Hemen zaude:
 » 
Tresnak

Tresnak

OLI tresnak

Zuzentzaileak

Terminologia

Lokalizazioa

Azpidazketa

Proiektu kudeaketa

Kalitate kontrola

Itzulpen automatikoa

Hexapla

Beste batzuk

Ordenagailuz Lagundutako Itzulpena (OLI)

Tresna informatiko hauek itzulpengintzaren alderdi astunenak arintzen laguntzen dute, ordenagailuaren ahalmenaz baliaturik.

Trados

Trados OLI software ezagunenetarikoa eta espezializatuena da. Proiektuak, itzulpen memoriak eta glosarioak kudeatzeko aukera ematen du. Memoriak hizkuntzen arabera antola daitezke eta baita data, ordua eta erabiltzailea zehaztu. 70 formatu baino gehiagoko fitxategiak onartzen ditu: SGML, XML, HTML, OpenDocument fitxategiak, testu fitxategiak, Java, Office paketeko fitxategiak, Adobe fitxategiak (PDF, OCR, FrameMaker, InDesign, InCopy)... Glosario elebidun eta eleanitzen kudeaketa SDL Multiterm-ekin egingo da. Itzulpen-automatikoa eta posedizioa bateratzen ditu: segmentu baten itzulpen-automatikoa emango digu, gero itzultzaileari itzulpen horretan aldaketak egiteko aukera emanez. Trados GmbH enpresarena eta ordainpekoa.

Wordfast

Wordfast ordainpeko OLI software bat da, baina dohainik erabiltzeko aukera ematen du 500 segmentuko itzulpen-memorietara mugatuz gerp. Windows, Linux eta Mac OS X plataformekin lan egiteko aukera ematen du. Trados-ekin bateragarria da, TMX edo TXT formatu estandarra erabiltzen baitu bere itzulpen-memorien fitxategietan. Microsoft Worden oinarritutako interfaze intuitiboa du. Terminologia kudeatzeko gaitasuna 3 glosarioetara (gehienez) sartzeko aukera ematen du. Worden barruan lan egiten dugunez eta interfaz hori ezaguna egiten zaigunez, erabilera erraza dauka (Wordfast Classic-en). Trados baino formatu gutxiago onartzen ditu. Wordfast Anywhere bertsio doako eta eramangarria ere badago, eta linean lan egiteko aukera ematen du.

OmegaT

OmegaT OLI software librea da. Programa autonomoa da, Word-en barruan lan egiteko beharrarik gabe. Itzultzaile batek maiz erabiltzen dituen formatu gehienekin lan egiteko aukera ematen du: XHTML, HTML; Microsoft Office 2007 XML; OpenOffice.org/StarOffice; XLIFF (Okapi); MediaWiki (Wikipedia); TXT... Beste itzulpen-memorien aplikazioekin bateragarria da, onartzen baitu TMX formatua. Windows, Linux eta Mac OS X plataformekin lan egiteko aukera ematen du. Proiektuak, itzulpen memoriak eta glosarioak kudeatzeko aukera ematen du.

Translation Workspace

Translation Workspace itzulpen memoriak eta glosarioak hodeian dituen OLI software bat da. Itzultzaileak ordenagailuan itzultzen ditu fitxategiak, baina memoria hodeian dago eta denbora errealean eguneratzen da, hainbat itzultzaileren arteko elkarlana ahalbidetuz. Lionbridge enpresarena da eta ordainpekoa (hileko itzuliko den hitz kopuruaren araberako planak daude).

Google Transator Toolkit

Google Translator Toolkit lineako OLI tresna bat da. Hainbat formatutako fitxategiak (doc, html, rtf, srt, sub, json, properties, strings, arb, aea, aes), itzulpen-memoriak eta glosarioak onartzen ditu. Kontuan izan behar da, halere, erabilitako fitxategiak (itzulgaiak, memoriak, glosarioak) Google-k bilduko dituela. Doakoa da, baina Google kontu bat edukitzea ezinbestekoa da.

Across

Across Translator Editor itzultzaile autonomientzako OLI bat da. Terminologia kudeatzaile integratua dauka eta proiektuak kudeatzeko aukera ematen du ere. Across Systems enpresaren da eta doakoa da itzultzaileentzat.

MemoQ

memoQ translator pro Microsoft Windows-en funtzionatzen duen OLI tresna bat da. Askotariko formatuak onartzen ditu eta beste hainbat OLI tresnetan (Trados-en edota Wordfast-en) sortutako proiektuak itzultzeko aukera ematen du. Proiektuak, itzulpen memoriak eta glosarioak kudeatzeko aukera ematen du eta linean lan egiteko ere bati. Kilgray enpresarena da eta ordainpekoa.

Déjà Vu

Déjà Vu Windows-en funtzionatzen duen OLI tresna bat da. Bakarka itzultzeko zein taldeko proiektuak kudeatzeko aukera ematen du, bai eta itzulpen-memoriak, glosarioak eta formatuak kudeatzeko ere. Atril enpresa frantsesarena da eta ordainpekoa da.

