Hemen zaude:
 » 
Itzultzaileen Nazioarteko Federazioaren jarrera itzultzaile profesionalen etorkizunaz - INF (itz.: Gotzon Egia)

Inprimatu

Data: 2017ko azaroa

Itzultzaileen Nazioarteko Federazioaren jarrera itzultzaile profesionalen etorkizunaz - INF (itz.: Gotzon Egia)


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Laburpena

Nazioarteko elkartearen jarrera biltzen duen dokumentuaren edukia dakargu, 2017ko apirilean argitara emandakoa. Garapen teknologikoek har dezaketen bidearen aurrean, zenbait neurri proposatzen dizkie dokumentuak itzultzaile profesionalei, hezkuntza erakundeei eta elkarte profesionalei. Jatorrizko ingelesezko eta frantsesezko bertsioak webgune honetan aurkitzen dira.


Zer etorkizun dute itzultzaile profesionalek? Itzultzaileek munduan zehar eratutako elkarteen ahotsa izan nahirik, INFk arreta erakarri nahi luke lanbidearen bilakaerari buruz, izan benetakoa, izan ustezkoa, eta neurri gomendagarriak proposatu.

Joerak

Teknologia aurreratuei esker mundu gero eta interkonektatuago bat dugun honetan, bizkor ari dira nabarmentzen komunikazioa hobetzeko beharrak eta hizkuntza anitzen bitartez jakintza eskuratzeko premiak. Gainera, enpresa asko eta asko abiatu dira nazioarteko esparruan leku bat aurkitzeko lehiara. Itzulpen zerbitzuen eskaria ikaragarri hazi da, ondorioz; are eta gehiago, oraindik, gatazka armatu etengabeen edo aldaketa klimatikoen nahiz beste hainbat gertakariren zorigaitzetatik ihesi doazenen eraginez.

Eskaria bolumenez goratu den arren, itzulpen tarifak beheratzeko eragin-indar handiak ari gara pairatzen. Litekeena da itzulpen esparruko eragile nagusien artean gertatu berri diren bategite edo erosketa prozesuen ondorioz merkatua lehen baino esku gutxiagotan bilduta egotea, eta horrek eragin zuzena izatea tarifetan. Zernahi gisaz, itzulpen lanak azken funtsean itzultzaile norbanako autonomoek egiten dituzte, eta horiek eskubide osoa dute prestakuntza maila gorenari dagozkion ordainsariak jasotzeko.

Garapen batzuk —adibidez, makina bidezko itzulpenak— aitzinamendu handiak egiten ari diren arren, batzuentzat oraindik oso astiro doaz. Itzulpengintzaren esparru espezializatu batzuetan aspaldidanik lanean ari direlarik, sistema horiek, aski sofistikatuak badira ere, kalitate zuzenketa baten beharra izango dute beti, mantentze lan nabarmenak eta erabiltzaile guztien etengabeko heziera.

Batzuen iritziz, etorkizun batean, sare neuronaletan oinarritutako ordenagailuek aurrea hartuko diote giza adimenari. Balizko egoera hori iristen bada, jakina, gaur egungo lanbide guztiak geldituko dira zaharkituta. Ikusteko dago, noski, halako egoera batera inoiz iritsiko ote garen. Berehalakoan, baina, itzultzaile profesionalek garrantzizko eginkizun bat izango dute, makinek ez baitute bereganatu, oraingoz, gizakion sormena edo sena. Itzultzaile profesionalek ez dute etsiko figurante huts izatera, makinek egindako itzulpenen postedizioen orraztaile soil izatera. Guztiaren gainetik, itzultzaile diren heinean, giza hizkeraren degradazioari aurre egiten diote, kalitate maila gorena bermaturik.

Neurriak

Aipatu ditugun joeren aurrean eta bezero guztiz aldagarrien eskakizunei erantzun nahirik, itzultzaile profesionalek egokitu egin behar dute, sortzaile izan behar dute, eta azken teknologia hoberenetan oinarritu behar dute negozio eredua. Askotariko balio erantsiak eskaini beharko lituzkete, edo itzulpen zerbitzuak eskaintza zabalago baten barruko ataltzat hartu. Ideia berriak ez ezik, berritzaileak ere behar ditugu.

