Baldintzak eta Lege-oharra

Definizioak

EIZIE: euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkartea da, legez eratua, eta ItzuL posta elektronikoko banaketa zerrenda kudeatzen duena.

ItzuL: posta elektronikoz mezuak banatzen dituen zerrenda da, itzulpen alorrekoa, EIZIEk kudeatua, atxikimendu librekoa, eta aldez aurreko harpidetza eskatzen duena, betiere EIZIEk onartu beharrekoa.

Harpideduna: berariazko erabaki libre eta borondatezko baten bitartez bere posta elektronikoko helbidea ItzuL banaketa zerrendan harpidetzen duena da.

Harpidetzak egin eta kentzea

ItzuL banaketa zerrenda doaneko zerbitzua da, fede onaren printzipioaren arabera eskainia, inolako kontratu edo kontra-prestazio harremanik sortzen ez duena EIZIEren eta ItzuL zerrendako harpidedunen artean.

ItzuL zerrendan harpidetza egitea, edota mezuak zerrendara bidaltzea, posta elektronikoko helbidearen jabearen egintza borondatezko, libre eta berariazkotzat jotzen dugu.

EIZIEk beretzat gordetzen du harpidetza eskaera bakoitza onartzea edo ezestea, inolako azalpenik eman behar izanik gabe. Era berean, ItzuL zerrendara bidalitako mezuen aldez aurreko kontrola edo egiaztapena ezar dezake, harpidedun baten nahiz guztien gainean, edo harpidetzak noiznahi eten ditzake, dena delako posta elektronikoko helbidearen jabeari inolako azalpenik eman behar izan gabe, ez aurrez, ez ondoren.

Erantzukizunak

EIZIEk ez du erantzukizunik hartzen ItzuL zerrendan gurutzatzen diren mezuetako edukien gainean, eduki horiek nola edo hala zerrendakideei nahiz hirugarrengoei erasan arren.

Halaber, EIZIEk ez du inolako erantzukizunik izango ItzuL zerrendan agertutako edukien erabilerak sor ditzakeen kalteen gainean, eduki horiek nola edo hala zerrendakideei nahiz hirugarrengoei erasan arren.

Ez dago zerbitzu teknikorik

EIZIEk ez du laguntza edo zerbitzu teknikorik ematen, ez harpidedunei, ez hirugarrengoei, ItzuL zerrendako mezuak jasotzerakoan edo bidaltzerakoan gerta daitezkeen gorabehera teknikoen inguruan.

Era berean, EIZIEk ez du gai horien gaineko galderei erantzuteko beharkizunik.

Mezuen biltokia

EIZIEk ohartarazten die ItzuL zerrendako harpidedunei bertara bidalitako mezu guztiak bildurik geldituko direla, kontsultatzeko moduan, webgune honetan. Horrek esan nahi du, jakina, mezu horiek Interneteko bilatzaile arrunten esku ere geldi daitezkeela.

Biltoki horretan, zerrendara bidalitako jatorrizko mezuen datu guztiak ageriko dira, posta elektronikoko helbidea izan ezik; hori mozorroturik ageriko da, zabor bidalketak (edo spam-ak) saihestearren.

ItzuL zerrendara bidalitako mezuak (goiburu, gorputz eta oina barne direla) pertsona bidaltzaileak era borondatezko, libre eta berariazkoan igorritzat hartuko ditu EIZIEk. Ondorioz, EIZIEk ez du inolako beharkizunik izango ItzuLera bidalitako mezurik ezabatzeko, ez mezuen barruko daturik kentzeko.

Izaera pertsonaleko datuen babesa

EIZIEk ez du datu pertsonal bakar bat ere eskatzen ItzuL zerrendara harpidetu, edo mezuak bidali nahiz jasotzeko, ezpada posta elektronikoko helbide baliozko bat. Helbidearen jabearen nortasuna egiaztatzea eskatuko du, hala nahi duen guztietan, harpidetza eskaera bat onartu edo ezetsi aurretik. Halakoetan, posta elektronikoko helbidearen jabeak emandako datuak ez ditu EIZIEk inolako datu basetan gordetzen, baizik ezabatu egiten ditu egiaztapena amaitu orduko.

Gainerako kasu guztietan, ItzuL zerrendako harpidedunen erabakia eta erantzukizuna izango da mezuetan izaera pertsonaleko datuak agertzen badira. Beraz, EIZIEk ez du datu horien inolako fitxategi edo trataeraren ardurarik, 1999ko abenduaren 13ko 15/99 Lege Organikoak, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzkoak, xedatutakoaren arauz.

Baldintzak onartzea

ItzuL zerrendan harpidetza egiteak esan nahi du aurreko pasarteotan azaldutako baldintza guztiak onartzen direla.