Ondo josi gabeko ohar batzuk
Koro Navarro

Donostia 2016k karta zurietako bat eman zionean, Anjel Lertxundik sei lagun idazle eta itzultzaile bildu zituen Donostian, hizkuntza ez-hegemonikoetako literaturaren eta haren etorkizunaren inguruan gogoeta egitera, globalizazioaren eraginpean dagoen testuinguru kulturalean: Demagun ehun urte barru zuen izena proiektuak, eta, hartan, lehen mailara atera zen itzulpenaren auzia. Bestalde, itzal handiko euskal idazle zenbaitek, Lertxundik berak, Atxagak, Sarasolak–, azkenaldi honetan bereziki, itzulpenaren garrantzia azpimarratu dute. Horri guztiari buruzko gogoetak eman dira idatzi honetan.

Orain pare bat hilabete-edo, EIZIEk eskatu zidan ea idatziko ote nuen zerbait Senezerako; eta, egun berean kasik, Demagun ehun urte barru proiektuaren harira antolatutako mahai-inguru batean parte hartzeko proposamena egin zidaten. Hala, ohar hauek idatzi nituen itzulpenaren inguruan, mahai-inguruan esateko, aukerarik izanez gero (gero, gauzak beste bide batzuetatik joan ziren, baina tira), eta EIZIEren eskaerari erantzuteko. Ohar solte samarrak dira, azken denborotan itzulpenaz esan direnak gogoan hartuta sortuak.

Demagun ehun urte barru Anjel Lertxundik gidaturiko proiektu bat da, Donostia 2016ren harira sortua: sei lagun –jatorri eta hizkuntza desberdineko idazle eta itzultzaileak: Javier Cercas, Karlos Cid, Marie Darrieussecq, Adan Kovacsics, Miguel Sáenz eta Raul Zelik– bildu zituen Lertxundik Donostian, hizkuntza ez-hegemonikoetako literaturaren gainean gogoeta egitera, globalizazioaren eraginpeko testuinguru kulturalean. Gogoeta haiek liburu batean azaldu dira duela gutxi1. Liburuaren aurkezpena zela-eta, 2017ko maiatzaren 11n, mahai- inguru bat egin zen, Donostiako Tabakaleran, eta hantxe elkartu gintuzten Xabier Olarra, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano eta ni, Demagun… liburua zela-eta.

Liburua osorik da interesgarria, eta interesgarriena, dudarik gabe, ugaritasuna da, jatorri eta hizkuntza desberdineko idazleen eta itzultzaileen iritziak alderatzea.

Puntu batzuk nabarmenduko ditut hemen, itzultzailearen ikuspegitik ene iritzian interesgarrienak izan litezkeenak. Esate baterako, zenbaiten iritziz, abantaila da euskaraz idaztea/itzultzea.

Javier Cercas:

(…) si yo fuera un escritor en catalán (o en vasco), pensaría que precisamente por eso en inglés ya está todo o casi todo dicho, que en inglés es más fácil decir cosas que en catalán o en vasco pero más difícil decir cosas que aún no se han dicho, pensaría que el inglés ha conocido casi infinitas transfusiones y que en esa lengua ya es muy difícil decir cosas nuevas, mientras que en catalán (o en vasco) todo está por decir, todos los mestizajes y revoluciones están por hacer y por tanto todo es posible. (183. or.)

Karlos Cid Abasolo:

Ni zorte oneko izan nintzen, euskarari esker merkatu-nitxo bat aurkitu bainuen: Madrilen euskara irakasle, eta aisialdian txekieratiko euskaratzaile. Konkurrentziarik ez. (55. or.)

Diruaz hitz egitea itsusi samarra bada ere, nire azken itzulpenagatik eman zidaten portzentajea hogei aldiz handiagoa izan da nire lankide Juan José Ortegak eta nire lankide ohi Martin Lexelek espainierara egindako hiru itzulpenengatik jaso zutena baino. Aitor dut, dena den, trilogia horretatik (Milenium) hiru milioi… ale gehiago saldu zirela Miroslav Holuben poemen nire itzulpen horretatik baino. (57. or.)

Portzentajean dagoen aldeaz gain, kontuan hartu behar da nire izen-deiturak ageri direla, itzultzaile gisa, poemen antologia horren liburuaren azalean bertan, eta, oro har, euskal argitaletxeek hala jokatu ohi dutela itzultzaileokin, ikusezintasunetik erreskatatzen gaituztelarik. Martin eta Juanjo, ordea, ez ziren holako ohorearekin sarituak izan. (58. or.)