Itzultzaile bakartiaren irudi tradizionala aldatzen ari da, zalantza gabe. Espezializazioa, talde lanean oinarritutako ikuspegia eta itzulpen tresnak etengabe hobeki ezagutzeko grina nahitaezkoak izango ditu aurrera egin nahi duenak itzulpenaren industria honetan. Hain zuzen, itzultzaileek indar egin behar lukete tresna horien garabidean eraginik izateko eta, orobat, datozen hamarkadatan erabili beharko dituzten tresna berrien sorkuntzan parte izateko.

Berriro ere, profesionaltasunaren garrantzia azpimarratu behar da. Kalitate arauak garrantzizkoak izan daitezke, bezeroei emandako zerbitzuen kalitatea bermatu eta agerian jartzeko metodo fidagarri bat izan daitezkeen neurrian, baina argi dago itzultzaile lanen kalitatea bermatzeko ezinbestekoak direla itzultzaile esperientziadun eta behar bezala trebatutakoak.

Itzultzaile profesionalek eginahalak biderkatu behar dituzte, beraz, zerbitzu emaile gisa duten eginkizunetan aintzat hartuak izan daitezen, eta itzulpengintzaren banalizazioari aurre egin diezaioten. Bestela esanda, ahalegindu behar dute itzulpen zerbitzuak lan ordutan edo proiektutan oinarrituta fakturatzen, eta ez hitzen, lerroen edo orrialdeen itzulpenean. Eraginkortasun are eta handiago batera jo behar dute. Era berean, talde lanera jo behar dute, bolumen handiagoko itzulpen lanei aurre egin ahal izateko.

Are eta gehiago oraindik, itzultzaile profesionalek hizkuntza zerbitzuen aholkulari gisa jokatu behar lukete, edo hizkuntz kontseilari gisa, bezeroei orientabide zuzenak emanez zeregin berezietan ikusmolde zorrotzagoa izan dezaten, eta itzulpen metodo desberdinen alde on zein txarrak azalduz.

Itxura guztia du soslai profesionalak ere arrunt aldatuko direla. Eremu batzuetan, itzultzaileen eta interpreteen zereginak bat egin dezake, «itzul-interprete» figura berri bat sortzeko. Beste esparru batzuetan ere, «itzul-editoreak» edo «itzul-kazetariak» izan daitezke lanbide berriak. Itzultzaile profesionalek ahalegina egin behar dute orain arteko eginkizun tradizionaletatik atera eta jarduera esparru berrietara jauzi egiteko, ogibidea haietan aurkitzeko, norberaren espezializazio eremuak hobeki definituta.

Eskakizunak

– Hezkuntza erakundeentzat:

Itzultzaileak hezteko ardura duten unibertsitateek eta erakundeek ere errotik egokitu behar dituzte hezkuntza programak, ikasleak behar bezala prestatzeko ingurugiro guztiz aldakor honetara. Ikasleei kualifikazio egokiak eskaini behar dizkiete transorkuntzan, lokalizazioan eta giza itzulpengintzaren beste alderdi menderagaitzetan gai izan daitezen, itzultzaile orok behar duen oinarrizko gaikuntza baztertu gabe, noski.

– Elkarte profesionalentzat:

Itzultzaile norbanakoen ahots diren heinean, elkarte nazionalek bezala nazioartekoek ere lan handia egin behar dute zentzuz azaltzeko erakunde politikoei eta publikoari, oro har, zenbateraino den garrantzizkoa eta beharrezkoa kalitatea itzulpengintzan. Gainera, bazkideei informazioa eta prestakuntza eskaini behar diete, merkatuaren bilakaera berriei egokituta.

Ondorioa

Egoera aldakor hori zenbaitzuek mehatxutzat hartzen badute ere, itzultzaile lanbidearen etorkizunaren gakoa izango da gai izango ote garen aipatutako joera guztiak aukera berri bihurtzeko. Bilakaera honek eskatuko die itzultzaileei profesionaltasuna eta espezializazioa oraindik ere gehiago indartzea, hizkuntza aholkulari gisa jokatzeko zeregina aintzat hartzea eta egokitzapen nahiz malgutze gaitasun handia erakustea.


1. Gotzon Egiak euskaratua.