Hemen zaude:
 » 
 » 
«Ortotipografia eta beste» ikastaroa - 2014

«Ortotipografia eta beste» ikastaroa - 2014

Iraileko azken astean, lehen taldean, eta urriko lehenengoan, bigarren taldean, 17 eta 17 lagun elkartu ginen ortotipografiaren alderdi batzuk ikusteko eta gure zalantza batzuk argitzen saiatzeko.

Hasteko, ortotipografiaren mundura nondik nora iritsi garen eta zergatik behar dugun ikusi genuen. Orobat ikusi genuen ortografia baino eremu labainagoa dela ortotipografia, ez dela arautzen erraza eta beltzaz eta zuriaz gainera baduela eremu gris lauso bat ere.

Berehala heldu genion lanari, eta, ariketa labur batzuez baliatuta, ortotipografian barrena ibili ginen, euskaratik euskarara bai, baina, sarritan, beste hizkuntza batzuetara —gaztelaniara, askotan, baina baita ingelesera eta frantsesera ere— sartu-irten azkarrak eginez. Hala egiaztatu genuen erdaretan ere badirela zalantzak, badirela esparru ilunak eta badirela iritzi kontrajarriak.

Halaber egiaztatu genuen, bestalde, badugula euskaraz bide luzetxoa egiteko oraindik ortotipografiaren arloan, gure zalantzak inguruko erdaretakoak baino ugariagoak baitira.

Letra etzana eta komatxoak noiz bai, noiz ez eta noiz bai-baina aski xehe aztertu ondoren, zeinu ortografiko eta zeinu lagungarrien munta txikiagoko makinatxo bat kontu ikusi genituen... eta makinatxo bat kontu gelditu ziren ikusi gabe.

Jarraian, hitz-elkarketa izan genuen aztergai eta langai, ariketatxo batzuen laguntzaz. Arauaren alderdi guztiak, eta arauaren inguruko beste batzuk, ikusi ondoren, arauak ia arautu gabe utzi duen itsaso handian nabigatzen saiatu ginen, marratxoaren on-gaitzak ikusten, eta zalantzak argitzen. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan koherentzia falta aurkitu genuen ez gutxitan.

Azken aztergai nagusia siglen deklinabidea izan zen. Berehala ohartu ginen lehen begiratuan dirudien baino zoko-moko gehiago dituela eta askotariko kasuak daudela. Ariketetatik abiaturik, kasuak sistematizatzera eta deklinatzeko irizpideetara iritsi ginen.

Beste gai interesgarri batzuei heltzeko astirik ez genuen izan, baina landu genituenak amaitzea lortu genuen behintzat. Tartean, beste gai batzuk ukitu genituen, zeharka betiere, hala nola lexikoa, morfosintaxia edo onomastika. Iritzi-truke aberasgarria, interesgarria eta bizia izan zen saio guztietan parte-hartzaileen artean.