Beste alde batetik, beste artikulu batzuk irakurrita (Miguel Saénz, Marie Darrieussecq, Raul Zelik), irudipena sortzen zait euskara oraindik ere, kanpotik, bitxitxo baten gisa ikusten dela, gauza exotiko baten moduan, idazle eta itzultzaile (eta pertsona) exotikoen ahotan dabilena. Eta halako batean bitrina batean gorde beharko dena… Ez dut uste guk geure burua edo gure lan- tresnak –hizkuntza, besteren artean– batere exotiko edo batere moñoño ikusten ditugunik.

Saénzek, nonbait, gaztelaniatik eta gaztelaniara (bakarrik) itzultzen dela pentsatzen du, liburu itzulietan itzultzailearen izena agertzeaz ari dela dioenez:

Desde entonces, algunas editoriales se han convencido ya de que el traductor, ese supuesto fantasma, debe figurar de algún modo visible en las obras que traduce. Y he visto con agrado que eso es lo que suele ocurrir en las traducciones del euskera al español y del español al euskera. (231. or.)

Darrieussecq-ek bere burua «euskal etorkiko idazle frantses europar» gisa ikusten omen zuen, baina gero konbentzitu zen «euskal idazlea» zela, frantsesez bakarrik idatzi arren. Artikuluaren titulua bera adierazgarria da: «Euskara, Mekong, zuluak eta ni». Eta honela azaltzen du bere ikuspegia:

Euskaldun izateak halako etxekotasunaz ikusarazten dizkizu herri ttipiak, edo lurralde jakinik gabeko herriak, hala nola Nigeriako igboak, kurduak, ordoki zabaletako indiarrak, edota Hego Afrikako zuluak… (71. or.)

Raul Zelik alemaniar-euskaldunak, berriz, globoaren erdia zeharkatu omen zuen idazlearen xerka, euskaratik itzuli zuen liburuko zalantzak argitzeko...2

Guri dagokigunez, hori baino garrantzitsuagoa, honelakoak esaten ditu:

Betiko leloa da itzulpenak egokitzapenak direla esatea. Horrek, dena den, euskaratik eginiko itzulpenetarako balio du, bereziki. Dena birpentsatu zitekeen, birpentsatu behar zen. Segalaria benetan Schnitter al zen, edo gutxienez esaldi batean zirriborratu behar al zen egoeraren funtsa? Alemanez Schnitter hitzak ezer baino lehen herio dakar burura, Erdi Aroko irudi bat, segaz bere biktimaren bila doanarena (...). (114.-115. or.)

Bada, segalari hitzak ez dakit, baina, nire ustez, sega hitzak euskaldun askori herio/ heriotza dakarkigu gogora, dagoeneko makinaz egiten den eta gutxitan ikusten dugun soroetako sega-lana baino gehiago: «Athor, herioa athorkit honera / Bizi gaitz huntarik nere lexatzera / Herioa dathor itxura txarrean. / Bere sega latza daukala soinean (…)».3

Interesgarriagoak dira guretzat, inondik ere, Cercasen eta Ciden iritziak. Abantailak aipatzen dituzte; desabantailak ere badira, nola ez, baina aurrerago hitz egingo dugu horretaz.

Cercasek eta Cidek aipatzen dituztenez gainera, bada beste abantaila bat ere azpimarratu beharrekoa: euskal idazle handiak (handienetakoak) itzulpenaz hizketan hasi dira, itzulpena goraipatzen, itzulpenaren –itzulpen onaren– premia azpimarratzen.

Anjel Lertxundi (Karlos Cidek Demagun… lanean aipatua):

Nire ustez, edozein erdaratako literatura euskarara itzultzeak ez du izan, salbuespenak salbuespen, euskal idazle gehienen sostengu eta aitortzarik, eta esan behar dut (…) Anjel Lertxundi salbuespen militantea dela. (59. or.)

