, gehiago dira biktimen arloko bilerak, eta hor ere gauza ikaragarriak, gogorrak entzuten dira… Inoiz ere negarren bat bota dut, zuzenean ukitzen ninduen gai bat tokatu zaidalako. Gogoratzen naiz behin, BECen, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, niretzat zaila zen gai bat ukitu zutela eta ezin izan nuela jarraitu, lankideak hartu behar izan zuela mikroa. Ezin nuen; hunkigarriegia iruditu zitzaidan gaia, eta ezin izan nuen. Bizitza.

Karlos: Benetan izan behar du ikusezina itzultzaileak? Ikusezin izan daiteke, benetan?

Idoia: Ikusezina? Zaila da. Zer esan nahi duzu, pertsona gisa?

Karlos: Ez, pertsona moduan ez. Batzuek diotenez, itzultzaileak ikusezina izan behar du ez delako nabarmendu behar testuan.

Idoia: Testuak oso estandarrak direnean, nik uste dut erraza dela ikusezina izatea, oso estandarra bada eta betiko testu prototipoa baldin bada. Nik neure bulegoan ikusten dut alde gutxi dagoela batek egin edo beste batek egin; zaila izango litzaidake esatea testu jakin bat halakok edo halakok egin duela, oso testu estandarrak direlako. Literarioagoa denean, publizitatea denean, hor, nik uste dut ezetz.

Karlos: Eta interpretazioan? Batzuetan, interpreteak ez baikara inor, han, kabinan sartuta.

Idoia: Kabina ezkutuan badago, zenbat eta ezkutuago, hobe. Eta lasaiago gu. Nik uste dut interpretaziorik onena dela iritsi, lan egin eta alde egiten duzunean. Baliteke eskerrak ematea edo ez, baina, inolako gorabeherarik ez dagoenean, horrek esan nahi du ondo atera dela, eta ez zarela ia-ia existitu ere egiten. Nahiz eta, egia esan, ondo dagoen eskertzea egindako lana, batez ere lan egin duzulako eta saiatu zarelako. Edozeinek, beste edozeinek lan egiten duen moduan. Dena den, nik uste dut interpreteok nahiago dugula ezkutuan egon. Hala ere, uste dut itzultzaileak presenteago egon behar lukeela, ezkutuegi egoten direla, eta beharbada itzultzaileek bai beharko luketela —idatzizkoa egiten dutenek— interpreteek baino presentzia handiagoa. Interpreteok harreman zuzenagoa izaten dugu bezeroekin.

Karlos: Horra hor elkartearentzako zeregin bat. Nik, berriz, zure interpretazio une goxo bat dut gogoan, 2016ko abenduko jardunaldi batzuetan gertatua… UNESCOren hizkuntzen mapa berria aurkezteko hitzaldietako batean, hizlari batek denon aurrean eskertu zuen interpretearen lan bikaina.

Idoia: Hor, adibidez, ez ninduen ezagutu. Kabinatik atera nintzen, jendea agurtu nuen, baina ez ginen elkarrekin egon. Damutu zitzaion agurtu ez izana, baina nik, egia esan, ni hor bai nengoen kabina ezkutu batean, eta monitore batetik egin nuen. Bai, egia esan, oso ondo joan zen guztia, baina…

Karlos: Ospa egiteko keinua egin duzu…

Idoia: Lotsa pixka bat ematen dizu «oso ondo!, ez dakit zer, badakit zer!» entzutean. Bueno, ikasi behar da esker onekoa ere izaten.

Karlos: Claudio Magris itzultzaile eta idazleak dioenez, itzulpena beste literatur genero bat da. Itzultzailea, horren ondorioz, egilekide moduko bat da. Hala sentitu zara testu literarioak itzultzean? Idazlea ondoan sentitu duzu?

