Zuzendaritza berritua EIZIEn, Iñaki Iñurrieta buru

2013 Apirila 25
Zuzendaritza berritua EIZIEn, Iñaki Iñurrieta buru

Bakartxo Arrizabalagaren lau urteko lehendakari-aldiaren ondoren, Iñaki Iñurrieta izango da EIZIEren lehendakari datozen bi urteetan, zuzendaritza-talde indarberritu baten buru. Iñurrieta lehendakariaz gain, honako kide hauek bildu dira zuzendaritzara: Garazi Arrula, Elizabete Manterola, Paskual Rekalde, Miren Iriarte eta Ane Lopez. Lehengoetatik, Aintzane Atelak, Iñigo Errastik eta Patxi Petrirenak jarraituko dute. Apirilaren 20an egin zuen EIZIE elkarteak urteko Batzar Nagusia. Hogeita hamar itzultzaile, zuzentzaile eta interprete inguru elkartu ziren Durangoko Arte eta Historia Museoan . Bakartxo Arrizabalagak agurra egin zien bertaratuei, eta Iñigo Errastik eta biek eman zieten batzarkideei iazko jardueren eta aurtengo egitasmoen berri, dagozkien diru-kontuak azaltzeaz batera.

EIZIEk urteotan garatutako lan-ildoei jarraituko die aurten ere: argitalpenak, prestakuntza, beste elkarte eta erakunde batzuekiko harremanak, komunikazioa… Elkarlana eta auzolana sendotzen eta horretarako baliabideak hobetzen segitzea da xede nagusia. Prestakuntzari dagokionez, egina du elkarteak aurtengo plangintza, ikastaro birtualei ere bidea irekitzeko asmotan. Itzulpengintza sustatzeko ekimenak ere egingo dira urtean zehar, ohi bezala.

Argitalpenei dagokienez, Literatura Unibertsala bildumako lau liburu plazaratuko dira 2013an, eta Urrezko Biblioteka saileko bi. Urteko alea emango du Senez aldizkariak ere.

Sareko baliabideen sailean, 1.000 harpidedunera iritsi da elkarteak 1999an sortutako ItzuL posta-zerrenda, non elkarri laguntzen baitiote itzultzaile eta zuzentzaileek. Iazko urriaz geroztik, 31 eskutik talde-bloga ere badu EIZIEk, egunero-egunero euskararekin eta itzulpengintzarekin loturiko testu bat argitaratzen duena.

Elkarteak 348 bazkide ditu gaur egun, eta gehituz doaz etengabe. Itzulpengintza-ikasleek ere elkartean parte har dezaten, horretarako bidea zabaldu du aurten.