Hemen zaude:
 » 
Xarriton gogoan - Karlos del Olmo

Inprimatu

Data: 2017ko azaroa

Xarriton gogoan - Karlos del Olmo


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Laburpena

2017an zendu zen Piarres Xarriton. Ohorezko kide izendatua zuen EIZIEk 1996tik. Omenaldi moduan, Senez aldizkarian 2006an argitaraturiko mahai inguruan esan zituenetako batzuk ekarri ditugu berriro gogora, haren bizitza eta itzulpengintza laburtu nahian ere. Aipaturiko hizketaldi hartan, Iparraldeko euskal itzulpengintzaren eta kulturaren lekuko bikain gisara agertzen da, hainbat egoera eta lagun ekarri baitzituen harira, batez ere penintsulako Euskal Herria Francoren diktaduraren mende egondako garai latz eta ilun horietan mugaz bestaldekoak zertan ari ziren argitzeko. Elkarrizketa hartatik urte batzuk joan direlako, hain suertez, are baliosago gertatzen dira Xarritonek narraturikoak.


2017an zendu zaigu Piarres Xarriton. Ohorezko kide izendatua zuen EIZIEk 1996tik. Hortaz, elkarteak hala eskatuta, Piarresek berak aurkezturiko itzulpen bat agertu zen Itzulpen Antologia II bilduman: Bordeleko artzapezpiku- kardinala izandako Pierre Eyt-en Pirinio mendien inguruko Kultura ezberdinen politika baten alde artikulua.

Hona hemen ohorezko bazkidearen biografia laburra Nor da Nor datu basean:

Teologia eta filosofia ikasketak egina, Aintzina, Gazte Herria, Etchea eta Euskaldunon Egunkaria agerkarietan argitaratu ditu bere artikulu eta lanik aipagarrienak. Euskaltzain osoa ere bada 1985az geroztik.

Baionako seminarioan filosofia ikasten ari zen garaian, Oihenarten Notitia utriusque Vasconiae, Jaurgainen La Vasconie edo Campionen Euskariana aztertu zituen eta Aintzina aldizkarian hainbat lan argitaratu zuen Xabier Gasteiz eta beste izenorde batzuekin. 1946an, Erromara joan zen Teologia ikastera eta bi ikasturte egin zituen han, baina bertan ez omen zuen aurkitu bere jakin-mina asetzeko moduko ikasketa-plangintzarik. Itzuleran, irakaskuntzan buru-belarri ari zela, Parisen Filosofia ikastea erabaki zuen. Ordutik, filosofia-irakaslea izan zen erretiratu arte, eta azken urteotako bere itzulpen gehienak alor horretakoak izan dira: Thomas Moore-ren Utopia (1992), Francisco de Vitoriaren Indio aurkitu berriak (1993), eta Spinozaren Etika, geometria ordenaren arabera erakutsia (1996), hirurak Klasikoak bilduman argitaratuak.

Azken urteotan, aurreko hamarkadetan eginiko lana dela eta, hainbat sari jaso ditu Xarritonek. EIZIEren ohorezko tituluaz gain, 1999an Manuel Lekuona Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak, eta 2006an euskaltzain emeritu izendatu zuten.

Omenaldi moduan, hona hemen Senez aldizkarian 2006an argitaraturiko mahai inguruan esan zituenetako batzuk:

Senez: Zergatik eta nola itzultzen hastea?

Piarres: Ni apeza bainintzen, eta, lehenago, apezgaia, ene irakasleekin ikasi nuen itzulpenek bazutela inportantzia. Piarres Lafitte izan nuen horretan ere lehen irakaslea eta harekin ikasi nuen itzultzen, frantsesetik latinera eta latinetik frantsesera. Bertsoak egiten ere harekin ikasi nuen, euskarazko bertsorik ez dut haatik behin ere egin, latinezkoak baizik ez ditut nehoiz ondu. Euskara ikasteko eta aberasteko bi tresna nagusi bagenituen, elkarrizketa eta irakurketa: Iratzederrek, adibidez; lagun ginelarik, euskaraz ez baitzekien, ama hizkuntza galdua baitzuen, baina ikasi nahi, elkarrizketa luzeak egiten zituen euskaradun lagunekin. Nihaurek ere, bestalde, irakurgai liburu bat eman nion, aita Laphitzek egina Bi saindu heskualdunen bizia izenekoa eta beste liburu asko bezala Iratzederren izen bera zeukan, hots, Jean Diharce ene osaba xahar apez zenaren liburutegi aberatsetik heldu zitzaidana. Erran dezaket liburu hura ene lagunak irakurriaren irakurriaz, gogoz ikasi zuela eta horrela, geroago bakoitza gure alde hasi ginelarik euskaraz idazten, bilakatu ginela bera aita Xabier beneditarra eta nihaur Xabier Gazteiz historialari nahia. Konturatu zarete Koldo Mitxelenak ere, funtsean, liburu hori bera zuela hautatu, Klasikoak bildumaren irekitzeko bere euskal ikasleen xedetara.