Idoia: Bai, egia da zuk ez duzula testu hori sortu, baina beste hizkuntza horretan zuk eman duzu; orduan, testuaren egiletza zurea da. Orain, ez duzu sortu; egia da. Sormen maila hori ez duzu, baina bertsio hori, hizkuntza horretan, zurea da. Egilekide bai, ez dakit zer ehunekotan. Ez dakit esan daitekeen ehuneko berrogeita hamarrean egileak ote garen, baina, dudarik gabe, dudarik gabe, itzulpen horren egilea zu zara, eta hizkuntza horretan dagoen bertsioaren egilea zu zara. Argi eta garbi. Eta irakurtzen duenak irakurriko du zure testua betiere, egilearengandik datorren hori.

Karlos: Zure egilerik kuttunena, hau da, itzuli nahi zenukeen idazle bat, edo itzuli dituzunen arteko bat?

Idoia: John Irving, esaterako, oso gustura itzuli nuen. Inteligentea oso. Jim Thompson ere gustura egin nuen. Iluna, konplexua. Gustura itzuli nuena, bere idazteko moduagatik, John Irving. Gustatu zitzaidan asko. Zein itzuliko nukeen? Ez dakit. Orain dela gutxi, proiektu bat proposatu didate. Oso erakargarria. Horretan ari naiz. Ea ondo ateratzen den.

Karlos: Lanen bat, beste hizkuntza batean ezagutu eta pentsatu duzuna «hau behar genuke euskarara itzulita, eta ez dago»?

Idoia: Ez zait bururatzen. Egongo dira. Ondo legoke gurean hizkuntza ezezagunagoetako literatura zuzenean ezagutzeko aukera izatea.

Karlos: Enpresan izandako esperientziagatik ere jakingo duzu itzulpenak eta interpretazioak jatorrizkoa hobetu ere egin dezaketela, ezta?

Idoia: Dudarik gabe.

Karlos: Kontatzeko moduko esperientziaren bat horretaz?

Idoia: Orain, gero eta gehiago idazten da euskaraz, egia da, baina, oraindik ere, zenbaiten euskara maila ez da oso-oso-oso egokia, edo adierazi nahi duten hori ez dakite oso ondo nola adierazi. Nik eskertzen dut euskaraz egitea, nahiz eta, batzuetan, testu batzuk nahiko ilunak diren. Orduan, dudarik gabe, testu mota horiek beste hizkuntza batean ematen ditugu, eta, batez ere, gaztelaniaz, dezente hobetuta eta askoz ere argiagoak. Hori argi eta garbi. Eta hobetu, bai, nik esango nuke, askotan; egileak idatzi egin duela, baina guk pentsatu egin dugula testu horren gainean. Hobetu egiten dugu, akatsak zuzentzen ditugu, argiago jartzen dugu, gure lanbidea hori delako: hartu testua, eta, dagoen moduan dagoela, txukun eman behar dugu, ehuneko ehun. Orduan, hobetu egiten dugu, sarri edo beti.

Karlos: Hortaz, esan genezake traizio onargarri bat badagoela…

Idoia: Oso traizio onargarria. Ni pozik nago askoz ere gehiago idazten delako euskaraz, noski, baina oraindik ere asko falta zaigu euskara estandar egoki bat sortzeko, arlo askotan. Hortaz, erdarara eramateko orduan, berridatzi egin behar dira askotan. Bestalde, ulertzen ez baduzu, ezin duzu itzuli. Denbora horretan, saio horretan (gainera, ondo eman nahi duzu), beti hobetzen da. Seguru nago konturatu gabe ere beti hobetzen dugula. Horrek ez du esan nahi hobeak garenik egileak baino, baizik eta gure ogibidearen ondorioz tripak ateratzen dizkiogula testuari; ahal den neurrian, noski… Itzulpen on bati buruz ari naiz, saiatzen ari garenean ondo egiten. Beti ez da ondo aterako, beti egingo ditugu akatsak, edo gerta daiteke esanahia gaizki interpretatzea edo gaizki ulertzea jatorrizkoa. Baina bai, hobetzen da, baina lanbideagatik beragatik.

Karlos: Itzultzaileak irakurlerik onenak omen gara.

