Urrezko Biblioteka bildumak beste liburu bat kalean

2018 Urtarrila 31
Urrezko Biblioteka bildumak beste liburu bat kalean

Iazko urtearen amaieran kaleratu zuen Elkarrek Urrezko Biblioteka bildumako 16. liburua: William Faulknerren Hotsa eta ardaila, Asun Garikanok itzulia.

Compson familiaren gainbehera kontatzen zaigu eleberri honetan, AEBko Hegoalde tradizionalistaren endekapenaren sinboloa ere badena. Baina, horrez gain, kontatzearen beraren abentura zinezko bat dugu: gertakari bera lau bider eta beste hainbat lekukoren bidez kontatzen zaizkigu, ikuspegien ugaritasuna eta kronologiaren apurtzea nabarmentzen diren estilo baten bidez.

Itzultzaileak hitzaurrean dioen legez, "Hotsa eta ardaila irakurtzen hasten dena beiraduren argi printzek bakarrik argitutako katedral gotikoan sartzen den bisitaria bezala sentituko da. Lehen momentuan apenas ikusiko duen ezer. Baina, begiak ilunpe horretara ohitu arte irakurtzen segitzen badu, hasierako forma zirriborrotsuek gorputza eta kolorea hartuko dute eta, sari bezala, katedralak ezkutuan gordetzen duen edertasun guztia zabalduko zaio begi aurrean".