EIZIEren iritzia Bizkaiko Batzar Nagusien itzulpen-lehiaketa dela eta

2017 Otsaila 21
EIZIEren iritzia Bizkaiko Batzar Nagusien itzulpen-lehiaketa dela eta

Ohar honen bidez, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko Zuzendaritzak bere iritzia agertu gura du Bizkaiko Batzar Nagusiek 2016ko abenduaren 29an argitaratutako 2016/2 zerbitzu-kontratuaren inguruko auzia dela eta. Delako kontratuaren helburua zera da: «Osoko Batzarren transkribapena, batzar-egunkariak eta itzulpena (euskeratzea eta gazteleratzea) eta Bizkaiko Batzar Nagusien argitalpen ofizialen eta beste testu parlamentario batzuen itzulpena». Eta, hain zuzen, eskakizun teknikoetan jasotako 4.5 puntuak eragin du ezinegona elkartekideen artean (gaztelaniaz baino ez dago): 4.5 La traducción de los textos al euskera se realizará en euskera vizcaíno, conforme a los criterios establecidos en el portal http://www.bizkaiera.biz «Bizkaieraz idazteko jarraibideak». Zenbait bazkideren artean, ezin ulertua da gaztelaniazko jardunak bizkaierara itzultzeko eskakizun hori. Horretarako askotariko arrazoiak aipatu dira:

    a) Gaur egun administrazio-hizkera bateratzeko egiten ari den ahaleginaren aurkakoa da. Ahalegin horren emaitza dugu, besteak beste, Akademiak laster plazaratuko duen Hiztegi juridiko-parlamentarioa.

b) Euskal unibertsitateetan ez dago itzulpengintza-ikasketa arauturik hizkuntza-eredu horretarako.

c) Ez da aintzat hartzen gaur egun Bizkaiko euskaldun gehienen idatzizko hizkuntza-eredua euskara batua dela eta, berebat, Bizkaiko euskaldunen artean batudun soilak gero eta gehiago direla.

d) Bizkaiko euskalgintzak aspaldi proposatu zuen euskararen irakaskuntza bizkaieratik abiatzea batura heltzeko bidea errazteko. Bide hori eginda dago, eta, beraz, gure ustean, duela hogeita hamar urte harturiko erabakiak berrikusteko garaian daude Batzar Nagusiak.

e) Batua eta bizkaiera beharrezkoak dira, zein bere eremuan. Ez dira ezelan ere elkarren etsai, eta, gainera, bizkaierak batua joritzeko eta aberasteko eginkizuna ere badu, estandarra hainbat zabalena izan dadin.

Ildo horretan, Euskaltzaindiak 137. arauan xeheki adierazten du administrazioko zer eremutan baliatu litezkeen euskalkiak, batuarekin batera betiere:

    2.1. Euskara idatziari dagokionez, administrazio orokorrean euskara batua erabiliko da.

    2.2. Lurralde mailan diharduten administrazioek aintzat hartuko dituzte bertakoeuskalkiak; betiere administrazioko lexikoaren eta terminologiaren batasuna begiratuz, erabilera orokorreko hitzen ordeak asmatzen ibili gabe.

    2.3. Bidezkoa da tokian tokiko administrazioek bertako euskalkia erabiltzea herritarrekiko harremanetan, batik bat ahozkoetan.

    2.4. Herritarrekin ahozko harreman zuzena duten administrazioetako langileek tokian tokiko euskalkiaren oinarrizko ezagutza behar dute.

    Ez dago dudarik Bizkaiko Batzar Nagusiak administrazio orokorraren mailan daudela, Bizkaiko herritarren ordezkari diren aldetik. Ez dago zalantzan jartzerik bizkaiera aintzat hartu beharrekoa denik, jakina, baina Bizkaiko euskaldun guztientzat ari den erakunde batek lehentasuna eman behar lioke euskara batuari, Akademiak onetsitako estandarrari. Besterik da euskara batu horrek zuztar luzeak eduki behar dituela bizkai-euskaran. Hau da, batua lehenetsi behar da idatzizkoan (2.1.), bizkaiera ere kontuan hartuta (2.2.), baina horrek ez dakar testuak bizkaierara itzuli behar izatea, ezpada testuak eredu estandarrean ematea eta bizkaieraren ezaugarri batzuk ere eranstea.

    Kontuan izan beharra dago, bestalde, itzultzaileei Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko C1 maila eskatzen zaiela lehiaketan eta ez dagoela halako egiaztagiririk bizkaierarako.

    Horrek guztiak, noski, agerian uzten du EIZIEk aspalditik eskatzen duen itzulpengintza-politika bateratu baten premia gorria. Hori dela eta, elkarteak bere kexua agertu gura du, eta Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatu lehiaketa bertan behera uzteko eta euskara batuari dagokion tratamendua emateko.

    Bilbon, 2017ko otsailaren 21ean

    (Argazkia, Argiatik hartua)