Ibon Sarasolak, bere Bitakora kaiera liburuan, bere azken urteetako eboluzioa edo bidaia dela-eta, honela dio:

Bidaia horren aurretik idazleak eta itzultzaileak leziatzen nituen; orain, bidaiaren arian, euskal idazle eta itzultzaile onek leziatu naute ni eta erakutsi didate zein den bidea euskaraz ongi idazteko. (156. or.)4

Bernardo Atxaga (Karlos Cidek Demagun… lanean aipatua):

Gure hizkuntzak gure utopia lortzea nahi badugu, giltza jakin batean jarri behar da arreta guztia, eta haren izena da itzulpena, itzulpenaren kalitateak erabakiko baitu gure hizkuntzaren egoera. (59. or., oin- oharra).

Hemen esan behar da Atxaga itzulpenaz ari dela oro har, ez itzulpen literarioaz. Eta itzulpen orokor horren kalitateaz. Urte honen hasieran Berrian agerturiko elkarrizketa sonatu samar batean, hala zioen, besteak beste (2017, urt. 8):

Hizkuntzarekin daukagun arazorik handiena itzulpenarena da. (…) Bakarrik esaten dut gizarte batek, Jaurlaritza batek, botere publikoek antolatu behar dutela itzulpenaren kontua. Oraingo egoera erokeria bat da. Hor dugu puntu izugarri ahula eta kritikoa. (…) Ez naiz ari itzulpen literarioez, hori amateurren kontua da ia; geuk egiten dugu. Baina besterik da biologiako testu bat, milaka haurrek irakurriko dutena, edo errotulazioak, edo administrazioko testuak… Itzulpenarena estatu auzi bat da: behar luke aparteko kontseilaritza bat, eta behar bezala antolatzeko plan orokor bat.

Nire iritzian, arrazoi osoa du Atxagak. Gure munduan, euskal itzultzaileon artean, itzulpen literarioa dago lehen mailan; besteak ia aipatu ere ez dira egiten. Eta beste horiek dute pisurik handiena, eta, askotan, kalitaterik txarrena. Itzulpen literarioa, gehiena zaintzen den hura, anekdotikoa da. Besteak dira gizartera kopuru handitan heltzen direnak; eta denok dakigu, profesionalok batez ere, zeinen eskasak izaten diren askotan. Beraz, behar-beharrezkoa dela uste dut Atxagak aipatzen duen plan orokor hori. Edo horrelako zerbait.

Ildo horretatik, beste kontu bat ere aipatu nahi dut hemen: haur- eta gazte- literatura. Itzulia eta itzuli gabea. Merkatu handi bat dago hor, baina nolabait ere bigarren mailakoa, eta ez zaio duen garrantzia ematen. «Bezeria gatibu» batentzat delako? Umetxoak, inguratzen dituzten heldu-samalden opariz gainezka; gazteak, eskolak irakurtzera behartuak… Txikienen kasuan, irudipena dut asko begiratzen zaiola irudiari, eta gutxitxo edukiari; eta, ipuinak umeentzat direnez, zer esaten den (eta nola) ez da nonbait hain inportantea. Egin ezazue proba: irakurri zenbait liburu ume txiki bati (ozen, jakina), ea zer pasatzen den. Kontalariaren asmamena, inprobisazio-ahalmenak garatzen direla; horra zer pasatzen den.

Desabantailarik handienetako bat, itzulpenaren kasuan, jendearen mesfidantza da. Hori ere psikopatiaren bat-edo izan daiteke, Juan Garziak esango lukeen bezala. Argitaratzaileek kontatzen dute: eskaini itzulpen bat irakasle bati, eta haren erantzuna: «Nahiago gureak». Aditu izan dut argitaletxe batean esaten euskal literaturan genero berri bat sortu dela: epika, lirika, antzerkia… eta itzulpena. Komentariorik ez… Alde horretatik, beraz, itzulpena –itzulpenaren izen ona– zabaldu nahi bada, gutxi izango dira era guztietako eginahalak eta ekimenak.

Eta beste desabantaila bat, niretzat –nire jardunarentzat, esan nahi dut–, hizkuntza bera da. Izan ere, hainbeste erakunde, hainbeste arau eta aholku, eta oraindik ez dago behar bezala deskribatua.5

Puntu honetan, merezi du Sarasolaren liburuaz jardutea (eta haren atzean partez dagoen Kepa Altonagaren Back to Leizarragaz).6

Lehendabizi, euskara batuari eta euskalkiei dagokienez: gai horrek ere ez luke behar komentariorik, baina behar du nonbait; hain dira ergelak batzuk. Sarasolaren hitzek zenbait pertsona eskandalizatu ditu, baina ez zait iruditzen hainbestekoa denik. Besteak beste, terminologia-arazo bat dago, nik uste.