Dena dela, aitortu behar dut nihaurek menturaz gehiago erabili dudala beste liburu bat, Etxepareren Buruchkak, Lafittek erraten baitzigun Etxepare medikua zela denen maisua. Kepa Altonagak aterako baitu laster Aldudeko medikua izenarekin idazle horren historia, zatika irakurri dudana jadanik, hor ageriko da agian, nor zen zuzen Etxepare handia eta zer ziren Lafittekin izan zituen harremanak.

Nik ezen, Etxepare bera ez dut behin ere ezagutu ez ikusi, baina haren obra osoa bildu dut eta publikatu. Nahiz berrikitan oraino jakin dut, Kepa Altonagari esker, bazirela gutun batzuk, behin ere Villasantek eta haren lagunek agertu ez zituztenak; Euskaltzaindian zeudelarik hastapenetik. Hain zuzen, hor ikasi dut, 1914ko gerla bururatu eta Pierre Broussain euskaltzain adiskide mina ustekabean zendu zelarik, Georges Lacombe euskaltzain izendatu aitzin, Azkuek Jean Etxepareri proposatu ziola Madrilera joatea sei hilabeteentzat, Menendez Pidalekin fonetikaren ikastera, gero handik Bilbora itzultzean, hor berean alde batetik bere medikuntzari jarraikitzeko eta bestetik, denbora erdiz, Azkuerekin batean, euskaltzain oso bezala, Euskaltzaindiaren gramatika bateratua, fonetikatik hasiz, egiteko. Aldudeko medikuak, ordea, herri horretan jadanik egin «lothurak» aipatu zituen ezetz ihardesteko euskaltzainburuaren eskaintzari.

Gauza harrigarria, gure Euskaltzaindiaren gramatika osatzera doan urte honetan hona non eskuetaratzen zaidan, 1920eko martxoaren Eskualduna astekarian, aita Petiri Lhande-Heguy euskaltzainak argitaratu zuen artikulu bat, eskatzeko alde batetik, Collège de France aipatuan sar zedin Jean Pierre Rousselot (1846-1924) Phonétique Expérimentale deitu jakintza berriaren eta dialektologiaren bidegile nagusietarik zeukaten frantses apez jakintsua eta bestetik, Euskaltzaindia sortu berriak lehen bai lehen antola zezan fonologia laborategi bat.

Konturatzen gara gaur egun, urte haietan Frantziako errepublika laikoak aita Lhande jesuitari berari unibertsitate publikoko ateak Tolosan ireki zizkion bezala, ireki zizkiola ere Parisen aita Rousselot apezari, baina ohartu behar dugu ere handik laster, aita Lhande horrek ber berak Espainiako erreinu katolikoan sartzeko paperak oro galdu zituela eta betikoz; horra zergatik Errege Euskaltzaindiaren egoitzatik at egin zituen bere ikerlanak, euskal fonetikan Jean Larrasquet (1885-1953) zuberotar apezarekin eta hiztegigintzan P. Lafitte (1901-1985) eta Ph. Aranart (1901-1981) Uztaritzeko bi irakasleekin.

