Itzultzaile Berriak 'Deserria itzultzen': itzulpen-lantegia

2016 Ekaina 17
Itzultzaile Berriak 'Deserria itzultzen': itzulpen-lantegia

Itzultzaile Berriak egitasmaoren baitan, itzulpen-lantegia antolatu du EIZIEk, Etxepare Institutuarekin lankidetzan eta Donostia2016EUren babesarekin.

Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria eta Joseba Sarrionandiaren hainbat poema oinarri hartuta, «itzultzaile berriak» lanean jarriko ditugu hiru egunez, idazleen ekarpenak lagun: Laura Liubinavičiῡte (Lituania); Mariya Petrova Pachkova (Bulgaria); Barbara Pregelj (Eslovenia); Katarzyna Sosnowska (Polonia); Karina Mischenkova (Errusia); Merilin Kotta (Estonia) eta Lenka Nižnanská (Txekiar Errepublika).

Lantegian zehar, idazleen ekarpenak ez ezik, beste gonbidatu batzuenak ere izango ditugu: Miren Ibarluzearena, Aiora Jakarena, Iñaki Iñurrietarena, Eva Linazasororena... Itziar Otegik koordinatuko du lantegia, eta Garazi Arrulak jasoko du egunez egun kronika.

Etxepareren egoitzan (Tabakaleran) izango da lantegia, ekainaren 20tik 22ra. Azken egunean, beti bezala, jendaurreko saioan kontatuko dizkigute han bizi izandakoak, irakurraldia ere izango dugu, eta hori guztia musikaz girotuko du Xabi Strubellek.

Jendaurreko ekitaldia, beraz, hilaren 22an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Tabakaleran.

Informazio gehiago, EIZIEren webgunean.