Idoia: Ulertzen ez baduzu, ezin duzu itzuli. Orduan, irakurri egin behar duzu, eta berehala hautematen duzu non dauden flakiak eta non dauden ahulguneak: «Hau kostatu zaio, hau errepikatu egin du». Egia da beste batzuetan oso testu txukunak heltzen zaizkigula, eta, hor, gozatu egiten duzu. Testua ondo idatzita badago, lanaren ehuneko laurogeita hamar eginda dago, hori argi eta garbi. Eta interpretazioan ere bai: hizlariak ondo hitz egiten badu… Adibidez, Mariano Ferrerrekin, lana eginda daukazu. Hain ondo hitz egiten du, hain-hain-hain ondo egiten du, berak egiten du lana zure ordez. Txalo bat!

Karlos: Bide beretik, Umberto Ecok idatzi zuen beste behin itzultzailea dela hizkuntza soluzioen negoziatzaile bat, eta zer negoziatzen du? Zentzu komunari min ematen ez dioten soluzioak.

Idoia: Bai. Negoziatu egin behar duzu. Jatorrizko testu hori, askotan, negoziatu egin behar da. Asko negoziatu behar duzu, eta, gero, askotan, pentsatzen duzu: «Nik ez dut hori idatzi. Orduan, zer ibili behar dut nik hemen?». Baina negoziatu egin behar duzu, eta eman behar diozu irakurleari egosi duzun hori, irakurtzeko moduan. Negoziatu egin behar da. Azkenean, itzulpengintza ńabardura kontua da, hizkuntzarekin negoziatzea, egunero-egunero-egunero… Eta aurkitzea hitz egokiena, ńabardura hori, zerk ematen duen definizio egokiena. Hori, gero, lanbide bihurtzen da, eskarmentu, eta errazago ateratzen da, hau da, ez zaudela egun osoan ere buruari bueltaka. Gero, eskarmentuaren poderioz, esperientziak lagundu egiten dizu… Negoziatu, bai.

Karlos: Aspaldion irakurritako itzulpen gogoangarriren bat? Euskaraz ala beste hizkuntzaren batean?

Idoia: Nik laguna dudalako eta bera ezagutzen dudalako, irakurri ditut bere liburuak, Juan Mari Mendizabalenak, gaztelaniaz eta euskaraz, eta pasatu dut ondo-ondo. Bera ezagututa, eta itzultzaile gisa ezagututa, eta berarekin ibili izan naizelako kabinan, irakurri ditudanean bere testu idatziak gaztelaniaz edo euskaraz, gozatu dut pilo bat, iruditzen zaidalako oso ondo itzulita daudela, eta gustatu zait bera ikusten nuelako itzulpenean, baina, gero, egilea bera ere ikusten nuen, ikusten nuen zer ahalegina egin zuen; Juan Mari ezagututa ere, ikusten nuen zer ahalegin egiten zuen berak egilea hor jartzeko. Eta orain ez naiz izenburuaz gogoratzen, baina, bai, berak itzulitako nobela beltz horietakoren bat, oso ona, oso ona. Itzulpen bikainak. Gozatzekoak.

Karlos: Ikusezintasunik ez, hortaz?

Idoia: Denetatik zegoen hor. Alde batetik, egilea, bera, itzultzailea, laguna eta lankidea, eta hor zegoen nahasketa bat, baina niri, benetan, gustatu zitzaidana izan zen berak egindako ahalegin hori, zer itzulpen lan zegoen hor, nola egin zuen lana, ikusi egiten baitzen. Ikusten zen ez zela egun batetik bestera egindako lana, itzulpen lan mardula, hausnartuta, begiratuta, dena lotuta…

Karlos: Amaitzen hasi behar dugunez gero, aholkuren bat interpretatzen edo itzultzen hasi nahi duenarentzat, hasiberrientzat?