Ez nagoke ordea, ene zorrak kitatzekotan, Piarres Lafittek erakatsi zidan beste liburu bat aipatu gabe, hura baita Jesukristoren Imitazionea hazpandar idazle batek Leon Leon apezak (1896-1962) euskaraz itzulia. Itzultzailearen adiskide izan zen Piarres Lafittek zioen, liburu hori, 1929an argitaratu aitzin, Jean Etxeparek bere eskuz oso-osorik berrikusi zuela. Itzulpena ez zen beraz, apez baten lana bakarrik, baina laiko batena ere. Baina gauza horrek egiaztatzea merezi luke, Leon Leonen eta J. Etxepareren euskarak parekatuz.

Dena dela, jakin behar da ere, P. Lafitteren arabera, J. Etxepare Larresorotik atera zelarik Arnaud Abbadierekin filosofia ikasirik, baina bere haurreko eta etxeko fede hartan durduzaturik, aita Larralde fisika irakasle eta konfesore maiteak eman ziola. Larresoroko ikasle ohiak ordea bere bizi guzian eta hil arteraino, barneko sakelan atxiki omen zuen aita Larraldek eman irakurgaia Jesukristoren Imitazionea.

Ez da, beraz, harritzeko gure Lafitterengandik horiek oro ikasiak genituen haren ikasle ohi anitzek eta bereziki urteen buruan Pierre Narbaitz «Arradoy» (1910-1984) deitu beste euskal irakasle baten eskutik Vatikanoko II. Kontzilioaren aginduz Erromako Elizaren liturgia euskaraz itzuli behar izan genuen nafar-lapurtar gehienek, eta, nihaurek bezala, Ganix Diharce, J. P. Andiazabal, Benoat Olhagaray, Bernat Goity, Emile Larre, Josep Camino, Hiriart-Urruty Jean eta André anaiek eta beste zenbaitek Leon Leonen liburua izan baldin badugu anitz urtez gure eskuliburu.

Egia da, halere, zenbait urte lehentxeago, beste eliza liburu zenbaiten ezagutza egina genuela, hala nola, Clément Mathieu Akizeko apezpikuak hainbeste goresten zuen latinezko Tomas Akinokoaren himnoak Orixek euskal bertsotan ondurik zeuzkan meza liburua. Hau ordea gipuzkeraz emana zen eta ez zen oraino euskara batuaren hotsik ozen ez elizetan ez eskoletan. Bakoitza bere euskalki literarioari zoakion! Baina hortik lekora Manuel Lekuonaren (1894-1987) itzalean piztu zelarik eta gero samindu haren belaunaldiko Euskarazaintzakoen eta Luis Villasanteren (1920-2000) belaunaldiko Euskaltzaindikoen arteko bataila itsusia, baizik eta «H» letra bazela edo ez zela, hasian hasi, itsuski hedatu zen gure euskal herrietako erakunde zibil eta politikoak inarrosteraino, halako gisaz non gutarteko gerla horren historiak berak liburu lodi bat hartze bailuke, bizi diren gerlari ohien lekukotasunak biltzen ahal direino.

Dena den, liturgiako itzulpen gatazkatsu eta, nik dakidala, oraino funtsez bururatu gabeko historia horiez besterik ere izan da eta, bakoitzak bere itzulpenez hitz egin behar duenaz geroz, gogoratzen zait II. mundu gerla bururatzean eta Erromako bi urteak egin ondoan Hazparneko ikastegira izendatu nindutelarik, nihaurek, Piarres Lafittek eskaturik, Herria astekariarentzat nazioarteko politika sail bat ireki nuela, Federalista izenordearekin, Le Monde egunkari berriko artikulu bat edo beste euskaraz eskainiz.

Orduko egunkarietan agertu ziren izenak, ez izanik ere Hubert Beuve-Méry Le Monde horren sortzailea edo Georges Bidault L’Aube deituaren zuzendaria bezain ezagunak, ezagutzen genituen halere askitto Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldun askok, zeren nazien eskualderat erori ez ziren Frantziako, Belgikako, Italiako, Kataluniako edo Suitzako idazle, filosofo, teologo asko, 1936ko Espainiako «Gurutzada» aipatu hartan euskaldun katolikoen alde agertu bertsuak eta orduan gogor gaztigatu izanak zirelakoz: izen zenbait baizik ez aipatzeko, hor genituen Jacques Maritain, François Mauriac, Georges Bernanos, Emmanuel Mounier, Joseph Folliet, Charles Journet, Luigi Sturzo eta Fourvières-ko de Lubac, de Montcheuil jesuitak edo Le Saulchoir-eko Chenu, Congar, Bernadot, domingotarrak; hauetarik batek, aita M. D. Chenu zenak, 1895ean jaioa bera, oroitzapenak gogoratzean, kazetari bati salatzen zion, 1937. urtea izan zela haren belaunaldikoentzat urte nagusia; urte hartako gertakari larriak labur bilduta zioen, hitzez hitz: «C’était l’année de Guernicac’est de là que tout est parti!», «Gernikaren urtea izan zen eta, denak hortik abiatu ziren!».

