Hemen zaude:
 » 
 » 
Itzultzaile Berriak - 2016

Itzultzaile Berriak - 2016

Irudia: Juan Azpeitia

DSS2016EUk eta Etxepare Euskal Institutuak Itzultzaile Berriak izeneko egitasmoa jarri zuten martxan 2015ean, euskal literatura atzerrian ezagutarazteko helburuarekin.

Nazioarteko literatur itzultzaileak euskaraz trebatzeko, deialdi bat antolatu zuen Etxepare Euskal Institutuak, eta, horren bidez, eskarmentu handiko zortzi literatur itzultzaile Zornotzako Barnetegian izan ziren (sei hilabeteko egonaldian horietarik lau, eta hilabetekoan beste laurak). Egonaldi horien helburua beren itzulpenetan euskara ere zubi nahiz sorburu hizkuntza gisara erabili ahal izateko hizkuntza gaitasuna lortzea zen. Horrez gain, proiektuaren baitan, egonaldi luzeko lau itzultzaileek diru-laguntza jaso zuten euskal literaturako obra bat gaztelania ez den beste hizkuntza batera itzultzeko eta lan hori argitaratuko duen argitaletxea aurkitzeko.

Itzultzaileak

  • Sei hilabeterako egonaldian: Laura Liubinavičiῡte (Lituania), Mariya Petrova Pachkova (Bulgaria), Barbara Pregelj (Eslovenia) eta Katarzyna Sosnowska (Polonia).
  • Hilabeteko egonaldian: Merilin Kotta (Estonia), Karina Mishchenkova (Errusia), Lenka Niznanska (Txekiar Errepublika) eta Matylda Figlerowicz (Polonia).

EIZIEk, literatur itzulpen lantegi bat antolatu zuen itzultzaile horiekin guztiekin, Tabakaleran, 2016ko ekainaren 20tik 22ra, eta, azken egunean, jendaurreko amaiera-ekitaldi batean, esperientziaren berri eman zen.

Lantegia antolatzeaz gainera, euskal itzultzaile eta idazleekin harremanak sustatzea izan zuen helburu EIZIEk, beren arteko sareak sortze aldera.

Ekitaldien programazioa

Itzultzaileen solasaldia ikasleekin
(2016ko apirilaren 14an, Donostian)

Zurriola Ikastolan izan zen solasaldia, Literatura Unibertsala ikasgaiko ikasleekin (Batxilergoko lehenengo maila).

Irakurraldi eleaniztuna Liburuaren Nazioarteko Egunean
(2016ko apirilaren 23an, Donostian).

Euskal literaturaren lagin bat oinarri harturik, irakurraldi eleaniztun bat antolatu genuen Liburuaren Nazioarteko Egunean.

Mahai-ingurua EHUko Letren Fakultatean
(2016ko maiatzaren 10ean, Gasteizen).

Saio honetan, itzultzaileek beren ibilbidearen berri eman ziguten. Izan ere, eskarmentu handia dute itzultzaileok literatur itzulpengintzan, eta guretzat hain ezagunak ez diren errealitateak hurbilagotik ezagutzeko parada izan genuen. Orobat, beren herrialdeetako literatur itzulpenaz jardun zuten, eta Euskal Herrira ekarri zituen itzulpen-egitasmoaren berri ere kontatu ziguten.

Literaturia jaialdira bisita
(2016ko maiatzaren 21ean, Zarautzen)

Euskal Letren Plaza ere erakutsi nahi izan genien parte-hartzaileei. Izan ere, plaza egokia iruditzen zaigu euskal idazle eta editoreekin harremanak sustatzeko, besteak beste.

Muskerraren bidean, Other Words
(2016ko maiatzaren 31n, Asteasun)

Other Words-Beste hitzak programako arduradunekin batera, Muskerraren Bidea egin zuten itzultzaileek ere, bi helbururekin: batetik, beste proiektuarekin harremanak estutzea, eta, bestetik, Obabako lur ederrak ezagutzea.

Itzulpen-baliabideak ikastaroa
(2016ko ekainaren 8an, Zornotzan)

Euskaraz eta euskararekin lan egiteko erabilgarri ditugun tresnak eta baliabideak azaltzeko saiotxo bat antolatu genuen itzultzaileekin, Elizabete Manterola irakasle.

Idazleak itzultzaileen lantegian: Deserria itzultzen

Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria eta Joseba Sarrionandiaren hainbat poema oinarri hartuta, zazpi itzultzaile lanean eta elkartrukean aritu ziren Tabakaleran, ekainaren 20tik 22ra. Nor bere irakurketatik abiatuta, pasarte hautatu horiek beren hizkuntzetara itzultzerakoan sortzen diren zalantzak, zailtasunak edo aurkikuntzak izan zituzten hizpide. Mintegiaren hari nagusia deserria izan zen, literaturaren, hizkuntzaren, eta itzulpenaren ikuspegitik hartuta.

Amaieran, jendaurreko saio bat egin genuen esperientziaren berri emateko, eta testu irakurraldi eleaniztun batekin itxi genuen lantegia.