Hemen zaude:
 » 
Poesia-itzulpena: jarduera periferiko baten analisia - Ane Garcia Lopez

Inprimatu

Data: 2017ko azaroa

Poesia-itzulpena: jarduera periferiko baten analisia - Ane Garcia Lopez


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Laburpena

Artikulu honetan, orain arte euskarara itzulitako poesiaren gaineko analisi sakon eta osatu bat egin nahi izan du egileak, helburu harturik etorkizunera begira kontuan hartu beharreko zenbait alderdi azpimarratzea. Emakumeek poesia-itzulpenean duten lekuari hurbiletik begiraturik, genero-ikuspegiak pisu nabarmena izango du, lanaren azken atalean bereziki. Analisia bi multzotan banatua da, elkarren osagarri direla. Poesia itzuliaren gaia apur bat kokatu ostean, NordaNor katalogotik ateratako datuen analisi bat egin, eta orain arte itzulitako lanak behatu ditu egileak: monografiak eta monografietatik at argitaratutako itzulpenak. Gero, orain arte itzuli denak eta itzuli ez denak euskal poesiaren polisisteman izan duen, daukan eta izan dezakeen eraginari ikusgarritasuna emate aldera, bi eredu zehatz aztertu ditu: Itxaro Borda eta Munduko Poesia Kaierak bilduma. Jardun periferiko bati plaza eskaini nahi dio lan honek, eta helburu hori betetzeko asmoz osatu du egileak analisi hau.


Sarrera

Artikulu honen helburua honako hau da: orain arte euskarara itzulitako poesiaren analisi bat eta horren inguruko balorazio eta gogoeta bat egitea, emakumeek gure sisteman duten presentzia arreta bereziarekin aztertuta.

Laneko atalik mardulena etorriko da gero; analisia, hain zuzen. Orain arte euskaratutako poesia analizatzeko, Nor da Nor datu-basetik ateratako informazioa baliatuko dut, eta monografiak eta monografietatik at argitaratutako itzulpenak bereiz aztertuko. Ondoren, aurreko ataleko ondorioak sakontzeko asmoz, bi eredu zehatz ikertuko ditut: Itxaro Borda idazlea, ekimen indibidualez itzuli izan duen idazlea, eta Munduko Poesia Kaierak bilduma, ekimen kolektiboa.

Euskarara itzulitako poesiak etorkizunean dituen erronkez mintzatuz amaituko dut artikulua. Besteak beste, susmoa dut idazle eta itzultzaileen generoak eta poesia itzulia argitaratzeko euskarriek garrantzi berezia izango dutela.

Poesia eta poesia-itzulpena: jarduera periferikoak

Poesia aztertzen hasteko, ez dago gaizki geure buruari zenbait galdera egitea: zer ezaugarrik bereizten du poesia beste generoetatik? Zergatik dira itzultzaile batzuk poesia itzultzearen beldur? Literatura Terminoen Hiztegiak, poesiaren sarreran bertan, argi uzten du ez dagoela poesiaren definizio zehatzik, baina poesiaren ezaugarri bereizgarri batzuk eskaintzen dizkigu: «Esakuntza mailan, poeta bere izenean mintzo da, bere sentimenduak ditu mintzagaitzat hartzen eta erakusten». Beraz, definizio zehatzik gabe ere ikus dezakegu barneko espresioarekin, poetaren intimitatearekin zerikusi berezia duen literatura-generoa dela poesia. Samuel Taylor Coleridge-k honela bereizten zituen poesia eta prosa: «Prose: words in their best order; poetry: the best words in the best order». Poesian hitz bakoitzak duen garrantzia azpimarratu zuen horrela, eta, akaso, itzultzaileen beldur-iturria agerian utzi. Bada, ordea, poesia definitzeko itzulpena propio baliatu duenik; Frostek zioen: «Poetry is a memorable speech which is lost in translation».

Badirudi ia harrapatu ezinezko zerbait dela poesia eta poeten intimitate hori ulertzea ez dela beste generoetan —narratiban, esaterako— bezain sinplea. Erabiltzen diren hizkuntzak eta hitzek garrantzi berezia dute, eta poetaren unibertso poetiko zehatzaren parte dira. Ondorioz, itzultzaileak esfortzu aktibo nabarmena egin behar du poemaren mamira hurbiltzeko edo poetaren asmoak ehizatzeko. Eta, itzulpen txukunak egitea posible den arren, esan genezake interpretazio hutsa (beste generoetan baino gehiago) izango dela poesia-itzulpena beti.

Poesiaren izaera konplexuaren harira, esan beharra dago mundu-mailan poesia ez dela beste generoak bezainbat irakurtzen. Euskal literatura ez da salbuespena horretan, eta euskaraz sortutako poesiak berak ere ez du zentraltasunik euskal literatura- polisisteman. Poetak, izan, baditugu: Kirmen Uribe, esaterako, itzal handiko idazlea da gurean; eta haren mailako beste asko aipa litezke, hala nola Jose Luis Otamendi, Joseba Sarrionandia, Itxaro Borda, Amaia Lasa… Eta, halere, narratiba guztiz gailentzen zaie poesiari eta gainerako generoei, eta esan liteke poesia gutxi argitaratu eta are gutxiago irakurtzeko joera areagotu dela. Izan ere, Otamendik berak esan bezala, «motelegi bizi gara poesia irakurtzeko, entzuteko» (Sarasketa, 2002).

Poesia itzuliari dagokionez, Itamar Even-Zoharrek proposatutako Polisistemen Teoriaren arabera kokatuko dugu genero hori euskal itzulpenaren polisisteman. Sistema osatu bat den aldetik, baditu zentroa eta periferia: «While one section of translated literature may assume a central position, another may remain quite peripheral» (Even-Zohar, 1990). Azken hori litzateke poesia-itzulpenak gurean hartzen duen lekua: periferiakoa. Hala berresten dute datuek ere: literatura itzuliaren % 8 baino ez da poesia (López Gaseni, 2009).

Euskaraz sortu nahiz euskarara itzulitako poesia periferian dago, beraz, baina horrek ez du esan nahi elkar elikatzen ez dutenik: esan liteke euskaraz sortutako poesiaren sistema ahula dela, eta horregatik behar direla itzulpenak. Alabaina, guk beste arrazoi sendoago bat ikusten dugu poesia-itzulpenaren atzean. Hain zuzen ere, Even-Zoharrek zera aipatzen du elkar-behar horretan sortzen den dinamikaz: «Creates turning points, that is to say, historical moments where established models are no longer tenable for a younger generation».

