Hemen zaude:
 » 
 » 
Itxaropena argitaletxeak jasoko du 2010eko Dabilen Elea saria

bulegoa | 2010-11-02

Itxaropena argitaletxeak jasoko du 2010eko Dabilen Elea saria

Horrela, 36ko gerraren ostean argitaratutako Kuliska sortarekin egindako lana saritu nahi da. Izan ere, Kuliska sortarekin eman ziren gerra osteko euskal liburugintzaren lehen urratsak.

Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigile Profesionalen Elkarteak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Elkarteak Itxaropena argitaletxeari emango diote 2010 urteko Dabilen Elea saria. Horrela, 36ko gerraren ostean argitaratutako Kuliska sortarekin egindako lana saritu nahi da. Izan ere, Kuliska sortarekin eman ziren gerra osteko euskal liburugintzaren lehen urratsak.

1952 urtean argitaratu zen Kuliska sortako lehen lana: Noni eta Mani, Svensson-en nobelatxoa, Plaziko Mujikak euskaratua. Guztira 76 lan biltzen ditu liburu sortak. Kuliskarekin literaturako esparru desberdinak bete nahi izan ziren: olerkia, nobela, saiakera, antzerkia, bertsolaritza, historia, atzerriko obren itzulpenak edota berrargitalpenak, besteak beste. Zentsura nagusi zen garai haietan, argitaratze bakoitzak bere istorioak eta istiluak izan zituen.

Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Jon Etxaideren Joanak joan; Salbatore Mitxelenaren Arraun ta amets; Txomin Agirreren Kresala eta Lizardiren Biotz begietan: Mogelen Peru Abarka; Celaren Pascual Duarteren eta Hemingwayren The man and the searen euskal bertsioak....

Saritua Itxaropena argitaletxeko Kuliska sorta den arren, ezin ahantzi Patxi Unzurrunzaga, garai haietan Itxaropena argitaletxeko burua. Izan ere, Unzurrunzagaren bizitzako ametsa izan zen Kuliska eta gogor lan eginda jarraitu zion euskal kultura idatziaren testiguari.

Pedro Rocamora, Espainiako Prentsa eta Propaganda zuzendari orokorrak Zarautzen igarotzen zituen udak. 1947ko irailaren 9an, Zarautzko Euskal Jaietan, Patxi Unzurrunzagak beregana jo zuen zuzenean, poema erlijioso eta folkloriko batzuen argitalpen lizentzia eske. Denen ezusterako, Rocamorak entzun eta onartu egin zuen. Zazpirak bat atala, ikur eta guzti, agertu zen Orixeren Euskaldunak poeman.

Hiru urte geroago, 1950eko hamarkadan eman zituen Kuliska sortak lehen urratsak: susmorik sortu gabe, inor minduko ez zuena, auto-zentsura, Espainiako zentsuraren baimenak...

III. Euskal Liburuaren Gaua

Aurtengoan Itxaropena izan da saritua, aurreko biak, berriz, Antton Olariaga eta Juan Mari Torrealdai. Sariarekin euskal liburugintzan egindako ibilbide jakin bati egin nahi zaio errekonozimendua. Saria euskal liburugintzako sektoreko bost kideek ematen dute. Euskal liburuaren sustapenean eta bazkideen babeserako lan egiten dute, bakoitzak bere eremuan eta bakoitzak bere premien arabera. Euskal Liburuaren Gauean, baina, guztiak elkartzen dira euskarazko liburuaren aldeko ospakizunean, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikustarazteko.

Lehen bi urteetan lau elkartek antolatu dute Euskal Liburuaren Gaua. Aurten, ordea, Euskal Irudigile Profesionalen Elkartea gehitu da ekimenera. Hemendik aurrera, beraz, bost izango dira Liburuaren Gauaren sustatzaileak.

Azaroaren 8an 20:00etan Victoria Eugeniako Club aretoan ospatuko den jaialdian irakurketak, musika, irudiak eta gonbidatu bereziak izango dira. Guztiok gonbidatuta zaudete Euskal Liburuaren Gauera.