Hemen zaude:
 » 
 » 
Euskaltzaindiaren Hiztegia ongi erabiltzeko gako batzuk - 2017

Euskaltzaindiaren Hiztegia ongi erabiltzeko gako batzuk - 2017

Urtarrilaren 24an eta 25ean, Euskaltzaindiaren Hiztegi berriaren inguruko bi saio praktiko antolatu zituzten EIZIEk eta Euskaltzaindiak. Pare bat ordukoak izan ziren, lehena Donostian eta bigarrena Bilbon, biak ere Akademiaren egoitzetan.

Helburu nagusia Hiztegi berriaren bertsio digitala ondo erabiltzeko eta bilaketak ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko gako batzuk eskaintzea zen, eta Hiztegiaren arduraduna eta koordinatzailea aritu ziren zeregin horretan, Andoni Sagarna euskaltzain osoa eta Miriam Urkia euskaltzain urgazlea.

Sarrera gisa, hiztegia nola erabili azaltzen hasi baino lehen, hiztegia egiteko Akademiak zer urrats egin dituen azaldu zuten euskaltzainek: Euskaltzaindiaren Hiztegirainoko ibilbidea.

Argazkia: Euskaltzaindia

Gero, zenbait gako azaldu zituzten hiztegian bilaketak eraginkortasunez egiteko: bilaketa arrunta, bilaketa aurreratua, bilaketa konbinatuak, «Iturriak erakutsi» aukera (hitzen erabilerari buruzko informazioa eskuratzeko), eta abar.

50 lagun inguru hurbildu ziren saioetara, eta dinamika polita sortu zen: galderak, adibideak, zalantzak, iradokizunak…

Aurrez aurreko saioetan egoterik izan ez zutenek ere badute aukera hiztegia ondo erabiltzen ikasteko, Andoni Sagarnaren Iparrorratza blogean.