Aurrerago argi ikusiko dugunez, sarritan, eredu faltak bultzatu ditu, hain zuzen, hainbat idazle poesia itzultzera: itzultzaileek, hutsune bat sumatu, eta itzultzeari ekiten diote. Modu horretan, gure sistemari arrotzak zaizkion elementuak heldu dira gurera, euskaraz lehenago existitzen ez zen hizkuntza poetiko bat (Even-Zohar, 1990). Gure hutsune horiek zein diren identifikatzeko asmoarekin egin dugu, hain zuzen, orain arte euskaratutako poesiaren analisia.

Euskaratutako poesiaren analisia

Euskal itzulpengintzaren joera nagusiei jarraikiz, poesia ez da ia euskaratu XX. mendera arte (itzulpen-katalogoko 3 lan baino ez, XX. mendea baino lehenagokoak). Areago, esan liteke poesia-itzulpena batez ere 1980tik aurrera garatutako jarduna dela. Monografien kasuan, adibidez, ia % 81 1980ko hamarkadatik aurrera itzuli da. Horren atzean, hainbat faktore topatu ditzakegu, euskal itzulpenari modu globalean eragin diotenak (1968ko urrian euskara batua sortzea, eta 1982an Euskararen Legea onartzea, esaterako), baina, poesiaren kasuan, bereziki nabarmentzekoa da 1980ko hamarkadaren bueltan hasi ziren literatura- banden eragina (Pott, Oh Euzkadi), hain zuzen ere kanpoko literaturak ekartzeari eta itzulpenari eman zioten garrantziagatik.

Halere, nahiz eta azken hamarkadetako joera positiboa izan, euskal poesiak eta euskarara ekarritakoak bere posizio periferikoari eutsi dio une oro. Alde horretatik, gurea ez da inolako salbuespena, munduko literatura-polisistema gehienetan hala gertatzen baita. Hori dela eta, ez da harritzekoa euskaratutako poesia urria izatea kantitatez. Ez soilik urria; gaineratu liteke lagin eklektikoa dela, eta ausazko hautaketa baten emaitza ia. Horrekin esan nahi dut itzultzaileen ekimen indibidualez eta haien gustu eta ideologien baldintzapean eraikitako lagina dugula esku artean. Sarrera honen ondoko analisian ikus daitekeenez, euskaratutako poesia desordenatu samar iritsi zaigu, beraz, XXI. mende honetara.

Analisi honen helburu nagusia poesia- itzulpenaren genero periferiko horrek etorkizunean kontuan izan beharko lituzkeen alderdi batzuk nabarmentzea da, beraz, esku artean daukagunaren gaineko ikuspegi zabal bat eskainita.

Analisia euskarrien arabera banatu dut, alde batetik, monografien kopurua urria zelako, eta, bestetik, ikusi dudalako poesiaren kasuan esangura berezia duela.

Monografien azterketa

Orain arte euskarara itzulitako poesia- lanen analisi bat egite aldera, EIZIEren NordaNor itzulpenen datu-basera jo nuen, informazio-iturririk fidagarri eta osatuena baita. Jakina denez, katalogazioa inoiz amaitzen ez den lana da, eta zaila da datu guzti-guztiak bere osotasunean biltzea. Artikulu honen oinarrian dagoen lana 2016ko ekainean aurkeztu nuenez, datuak ere orduan egindako bilaketari dagozkio (2016ko martxoan).

Nire bilaketak 136 emaitza izan zituen. Aldiz, haietatik hiruk sorburu-hizkuntza ere euskara zutenez, bazter utzi ditut. Ondoren, monografia horien zenbait ezaugarri aztertuko ditut.

Antologiak

133 lan horien artean, jatorrizko 61 testuk ez dute izenik, hau da, kasuen % 45,8k. Kasu horietan, xede-hizkuntzan argitaratutako monografiei erreparatuta, ikus daiteke itzulpenen antologia bat osatu dela, eta, beraz, ondoriozta daiteke ez dagoela jatorrizko libururik bere horretan.

Datu horrekin batera, azpimarratzekoa da izenik gabeko 8 lanek jatorrizko idazle bat baina gehiago dutela. Baliteke jatorrian ere antologiak izatea, baina ia ezbairik gabe ziurta dezakegu probableena dela itzulpen- antologia bat osatu izana gai, hizkuntza edo aro baten inguruan. Hori gertatzen da, adibidez, Antologia: poeta katalan garaikideak eta Antologia: zenbait poeta katalan itzulpenekin, biak ere Gerardo Markuletak itzuliak.

51 itzulpen argitaratu dira antologia gisa. Idazle bakarraren edo idazle baten baino gehiagoren lanek osatutako antologia dela ere, hautu subjektibo baten emaitza dira antologiak, eta, kasu horretan, argi geratzen da itzultzailearen lana ez dela soilik hitzak itzultzea, baizik eta zubi-lana egiten duela; halaber, jatorrizko poetak egindako lanaren atal bat baino itzultzen ez badu ere, lagin hori ahalik eta zabalena izan dadin saiatzen da, ziur asko. Erantzukizun handia izan daiteke hori, euskal poesiaren polisisteman eragin zuzena izan baitezake.

Idazleak

Antologietan soilik ageri diren egileak kenduta, eta kontuan izanda lau itzulpenek jatorrizko egile ezezaguna dutela, 101 egileren lanak itzuli dira euskarara monografia gisa. Errepikapen gutxi dago, beraz; egile bakoitzeko lan bat ia. Honako poeta hauek errepikatzen dira: Virgilio eta Dante (bosna itzulpen); Friedrich Holderlin (3 lan); Charles Bukowski, Katulo, Charles Baudelaire, Felix Maraña, Felix Maria Samaniego, Gabriel Celaya, Jean de La Fontaine, San Juan de la Cruz, Quinto Horacio, Uxio Novoneyra, William Shakespeare eta Homero (bina itzulpen).

Izen horiek ikusita, aipatzekoa da zein bere garaikoa izan arren kanonaren zakutik ateratakoak direla idazle gehienak. Halere, autore bakoitzaren lanetatik egindako itzulpen kopurua ez da proportzionala bakoitzak munduko literatura-kanonean duen pisuarekin alderatuta. Esaterako, Shakespeareren bi lan baino ez daude itzulita, Uxio Novoneyra ezezagunagoaren parean, eta bi egile horiek Mendebaldeko literatura kanonikoan duten itzala ez da berbera.

