Literatura Unibertsala eLiburutegian

2017 Martxoa 2
Literatura Unibertsala eLiburutegian

Literatur itzulpengintzaren ondarea biltzeko xedez, eta Literatura Unibertsala bilduman argitaratu diren itzulpenek bizirik jarrai dezaten, horietako zenbait jendearen eskura jarri dira Kultura Sailburuordetzarekin lankidetzan.

Otsailaz geroztik, Literatura Unibertsala bildumako 60 liburu eLiburutegia plataforman eskaintzen dira, ePub formatuan, doan eta denbora mugarik gabe deskargatzeko moduan.

Hemen dira liburuak, nork bere irakurgailura ekartzeko moduan. Plataforman bertan adierazten da nola egin deskarga gailu bakoitzean.

Bildumaren lehen eta bigarren aroko liburuen artetik jabari publikoan diren jatorrizko obren itzulpenak hautatu dira lehen saio honetan (Urrezko Biblioteka bilduman berrargitaratu diren itzulpenen lehen edizioak ez dira hor sartu), eta itzulpenak Creative Commons lizentziapean argitaratu dira plataforman. Eskerrik asko, bide batez, itzultzaileoi, horretarako baimena emateagatik.

Lehen aroko liburuei dagokienez, kontuan hartu behar da hogei urte baino gehiago iragan direla itzulpenetako batzuk argitaratu zirenetik, eta, beraz, ePub formatura egokitu aurretik, testuok Euskaltzaindiaren arauetara egokitzeko zuzenketa egin da.