Aitor dezaket, orain, nihaurek 16 urte baizik ez nituen urte haietan, Lafittek gomendaturik, hartu nuela harpidetza domingotarrek sortua zuten Sept deitu astekaria oporretan sortetxean hartzeko gisan, eta ez zitzaidala egundaino dolutu, nahiz urte hartan berean Vatikanoak isilarazi zuen astekari hura.

Hamar urte geroago ordea, teologia ikasketak egitean Erroman aurkitzen genituen Pio XII.aren aitzinean Frantziaren ordezkari egona Pétainen ordezkari Léon Bérard biarnesa, Vatikanoko santa Martan aterpetua eta, de Gaullen ordezkari berriz Jacques Maritain, «Gurutzaden» etsaia eta honen aholkularia, Montréaletik ekarria, aita J. T. Delos domingotarra izanagatik, aita Garrigou- Lagrangek eta Erromako Inkisizioaren barneko anaia anitzek biak hain gaizki erabiliak. Egia erran, urte haietan Erromako ospetsu anitzek gaizki ikusten zituzten pentsalari asko baziren oraino isilik egon behar zutenak, edozein ordenatakoak izan, ala Teilhard de Chardin (SJ), ala de Lubac (SJ), ala Congar (OP), ala Chenu (OP). Ez nuke ahantzi nahi, euskal itzultzaileez mintzo garenez geroz, urte haietan anitz euskal bazelarik oraino Erromako kongregazioen etxe nagusietan zebiltzala besteak beste, aita Zarranz Iraizotzekoa (1897-1980) kaputxino euskaltzain nafarra, aita Bedita Larrakoetxea Zeanuriko karmeldarra (1894-1990) Ingalaterrako aterpean hizkuntza ongi ikasirik Shakespeareren obra guziak euskaraz itzuli zituena eta ere Romualdo Galdos (1885-1953) Jesusen lagundiko eibartarra gure greka irakaslea eta urte ilun haietan Daviden abestiak edo salmoak euskaraz itzultzeaz harro agertzen zitzaiguna.

Denboraren buruan, «Klasikoak» izeneko itzulpen sailean, frantsesezko ene jakitate apurra utzi baldin badiot ere behin Henri Bergsonen liburua itzultzeko euskararekin errebela zitekeen bati, errana baita ezen Quandoque dormitat Homerus !, Tomas Morus-en Utopia-rekin eta Vitoriaren De Indis-ekin zergatik ez nezake aitor, nihaurek ere atsegin izan nuela eta historia aldetik ere asko ikasi. Hirugarren aldian, ordea, ene lankide eta aspaldiko lagun Jose Luis Santa Cristinarekin, Spinozaren Etika liburua biok elkarrekin egina genuelarik eta hitzartu bezala itzulia, gure ustez baimen guztiekin, hona non gure bien lana, ene protesta guztiengatik, argitaratzen diguten faltsuki ene izen soilarekin.

Horretan uztera nindoan ene lankidetza, noiz eta ere liburu sortaren arduradun berria Pello Salaburu euskaltzaina agertzearekin hitzartzen dugun Azpilkuetako Martintxo (1492-1586), doktore nafar handiaren Teologia eta Politika Antologia baten aurkezpena eta itzulpena egitea. Hori da beraz amorez egin dudan azken lana, gogoratuz bereziki haren askazi Frantzisko Xabierko Jaso eta Azpilkuetaren V. mendeurrenean geundela 1906. urte honetan.