Fenomeno horren atzean, badago arrazoi nagusi bat: poesia-itzulpenaren kasuan, itzultzaileek berebiziko garrantzia dute beti, eta haien hautuek baldintzatuta itzultzen da egile bat edo beste bat. Baina, noski, itzultzaileak pertsona subjektiboak diren heinean, kanonarekin duten harremana eta harekiko fideltasuna ezberdinak dira. Era berean, itzultzaileen testuinguru soziohistorikoak ere badu eraginik itzulgaien hautaketan, eta garaian garaiko joeren isla ere badira; horrexegatik topatu ditzakegu Shakespeare eta Novoneyra euskaratutako poesiaren katalogoan.

Klasiko handien kasuan, Virgilioren eta Homeroren itzulpenak, esaterako, Ibinagabeitiak, Onaindiak eta beste hainbat itzultzailek XX. mendearen erdialdean landu zuten itzulpen-joeraren emaitza dira. Garai hartakoek klasikoak euskal literatura-sistemara ekartzeko beharra ikusi zuten, eta, alde horretatik, esan genezake kanonari hertsiago lotu zitzaizkiola.

Aldiz, 1980ko hamarkadatik aurrera aritu diren hainbat itzultzailek libreago jokatu dute kanonarekin, eta haien iritziz euskaratua beharko lukeena itzuli dute. Esan liteke, Even-Zoharren hitzetan, turning point bat izan zela 1980ko hamarkadaren hasieran, eta garaiko idazle gazteek eredu berriak bilatu zituztela kanpoan. Adibiderik garbienetako bat Sarrionandia izan liteke.

Beraz, esan genezake euskaratzeko itzulgaiak hautatzeko garaian kanonak baduela pisurik, baldin eta itzultzailearengan eraginik badu. Itzultzaileak, ondorioz, kanona baino erabakigarriagoak dira, eta haien lanak euskal polisistema eraldatzen du. Bestalde, aipatzekoa da itzultzaileek garaian garaiko joeren eraginpean lan egiten dutela, eta euskal poesiagintzan ikusten dituzten (edo ikus ditzaketen) hutsuneek ere eragin handia dute poesiaren euskal itzulpenean.

Itzultzaileak

Itzultzaileei dagokienez, guztira 84 itzultzailek itzuli dute poesia-monografia euskarara. Gehienak bakarrik aritu dira, baina badago kolaborazio-lanik ere. Ez da itzultzailerik nabarmentzen bereziki, nahiz eta batzuk emankorragoak izan diren besteen aldean: Juan Angel Etxebarria (7 lan), Koldo Izagirre (6 lan), Josu Landa (5 lan), Gerardo Markuleta (4 lan), Andima Ibinagabeitia (3), Eduardo Gil (3), Joseba Sarrionandia (3) eta Juan Garzia (2).

Aurrekoarekin lotuta, nabarmentzekoa da itzultzaile emankorrenen artean idazle ugari dagoela. Nire irudipena da joera hori ez dela beste itzulpen-generoetan betetzen, nahiz eta baieztapen horrek azterketa sakonagoa behar duen. Era berean, lan bat baino gehiago itzuli dituzten itzultzaile/idazle horien joerak edo obsesioak nabarmendu egiten dira: Koldo Izagirrek, esaterako, galegotik 3 lan itzuli ditu, argi dago Gerardo Markuletari poesia katalana gustatzen zaiola… Hala, agerian geratzen da itzultzailearen eta itzulgaiaren arteko harremana ez dela batere ausazkoa, harreman intimoa dela; eleberri, saiakera edo antzerki-lan batekiko sor litekeen harremana baina estuagoa.

Idazle eta itzultzaileen generoa

Gure laginean bildu ditugun idazle eta itzultzaileen generoari buruz mintzatuko gara, azkenik. Bildutako datuen arabera, 133 lanetik 15ek baino ez dute jatorrizko egile emakumea. Horiez gain, 2 antologiatan ere ageri dira emakumeak, eta 2 lanen kasuan ezin izan dut zehaztu emakumerik ba ote den egileen artean, informazio falta dela medio. Horrek esan nahi du, antologiak kontuan hartu gabe, monografia gisa argitaratutako lanen % 11,3 dela emakumeek idatzia. Kopuru urria, inondik inora.

Genero-ikuspegitik begiratuta, datu horiek aztertzeko orduan, ezbairik gabe esan dezaket euskaratutako poesiak kanonaren (eta gizartearen) joera klasikoak imitatu dituela; izan ere, emakumeen presentzia eskasa izan da kanonari egiten zaion kritika nagusietako bat. Hala izan da euskal literatura- kanonaren kasuan ere: «% 15 inguru gara emakumeak euskal literaturan, ezta hamarretik bi ere» (Jimenez, 2011), «emakumeen literaturaren booma delako mitoarekin irudi faltsua zabaldu da, hau da, emakume idazle asko dagoela eta nolabaiteko parekotasunera heldu dela» (Ubeda, 2014) eta halako esaldiek agerian uzten dute zein den egoera gurean. Horrek baditu ondorioak gure literatura-sisteman eta itzulpengintzan, hain zuzen ere emakume sortzaileen falta horrek bultzatu baitu itzulpen-jarduera kasu batzuetan.

Itzultzaileei erreparatuta, egiaztatu dut egoera ez dela hobea; aitzitik, emakumeen presentzia oso urria da zenbait eremutan, poesia-itzulpena barne. 84 itzultzailetik 4 dira emakumeak. Ez dira % 5era iristen.

Datu hori harrigarria suertatu zait, bai baitakigu emakumeen presentzia handia dela Itzulpengintzako ikasleen eta itzultzaile arituen artean (EHUko Itzulpengintzako ikasleen artean, belaunaldiko mutil kopurua ez da 10etik igotzen). Noski, aurretiaz ikusi ahal izan dugunez, poesia itzuli duten asko ez dira itzultzaileak. Halere, datu horrek adieraz lezake euskal itzulpengintza kanonikoa, euskal literaturarekin batera, oraindik ere oso maskulinoa dela.

Monografietatik at argitaratutako poesia-itzulpenak

Lehenengo unean asmoa monografia horiek soilik aztertzea izan zen arren, bestelako euskarrietan argitaratutako poesiaren garrantzia ikusita, analisi osatuago bat egiteko ezinbestekoa iruditu zaigu itzulpen solte horiek, aldizkarietan edo/eta sarean argitaratutakoak, aztertzea.

