Hiazinto Fernandorena Setien zendu da

2017 Urtarrila 9
Hiazinto Fernandorena Setien zendu da

2017ko urtarrilaren 6an zendu da Hiazinto Fernandorena euskaltzale eta itzultzailea.

Euskaltzaile amorratua izaki, lan handia egin zuen euskararen alde, eta haren ibilbidea biltzen duen liburuan jaso zuten horren berri: Jaxinto, ikastolen lemazain (2015).

Gordailu Ikastolako Irakasleen Elkartean hasi zen itzulpen lanak egiten, eta ondoren, Martuteneko Itzultzaile Eskolan ikasketak egin eta Hernaniko Udalean hasi zen itzultzaile eta euskara arduradun lanetan. Lan horretan aritu zen erretiroa hartu arte.

Fernandorenaren bidelagun eta ikasle izandakoek omenaldia egin zioten Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, 2014an. Dionisio Amundarain itzultzaileak esaldi batekin definitu zuen: «Bizia eman dizun lurrarekiko lotura bizia erakutsi duzu Hiazinto Fernandorena Setien».

Ohorezko bazkide izendatu zuen EIZIEk 2002. urtean, eta Itzulpen Antologia III liburuan argitaratu zuen haren lanaren lagin bat: Zuberoako historia liburuko «Zuberoa Aro Modernoan» atala, hain zuzen.

Aiurri astekarian irakur dezakegunez, «Urnietan, beste zenbait euskaltzalerekin batera, Iñistorra euskaltzaleen biltzarra martxan jarri zuen. Ekimen beteko gizona izan zen, bide urratzailea kasu gehienetan. Apaiz izan zen Lazkaon urte askoan, eta bertako ikastolako sortzaile nagusietakoa ere. Sortzaile izateaz gain, pedagogia mailan euskarazko irakaskuntzan eman ziren lehen urratsak bere eskutik eman ziren. Gordailu argitaletxea sortu zuen horretarako. Donostian, esaterako, ikastolako irakasleak trebatzeko lehenbiziko eskola sortu zuen».