Hemen zaude:
 » 
 » 
Topaketak Bulgarian (Itzultzaile Berriak) - 2018

Topaketak Bulgarian (Itzultzaile Berriak) - 2018

Itzultzaile Berriak programaren harira iaz Eslovenian ibili ondoren, aurten Bulgarian izan gara EIZIEko hiru ordezkari 2018ko urriaren 17tik 19ra, itzulpengintzak literaturaren garapenean eta euskal kulturan duen garrantziaren berri emateko, besteak beste.

Hiru egun oso egin genituen Bulgarian Garazi Arrulak, Elizabete Manterolak eta Arantzazu Royok, horietako bi Sofian eta hirugarrena Plovdiven. Lehen egunean, hilak 17, Sofiako Unibertsitateko Kazetaritza Fakultateko Alma Mater irratian izan ginen, eta 20 minutu inguruko elkarrizketa egin ziguten. Egunero saio bat egiten dute, eta gainontzeko denboran musika klasikoko irrati batekin sintonizatzen dute. Elkarrizketatzaileak esan zigunez, bulgarierara itzulitako liburuak promozionatzera joan diren euskal idazleak izan dituzte lehenago ere irratsaio horretan –orain arte, euskal literaturako sei lan argitaratu dituzte bulgarieraz–. Bazkalondoan, Irrati Nazionalean izan ginen, beste solasaldi labur batean. Egunero egiten dute Art Efir (Graffitiak airean) izeneko irratsaio bat kulturaz, arteaz eta literaturaz, eta horretan parte hartu genuen. Batean zein bestean, euskararen egoeraz, itzulpengintzaren bilakaeraz eta literaturaren inportazio eta esportazioez mintzatu ginen, betiere Bulgariako egoerarekin loturak egiten saiatzen ginela.

Egun berean, arratsaldez, Literatura eta Itzulpenaren Etxean hartu gintuen Yana Genova etxeko zuzendariak. Itzultzaileek egonaldiak egiten dituzte etxe horretan –apartamentu bat dute goialdean–, eta lantegiak eta mintzaldiak antolatzen dituzte. Oraingoan, mahai-inguru bat antolatu zuten euskarara/euskaratik egiten den itzulpenari buruz; 18:30ean hasita, ordu eta erdiko saioa. Ludmila Ilieva Sofiako Unibertsitateko hispaniar filologiako irakasleak egin zituen gidari lanak, eta hogeita bost ikus-entzule inguru elkartu ziren. Horietako anitz itzultzaile profesionalak zirelako akaso, interes handia azaldu zuten bertaraturikoek, eta itzultzaileen lan-baldintzez, liburutegi sareez eta harreraz galdetu ziguten. Bukatzeko, Harkaitz Canoren Azken aurreko manifestua errezitaleko bideoaren zati bat jarri genien, euskaraz entzun zezaten eta gaiarekin lotura zuelakoan.

Lehen eguneko hiru saioetan Maria Pachkova izan genuen interprete gaztelaniatik bulgarierara. Orain bi urte, Itzultzaile Berriak programan parte hartu zuen Mariak, euskal literaturako hiru lan itzuliak ditu bulgarierara, eta beste bat bidean du.

Hurrengo egunean, ostegunarekin, Sofiako Unibertsitatean izan ginen. Eguerdian ordu eta erdiko saio bat egin genuen, eta gaztelania ikasleak izan genituen entzule. Azken egunean, berriz, Plovdiveko Unibertsitatean egin genuen antzeko saio bat; horretan ere hartzaileak gaztelania ikasleak ziren. Bi saioetan hogeina ikasle inguruk parte hartu zuten, eta gai hauek izan genituen hizpide: Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa, euskararako itzulpenaren bilakaera, itzulpenaren garrantzia literaturaren garapenean, euskaratik egiten den itzulpena eta euskal itzulpenaren berezitasunak. Unibertsitateko saio hauetan ere Maria izan genuen lagun, nahiz eta interpretazio beharrik ez izan.

Mintzaldi guztietan EIZIEren eta Etxepareren lanaz mintzatu gara, eta esku-orriak banatu ditugu bi elkarteen informazioarekin. Hiru egunotan aukera izan dugu gremioko jendea ezagutzeko; batetik, unibertsitatean hartu gaituzten irakasleak, eta, bestetik, solasaldietara agertu diren profesionalak, idazleak eta itzultzaileak. Truke horri esker izan dugu Bulgariako literaturaren, itzulpenaren eta horien sustapen politiken berri, gurean gutxi ezagutzen dugun egoera baita –kasurako, solasaldietan esan genuenez, ez dago bulgarieratik euskaraturiko libururik–. EIZIEk eta Etxeparek sustaturiko topaketa hauek abiapuntu aberasgarria dira bi herriek elkar ezagutu eta etorkizuneko elkarlan baterako oinarria jartzeko. Orobat ikusi dugu formakuntza sustatzea beharrezkoa dela euskal literatura esportatu nahi bada.