«Euskarazko hizkuntza-mintzaren % 80 itzulia da gaur egun»

2017 Otsaila 24
«Euskarazko hizkuntza-mintzaren % 80 itzulia da gaur egun»

Amaia Apalauza

Azkenaldian itzulpengintzaren garrantzia azpimarratu izan duten ahotsetako bat da Bernardo Atxaga, eta gai horrixe heldu zion 2017ko otsailaren 22ko hitzaldian ere (Itzulpena kristalezko zubi bat da), Bilbo Zaharra Forum egitasmoaren baitan antolaturiko jardunaldietan.

Ekar ditzagun gogora duela gutxi Berria egunkarian esandako hitzak: «Oraingo egoera erokeria da. Itzulpenarena estatu auzi bat da. Aparteko kontseilaritza bat behar luke, eta behar bezala antolatzeko plan orokor bat. Eta azpigai bat litzateke nora bideratuko ditugun itzulpenaren indarrak».

EIZIEko kide batzuk ere han izan ginen, eta hona ekarriko ditugu han entzundako ideia interesgarri batzuk.

Atxagak hasiera-hasieratik argi utzi zuen ez zela itzulpen literarioaz arituko, baizik eta itzulpenaz oro har, hau da, egunerokoan bazter eta egoera askotan aurkitu ohi dugun itzulpenaz (hedabideetan, agiri ofizialetan, kalean, artean…). Izan ere, euskarazko hizkuntza-mintzaren % 80 itzulia da gaur egun, beste leku askotan baino proportzio handiagoa.

Itzulpengintzaren esparrua (edo mandala) hesitu ondoren, metafora eder bat erabili zuen itzultzea zer den azaltzeko: kristalezko zubia. Zubia, hizkuntza (eta kultura) batetik beste batera igarotzeko modua ematen duen aldetik; eta kristalezkoa, hauskorra den aldetik.

Kristalezko zubi horretan, bi noranzko nagusi daude: gaztelaniatik euskararakoa eta euskaratik gaztelaniarakoa. «Zirkulazio» ia dena, bistan da, lehen noranzkoan dabil, eta bigarrenean gutxi.

Errepikapenaren laudorioa ere egin zuen: hitzaren muina errepikapena da, hau da, hitza biziko bada, errepikatzeari esker biziko da. Beraz, zubitik pasatzen diren hitzek errepikagarri izan behar dute, gauzak ongi egingo baditugu.

Ideia horretatik tiraka, errepikagarritasun-indizea eta kokapen-indizea aipatu zituen itzulpenaren egoera nola ikusten duen azaltzeko. Hala, bada, «itzulki» batek (itzulpen xume horietako batek), hizkuntzaren aldetik zenbat eta kalitate handiagoa izan, orduan eta indize altuagoa izango du, orduan eta aiseago errepikatuko da; eta, zenbat eta kokapen hobea izan, hau da, zenbat eta ikusgarriago izan (ez da gauza bera hitz bat tirada luzeko egunkari batean azaltzea edo ia oihartzunik ez duen liburu batean azaltzea), orduan eta indize altuagoa izango du kokapenari dagokionez ere. Hizkuntza batek ezin du aurrera egin indize horiek behar bezala garatuak ez baditu.

Atxagak eguneroko adibideak baliatu zituen indizeen garrantziaz ohartarazteko. Gaur egun ikusi-irakurtzen ditugun «itzulki»etan, bi indizeek behar bezalako balioak izaten dituzte batzuetan, baina, bietako batek huts egiten duenean, euskara galduan ateratzen da.

Beraz, zubia zeharkatzea ez da erraza, eta ezinbestekoa da hirugarren eragile batek –itzultzaileak– lan ona egitea. Itzultzea ez baita hizkuntza batetik bestera pasatzea. Itzultzaileak «teatralizatu» egin behar du itzulgaia: lehenik jaso, hurrena barneratu, eta azkenik euskaraz nola esango lukeen pentsatu, horretarako irudimenaz baliatuz.

Gaur egungo itzulpengintzaren beste arazo batzuk ere izan zituen hizpide: edizio falta, itzulpen espezializatuak itzultzaile ez-adituen esku uztea, etab.

Egokiena bikoteka itzultzea omen da: batak abiapuntua eman, eta besteak zentsuratu, hau da, sobera dagoena kendu. Horretarako, baina, dirua behar da, zeren langile kopurua bikoizteak aurrekontuari eragingo bailioke.

Gaur egungo itzulpengintzaren beste arazoetako bat garbizaletasuna, garbizalekeria edo, Atxagak proposaturiko terminoa erabiliz, tradiziofobia da. Haren ustez, herri batek aukeratu beharra dauka ea kultura bat izan eta hura garatu nahi duen ala purista izan nahi duen (Arestik berari gaztetan emandako aholkua berrituz: «Aukeratu behar da idazle izan ala purista izan»). Han eta hemen bilduriko adibideak aipatu zituen hori azaltzeko (adibidez, ea zer den egokiagoa biologiari buruzko testu dibulgatibo batean: ondoretasun erabili ala herentzia).

Azkenik, elebitasunaz ere aritu zen. Humboldt-ek Amazoniako hizkuntzei buruz esandakoak gurera ekarrita, euskara ez dago papagaien mokoan (hau da, hizkuntza bizia da), baina elebitasuna moral bikoitz baten eragile izan da. Elebitasunak kokapen-indizea ahultzen du, euskarak beste hizkuntza handi bat izaten duelako beti ondoan, itzal egiten, eta horrek desoreka dakar. Gainera, desekonomia ere badakar den-dena bi hizkuntzetan eman beharrak, garestia baita. Itzulpen asko, gainera, kokapen-indize eskaseko egoeretan egiten da (administrazioko barne-agiriak, adibidez), eta kokapen hobean direnetara bideratu behar litzateke ahalegina eta aurrekontua (Wikipediara, adibidez).

Atxagaren betiko elokuentzia miresgarria ere aipatu behar genuke, bai eta gure artera gonbidatu zituen ahots hautak ere, noski: Aresti, Arrue, Berrondo, García Calvo, Ibinagabeitia, Inamoto, Kilito, Orixe, Zaitegi