Koldo Bigurik itzulpengintzari lotutako tesi bat aurkeztu du Euskal Herriko Unibertsitatean

Koldo Biguri irakasle eta itzultzaileak azaroaren 24an defenditu zuen bere tesia Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako kanpusean, epaimahaikideak honako hauek izan zirelarik: Joaquín Garrido (Universidad Complutense de Madrid), Irantzu Epelde (Baionako CNRS) eta Manu López Gaseni (Euskal Herriko Unibertsitatea).

Tesiak, edo, hobeto esanda, tesiaren egileak “bikaina” emaitza lortu zuen (laster jakingo da emaitza horri “cum laude” eransten ote zaion). Tesiaren izenburuak, hain luzea eta zehatza izateari esker, egokiro laburbiltzen du Koldo Biguriren aztergaia: “Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenaren estilistika konparatu baterako materialak: perpaus erlatibo esplikatiboak euskaratik gaztelaniara eginiko literatura-itzulpenetan”.

Tesi honek xede-testua hartu du abiapuntu, hau da, gaztelaniazko itzulpenak eta, hain zuzen ere, itzulpenotan ageri diren perpaus erlatibo esplikatiboak (PEE). Eta Koldo Bigurik hortik sorburu testura jo du, hau da, gaztelaniazko PEE horiek euskarazko jatorrizko testuko zein egitura linguistikori (perpaus erlatiboari, perpaus juntadurari, hipotaxiari, aposizioari –erlatibozko aposizioak barne– edo perpaus izatera iristen ez den segmentu bati). Horretarako, azken berrogei urteotako hamar azpicorpus aztertu ditu zehatz-mehatz, azpicorpus horien hautaketa justifikatu ondoren. Azterketa estatistiko honek argi eta garbi erakusten ditu, besteak beste, euskal perpaus erlatibo esplikatiboen inguruan dauden desadostasunak (izan ere, ez alferrik, gaztelaniazko PPE horietarik %45, sorburu testuan, perpaus juntaduraren eta hipotaxiaren bidez adierazita baitaude) eta “antizeinismoak” euskararen ahalmen espresiboan izan duen eta duen eragin ikaragarria (eta Koldo Biguriren ustez, baita kaltegarria ere).