Ez dut, bada, hor beste auzi bat hunki, XVI. mendez geroz, Frantziako eta Espainiako estatu eta elizen artean bost mende honetan dirauena eta Baionako diozesiak gaur arte pairatu behar izan duena, hots, doktore nafarrak bere zaharrean, batzuek «errege zuhurra» deitu zuten, baina guretzat, «salbu zuek eta» «errege zakurra» deitu genezakeen Felipe II.aren jukutriei burutziarik ezin eginez, Gaztelan behin eta Erroman jarraian batailatzen zen urte haietan, Nafarroako Joana Albret erreginaren aginduz Joanes Leizarraga Berakoizkoak 1571n Arroxelan inprimatzera zihoan Testamentu Berriaren itzulpenaren estakuruaz baliatu zen Felipe II.a, bere esku ez zuen Baionako diozesiari Hondarribitik hara, Bidasoa errekan, Malerrekan eta Baztan aldean Belateraino zeuden 44 parrokien edekitzeko eta omen protestantismoaren izurritetik begiratzeko. Baina orduan hiru aita saindu bederen enganatu zituen eta geroztik egundaino zuritu ez den auzi itsusi horrek merezi luke gaur egun gogoratzea, salatzeko bederen, Euskal Herrietan gutik dakiten azken datu hau: Erromako aita saindu Pio XII.ak, Franco Espainiako diktadorearekin hitzartu konkordatuak XVI. mendeko lapurretaren hondakinak utzi zizkiola Arnegi eta Luzaideko mugetan, Leon Albert Terrier Baionako apezpikuari (1944-1957) hitzik erran gabe.

(…) Gero, beste itzulpen berezirik egin dudanetz, galdatzen badidazue, bai, gogoratzen zait, zuk, EIZIEren arduradunak eskaturik eta argitaraturik, zuhaurek, Lurdes, Itzulpen Antologia II antolatu zenuelarik, Pierre Eyt Bordeleko kardinal zenak Etudes Pariseko jesuiten aldizkari ezagunean 1978an idatzia zuen Pour une politique des différences culturelles autour des Pyrénées artikulua eta hura zidan berak gomendatu euskaraz itzultzeko, aspaldiko lagunak baikinen ordukotz elkarrekin, ezen ene doktore tesia aurkeztu nuelarik Tolosan 1973an, Baionan batere alde ez nuen J.P. Vincent (1911-1994) ene apezpikuaren aurka gogor egina zuen eta honek gaitzesten zuen ene teologia politikoa beste mahaiko epaile guziekin zuzenetsia.

Ondotik, egia erran, Pariseko argitaletxeetan ez zuen ene lanak arrakastarik izan, baina Montréalen ene airekotik jautsi bezain laster Fides deitu Québec-eko editore puxantenak Héritage et Projet deitu bere sarean sartzen zidan Le droit des peuples à leur identité titulupean.

Geroztik urak egin du bide eta, duela bost urte zendu zitzaigun Pierre Eyt kardinala, euskaldunak eta gaurko erromesak, paperik gabeak bereziki, hain maite zituen apez argi eta bihotz handikoa, orain Laruns bere sorterrian, Pirinio mendien altzoan loak harturik. Eta hona non duela zenbait aste jakiten dudan Bordeletik, Frantziako Elizaren argitaletxeek ez dutela gogorik Pierre Eyt kardinalaren idazlanen argitaratzeko. Alta, prestaketa lanak hiru irakasle adituk bururatuak omen dituzte eta badakit Roger Etchegaray adiskideak bizpahiru urte honetan aitzin-solasa igorria diela. Orain, beraz, jakin behar duguna hauxe da: zer duten batzuek idazlan horietarik ez ikusi nahia eta gero Frantziatik kanpo ez ote den mundu zabalean nonbait aterabiderik, nahiz ene susmoa daukadan «nazional-katolizismoak» badituela bazter asko kutsaturik eta ez bakarrik mundu hispanikoan.

Bestalde, ororen buru, ni, itzultzaile bezala, ene mendean, ez naiz on izan hitz baten itzultzeko ez ingelesetik, ez alemanetik. Eta filosofo naizela ausartu naiz erratera? Ez da posible, filosofo izateko gaur egun, jakin behar dira dudarik gabe ingelesa eta alemana bederen. Eta ez dut ikasi, Montrealen ikasten ahal nuen ingelesa, emaztearekin abiatu ginen, baina hiru-lau ordu egin eta, ene laguna hasi zen gauaz lanean; ez nintzen bakarrik ibiliko. Ene alferkeriak irabazi zuen bataila eta ez dut geroztik ikasi ingeles tutik.