Honela dio Sarasolak:

"euskalkiek, bizpahiru belaunalditan, euskalki izateari utzi behar diote eta euskara batuaren aldaera huts bihurtu" Andaluziako edo Argentinako espainiera espainiera estandarraren aldaerak diren bezala. (73.-74. or.)

Eta aurrerago:

Azken batean, Oñatin oñatiera, eta Usurbilen usurbilera erabiltzea –jardun pribatutik kanpo, jakina–, folklorea da. Folklore hori ahalegin osoz konbatitzen saiatu ginen gu, euskara batua ederki kostata eraiki genuenean, folkloreak ez zuelako inongo interesik hizkuntza nazionalarentzat.

Euskalki/aldaera artean zer alde dagoen? Batzuetan, ez oso handia, esango nuke nik. Eta jardun pribatua ere aipatzen da. Negargarria ere gertatzen da euskara batua jardun publikoan erabiltzekoa dela hainbeste aldiz esan beharra. Alde horretatik, argigarria da Aupa Etxebeste filmeko anekdota hau (73 or.): une jakin batean euskalkia erabili, «ikuslea hurbiltzeko», eta ia inork ulertu ez…

Hona zer dioen Santi Leonek (Maite ditut, maite, gure euskalkiak, batua estaltzen didatenean):7

Koldo Zuazok errana da euskalkiak sentimenduak adierazteko behar direla; beraz, heldutan euskara –euskara batua, erran nahi baita– ikasi dugun guziok hobe genuke gaztelaniara bueltatzea, zernahitarako balio duen hizkuntza hura utzia baitugu sentimendu kontuetan maingu dabilen hizkuntza baten truke.8

Eta gure 'itzultzaileon' desabantailarik handiena: hizkuntza bera, euskara eta euskararen egitura. Hiztegia, gramatika: hutsuneak, eskasiak, urritasuna, akatsak, okerrak, zalantzak, zalantzak. Euskaltzaindiaren arauak, EIMAren arauak eta ia-ia buruz ikasi beharreko zerrendak, Juan Garziaren teoriak/aginduak/debekuak.9 Sarasolarenak. Erderismoak. Garbizalekeria. Sukaldatu desegokia iruditzen zaidala esaten dudanean, garbizalea naiz?10 Eta Hori da postre aditzen dudanean, edo Dago Ines, zer? Ez al da belarria gramatika?11 Argi dago, nik uste, garbizalekeria ez bada, garbizaletasuna behar-beharrezkoa dela itxurazko zerbait egiteko, zuzen-zuzenean kaosera joan nahi ez badugu, ez baitago urruti.

Zeinismoari eta antzeko egiturei dagokienez, erabat ados nago Sarasolarekin eta Altonagarekin. Altonagarekin, zenbait itzulpenen/adieraren zehaztasun-falta aipatzen duenean. Arazo larria da adjektibo erreferentzialen falta, hitz elkartuak bultzatuz konpondu nahi izan dena; baina formula horiek, askotan, gauzak (esanahiak, edukiak) konplikatu besterik ez dute egiten. EHUren webgunean oraintxe ikusia: Arkitektura Unibertsitate Masterra. Gaztelaniarik gabe, asmatuko genuke zer den?

Itzulpenaren harrera. Hemen ere, Atxaga gogoratu behar dugu, bereziki «euskal maskara» aipatzen duenean; alegia, salmenta eskasa eta kritika falta. Egia da maskara hori existitzen dela, baina bada «erdal maskara» bat ere. Eta ez bedi kontsolamendua izan, ez bada pentsatzeko honetan ere ez garela espezialak; kontsolamenduarekin edo kontsolamendurik gabe, arazoak bere horretan dirau.12

Normala ote da euskal itzulpenean egin den lanik handienetako batek, edo handienak, aipamenen bat edo beste kenduta, Olarrak itzulitako Ulisesek, batere oihartzunik ez izatea ez irakurleen ez itzultzaileen artean? Larriagoa da hori, nire ustez, salmenta-datu kaskarrak baino.

