Hemen zaude:
 » 
ItzulBaita

ItzulBaita


Historia

Itzultzaile profesionalen esparrua gainditzeko xedez abiatu zuen EIZIEk, 2006. urtean, ItzulBaita proiektua. Jabeturik itzulpengintza jendarte osoari etengabe eragiten dion jarduna dela eta maiz eman nahi zaion kultur ikuspegi murritza luzaz gainditzen duela, eragile askotarikoekin batera lan egiteko egitura sortu beharra ikusi zen, eta hala sortu zen ItzulBaita.

Irunen aurkeztu zen jendaurrean, 2007ko urrian, eta, orduan azaldutako moduan, arnas luzeko egitasmo baten hazia izan nahi zuen, Euskal Itzulpengintzaren Erreferentzia Zentroarena, hain zuzen ere.

Euskal itzulpengintzaren etxea, erreferentzia gunea eta antena izan nahi zuen hori, alabaina, pausoka eraikiz joan zen, eta, hasteko, EIZIEren barruko atal autonomo gisa jardutea erabaki zen.

Hastapen horietatik 2012ra bitartean, hala jardun zuen, eta zenbait proiektu abiatu eta garatu zituen (proiektuak eta ekimenaren beste ezaugarri batzuk beherago azaltzen dira zehatzago).

Bestelako eragile batzuk ere bilduko zituen egitura beregaina eratzeko aukerak eta moduak aztertu ziren denbora horretan, baina EIZIEren beraren ahalak eta momentuko egoera soziala eta ekonomikoa ikusirik, ez zen bideragarria ikusi, eta, 2013an, ItzulBaitaren jardun osoa EIZIEren ohiko egitura eta plangintzetara ekarri zen, Proiektu Bereziez arduratzen den atala sortuz. Horrekin batera, ItzulBaitaren webgunean zeuden eduki guztiak EIZIEren webgunera ekarri ziren.

Proiektuak

Jendarteari zabaldutako proiektuak garatu ditu ItzulBaitak, bai eta EIZIEri begirako ekimenak eta dinamikak sustatu.

Garatutako proiektuak, hauek izan dira:

2007

2008

2009

2010

2011

Horrez gain, 2012-13az geroztik eskaini den Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoa sortzeko lanetan parte hartu zuen –EIZIEren ordezkari modura–, eta NordaNor euskal itzulpengintzaren datu-basea abiarazi zuen.

EIZIEri begira, berriz, 2008-09an garatutako gogoeta prozesua gidatu zuen ItzulBaitak, eta, bere txikian, I+G+B ikuspegia sustatu du elkartean.

Ekimenaren ezaugarriak

(Informazio gehiago SENEZ aldizkariko artikulu honetan: ItzulBaita, euskal itzulpengintzaren erreferentzia zentroa)

Hasieran aurreikusitako egituratzea lortu ez bazuen ere, jardun zuen bitartean helburu eta ezaugarri jakin batzuei erantzuten saiatu zen ItzulBaita, eta garrantzitsua iruditzen zaigu horiek gogoratzea.

Ezaugarriei dagokienez, honako hauek aipa daitezke:

Osagarritasuna. Egon dagoena uztartu eta osatu, ez inoren lana oztopatu edo ordezkatu.
Malgutasuna. Behar eta egoera berriei egokitzeko gauza izan. Itzulpengintzaren inguruko ekimenak diseinatu, eragin, kudeatu eta gizarteratu.
Zeharkakotasuna. Zeharkakoa gizarte arloei dagokienez (industria zein literatura), zeharkakoa eragile eta lankideei dagokienez (unibertsitatea zein telekomunikazioetako enpresak).

Antolatzeari eta lan egikerari dagokienez ere, oinarri argiak ezarri ziren hasieratik:

Azpiegitura arina. Beharrak antzeman, proiektuak diseinatu, eta finantzazio eta kudeaketa bideak bilatzeko behar den azpiegitura, ez etengabe hazten dena.
• Halako egitura arinak eta etengabeko elkarlanak ezinbestekoa du lan modu jakin bat, non egitasmo eta prozesuak itxiak, partekatuak eta zehatz dokumentatuak izango diren.