(…)

Senez: Batzuek horren gainean zer edo zer esan duzuen arren, gogoan duzue zein izan zen lehen-lehenengo itzulpena? Idatzizko itzulpen gogoangarririk?

Piarres: Bai, enetzat eskolako lana izan zen. Zeren, haurrean, egia erran, diziplinarik gabekoa nintzen, omen, nehon ezin egona. Ikastetxe osoan hogeita zazpi ikasle ginen, eta zazpi irakasle bagenituen gure bizkar jasateko. Bestalde, etxetik bostehun metrora bizi izanagatik, hutsa baitzen Hazparneko barnetegia, bete behar baitziren oheak, barnetegian ezarri gintuzten ikasle guztiak, gure penitentziarako. Beti ikasle berak ginen zigortuak eta beraz, enetzat hasteko, urte gogorrak izan ziren. Hala nola, latinezko testu bat ematen ziguten gogoz ikasteko, latinez tutik jakin gabe ere. Eta gero hasten ginen latinezko lerro batzuen itzultzen. Uste dut hori izan dela egin dudan lehen itzulpen lana latinetik frantsesera. Gero gaztelaniatik itzuli nituen lehen lerroak eta ongi ahoskatu behar genituenak oraino gogoan dauzkat: Cuando las estrellas brillan en el cielo!

Grekotik frantsesera ondoko urtean hasi ginen. Eta orduan nuen ere ikasi euskara arraro bat itzultzen frantsesera, Alfredo Otegi izeneko Auritzeko ikasle lagun batek bere Nafarroatik ekarri baitzidan, 1933an, Sabin Euskalduna liburua ene liburutegian atxiki dudana. Hor nuen, alabaina, ikasi hamaika urte nituelarik Euskal Herria deitu behar zela Hazparnen ere Euzkadi, erregea bakalduna erresuma bakalderria, historia, edestia, literatura elertia, geografia lutelestia eta abar.

(…)

Senez: Bide beretik, aipatuko zenituzkete langintza honek eragindako une goxoren bat eta, jakina, garratzen bat, halakorik izan bada?

Piarres: Irakurketetan gertatzen dena itzulpengintzan ere gerta daiteke, itzultzen duzun testua, adibidez, Utopiaren kasua, ez nuen sekulan asmatuko hor aurkituko nuela datu polit bat, ohartzearekin noiz egina den Utopia, 1512-1514an, zuzen banabil, ber urte horietan jabetu baitzen Fernando Katolikoa Nafarroako erreinuaz eta Enrike VIII.aren baitan ibiltzen ohitua baitzen Tomas Morus, salatu zigun nola aipu zen maltzurki haren inguramenean, Ingalaterrako erregeak nahi bazuen bakea egin Frantziakoarekin kontseilatzen ahal zion auzo horri Nafarroaren uztea Aragoikoaren eskutan, beti errazago baita oparia egitea norbaiti, zurea ez den edozein gauza ematearekin.

(…)

Senez: Galdera egin gabe ere erantzuten hasi zarete, baina, zer gerta ere, bota egingo dut itauna. Itzultzaileari, langile moduan, oro har, zer deritzozue? Itzultzailea tresna hutsa da ala idazle halako bat, jatorrizko testua berridatzi beharrean egoten den sortzailea?

