Juan Garziak irabazi du Itzulpengintzako Euskadi Saria 'Sonetoak' lanarekin

2015 Urria 15
Juan Garziak irabazi du Itzulpengintzako Euskadi Saria 'Sonetoak' lanarekin

Juan Garzia Garmendiak irabazi du Itzulpengintzako Euskadi Saria, William Shakespeareren Sonetoak euskaratzeko egindako lanagatik. Hogei bat urte eman ditu Juan Garzia itzultzaileak Shakespeareren ondarea itzultzen eta orrazten, eta Mikel Laboa Katedraren ekimenez etorri da liburua, Aztarna argitaletxearen eskutik. Liburuaz gain, bi disko ere plazaratu dituzte: lehenengoan, sortzaile ezagun batzuen errezitazioak bildu dituzte eta, bigarrenean, musikaz lagundutako hamalaudunak batu dituzte. Shakespeare euskaraz arnasberritu da, eta euskara Shakespearez . Halaxe esana du Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedraren zuzendariak.

Epaimahaia Bakartxo Arrizabalagak, Karlos del Olmok, Aiora Jakak, Paskual Rekaldek eta Zuriñe Sanzek osatu dute, eta meritu hauek aipatu dituzte Garziaren itzulpena saritzeko:

«Aurtengo itzulpengintzaren uztan, lan bat nabarmendu zaigu, epaimahaikide oro hastapenetik bertatik ados jartzeraino: William Shakespeareren Sonetoak lana, Juan Garziak euskaratua.

Nabarmentzen zen jadanik langaia, ez soilik tamainaz, ezpada, batez ere, obraren korapilo guztiengatik: poesia, ez nolanahikoa: 154 poema, gehien-gehienak hiru laudun nagusi, gehi distiko bat, ingelesezko tradizioko pentametro ianbikotan, hiru salbuespenekin, eta errima ere berezia eta ia-ia beti bera.

Shakespearek erabili ohi zuen bertso mota, izan ere, "Shakesperear soneto" gisa ezagun izateraino; lau mendeko tartea, eta idazle handi baten obra handia, non garai hartako berriak eta garai orotako gaiak biltzen diren, non hizkuntza baten garai zaharretako ohiturak eta egun arte etorri diren moldeak ere batera doazen...

Langaia izugarria zen eta itzultzailea, izutu ez eta indar betean aritu zaigu, haiek euskarara ekartzen.

Lehenik eta behin, irizpide sendo batzuk ikusten dira: Poemen egitura eta errima gordeko ditu, euskaraz ere emanen ditu, horretarako, euskal tradiziotik hartuz, hizkuntzarekin –Shakespeare bera berearekin aritu bezala– jokoan, jolasean baino gehiago, jokoan, indarrez, tradizioa eta berrikuntza maisuki erabiliz, berrikuntzak tradiziotik ateraz.

Ez da orrialdeka irakurtzeko liburua, lur loditan onduriko hazkurria baitakar 154 poemetako bakoitzak. Lana eskatzen dio irakurleari, nahiz eta poema bakoitzaren lagun, itzultzaileak iruzkin interesgarri eta oso baliagarriak ere eskaini dizkigun; horrenbesteko ahalegina ere merezi dute hala itzultzaileak nola jatorrizko idazleak eta... batez ere, onura handiena atera dezakeenak, hau da, irakurleak berak.»