Hemen zaude:
 » 
ItzuL erabiltzeko jarraibideak

ItzuL erabiltzeko jarraibideak

Itzul posta-zerrenda erabiltzeko jarraibideak

ItzuL zerrendako harpidedun baldin bazara, mezu guztiak jasoko dituzu berariaz eskatu behar izanik gabe; alderantziz, zerrendara bidaltzen dituzun mezuak harpidedun guztiek jasoko dituzte.

Hau eztabaida eta laguntza zerrenda publikoa da. Beraz, zerrendatik jasotako mezu bati erantzuten hasten garenean (postako programa gehienetan Reply to), zerrendako helbidea azalduko zaigu ( itzul [a bildua] postaria.com ), ez mezuaren egilearena. Arazo partikular baten erantzuna izan daiteke gurea, baina agian zerrendakide askorentzat jakingarri. Beraz, zerrendako mezu publikoei erantzun publikoa ematea izango da irizpidea; gure erantzuna guztiz alor pribatu edo pertsonalekoa denean erne ibili beharko dugu, zerrendako helbidea kendu eta jasotzaile bakarraren helbide pertsonala jartzeko.

ItzuL zerrendatik jasotako mezu guztiek izenburuaren hasieran [ itzul ] hitza ekarriko dute. Era horretan, mezuak ongi identifikatzeaz gain, postako programa gehienek izan ohi dituzten iragazleak errazago erabil daitezke.

Mezu bat zerrendara bidali aurretik, jarraibide hauek gogoan izatea eskatzen dizugu:

  • Ziur izan zaitez zerrendako helbidea ( itzul [a bildua] postaria.com ) zuzen idatzi duzula; akatsik ez izateko, hobe zure postako helbideen zerrendan gorderik baduzu.

  • Idatz ezazu BETI mezuaren gaia (Subject alorra); lauzpabost hitz, ez gehiago, mezua zer den ezagutzeko adinakoak.

  • Esan beharrekoak mezuaren buletinean bertan idatzi, ahal bezain labur.

  • Ez bidali erantsitako fitxategirik (Attachment) zure mezuarekin batera. Zerrendakideei zure fitxategiren bat eskaini nahi badiezu, bidali mezu bat horren berri emanez, eta nahi duenak eskatuko dizu fitxategia modu pribatuan.

  • Saiatu zure ordenagailuko erlojua ordu egokian izaten; horrela, mezuen kronologia eta haria hobeki jarraituko dute zerrendakideek.

  • Zerrendan agertutako mezu bati erantzun nahi badiozu, erabili Reply to funtzioa, ez sortu mezu berririk. Horrela, argiago ikus daiteke mezu bakoitzak izan dituen erantzunak.

  • Erantzuterakoan, aipatu jatorrizko mezua, baina ez osorik, baizik zure erantzunari buruz esanguratsuak diren zatiak bakarrik.

  • Gaur egun postako programa askok mezua HTML formatoan egiteko aukera ematen dute. Ez egin halakorik: beste askok gaizki ikusiko dute zure mezua. Hobe beti testu soil (Plain text) gisa egitea.