Hemen zaude:
 » 
Editoriala - Karlos del Olmo

Inprimatu

Data: 2017ko azaroa

Editoriala - Karlos del Olmo

Hogeita hamar urte eta gero… hau den hau!!! Ez da erraza Franco hil ondorengo eslogan ospetsu horri zerion zapuztasun, etsipen edo mespretxu kutsua ospakizun sentimendu bihurtzea, atzekoz aurrera jartzea… baina, nolatan ez bilakatu; poza dariola gaudelarik, hala baikaude egon; EIZIEren 30. urteurrena Senez aldizkariko editorialerako lehengai, bi-bion patua hain estuki loturik joan badira aldi luze horretan guztian? Agerkaria eta kidegoa elkarrenak izan dira orain arte, eta nekez uler daiteke bat bestea barik (ezinezkoa esatea larregi ere izan liteke, baina…).

Elkarte eta aldizkari txiki, apal eta umilak, zertan ukaturik ez; dena dela, munduko kulturari eta hizkuntzei eragin diete biok bai biok tokian tokiko lan isil, eskerga eta etengabeari esker. Biak aiena litezke, eta, seguru asko, munduan ia ez litzateke inortxo ere horretaz ohartuko, ezta Euskal Herrian ere —tximeleta efektua gorabehera!—, baina, bion modestian, ezinbestekoak dira euskara eta euskal kultura egun zer diren eta non dauden esplikatu ahal izateko.

Halere, atzera begiratzeko tenorea baino, areago da urteurren hau etorkizunaz gogoeta egiteko garaia. Eta horren inguruko gogoeta sendo batzuk aurkituko ditu irakurleak hurrengo orriotan, lehenaldia ezer gutxi omen delako etorkizunerako ikaskizun bihurtzen ez badugu.

Aldizkariak eta elkarteak ondo baino hobeto jakin dute digitalizaziorantz jauzi egiten, eta kontaezinak dira profesional eskarmentatuak zein hasi berriak trebatzeko eskaini dituzten ekimen eta materialak. Asko aldatu da euskal itzulpengintza, zertan esanik ez, eta, mudantza horietako askotan, hantxe izan dira elkartea eta aldizkaria, protagonista, eragile, lekuko edo kontalari gisara.

Euskal Herriaren historian, hogeita hamar urteko aldi honek gatazka ilunetik bezainbeste izan du esperantzatik, eta elkarteari, kideei legetxe, une eta egoera gatazkatsuak bizitzea egokitu zaio, eta zailtasunak zailtasun, eztabaidak eztabaida, bizirik irautea lortu du, tenkadak gogorren izan direnean. Eta urte hauetan, asko dira aldiren batean elkarteko kide izan direnak, bai eta aldizkariko artikuluak paratzen lagundurikoak ere. Batzuk ez daude elkartean egun, bazkide izateari utzi ziotelako edo bizitzaren joanak eroan zizkigulako. Horiek guztiak gogoan ditugu, eta denekin, aldez edo moldez, zor kitaezin bat dugu, bidaide horiek gabe honaino helduko ez ginelako —edo, ez behintzat, heldu garen bezain sasoiko—. Eta, zertan esanik ez, elkarterako eta aldizkari honetarako lan egin duten lagun guztiak ere ezin ahanztekoak dira, guzti-guztiek eskatu baino askoz ere gehiago egin dutelako, doan edo oso ordain laburraren truk. Esan legez, elkartea behin edo behin desager daiteke, hau dela bestea dela zio (on zein txar); baina, halakorik gertatuz gero, nork edo zerk aldeztuko lituzke zuzentzaile, interprete eta itzultzaileen eskubideak? Zeinek arrangurak eta itxaropenak plazara aterako? Harrokeria eman litekeen arren, EIZIErik ez balego, antzekoren bat asmatu beharra legoke. Eta beste hainbeste esan genezake Senezen gainean.

Karlos del Olmo