Idoia: Aholku bat? Interprete izan nahi duenari esango nioke ondo irekitzeko begiak, ondo belarriak, eta ikasteko, begiratzeko ingurura eta ikasteko inguruan duenaz. Interprete lanak ez baitu soilik itzulpen lana eskatzen; interpretazioak —eta itzulpengintzak ere bai— eskatzen du jende askorekin egon beharra, egoera zailak konpontzea, arazoei aurre egitea; baina, mementoan, pertsonen tratua, gauza asko eskatzen ditu. Orduan, nik esango nioke begiak eta belarriak ondo irekitzeko, eta beti adi egoteko, eta besteengandik ikasteko. Hori da nire aholkua. Eta idatzizkoa egiten duenari, ez egoteko etxean bakarrik, kontaktuan egoteko beste itzultzaile batzuekin, ikastaroak egiteko, beti ikasteko besteengandik, ondokoengandik, beti ikasteko besteengandik, ez egoteko bakarrik bere gauzak egiten, baizik eta besteekin egoteko, beste itzultzaile eta interpreteekin. Komunikatzeko. Komunikazioa, baina, esan nahi dut, lankideen aldetik, besteengandik ikasteko asmoz.

Karlos: Behar diren baldintza guztiak edukiko bazenitu eskura, zer gustatuko litzaizuke itzultzea, inoiz pentsatu baduzu: «Hara, nik hau itzuliko nuke aukera banu edo ordainduko balidate»?

Idoia: Ez dakit… Agian, gustuko dudan filmen bat edo… Scorsese bat, Ozon bat, Allen bat… Film bat itzuli eta egokituko banu, gustatuko litzaidake bikoizle onenak izatea, nik neuk aukeratzea eta zuzenketa lanak nik neuk egitea aretoan. Nire gustura egitea nik idatzitakoa. Dena osorik, goitik behera. Euskaraz edo gaztelaniaz, berdin zait. Horixe egingo nuke. Eta, begira, poesia gutxi itzuli dut, eta, beharbada, orain, pentsatzen hasita, agian poesia itzuliko nuke. Baina, horretarako, denbora behar da. Baldintza guztiak edukita, beharbada, poesia itzuliko nuke.

Karlos: Eta interpretatu?

Idoia: Interpretatu?

Karlos: Inoiz esan edo pentsatu duzu: «Hara, horri ez diot inoiz egin, halako bati egingo nioke interpretazioa gustura»?

Idoia: Niretzat, adibidez, pentsalariak oso interesgarriak dira beti. Pentsamenduaren aldetik edozein gai lantzen duen edozein hizlari on da gustukoa. Gaia berdin zait. Edozein gai ondo azalduz gero, erakargarria izan daiteke. Eta, aukera ematen badidate interpretatzeko (prestalanak egin ondoren, jakina), ezin dut bizitza honetan askoz gehiago eskatu.

Karlos: Gai mota bai, ezta? Pentsamendua…

Idoia: Pentsamendua. Gizarteaz, zientziaz eta bizitzaz hausnartzen duen edonor. Etxera joaten naizenean eta ingurukoak aspertzen ditudanean entzun dudana kontatuz… Gaixoak!

Karlos: Zelan ikusten duzu euskal itzulpengintzaren etorkizuna?

Idoia: Alde batetik, nik uste dut asko aurreratu dela itzulpengintzan. Baina, hasieran esan dugun moduan, beste koxka bat behar du, koxka kualitatibo bat, bai, lanbide gisa; ikuspegi ekonomikotik begiratuta, lanbide gisa behar du beste buelta bat. Eta, gero, ez dakit, Euskal Herrian, itzulpen politika zentzuzkoago bat behar da, beste buelta bat, ondo pentsatu zer itzultzen den, zer lortu nahi den itzulpengintzarekin. Baina, etorkizuna? Nik uste dut bide onetik goazela, etorkizun oparoa izan dezakeela, non eta, beti, koska kualitatibo hori ematen zaion, zeren, oraingoz, lan baldintzak nahiko kaskarrak dira: itzulpengintzaz egiten den balorazioa ez da oso egokia gaur egun. Koxka hori behar da; behar da aldaketa bat.

Karlos: Eta EIZIE elkartea bera, gerokoan?