Piarres: Nik erran dizuet, apez bezala ari nintzela lanean, eta beraz, lan hori, nolabait, sakratua zen, ez zen lan komuna. Baina horrek ez du erran nahi ez zuela batailarik sortzen. Ez dut sekulan ahantziko gu baino zaharragoekin ukan genuen bataila. Trentoko Kontzilioaren aurretik balira bezala, haientzat baziren hiru hizkuntza sakratu. Badakizue, Erdi Aroan horretan zeuden: hizkuntza sakratuak: latina, grekoa eta hebreera. Gero jin ziren protestanteak, eta protestanteen errana onartu zuen Erromako Eliza Katolikoak bost menderen buruan. Hor, gu bidegurutze batean ginen; XX. mendean Eliza Katolikoak hartu dituelakoz XVI. mendean baztertu zituen zenbait bide. Eta hor ikusi dugu gizon bat Euskal Herrian Manuel Lekuona, ez nuke hartaz gaizki mintzatu behar, izugarriko garrantzia izan baitu gutartean, eta anaia bat bazuen Martin Lekuonak, hura ere apaiza, faxistek fusilatua. Baina harekin izan nuen eztabaida gogorra. Baina Lekuona saria emango zidatela jakin nuelarik, ez nuen halere kontzientzia txarrarekin hartu eta ez bakarrik haren hiru iloba apaizekin Juan Mari, Andoni eta Julenekin lagun minak ginelako.

Egia da egun batez erran niola osaba zaharrari: «Zu, Jauna, euskara batua egiten ari zara, alde batetik, mundu laikoarekin, hau da, Mitxelenarekin eta Euskaltzaindiarekin, eta bestaldetik, zuhaur ikusten zaitut beste mundu batean sartua, nihaur bezala funtsean, eta hor egiten ari gara bigarren euskara batu bat: Elizaren euskara batua. Ez dut sekula ulertuko, jauna, nolaz, teologia garbi batek onar dezakeen dualismo edo bitasun hori nahiz badakidan zergatik egin duzun hori. Zure belaunaldiko lagun bat entzun duzulako, izutu zaituztelako zure belaunaldikoek izan da; Kaminazpi delako bat, ondarrutarra, izan da Alderdin argitaratu duena artikulu bat zure kontra».

Ene kontzientziaren arabera, egin nuen ene oharra, ez baitzen ene ustez teologikoki justifikagarri jende berek bi euskara batu egitea. Geroztik badakigu guztiek nola bi itzulpenek Erromako Elizarenek eta Euskal Munduarenek baturantz egiten ari duten, azken buruan itzulpenek ere baitukete bakoitzak beren «tempoa».

Euskarazko itzulpenen historia eginen delarik ez dira ahantzi beharko ez bakarrik Euskaltzaindiaren eta Euskarazaintzaren gatazkak, ez eta ere Orixe eta Lafitte eta Zaitegi, eta Ibinagabeitia beste zenbatenak! Orduan ohartuko dira menturaz gure Erromako Elizaren Euskal Herrietako arduradunak, Larraona kardinalari eta Bugnini monsinoreak bultzaturik, gure Pater «Gure Aita» eta Ave «Agur Maria» batera erratera heldu baldin baginen, zorigaitzez Credo, Sinesten dut osatu gabe lotsatu eta desegin zela gure batzordea.

Ez da, ordea, Erromako Eliza Euskal Herrietako erakunde bakarra, itzulpen problemak izan dituena. 1978an Kanadatik itzuli nintzelarik eta Ibañetan ikusi nuelarik-eta bilbotar jende apaindua, kantariak kantatzen ari, hor, halako txoke bat egin zitzaidan. Hau «bilbainoen» inbasioa duk! Nafarra banintz erran nezake ez dugula nehoiz bide horretatik gure Amalur Nafarroa askatuko, hots, hasierako EAJren bidetik.

Geroztik, ikusi dut Aingeru Irigaraik askotan errana ziola hori bera Piarres Lafitteri Euskaltzaindiaren barne historian (2005eko Euskeran) ageri den bezala. Dena dela, orduan, Ibañetan, Baionako gazte batek eman zidan euskarazko prospectusa, eta nik galdatu: «Badakik euskara?». Hark: «Ez, ikasten ari». Gaur egun hura bera omen da gure etnografiaren espezialista, maskaradez eta euskal kulturaz egin du frantsesezko liburua, euskararik egundaino ikasi gizon horrek. Alta, zenbat aldiz ez diot ikasle askori esan: «Ikas ezak/n lehenik euskara; frantsesez kanpo, ez duk/n nehongo ikerlerik ez amerikanorik menturatuko denik indioez mintzatzera, indioen hizkuntzak ikasi gabe, eta zuek euskotarrek, abertzaleek, baduzue kopeta euskaldunez hitz egiteko euskararik ikasi gabe!».