Analisiaren atal honetan, 1.029 lanez osatutako lagin bat izan dut aztergai. Nire lanerako gehien interesatzen zitzaidana azken urteotan itzulitako poesia denez, eta nire ikerlanerako bereziki poesia garaikidea interesatzen zaidanez, lagina mugatu dut.

1980 urtetik aurrerako itzulpenak soilik kontuan hartuta, 691 itzulpen ditugu aztertzeko.1 Monografietan ez bezala, kasu honetan, itzulpenak hiru multzo handitan banatuta daude, euskarriaren arabera: liburuetan argitaratutako txatalak, webguneetan argitaratutakoak eta aldizkarietan argitaratutako itzulpenak ditugu.

Euskarria

Euskarrien gaia garrantzitsua da euskarara ekarritako poesiaz ari garenean; izan ere, «batzuetan lotuta doaz genero eta euskarriak, genero batzuk aldizkarietan edo webguneetan gehiago argitaratu baitira, poesia kasu» (Manterola, 2011).

Gure laginean, 286 itzulpen aldizkarietan argitaratu dira 1980tik aurrera. Historikoki, XX. mendearen ia bukaerara arte aldizkariek berebiziko garrantzia izan dute euskal literaturan, eta hainbat itzulpen argitaratzeko plaza izan dira. Halaber, garrantzi berezia izan dute poesia-itzulpenaren kasuan: «Poesia lanen itzulpenak, bereziki, paperezko aldizkarietan zein web orrietan argitaratu izan dira» (Manterola, 2011). Orotara, 42 aldizkaritan argitaratu dira itzulpenak (Maiatz, Hegats eta Senez, besteak beste), eta, azken 10 urteotan, euskarri horren erabilerak beherantz egin du nabarmen, web bidezko euskarrien gorakada dela medio.

304 itzulpen txatal moduan argitaratu dira, beste liburu batzuetan. Liburu horietako batzuk soilik poesia itzuliz osatuta daude; beste batzuetan, itzulpen solteak ageri dira, testu baten lagungarri. Guztira, 14 liburutan argitaratu dira txatalok, zeinek bere helburua duela.

Euskarri mota horren erabileran, Joseba Sarrionandiak garrantzi berezia du. Izan ere, hiru liburu osatu ditu soilik poema itzuliekin (hainbat sasiitzulpenekin batera): Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak, Hezurrezko xirulak eta Alkohola poemak. Luigi Anselmik ere Bertzerenak argitaratu zuen formatu horretan; Koldo Izagirreren zenbait poema itzuli agertu ziren Ahalegina liburuan, eta Hedoi Etxarteren Ihes ederra irudi-eleberria zenbait poema itzuliz osatua da. Izagirreren, Anselmiren eta Sarrionandiaren kasuan, esan genezake antologia guztiz pertsonalak osatu dituztela, eta susmatzen dugu itzulpen horien helburua ez dela argitaratzea izan; aitzitik, erreferentzia-gosez edo idazle-abilezia entrenatzeagatik egindako itzulpenak izan litezke. Etxarteren lanak, bestalde, poesia itzulia baliatzen du eleberria osatzeko, eta beste elementu batzuekin nahasten du.

Halere, aipatzekoa da formatu horretan argitaratzea ez dagoela edonoren esku; idazle-itzultzaile horiek badute aurretiaz izenik euskal literaturan, eta, beraz, badakite berek itzulitakoarekin osatutako liburuek nolabaiteko oihartzuna izango dutela.

Horrez gain, hezkuntzarako ere itzuli dira poemak, hala nola Literatura Unibertsaleko testuliburuetarako eta Lur Entziklopedia Tematikorako. Logikoa denez, irakasgaiekin zerikusia duten poeten lanak itzultzen dira kasu horietan, hau da, kanonikoenak: Pessoa, Dante, Kavafis, Brecht…

Azkenik, EIZIEk ere hainbat poema argitaratu ditu bere itzulpen-antologietan, txatal moduan.

Webguneetan argitaratutako poemei dagokienez, oraingoz 101 poema biltzen ditu katalogoak. Hiru euskarrien artean poema gutxien dituena da, baina aipatzekoa da gehientsuenak azken 5 urteetan argitaratu direla. Teknologia berrien eraginaren adierazgarri da hori, zalantzarik gabe, eta aurreikusten dugu euskarri horren erabilerak gorantz egingo duela, zenbait arrazoi direla medio: ekonomikoagoa da, zabaltzen erraza, eta edonork argitara dezake online.

Armiarma.eus webgunea nabarmentzen da, ezbairik gabe, baina ezin aipatu gabe utzi Hitzen Uberan, Volgako Batelariak edo Elearazi blogak.2

Gainerako alderdiak

Guztira, 343 idazle itzuli dira monografietatik at. Monografien aldean, esan genezake poeta ezezagun gehiago dagoela. Horren atzean dagoen arrazoia formatua izan liteke: monografia moduan argitaratzen den itzulpena saldu egin behar da gero, eta, jatorrizko idazlearen izena ezezaguna bada, zaila izango da hori. Monografietatik at argitaratuko denez, itzultzaileak berak ez du irakurleengan eta literatura-merkatuan pentsatu beharrik izango, eta libreago egingo du itzulgaiaren hautua.

Halere, kanonikoen presentzia nabarmena da oraindik ere: Shakespeare, Heinrich Heine, Wolfang Goethe, Hermann Hesse, Horazio, Victor Hugo, Pablo Neruda, Ezra Pound, Reiner Maria Rilke… Berrikuntza bat ere badago atal honetan, kantak ageri baitira: Bob Dylan, Lluis Llach, Atahualpa Yupanki, Paul McCartney…

130 itzultzaile inguru aritu dira poesia itzultzen. Asko aurreko atalean azaldu dira, eta izen ezagunak dira; beste batzuk berriz, berriak dira. Esan liteke idazle-itzultzaileen presentzia handiagoa ere badela, eta poesia argitaratutako idazle gazteak ageri dira (Hedoi Etxarte bera, Oier Guillan, Kirmen Uribe, Gotzon Barandiaran…). Monografia oso bat itzultzea lan handia da, eta akaso errazago suertatzen da gustuko poema bat itzuli eta armiarma.eus-en argitaratzea.

Genero-ikuspegitik egindako analisiari dagokionez, monografietatik at kopuruak apur bat aldatzen diren arren, ez dugu erabateko aldaketarik topatu. 691 itzulpenetik 70 dira emakumeek idatzitako poemak: itzulpen-lagin osoaren % 10,13. 343 idazletik 46 dira emakumeak: kopuru osoaren % 13,4.

