Hemen zaude:
 » 
 » 
Nor da Nor datu-basea, etengabe hazten

EIZIE | 2018-03-05

Nor da Nor datu-basea, etengabe hazten

Hiru urte eta erdi pasatu dira NdN datu-basea jendaurrean aurkeztu genuenetik, eta hastapeneko hazi hura zuhaixka bilakatzen hasita dago; gero eta adar gehiago ditu, gero eta sendoagoak: liburuak, bestelako itzulpenak, kritikak, itzultzaileen biografiak...

Joan den urtean, datuak eguneratzeaz gain, hiru puntutan jarri genuen arreta berezia. Itzulpenen atalean, liburuetatik kanpo argitaratutako itzulpenak bildu ditugu berariaz (aldizkarietan, webguneetan...), eta dagoeneko ia 3.000 erreferentzia ditugu. Itzultzaileen atalean, berriz, EIZIEren 30. urteurrenaren harira, elkartearen sorreran eta harrezkeroko zuzendaritza taldeetan jardundako itzultzaile gehienen biografia laburrak sareratu ditugu (130etik gora ditugu une honetan). Eta itzulpenen kritikei dagokienez, Haur eta Gazte Literaturako lanen iruzkinak ere jaso ditugu. Alabaina, datu hutsak baino askoz gehiago dago NdN datu-basean...

Edo, hobeto esanda, datu-basean topa dezakegun informazioa funtsezkoa da iraganeko eta gaur egungo itzulpengintzaren ezaugarri zenbait ulertzeko, eta, ondorioz, errealitatean oinarrituriko egitasmoak planteatzeko etorkizunari begira.

Adibidez, euskaratzen den literaturari begiratzen badiogu, ikusiko dugu haur eta gazteentzako liburuak direla gehien itzultzen direnak. Edozein garai hartzen dugula ere, % 55etik gorakoa da haur eta gazteentzako liburuen proportzioa.

Bestalde, lehen aipatu dugunez, iaz aparteko saioa egin genuen liburuak ez diren “bestelako” horietan (aldizkariak, webguneak, txatalak) agertu diren itzulpenekin –besteak beste, SENEZen, basqueliteratura.com-en eta basquepoetry.com-en argitaratutakoak jaso ditugu–, eta horri esker konturatu gara zenbat eta zenbat poesia itzuli den euskaratik eta euskarara, liburu gisa argitaratu gabe. Euskarara, 153 liburu ditugu fitxaturik, eta 1.334 bestelako argitalpen; euskaratik, 111 liburu, eta 276 bestelakoak.

Adarrak, hariak, ugariak dira. Azken adibide bat ematearren: euskaratu al da XXI. mendean idatzitako saiakerarik? Datu-basean jasota ditugun datuen arabera, bai: 44 liburu eta bestelako lau testu. Informazioa datu-basean dago; irakurketak, norberaren esku.

Itzultzaileek ere, horiek egiten baitituzte itzulpenak, toki nabaria dute Nor da Nor-en. Lehen aipatu ditugun biografiez gain, oso kontuan hartzekoa da NdNek eskaintzen duen aukera itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteekin zuzenean harremanetan jartzeko; izan ere, gero eta gehiago erabiltzen da gure datu-basea profesionalengana heltzeko.

Pozik gaude, ez dugu ezkutatuko. Osatzeko ditugun hutsuneen jakitun, hobetu beharrekoez ohartuta eta garatu nahi eta (oraingoz) ezin ditugun guztiak kontuan hartuta ere, pozik gaude, emaitza baliagarria dela uste dugulako. Isileko lan eta lankidetza zabalaren fruitu delako. EIZIEk sortu zuen Nor da Nor, elkartearena da horri eusteko ardura, baina baditugu laguntzaileak –itzultzaileak (bereziki bazkideak), idazleak...–, baditugu lankideak –armiarma.com, Eusko Jaurlaritzaren Liburutegien Sarea...–, baita handik eta hemendik datu-basea hobetzen laguntzen diguten pertsonak ere. Eskerrik beroenak guztioi.