«Poema poema truk» lantegia. Poesia itzultzen - 2016

Urteko azken lantegia poesia itzultzeari eskaini nahi izan genion, Gerardo Markuleta itzultzaile eta idazlearekin, eta, halaxe, dozena bat lagun elkartu ziren, abenduaren 13an, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan.

poesia_2.jpg

Literatur itzulpenari buruzko sarrera labur arin baten ostean, eta ariketa praktiko errazen bitartez, testu poetikoak itzultzerakoan erabilgarri gerta daitezkeen tresnak, baliabideak eta estrategiak lantzea zuen asmo lantegiak, poesia euskaratzeko eta gaztelaniatzeko hastapen gisa: itzultzaileak testu poetikoen aurrean sentitu ohi dituen aurreiritzi eta beldurrak arindu eta erlatibizatzea, genero poetikoak itzulgai gisa dauzkan alderdi onuragarri eta gozamenezkoak konturaraztea…

poesia_1.jpg

Helburu horiek mahai gainean jarrita, Gerardo Markuletak hainbat poema itzultzea proposatu zien parte-hartzaileei: Vicent Andrés Estellés eta Joan Salvat-Papasseit poeta katalanen hiru testu laburren ostean, euskaraz eman zuten Ángel González-en poema umoretsu bat, zailtasun bereziak planteatzen zituena. Gero, euskal poesia gaztelaniatzean aintzat hartu beharreko hainbat kontu azaldu ondoren, euskarazko haiku bat gazteleraz ematea izan zen azken ariketa. Alderdi praktikoan, lantegiko kideen parte-hartzea gogotsua eta bizia izan zen, etengabeko elkarlanean.

Arropak sokan.
Izara zuri, zure
barre argia.

Ropa tendida.
Una sábana blanca,
tu risa clara.