Itzultzaileei erreparatuta, ehunekoek apur bat egiten dute gora. Guztira, 65 lan itzuli dituzte emakumeek (batzuk elkarlanean). Edonola ere, hasiera batean 21 emakume itzultzaile aritu dira poemak itzultzen, itzultzaile kopuru osoaren % 16,15.

Gure aurreikuspenak bestelakoak ziren arren (kanonarekiko lotura txikiagoa dagoela monografietatik at, itzultzaileek askatasun handiagoa dutela itzulgaia hautatzeko…), genero-kontuak ez dira asko aldatu analisiaren lehenengo ataletik hona. Gainera, atal honetan ateratako kopuruak euskal literaturan aritzen diren emakumeen ehunekora hurbiltzen dira, hau da, % 15en bueltan dabiltza.

Analisiaren ondorioak

Lehenik, esan liteke euskaratutako poesiaren kasuan banaezinak direla itzulgaia eta itzultzailea, hau da, itzultzaileen hautu pertsonalen araberakoa da guk esku artean dugun lagina, euskaratutako poesia itzultzaileen eskutik heltzen baitzaigu zuzenean; akaso, halako literatura-genero txiki batean irizpide editorialek zeresan gutxiago izan dutelako (poesia gutxi saltzen da edonola ere, pentsa lezakete argitaletxeek). Horrez gain, kanonaren eragina badago, baina mugatua da, eta itzultzaileak bizi duen errealitatearen araberakoa.

Itzultzailearen profilari dagokionez, orokorrean, gizonezkoek itzulitako poesia ateratzen da argitara gurean. Gainera, aipatu behar dugu itzultzaile asko poeta ere badirela. Nire susmoa da poesia itzultzea berek euskaraz idazten dutenean sumatzen dituzten hutsuneak edo erreferentzia faltak betetzeko modu bat dela; izan ere, poetek berek dute harreman estuena euskal poesiaren sistemarekin eta haren beharrekin. Haien abilezia literarioa lantzeko ariketa bat izan liteke itzulpena. Edonola ere, fenomeno hori poesia-itzulpenean bereziki gertatzen delako inpresioa dut; eleberrien kasuan, adibidez, ez da horrenbeste idazle-itzultzaile aritzen.

Euskarriei dagokienez, monografietatik at itzulitako poesiak argi uzten du ekimen indibidualetatik abiatuta itzuli dela poesia gehien, eta, ekimen horien indarra biltzeko euskarriak badauden arren (Armiarma, Munduko Poesia Kaierak…), oraindik ere ez dira nahikoa. Teknologia-aurrerapenak direla medio, Internet baliabide ezin hobea dugu halako itzulpenak argitaratu eta zabaltzeko, eta blogak oso baliagarri suerta litezke. Izan ere, aurrean dugun laginaren heterogeneotasuna eta eklektizismoa positiboa da, hutsuneak badituen arren, euskal kulturara askotariko poesia ekartzea bermatzen baitu. Era berean, mundu editorialari lotuta ez dauden euskarriek mesede egiten diote periferiako literaturaren itzulpenari.

Azkenik, genero-kontuei dagokienez, aipatzekoa da bi atalen arteko aldea ez dela aurreikusitakoa bezain nabarmena izan. Hain zuzen ere, idazle eta itzultzaileen generoari erreparatzean hauteman daiteke gehien kanonaren itzal luzea gurean. Ehunekoek azaltzen duten errealitatea ez dator bat euskal itzultzaileen errealitatearekin. Beraz, arrazoia ez da emakumezko itzultzaileen falta.

Aitzitik, uste dugu ehuneko horien atzean badaudela hainbat arrazoi gure gizarteari estrukturalki eragiten diotenak. Lehena eta ukaezinena da euskal poesiaren itzulpena ere patriarkatuaren isla dela: alde batetik, kanonak batez ere gizonak aintzatesteko duen joera imitatzen du; bestetik, literaturan eta haren inguruko jardunean —itzulpenean, adibidez— gizonezkoek duten espazioa eta ikusgarritasuna askoz ere handiagoa izatea ahalbidetzen du gizarte-eredu horrek. Ondorioz, emakumeen literatura eta haien itzulpen-jarduna periferiko bihurtzen da. Euskal literaturan zenbat emakumezko aritzen den, zenbat emakumezkoren lanak itzultzen diren eta zenbat itzultzaile dauden antzekoa izatea oso esanguratsua da, alde horretatik.

Amaitzeko, esan liteke poesiaren euskal itzulpenak baduela zer hausnartu eta etorkizunera begira badituela erronka ugari. Aurreikusten dugu, halaber, euskarriek eta genero-ikuspegia txertatzeak ere garrantzia izango dutela.

Bi kasu zehatz: poesia itzultzen duten emakumeak eta euskarriak

Analisian, etorkizunera begira landu beharreko hiru alderdi azpimarratu ditut: poesia-itzulpena ekimen indibidual gisa, generoaren eta itzulpenaren inguruko erronkak, eta itzulpenak argitaratzeko euskarrien garrantzia.

Atal osagarri honetan, aproposa iruditu zait interesatzen zaizkidan alderdiak lantzeko bi eredu zehatz baliatzea: Itxaro Borda idazle eta (hein batean) itzultzailearena, eta Munduko Poesia Kaierak bildumarena. Bi eredu horien hautaketa guztiz pertsonala izan da, baina inola ere ez ausazkoa.

Alde batetik, Borda oso egokia iruditu zait, gure analisiaren emaitzek azaleratu duten errealitatearen oso bestelakoa delako: emakumea da, idazlea eta itzultzailea, emakumeen poesia ugari itzuli du, lesbiana da, Iparraldekoa… Hau da, euskal gizartearen hegemoniatik aldentzen da, eta, hala ere, esan genezake periferiatik aritzen den idazle kanonikoa dela.

Bestalde, Munduko Poesia Kaierak bilduma ere aztertuko dut; izan ere, esan liteke indibidualki egiten den jarduna, hau da, poesia itzultzea, euskarri bakarrean batzeko saiakera dela. Beraz, Beñat Sarasola bildumaren zuzendariarekin izandako elkarrizketa azalduko dut.