Eta salmenta-datu kaskar horiek… hain harrigarriak dira? Ez. Ahaztu best-sellerrak. Horiek bestelako kasuak dira, bestelako balio bat dute; ez ditut gutxietsi nahi, baina ez dira luzaroan iraungo duen literatura. Gu beste alor batean gabiltza, eta salmenta-datu kaskarrek inondik ere ez dute esan nahi egin behar ez direnik gutxi saltzen diren itzulpen horiek. Nahitaez egin behar dira, eta ondo, gainera, batez ere Literatura Unibertsalekoak. Baina ez horiek bakarrik, baita liburu garaikideak ere. Merkatuak, berez, ezin dio eutsi halako ekoizpen bati, eta, alde horretatik, ereduzkoa eta mirestekoa da Igela, Pasazaite eta Meettok argitaletxeen lana. Euskara bultzatzen segitu nahi badugu, euskal prosa taxutu eta tankeratu beharko dugu: horixe da bide nagusietako bat.


1. Anjel Lertxundi (koor.); Demagun ehun urte barru, Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioa eta EIZIE, 2017.

2. Aitortu behar dut ez zaidala hain ideia txarra iruditzen. Baldintzak aztertu behar, itzulpena entregatzeko epeak, etab.

3. Leonce Goietxe, Fableak edo alegiak, 1852. http://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/G/GoietxeFableak005.htm

4. Ibon Sarasola, Bitakora kaiera, Erein, Donostia, 2016.

5. Esate baterako, ez dago oraindik guztiz argi haren/bere/beraren arteko aldea, eta, hortaz, ezta erabilera ere. Antzeko kontuak daude erlatiboekin ere.

Erlatiboak direla-eta, aipatzeengatik (hau da, «por alusiones»), esaldi honetan: Laurak, beti oso txukun orraztuta dabilenak, esan zidan azkenean zer ile-apaindegitara joaten den. Ez da bereizten zer esan nahi den: Laurak, beti oso txukun orraztuta dabilen (emakume, irakasle, dendari…) horrek, esan zidan azkenean zer ile-apaindegitara joaten den; edota Laurak "oso txukun orraztuta dabil beti" esan zidan azkenean zer ile-apaindegitara joaten den.

Susmoa dut bigarrena esan nahi dela (hau da, zein batekin primeran joango litzatekeena), baina ez du esaten. Ezta bestea ere, seinalatzekoa alegia. (Ik. Bitakora kaiera, 107. or.).

6. Kepa Altonaga, Back to Leizarraga, Pamiela, 2015.

7. Santi Leoneren artikuluari ez ezik, merezi du komentarioei begiratu bat egitea, eta ikustea, beste (leku eta okasio) askotan bezala, solasak nola egiten duen segituan eztabaida aldera aurrena eta borroka eta deskalifikazio zakarrenera gero.

Horretan ere ez gara batere originalak, jakina. Argitaratu berria da Andaluzian Er Prinzipito, Huan Porrah izeneko batek itzulia. Liburuaren egilea, berriz, hara, Antoine de Saint-Exupéry jauna da.

8. Aipatu behar dut hemen Iñaki Segurolaren kasu zelebrea. Euskarari dagokionez Sarasolak aipatzen dituen hiru idazle hoberenetako batek (Lertxundi eta Atxaga dira beste biak) hamaika testutan frogatzen du euskara batua ezin aberatsagoa, ezin adierazgarriagoa, ezin jori eta ezin emankorragoa dela... euskalkien alde (edo) eginez.

9. Bakoitzari berea: ezin hemen aipatu gabe utzi Juan Garzia joskerari eta testugintzari buruz egiten ari den ikerketa- eta zabalkunde-lan handia, ekarpen berria eta aberasgarria, beti ondo ulertzen ez den arren, sarritan arau-balioa ematen baitzaio halakorik ez duenari.

10. Analogiaz sortua omen da sukaldatu. Analogia, zerekin? Berotu edo hozturekin? Ez, bero eta hotz adjektiboak dira. Oparitu? Hurbilxeago, baina ezta ere, oparia egin da-eta. Gelaratu? -ra- horrek traba egiten digu, ordea. Cocinar-ekin ikusten dut nik parekotasuna: cocina-cocinar, sukalde-sukaldatu.

11. Josu Zabaletaren hitzak, Bitakora kaieran aipatuak. (9. or.).

12. Ikus Ignacio Sánchez-Cuencaren La desfachatez intelectual (La Catarata, 2016), liburu guztiz interesgarri eta argigarria. Une batzuetan, Sánchez-Cuencarenek Atxagaren hitzak dirudite, baina talde askoz ere zabalago bati aplikatuak.