«Itzultzailea eta terminologia aurrez aurre» - 2018

«Itzultzailea eta terminologia aurrez aurre» ikastaroa antolatu zuen EIZIEk martxoaren 1ean eta 7an, Bilboko Euskararen Etxean. Lehen saioan, Alfontso Mujika irakaslearekin jardun zuten ikasleek, eta, bigarrenean, Aritz Irurtzun irakaslearekin.

Bilboko_Euskararen_Etxea.jpg

Lehen saioa: Itzultzailea terminologiaren amildegiaren ertzean dantzan

Euskararen Etxean elkartu ginen zenbait itzultzaile gure lanbideak terminologiarekin dituen harremanez —eta harrezinez— jarduteko. Hasteko, ikusi genuen ezen, euskarazko mundua txikia izan arren, euskarazko sorkuntza terminologikoaren mapa ez dela polobakarra, multipolarra baizik. Gero, itzultzaileok terminologiarekin ditugun harremanak nolakoak diren aztertu genituen, eta terminologiaren teoria orokorra eta teoria horren kritika azalkiro ikusi.

Termi_Alfon1.jpg

Terminologiaren eta lexiko orokorraren arteko muga lausoan barrena ibili ginen, eta, azken 30 urteotan terminologiaren inguruan izan ditugun zenbait arazo eta desadostasunen erakusgarri batzuk ikusi ondoren, aurrera nola egin dugun frogatzeko, Hiztegi Batuaren eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren azken aldaketa batzuk aztertu genituen.

Saioaren bigarren partean, Terminologia Batzordearen aurkiari eta ifrentzuari gainbegiratu bat eman ondoren, testu eta termino errealetan oinarritutako ariketa bat egin genuen, une batez geure burua terminologotzat-edo harturik, arazoak detektatzeko eta irtenbideak proposatzeko. Ariketa horrek aukera eman zigun ohartzeko hainbat alderdiri erreparatu behar zaiola termino baten egokitasuna epaitzeko.

Bigarren saioa: Kontzeptuei forma ematen: bide onak, txarrak eta negargarriren bat

Termi_aritz1.jpg

Itzulpengintza eta terminologiaren bi oinarrizko arazo izan genituen aztergai batik bat. Alde batetik, oro har, tipo gramatikal desberdinetakoak izaten ditugu jatorri- eta xede-hizkuntzak: gaztelania, frantsesa eta ingelesa (esaterako) sintaktikoki sintagmen buruak haien osagarrien aurretik jartzen dituzten hizkuntzak dira, eta euskara, berriz, osagarri-buru hurrenkerakoa. Horrek, betiko itzulpen-arazo ezagunez gain (atzerakarga-eta), bestelako arazoak ere sortzen ditu terminologiaren esparruan; izan ere, euskara bezala buru-azkenak diren hizkuntzetan eratorpen aurrizkien gabezia izaten da. Ondorioz, zailtasunak izaten ditugu jatorrizko hizkuntzako termino aurrizkidunak euskarara ekartzerakoan. Horrela, bada, euskarak bere-bereak dituen estrategia lexikogenetiko batzuk gainbegiratu genituen (hitz-elkarketa eta atzizkibidea), eta aurrizkien arazoari zein irtenbide proposa lekiokeen ere eztabaidatu genuen. Saioa teoriko-praktikoa eta dinamikoa izan zen, eta eztabaida interesgarriak ere ekarri zituen berekin.

2018-03-09