Itxaro Borda

Gorago aipatu bezala, Itxaro Bordak euskal literaturaren eta euskal gizartearen hainbat ezaugarri hautsi ditu. Besteak beste, emakumea, lesbiana eta Iparraldekoa den aldetik, hainbat poematan «frontera edo mugako pertsonaia legez kokatzen eta erakusten du bere burua» (Atutxa, 2010); beraz, esan liteke periferiatik aritu zaigula Borda sarri. Hark egindako itzulpenei dagokienez ere, hautatutako autoreak periferiakoak izan dira askotan (Maria Merçe Marçal, esaterako). Bordak berak idatzitakoaren eta hark egindako itzulpenen arteko harremana hobeto ulertzeko, bereiz aztertuko ditut haren bi alderdi horiek (idazlearena eta itzultzailearena). Bordaren poesia-itzulpenaren atzean zer arrazoi dauden ikusi, eta itzulpen horiek literatura-sisteman izan lezaketen inpaktua aztertuko dut atal honetan.

Idazlea

She is the most prolific creative writer of the French Basque Country; she stands out as the most prolific woman writer of Basque literature. Yet she remains utterly marginal to both the general public and most contemporary accounts of Basque literature. (Gabilondo, 2000)

Nola liteke gure idazle esanguratsuenetako bat sistemaren periferian egotea? Atutxaren hitz hauek adierazten duten bezala, Bordak berak kokatzen du bere burua mugan, periferian: bai gizartearenean, bai literatura- sistemarenean ere. Gehitu liteke, euskal gizartearen arau hegemonikoen isla den heinean, literatura-sistemak berak uzten duela bazter idazlea, hain zuzen ere ez delako arau horietara egokitzen. Halere, idazkien bitartez, arau horiek hausten edo gutxienez arau horiek badirela erakusten saiatzen da Borda, nazio berri bat taxutzeko.

Mugalerro bat planteatzen zaigu: poemako ahotsa ez da haiek. Haiek eliza, militarrak, zementuzko sistemak, apaiz eta emakume kanonikoen euskal Herria. Eta binomioaren alde ilunean zehar nortasun baten bilaketarekin egiten dugu topo. Bordaren obra poetiko osoa zeharkatzen duen identitatearen bilaketa, zeinak ez dien nazionalismo hegemonikoen aginduei, nahitaezko heterosexualtasunari edota genero hierarkiei erantzuten. (Atutxa, 2010)

Identitate literario baten bilaketa horretan, Gabilondok «melancholic migrant» izendatu zuen Borda, eta honako hau gehitu: «Melancholic migrancy (…) defies nationalism’s articulation of “home” while it produces an alternative “nation” that is situated both locally and globally through cultural hybridation» (Gabilondo, 2000). Ondorioz, Itxaro Bordaren identitate literarioaren bilaketak zerikusi zuzena du itzulpenarekin, eta esan liteke bere identitatea osatzeko itzultzen duela. Esan dudan moduan, erdigunekoak ez diren autoreak euskaratu ditu Bordak, eta, horren atzean, Gabilondok aipatzen duen nazio edo kultura alternatibo hori sortzeko saiakera egon liteke.

Esan liteke, beraz, euskal literaturan topatu ez dituen erreferentziak erdaretan topatu eta ekarri dituela Bordak, hibridazio kultural horren baitan.

Itzultzailea

Publikoki onartua ez den hizkuntza batean izkribatzeak, bortxaz itzultzaile bilakatzen gaitu. (Borda, 2001)

Kasu horretan hizkuntzaz ari den arren, esan liteke bere izaera periferikoak —hau da, euskal literatura-sistemaren arauetatik at ibiltzeak, nazionalismo-eredu jakinetatik at, heteroarauetik eta Hegoaldearen gailentasunetik at— bihurtu duela Borda sarri itzultzaile. Itzulpenak euskal idazleen «bakardade kulturala erlatibizatzen» zuela zioen (Borda, 2001), eta gaineratu liteke, bere kasuan, bakardade kultural hori ez dela soilik hizkuntza gutxituan idazteagatik sortu; aitzitik, norma zurrunez araututako gizartearen barruan normatik kanpo bizitzea ere bakardade kulturala izan liteke, eta, beraz, itzulpena horri aurre egiteko tresna. Gauzak horrela, bakardade hori arinduko zioten erreferentziak ekarri izan dizkigu Bordak.

Beraz, esan nezake bere identitate literarioa osatzeko eta sentitzen zuen bakardade kulturala erlatibizatzeko itzuli izan duela Bordak. Ekimen indibidualez itzuli du, bere identitateak literaturan sumatzen zituen hutsuneak beteko zituen erreferentziak hautatu eta gure polisistemara ekarrita. Even-Zoharrek aipatzen zuen lack of repertoire (1990) horri aurre egiteko baliatu du Bordak itzulpena.

Gaineratu liteke lack of repertoire hori ez duela soilik literaturan identifikatu; aitzitik, gizartea eraldatzeko beharra ere ikusi du Bordak, eta eraldaketa hori itzulpenaren bidez egin du, hein batean.

Munduko Poesia Kaierak

Munduko Poesia Kaierak (MPK) Susa argitaletxeak abiarazitako proiektu bat da, eta Beñat Sarasola du zuzendari. Urtero sei ale argitaratzen dira bilduman; hiru udaberrian eta hiru udazkenean. 2017ko martxoan argitaratutako aleekin, beraz, 21 argitaratu dira guztira. Euskarara itzulitako poesia argitaratzen duen bilduma bakarra da, eta, beraz, ezinbestekoa iruditu zait analisian MPKren ingurukoak sartzea.

Orain arte egindako lana bildumaren webgunean dago ikusgai.

Zenbait jatorritako idazleak biltzen dituzte, Mendebaldekoak gehien-gehienak. Idazleetako batzuk sistemaren erdigunetik datozkigu (Emily Dickinson, esaterako), eta beste batzuk kanonaren periferiatik (Maria Merçe Marçal). Idazleen generoari dagokionez, nabarmena da oreka mantentzeko esfortzua: 21etik 9 autore dira emakumeak. Itzultzaileei dagokienez, idazleak gailentzen dira. Halaber, generoari erreparatuta, 6 itzultzaile emakume baino ez ditugu topatzen. Beraz, desoreka hori oraindik ere mantentzen da.

Bildumaren inguruko azterketa laburra egin ostean, Beñat Sarasolarengana jo nuen hainbat alderdiren inguruan sortutako zalantzak argitze aldera. Harekin bildu, hainbat galdera egin, eta hemen laburtu ditut haren erantzunak:

Koldo Izagirreren XX. mendeko poesia kaierak bilduma izan zen MPKren inspirazio-iturria. Izagirrerenean, 40 aletan beste hainbeste euskal poetaren lanak bildu ziren, eta horiek kaleratu ostean amaitu zuten lana. Aitzitik, MPKren asmoa mugarik izango ez zuen bilduma iraunkor eta egonkorra egitea izan da hastapenetatik; ale kopuru jakina, beraz, ez da muga.

