Hemen zaude:
 » 
 » 
Kalean da 'Senez'en 49. zenbakia

EIZIE | 2018-10-19

Kalean da 'Senez'en 49. zenbakia

Zabaldu da leihoa. Eta kantari hasi da Senezeko txoria. Kantu aberatsa dakarkigu, gainera, doinu eta kolore askokoa.

Aurten, 287 orrialde, 22 artikulu, hamaika egile, eta beste horrenbeste gai. Oraingoan ere, itzulpengintzarekin loturiko alderdi gehienak ukitu nahi izan baititugu: literatura-itzulpena, administrazioko testuen itzulpena, itzulpen espezializatuak, zuzenketa, interpretazioa… Egileen artean ere, ibilbide luzekoak zein gazteagoak, itzultzaile-jardunean ari direnak zein mundu akademikoan dabiltzanak bildu zaizkigu aldizkariaren doinura.

Elkarrizketen sailean, Amaia Apalauza eta Iñigo Roque itzultzaileek Xabier Queiruga Pasazaite argitaletxeko editorea elkarrizketatu dute, gai ugari ekarriz hizpidera: literatura itzulia, itzultzaileen zeregina eta garrantzia, irakurleen harrera edo Galiziako argitaletxeen egoera, besteak beste. Bestalde, EIZIEren 30. urteurrena ospatzeko antolatu genuen mahai-inguruaren berri ere badakargu: Karlos del Olmok Josu Zabaleta, Xabier Mendiguren, Lurdes Auzmendi eta Miren Ibarluzea elkarrizketatu zituen, eta Senezera ekarri nahi izan dugu saioaren transkripzioa. Aukera ederra elkartearen iraganaz, orainaz eta geroaz gogoeta egiteko.

Gogoan izan ditugu 2017an joan zitzaizkigun bi bazkide, ohorezko izendatuak biak: Iñaki Beristain eta Andoni Lekuona. Karlos del Olmok osatu du haien omenezko idazkia.

Literatura-itzulpenari dagokionez, 40 poeta katalanen antologia baten berri emanez idatzi du Karlos del Olmok, eta Cora Marín eta Pere Vilanova poeten «De l’absència» poemaren itzulpen ilustratua ondu. Bestalde, aurten argitaratua da Mario Benedettiren Udaberri kantoi-hautsia, Aiora Jakak itzulia, Literatura Unibertsalaren bildumaren barnean, eta liburuaren itzulpenaren harira bildutako gogoetagaiak paratu ditu Jakak artikulu batean. Literatura itzuliaren harrerari ere erreparatu nahi izan diogu, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako irakurleek itzulpenik irakurtzen ote duten, arlo horretan zer hutsune dauden eta bestelako azterketa eta iritzi batzuk jaso nahian. Horretarako, artikulu bana prestatu digute Hedoi Etxartek, Vigoko Unibertsitateko Bitraga ikerketa-taldeko kideek eta Aritz Galarragak.

Literaturarekin lotuta, bi itzulpen-lantegiren kronikak ekarri ditugu: batetik, Maialen Garagarzak komiki-itzulpenari buruzko lantegi baten kronika osatu du (EIZIEk antolatua 2017ko maiatzean, Bego Montorioren gidaritzapean), eta, bestetik, Mònica Fontek eta Jon Elordik Lauaxetaren testuak katalanera itzultzeko lantegiarena (Bartzelonako Literaldian antolatua 2018an).

Administrazio-itzulpenaren arloan, arauen izenburuen katramila sintaktikoak hizpide hartu ditu Gilen Mejuto itzultzaileak, eta testu-zuzenketen gaia, berriz, Mario Unamunok eta Inaxio Lopez de Aranak, zeinek bere ikuspuntutik.

Testu espezializatuen itzulpenari ere tokia egin diegu gure kaiolatxoan: batetik, Ana Moralesek gogoeta zabala egin du Judith Butler-en Genero nahasmendua itzultzean hartu behar izan dituen hautu eta irizpideen gainean, eta, bestetik, itzulpen zientifiko-teknikoez idatzi du María José Pinillak. Gai horrekin loturik, Donostian 2018ko udazkenean egitekoa den terminologia-gailurraren berri emanez idatzi du Maite Imazek.

Interpretazioari dagokionez, Ana Blázquez interprete nuklearraren bizipenak eta gogoetak jaso ditugu. Gai aski ezezaguna gurean, baina jakingarria, inondik ere.

Mundu akademikotik, batetik, Miren Ibarluzeak eta Koldo Bigurik beren doktore-tesiaren laburpena idatzi digute, eta, bestetik, Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko bi ikaslek ere txio egin digute gradu amaieran aurkezturiko ikerketa-lanen egokitzapen banarekin: Ibai Sarasuak Corramos libres ahora poema bildumaren itzulpenari buruzko ikerketa bat aurkeztu digu, eta Claudia María Torralbak, berriz, ikusizko itzulpena aztertu du.

Azkenik, Marcos Sarmientok editaturiko artikulu bilduma baten gomendioa egin digu Karlos del Olmok: Historia de la traducción y de la interpretación en Canarias.

Horiexek aurtengo Senez aldizkariaren musika-notak. Ez dugu aipatu gabe utzi nahi Juan Azpeitiaren irudiz apaindua eta musikatua datorrela aldizkaria oraingoan ere, dotore eta ikusgarri. Ez dadila musikarik falta.