Piarres: (…) Bestalde, esanen dizut, gai bat berehala etortzen zaidala gogora, zuk aipatu orduko. Behar liteke ikertu Xurioren itzulpena nork egina duen: ala anaiak ala arrebak. Zeren Xuriotarren Jesukristoren imitazioa klasikoari dagokionez, Xurio familia handia zen: Osaba jesuita ospetsua Bordelen, gero, hiru iloba apez nagusi izanak; Baionako katedralean bi eta bat Donibane Lohizunen. Eta susmoa dabil, liburuaren azken zatia, arrebak berak itzulia duela, honek baitzuen liburu osoa argitaratu anaia gazteena hil ondoan. Eta horrek interesatzen nau jakiteko, zer izan den emazteen lekua gure literaturan. Beste liburu bat baitaukat nihaurek argitaratua, eskuizkributan bakarrik geneukalarik, Zerura heltzeko meditazioen liburua, Frantziako Iraultza aitzin, Daguerre Larresoroko seminarioaren sortzaileak, Urruñako andere Etcheverryrekin eraiki zuen Hazparneko komentu zaharrean, Jeanne Marie Robin delako batek baliatu zuena.

Robin izen hori, hain zuzen, agertzen da, bestalde, Donibaneko bi osaba-iloba apaiz baititugu gure Literaturaren historian XVIII. mendean, bai itzulpengintzan Haranederren eskuizkribuarekin bai bertsolaritzan, «euskara bastarta» ren kontrako bertsoekin. Ikusten duzue ikerlan izugarria balitekeela egiteko!

(…)

Piarres: Baina badakizue ere Ibon eta beste euskaltzain zenbait ez dela gehiago etortzen Euskaltzaindira, gure Euskaltzaindi «gris» horretara. Ez dute arauz aski interesik etortzeko. Ez dakit, Atxaga hor baldin badugu, baina, etorriko ote da? Atzo, hasteko, ez genuen ez Atxagarik, ez euskaltzain berririk. Hura Bruselan zen. Bera izendatu dugu Bruselan zelarik. Ez dakit gehiago non gabiltzan. Nire beldurra da Euskaltzaindia bilakatuko dela gure burokrazia nagusia. Eta, instantean, onomastika jolasaz besterik ez dugu eginen, onomastika eta toponimia, besterik ez. Horren beldurra dut. Hori ikusiko duzue beharbada zuek gazteek. Baditugu hogeita hamar, berrogei liburu bederen, toponimiaz argitaraturik baina ez da dirurik Villasantek hasia zuen Euskaren Lekukoen zerrendari jarraikitzeko.

Atzo, haatik, entzun dut: «A, bai, hori behar dugu berriz aipatu!»

Hona, bada, zer nion aitzinean errana gure buruzagi bati: «Aizu, Lafittek publikatu zuen Salvat Monho. Hil zen Lafitte, baina orain baditugu eskutan haren paperak, Andiazabalen gelan direnak. Lafittek publikatu zituenak, itzulpen frantsesarekin, baina konturatzen zara Lafitte zahartua zela, gaixoa, hori atera zuelarik, eta badirela hutsak aski larriak. Bestalde, bazen orrialde bat, osoa, berex idatzia, eta han dira Monhoren bertso politenak, interesgarrienak historikoki, Bonaparte joaten delarik hemendik, botatzen baitizkio sekulakoak Napoleon hastialari eta haren jarraitzaile izan ziren hiru irisartar bakarrei. Salvat Monhoren edizio berri bat egitea, zuzenketak eginez, merezi luke, baina nork eginen du? Bada nehor?»

(…)

Senez: Berriro bizitzen hastekotan, ostera ere itzultzaile izango zinatekete?

Piarres: Nik nahi nuke zerbait egin, gustua hartu dut. Ene azken itzulpena bederen, amorez egina dut, hots Klasikoak sailean, Martintxo Azpilkueta doktore nafarraren antologia: nihaurek hautatuz teologia eta politika testu zorrotzenak.

(…)

Piarres: Halere, gaur ikusten dut hemen (EIZIEz ari da) ez duzuela Euskaltzaindian dugun problema bat, zorionez. Hemen emakumeak badaude. Eta zeren zain zaudete Euskaltzaindian sartzeko?