Idoia: Bazkide dezente ditu orain EIZIEk, baina nik uste dut lanbideari eman behar diola indarra eta bultzada… Hor dago erronka, zeren, literaturarekin, nik uste dut lortu dela. Literatura Unibertsala bildumarekin egin den lana ikaragarria izan da, eta emaitza sinestezin eta txalogarriak ikusten dira. Literatura unibertsal mordoa itzuli da, eta obra oso onak daude itzulita. Asko falta dira, noski; baina lanbidearen erronka gainditu gabe dago oraindik. Esan nahi dut erronka ezinbestekoa dela. Nola egin? Ez da erraza, ez da erraza. Baliabide gehiago beharko genituzke, eta, gero, ez dakit, bazkide asko ditu, baina egia da, bestalde, bazkide asko aparte bizi direla; kuota ordaintzen dute, eta horrekin bukatzen da kontua. Beharbada, bazkideak beste modu batean erakarri elkartera. Jendeak beti esaten du: «Zer ematen dit niri elkarteak? Nik ordaintzen dut, baina zer ematen dit?». Beharbada, lanbidearen aldetik, beste erantzun bat balego, edo beste modu batean joango balira gauzak… Baina, horretarako, baliabideak behar. Eta zer izango da EIZIE etorkizunean? Funtsean, niretzat, behintzat, Euskal Herri osoko itzultzaileak lotzen gaituen soka. Ez dugu besterik. Bultza dezagun, beraz.

Karlos: Baina etorkizunik bai?

Idoia: Etorkizuna? Bai! Bazkide ugari ditu, eta, egia esan, nik uste dut itzulpengintza Euskal Herrian nahiko errotuta dagoela, eta, konparatzen baldin badugu euskarazko itzulpengintza beste hizkuntza batzuetakoekin, nik uste dut askoz ere aurreratuago gaudela, informatika aldetik, software aldetik, askoz ere aurrerago goazela… Horren hizkuntza txikian horren itzulpengintza maila altua izatea ez da inongo txorakeria. Inguruko beste hizkuntza txiki batzuetara begiratzea besterik ez dago. Hizkuntza nagusietan itzultzen dabilen jendea bakarka ibiltzen da; ez dute itzulpen memoriarik erabiltzen; ez dute gure eskarmentua… Hemen, hainbeste itzuli dugu, hainbeste hirigintza, hainbeste administrazio, hainbeste testuliburu, lege eta abar itzuli da… Horrek izan du bere emaitza. Nik uste dut itzulpengintzan, bai teknika aldetik, bai egitura aldetik, nahiko aurrean gaudela; aurrerago, besteak baino, ez zaizu iruditzen? Askoz ere aurrerago, baina…

Karlos: Paradigma aldaketa egin behar da gure lanbidean, edo, behintzat, zuk esan duzun koxka hori aurreratu?

Idoia: Koxka handi samarra, gainera. Hasi ginen, lehen esan duguna, paperezko hiztegiekin; gero, Internet etorri zen; eman dugu egundoko jauzia aplikazioekin, informatikarekin, eta lan sistemekin… Baina, orain, behar da hirugarren jauzia.

Karlos: Robot itzultzaileak etorri aurretik…

Idoia: Gero eta gehiago aipatzen dira. Interpretazioetan, gero eta gehiago aipatzen da roboten kontua… Bere burua gidatzen duten autoak, adibidez. Atzo, saio batean egon nintzen, eta robotak aipatu zituzten, etorriko direla eta gauza asko egingo dituztela. Eta itzulpengintzan? Bai, itzulpen automatikoa badago, eta emaitzak hizkuntza nagusietan oso onak izan daitezke zenbaitetan. Itzulpena gaur ezagutzen dugun bezala aldatu egingo da zeharo, eta laster, gainera. Neurozientzia ere hor dago… Beraz, nire ustez, aldatu egingo da hau dena. Zer egingo dugun gero? Zuzendu edo gainbegiratu. Hala ere, automatismoak automatismo, beti egongo da itzulpena; modu guztiz desberdin batean, seguruenez.

Karlos: Amaiera ederra: beti egongo da itzulpena.