Hemen zaude:
 » 
Nor da Nor - Euskal Itzulpengintzaren datu-basea

Nor da Nor - Euskal Itzulpengintzaren datu-basea


Zer da Nor da Nor?

Euskaratik eta euskarara egindako itzulpengintzaren datu-basea, informazio gunea. EIZIEk sortutako datu-base hau etengabe osatzen eta garatzen ari da, eta itzulpena, interpretazioa eta zuzenketa hartzen ditu kontuan.

Informazioa bi ardatz nagusiren inguruan dago antolaturik:

Itzultzaileak

Datu-baseak itzultzaile, interprete eta zuzentzaileei buruzko informazio hau biltzen du une honetan:

  • Literatur itzultzaileak. Euskaratik eta euskara itzuli duten pertsonen izen-abizenak eta haiek itzulitako obren erreferentzia osoak.
  • Lanean ari diren itzultzaileak. EIZIEko bazkide diren itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen datu zehatzak: lan alorrak, hizkuntza-konbinazioak… Profesional horiekin zuzenean harremanetan jartzeko bidea ere eskaintzen da.
  • Itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen bio-bibliografia laburrak. Atal hau osatze bidean dago, baina dagoeneko 130 bio-bibliografia irakur daitezke: euskal itzulpengintzari ekarpen berezia egin diotelako EIZIEk ohorezko bazkide izendatutakoena, EIZIEren sorreran eta geroko zuzendaritza taldeetan jardun dutenena...

Itzulpenak

Momentuz, literatur itzulpenak biltzen ditu NdNek:

  • Haur eta gazte literaturakoak zein helduentzakoak.
  • Euskaratik zein euskarara itzulitakoak.
  • Paperean argitaratutakoak zein modu digitalean bakarrik zabaldutakoak.
  • Liburu osoak (monografiak) ez ezik, aldizkarietan, sarean eta bestelako liburuetan argitaratu diren itzulpenak ere jasotzen ditu (poemak eta ipuin solteak, pasarteak...).

Itzulpen horien datu bibliografikoez gain, testuetara heltzeko lotura eskaintzen du datu-baseak (sarean eskura daitezkeen kasuetan), hala nola horiei buruzko kritikak, halakorik argitaratu den kasuetan.

Bilaketa interfazeek bilaketa-irizpide ugari uztartzeko aukera ematen dute, baita obretatik abiatuta itzultzaileen informazioa lortzeko modua, eta alderantziz.

Itzulpengintza oinarri duen datu-base bakarra izanik, arreta berezia ematen diogu datuen fidagarritasunari eta informazio iturri kontrastatuak baliatzen ditugu. Besteak beste, lankidetzan dihardugu Armiarma taldearekin (Euskarari ekarriak webgunea), Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburutzarekin (Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala) eta Elizabete Manterola eta EHUko Euskara Institutuarekin (Euskal Literatura Itzuliaren Katalogoa).

Nor da Nor-en ekarpena

Itzulpengintza ardatz duen datu-basea izanik, sakabanaturik edo jaso gabe egon den informazioa biltzen du NordaNor-ek gune bakar batera, beste inon egin ezin daitezkeen bilaketak ahalbidetuz.

Datu-basearen aurkezpena

2014ko irailaren 16an, jendaurrean aurkeztu genuen datu-basea, Koldo Mitxelena Kulturunean. Ikus hemen azalpenak bideoan, besteak beste.

Aurkezpenaren harira, Hitzen Uberan aldizkari digitalean elkarrizketa bat egin zioten Bego Montoriori, datu-basearen inguruan.

Datu batzuk


Erakunde diru-laguntzaileak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta CEDRO.