Helburu nagusia corpus poetiko itzuli bat ontzea izan da. Corpus horren parte izango diren autoreak hautatzeko irizpideak ez dira oso murriztaileak: XIX. mendearen erdialdetik aurrerako autoreak izango zirela lehenetsi zen, ahalik eta tradizio literario gehiagotakoak, eta (haien tradizio literarioan gutxienez) kanonikoak. Beste baldintza bat ere bada: autoreak hila behar du.

Halere, kanona irekitzeko saiakera ere egin da bilduman, hori baitzen beste helburuetako bat. Hau da, ez da kanona ulertzen Mendebaldeko gizon zuriez osatutako corpus gisa. Gauzak horrela, Emily Dickinson eta Audre Lorde, esaterako, batera daude bilduma honetan. Bata, kanonikoen artean dago poesia amerikarrean; bestea, kritika feministari esker berreskuratu du kanonak, duela gutxi. Alabaina, Sarasolaren ustetan, MPK ez da periferiako edo bazter-bazterreko poesia itzultzeko plaza. Horretarako, beste espazio batzuk sortu beharko lirateke, beraz.

Sarasola eta MPKren inguruan dabiltzanak kontziente dira bildumaren indar kanonizatzaileaz. Euskaratutako poesia hain urria izanik, eta are urriagoa bilduma berean bildutako poesia itzulia, badakite euskal polisistemara ekartzen den edozerk oihartzuna izango duela, bai eta eragina ere. Sarasolak dioenez, baliteke hemendik pixka batera ikustea bildumak zer eragin izan duen poeta gazteengan.

Hasieran ezagunengana jo ostean, itzultzaile posibleengana hurbildu izan da Sarasola, pertsonalki, eta, normalean, itzultzaileari berari eskatu izan dio idazlea proposatzeko. «Poesia itzulpena oso-oso pertsonala da, eta, beraz, itzultzaileak gustuko izan behar du». Enkargua ordaintzeko aurrekonturik ez dagoela eta, «militantzia poetikoagatik» itzultzen du itzultzaileak, eta antologia osatzea ere bere eskuetan geratzen da.

Emakumezko itzultzaileen presentzia eskasari dagokionez, Sarasolak dio ohartzen direla desorekaz. Proiektuaren hasieran, Susaren inguruko jendearengana jo zuten, eta gehienak gizonezkoak ei dira. Ondorioz, «naturalena» gizonezkoengana jotzea izan zela dio. Gaineratu du euskal itzultzaile kanoniko gehienak gizonezkoak direla, eta horrek ere izan lezakeela eraginik. Euskal mundu editoriala eta itzulpena oso maskulinoak dira oraindik ere.

Halere, belaunaldi berrietan emakume gehiago daudela dio, eta emakume horiek aukeratzen dituzten idazleak berdintsuak direla: emakume idazleak, aldarrikatzaileak, kultura-egoera gutxituetakoak (beltzak, adibidez). Azaldu du itzultzaileen eraginak aniztasuna ematen diola bildumari alde horretatik, eta itzultzaileen aukeren eskutik helduko dela aldaketa, bai eta kanonikotasun klasiko eta maskulinotik aldentzea ere.

Itzultzaile berri eta gazteentzako plaza gisa ere ikusten du Sarasolak bilduma. «Susaren poesia bilduma poeta gazteak argitaratzeko lekua izan da; itzultzaile berrientzako ere izan liteke MPK».

Bi kasu zehatzetatik ateratako ondorioak

Periferiaren periferiatik aritzen den poeta bat —Borda— aztertu ostean, argi eta garbi ikus daiteke ekimen indibidualez itzultzea ariketa literario hutsa baino gehiago dela. Idazlea periferian dagoenean, bere errealitatearen eta identitate-literarioaren antzekoak bilatuko ditu beste hizkuntzetan, erreferentziak behar dituelako. Bordaren kasuan, bere emakume-izaerak kokatzen du, besteak beste, euskal literatura maskulino eta heteroarautu baten gunetik at. Ondorioz, argi geratzen da poesiaren euskal itzulpenaren laginean emakumeen kopurua urria izateak baduela eraginik idazle batzuen jardunean. Bordaren kasuan, esaterako, itzultzera bultzatu du horrek. Halere, ez genuke pentsatu behar beste sistemetako idazle periferikoak ez itzultzeak gure sistemaren periferian dauden idazleei soil-soilik eragiten dienik, hau da, gure kasuan, emakume gutxi itzultzeak ez die soilik emakumeei eragiten; aitzitik, gure ustea da itzultzen ez denak ere bermatzen duela polisistemaren zentroan dauden idazle horiek beren lekuari eustea. Beraz, gizarte patriarkalaren eredua poesia- itzulpenean erreproduzitzeak sistema horretan dauden guztiengan du eragina, zuzenean nahiz zeharka.

Bestalde, Munduko Poesia Kaierak bildumaren azterketatik, hainbat ondorio atera litezke: alde batetik, oso ekimen positiboa da, nolabaiteko isolamenduan egiten den jarduerari euskarri finko eta iraunkor bat eskaintzen diolako. Halako bilduma osatu bat gurean edukitzea oso mesedegarria da euskal literaturarako, eta aurreikusten dugu eragin nabarmena izango duela.

Bestalde, bilduman emakumeek (idazle zein itzultzaileek) duten presentziari erreparatuta, eta nahiz eta desoreka gutxitzeko ahaleginak egin, uste dugu nahiko arriskutsua dela genero-kontuetan egin beharreko aldaketa hori itzultzaileen esku uztea eta sistema maskulino bati egoztea desoreka. Itxaro Bordarena bezalako ekimenak txalogarriak diren arren, eta euskal literaturan ezbairik gabe eragina duten arren, generoa kontuan izan beharko litzateke bilduman, are gehiago jakinda haren ahalmen kanonizatzailea handia dela. Halere, bilduma batek ez du sistema errotik aldatzeko ahalmenik, eta positiboagoa litzateke halako euskarri gehiago sortzea (Interneten, aldizkarietan…), desoreka hori aktiboki gutxitzeko.

