«Esan osteko eta aldibereko interpretazio praktikak» ikastaroa - 2014

«Esan osteko eta aldibereko interpretazio praktikak» ikastaroa antolatu zuen EIZIEk azaroan, Gasteizko Letren Fakultateko interpretazio laborategietan (EHU). Lehen bi saioetan esan osteko interpretazioan jardun zuten ikasleek, Jaione Arregi irakaslearekin, eta beste bietan aldibereko interpretazioan, Idoia Gillenea rekin.

Esan osteko interpretazioa

Lehen saioan, esan osteko interpretazioaren nondik norakoak aztertu zituzten parte-hartzaileek: zer den, zer testuingurutan eta nola egiten den, zer gaitasun eta trebetasun behar dituen interprete batek…

Partaideen maila eta ibilbidea desberdina izanik, denboratxo bat eskaini zion irakasleak azalpen teorikoak emateari. Gero, esan ostekoak eskatzen dituen trebetasunak lantzen aritu ziren ikasleak: entzumen aktiboa, memoria, eta analisia eta sintesia.

Behin alderdi horiek landuta, notaketa lantzeari ekin zioten. Hasteko, notak zertarako erabili eta nola egin aztertu zuten. Ondoren, eta bigarren saioaren amaierara arte, ariketa praktikoak egiten jardun zuten ikasleek buru-belarri: idatzizko hainbat testu erabili zituzten notaketa sisteman trebatzeko, eta hainbat diskurtso entzun zituzten esan ostekoak egiteko. Denen artean ebaluatu zituzten ikasleen interpretazioak, zailtasunak aztertuz eta konponbideak aurkeztuz. Amaitzeko, nor bere kasa nola aritu ere azaldu zuen irakasleak.

Aldibereko interpretazioa

Lehen egunean, aldibereko interpretazioari buruzko hainbat oinarri azaldu zituen irakasleak, eta baliagarriak izan daitezkeen aholkuak eman zizkien: zer den aldibereko interpretazioa, banaka eta binaka lan egitea, relay sistema, aldibereko interpretazio motak eta estiloak, prestakuntza lanak, protokoloak, glosategiak, jarduera komertziala oro har, tresneria eta soinua… Interpretatzen hasi aurretik, gainera, kabinaren eta interpretazio mahaiaren ezaugarriak ere azaldu zizkien. Ondoren, ariketa praktikoak landu zituzten ikasleek. Lehendabizi, bideo batzuk interpretatu zituzten, euskaratik gaztelaniara: Euzkitzeri eginiko elkarrizketa bat eta Teknopolis saioan zenbait zientzialariri eginiko elkarrizketak, besteak beste.

Bigarren egunean, hitzaldi irakurrien interpretazioa landu zuten lehenik ikasleek: hitzaldi idatzia prestatu zuten irakasleen oharren laguntzaz, eta, ondoren, irudiekin batera interpretatu zuten. Amaitu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsaurreko bat ikusi, eta interpretatu egin zuten, euskaratik gaztelaniara. Gaztelaniatik euskararako interpretazioa lantzeko, berriz, adimen emozionalari buruzko bideo mardul bat itzuli zuten.

Azkenburu gisa, zenbait euskalkitako solasaldiak landu zituzten; besteak beste, zubereraz, bizkaieraz eta gipuzkeraz eginikoak.

Interpretazio saio bakoitzaren ondoren, irakasleak feedbacka eman zien berek eginiko lanari buruz, eta, horretaz gainera, norberaren jarduna hobetzeko aholkuak.