Hemen zaude:
 » 
 » 
«Itzulsortzaile tailerra: publizitatea itzultzeko oinarri teoriko eta praktikoak» - 2015

«Itzulsortzaile tailerra: publizitatea itzultzeko oinarri teoriko eta praktikoak» - 2015

2015eko urtearen amaieran, publizitate-itzulpenari buruzko ikastaroa antolatu genuen Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta Bilbon, Euskararen Etxean, Estitxu Garai1 irakaslearekin, baina giroa hain izan zen lagunartekoa eta atsegina, ezen ikastaro baino gehiago itzulsortzaileen topaketa gisa izendatzea egokiagoa litzatekeen.

Publizitatearen alorrean itzulsortzea zer den finkatu ostean, euskal merkatuari eta sektoreari buruzko hausnarketa proposatu zuen Estitxu Garaik. Guztien artean gaur egungo lan moldeak zer gabezia dituen eta emaitza hobetzeko epe motzera zer aldaketa egin daitezkeen zehaztu genituen. Asko dugu egiteke.

Maila teorikoan, publizitatearen oinarrizko kontzeptuak, idazkera pertsuasiboa eta sormen-teknikak izan genituen langai. Behin publizitate-estrategiak sormen-lana nola baldintzatzen duen ikusita, publidazteari ekin genion. Praktikan jarri genituen albo-etorria deritzona pizteko teknikak. Bertatik ateratako ideiak egunerokoan ikusten ditugun iragarki gehienak baino puskaz hobeak izan ziren. Garbi ikusi ahal izan genuen sormena landu eta garatu daitekeen zerbait dela. Horrez gain, teknika horiek itzulpen-lanera nola egokitu daitezkeen ere jorratu genuen.

Bestalde, baliabide poetiko-erretorikoak ere atal garrantzitsua izan ziren ikastaroan. Publizitatean gehien erabiltzen diren baliabideak zeintzuk diren eta hizkuntza batetik bestera itzultzeko arazo gehien ematen dutenak finkatu genituen. Halaber, bi hizkuntzetan ondo funtzionatzen dutenak aztertu eta iragarki eleaniztunak sortzeko arrastoak arakatzen aritu ginen.

Itzulsortzaileen lehenengo topaketa honek beste asko beharko ditu atzetik, urteetan lugorri egon den eremu hori gutxika ereiten hasteko. Iritsi da itzulsortzaileen unea!

Zuretzat.
Publizitatearen itzulpenean interesa duzun horrentzat.
Zugandik zugana.
Publizitateari buruz jakin beharrekoak eta itzulpenerako gomendio praktikoak.
Zurekin.
Metodologia berritzaile eta parte-hartzailearekin.
Pertsona helburu.
Profesional on batek ezagutu beharreko guztia.
Hemengo kalitatea.
Gaztelaniatik euskarara itzulsortzeko estrategiak.
Ona den seinale.
Publizitate-leloen arrakastarako gakoak.
Zer nahi duzu bihar?
Espezializatu alor berritzaile batean.
Orain inoiz baino gehiago.
Gai honi buruzko lehenengo ikastaroa.
Zer jan, hura izan.
Eman zure garunari behar duen bazka.
Zeren zain zaude?
Sormena garatzeak ate asko irekiko dizkizu.
Zugandik hurbil.

1. Estitxu Garai 31 eskutik blogeko eskuetako bat da, eta bi artikulu argitaratu ditu bertan publizitatearen inguruan.
Euskarazko publizitatea. Hitz-joko polisemikoen galera (I) (2015/03/26)
Euskarazko publizitatea. Hitz-joko polisemikoen galera (II) (2015/02/25)

*****

Ikus ikastaroari buruzko artikulua, Senez aldizkarian, Inma Erreak idatzia (ikastaro honetako ikasle izan baitzen).