Ondorio orokorrak

Hasteko, poesia-itzulpenaren osasun- egoerari dagokionez, esan liteke 1980ko hamarkadatik honako ibilbidean poesia euskaratua ez dagoela momenturik txarrenean. Besteak beste, Munduko Poesia Kaierak bildumari esker, esan liteke nolabaiteko sona lortu duela poesia itzuliak gurean: liburuak argitaratzen direnean, egunkarietan agertzen dira; liburuen inguruko errezitaldiak egiten dira… Alde horretatik, bildumak erakusten du poesia itzulia argitaratzeko euskarrien hautaketa erabakigarria dela itzulpenen hedapena bermatzeko.

Periferian egiten den jarduera bati halako plaza eskaintzea oso positiboa da, eta orain arte gurean ezezagunak ziren idazleak aurkeztu dizkigu. Gainera, bildumak poesiaren polisistemaren zentrora hurbildu du itzulpena, eta, Even-Zoharren hitzetan, «it participates actively in shaping the center of the polysystem»; botere kanonizatzailea hartu du, beraz.

Katalogotik ateratako laginaren analisiak argi utzi du poesia-itzulpena jarduera periferikoa dela. Hasteko, gutxi argitaratu eta itzultzen delako poesia, eta, bigarrenik, zer itzuli den ikusita, ausaz egin izan den jarduna delako. Halaber, kasu honetan, idazleen presentziak ere zeresan handia ematen du, idazle-itzultzaileen kopurua ez baita horren handia beste literatura-genero batzuetan. Badirudi testuarekiko lotura edo identifikazio hori handiagoa dela poesian, eta akaso horregatik itzultzen dutela idazle gehiagok. Poesia itzultzen pertsona asko aritu direla- eta, lagin eklektiko eta plural bat iritsi zaigu gaur egunera; beraz, eta hori ere oso positiboa da, periferiari ere utzi diogu txoko bat gurean.

Halere, periferiaz ari garela, esan behar da esanguratsua dela emakumeek zer leku urria hartzen duten polisistemaren barruan, baita kezkagarria ere. Euskal literaturan dabiltzan emakume kopurua eta poesia itzuliaren bueltan dabiltzanena antzekoa da, % 5 eta % 15 artekoa. Beraz, esan genezake arazoa estrukturala dela, hau da, gure polisistema bera bizi garen gizarte heteropatriarkalaren zati bat denez, poesia itzuliak ere eredu horiek erreproduzitzen dituela.

Haatik, Itxaro Bordak urratutako bidetik jarraitzea komeni zaigu belaunaldi berriei. Izan ere, 1980ko hamarkadaren hasieran Bordak identifikatu zuen turning point horretan jarraitzen dugu hein handi batean, genero-ikuspegi batetik begiratuta bederen. Poeta gazteoi aurreko ereduek ez digute balio: ez gizarte-ereduak, ez eta literatura- eredu klasikoak ere. Periferiatik ekin beharko genioke, atzerriko idazle periferikoak gurera ekarri eta eredu berriak geurean txertatu; poesia-ereduak eraldatzeaz gain, gai berriak gizarteratuko genituzke horrela.

Ondorioak amaitzeko, esan nahiko nuke euskarara itzulitako poesiak baduela erronkarik etorkizunera begira: hasteko, uste dugu komeni dela itzulpenak argitaratzeko euskarrien analisi bat egitea. Gaur egun, Internet ezin tresna egokiagoa litzake plataforma berriak sortzeko; izan ere, gure iritziz, euskarri bat baino gehiago edukitzeak mesede egingo lioke aniztasunari. Horrez gain, katalogoa analizatu ostean, uste dugu argi geratzen dela ezinbestekoa izango dela genero-ikuspegia txertatzea gizartearen alor honetan ere. Kanonikotasun klasikotik aldendu eta ahots berriak ezagutzeko plaza ere badelako poesia, eta periferiaren periferian emakumezko ahots asko daudelako zain.


Bibliografia

Atutxa, I. (2010). «Itxaro Borda bestaldetik: mugaldeko identitate baten sorrera». In I. Egaña (arg.) Desira desordenatuak: queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae. 231.-248. or.

Borda, I. (1984). Hogoigarren mendeko emakumeak idazle: antologia eta ohar zenbait. Donostia: Txertoa.

Borda, I. (2001). «Traditore ala?». Hegats 29, 25.-29. or.

Borda, I. (2010). «Itxaro Bordaren poema hautatuak». Senez 40, 1.-26. or.

Euskaltzaindia, ( - ). Literatura Terminoen Hiztegia. http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_xslt&view=frontpage&layout=lth_list&Itemid=474&search=1&lang=eu

Even-Zohar, I. (1990). «The Position of Translated Literature within the Literary Polysystem». Poetics Today 11:1, 45.-51. or.

Frost, R. (1969). Dryden and the Art of Translation. Yale: University Press.

Gabilondo, J. (2000). «Itxaro Borda: Melancholic Migrancy and the Writing of a National Lesbian Self». Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo:International journal of Basque linguistics and philology. Bol.:34, zk.:2. (291.-314. or.)

Jaka, A. (2015). «Itxaro Borda, bortxaz itzultzaile». In Fernandez, B. eta Salaburu, P. (arg.) Ibon Sarasola, gorazarre. UPV/EHU.

Jaka, A. (2012). Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan. Euskaltzaindia.

Jimenez, I. (2011). «Dena da emakumea euskal literaturan». Gara. http://gara.naiz.eus/paperezkoa/20111119/304375/eu/Dena-emakumea-euskal-literaturan Azken kontsulta- data: 2016/05/23

Juaristi, F. (1995). «Hitzaurrea» in Antologia: zenbait poeta katalan. Bizkaia: Ibaizabal argitaletxea. 14. or.

López Gaseni, M. (2009). «Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)», Senez: itzulpen aldizkaria. 37. zk. 299.-311. or.

Manterola, E. (2011). Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko aldaketa. Gasteiz: EHU.

Sarasketa, A. (2002). «Poesiaren ondoeza». Euskaldunon Egunkaria. Begia gehigarria. http://eibz.educacion.navarra.es/creibzw/baliabideak/ega/azterketak/irak_2002_01.htm Azken kontsulta-data: 2016/05/29

Ubeda, G. (2014). «Zein toki du emakumeak euskal literaturan?». Argia. http://www.argia.eus/albistea/zein-toki-du-emakumeak-euskal-literaturan Azken kontsulta-data: 2016/05/25


1. 2016/03/23an Josu Landak emailez bidalitako Excel batetik lortu ditut datuok.

2. Esan beharra dago Elearazi blogeko edukia paperera pasatu eta liburu gisa argitaratu zutela.