Transit

Transit Star enpresaren OLI tresna bat da. Sistemak itzulpen-prozesuen askotariko esparruak biltzen ditu: inportazio- eta esportazio-iragazkiak, itzulpen-memoriak, memoria-editorea, baliabideen editorea, azpidazketa-tresna, kalitate-kontrola, terminologia-kudeatzailea, proiektu-kudeatzailea eta fitxategi-lerrokatzea. Ordainpekoa da.

Anaphraseus

Anaphraseus OpenOffice-rako OLI tresna bat da. Makro gisa funtzionatzen du eta itzulpen-memoriekin lan egiteko aukera ematen du. Jatoriz Wordfast-ekin funtzionatzeko garatu zen, baina memoriak TMX formatuan esportatu eta inportatzeko aukera ematen du. Software librekoa da eta doakoa da.

Memsource

Memsource hodeirako zein software gisa instalatzeko bertsioak dituen OLI tresna bat da. Askotariko formatuak onartzen ditu eta memoriak eta glosarioak hodeian gordetzen direnez, edonon eta edonoiz lan egiteko aukera ematen du. Memsource enpresarena da eta itzultzaileentzako bertsioa doakoa da, enpresa eta proiektu kudeatzaileena, aldiz, ordainpekoa.

GlobalSight Translation Management System

GlobalSight Translation Management System itzulpenak eta itzulpen-prozesuak kudeatzeko tresna bat da. Lan-fluxuak, itzulpenak, memoriak, glosarioak etab. sortu eta kudeatzeko aukera ematen du. Welocalize enpresarena da eta software librekoa eta doakoa da.

Zuzentzaileak

Xuxen, Euskararako zuzentzaile ortografikoa

Euskararako sortutako lehen zuzentzaile ortografikoa da. Microsoft Officen eta LibreOfficen instala daiteke, eta testuak sarean zuzentzeko aukera ere ematen du. Akatsak markatzeaz gain, forma hobetsiren bat duten hitzak ere azpimarratzen ditu, bai eta akats gramatikalak zuzentzeko proposamenak egin ere.

Hobelex (UZEI)

Zuzentzaile ortografiko eta lexikala da, eta Microsoft Officen, LibreOfficen edo sarean erabil daiteke. Ortografia-akatsak azpimarratzeaz gain, lexiko-akatsak zuzentzeko proposamenak ere egiten ditu.

IDITE lexiko-egiaztatzailea (UZEI)

Sarean erabiltzeko lexiko-zuzentzailea da. Testu osoa aztertu ondoren egiten ditu zuzenketak, eta, nahi izanez gero, txosten bat ere sortzen du, lexiko-ohar guztiak eta hitz ezezagunak bilduta.

Terminologia

Terminology Extraction Suite (TES)

Corpusen analisian eta estatistikan oinarrituta, jatorrizko zein helburuko testuetatik terminologia erauzteko balio duen kode irekiko tresna.

MultiTerm

MultiTerm terminologia elebakarra nahiz eleaniztuna eta glosarioak kudeatzeko tresna bat da. Datu-base zentral batetik funtzionatzen du eta mahaigaineko bertsioan, widget gisa zein Trados Studion integratuta erabiltzeko bertsioak ditu. SDL enpresarena da eta ordainpekoa.

Lingo 4.0

Terminologia zerrendak eta glosategiak sortzeko tresna merke eta erabiltzen erraza.

TermStar

TermStar datu-base terminologiko elebakar zein eleanitzak sortu eta kudeatzeko tresna bat da. Star Group enpresarena da, ordainpekoa da eta Transit itzulpen-tresnarekin konbina daiteke.

Software eta webguneen lokalizazioa

Po edit

Aplikazioak eta gettext darabilten webguneak lokalizatzeko software libreko editorea da.

HTTrack

Webguneak eta euren eduki guztia ispilatuta deskargatzeko aukera ematen duen tresna. Webguneen lokalizaziorako erabiltzen da eta HTML, irudi eta bestelako edukia modu egituratuan lortzeko bidea ematen du.

Catscradle

Catscradle webguneak lokalizatzeko Windows-erak otresna bat da. Ezkutuan dagoen testu guztia ateratzen du webguneetatik eta, gainera, itzuli bitartean testua testuinguruan ikusteko aukera ematen du. Stormdance enprearena da eta ordainpekoa.

Okapi Framework

Okapi Framework softwareen lokalizaziorako osagai eta aplikazioen multzo bat da. Hainbat fitxategi mota onartzen ditu eta beste tresna batzuetako itzulgaien eta memorien formatuekin bateragarria da. Software librekoa da eta doakoa.

Passolo

Passolo softwareak lokalizatzeko tresna bat da. OLI tresnen eginbide guztiak ditu, baina, horretaz gain, itzuli bitartean erabiltzailearen interfazearen elementuak ikusteko aukera ematen du. SDL enpresarena da eta ordainpekoa.

Visual Localize

Visual Localize softwareak itzuli eta lokalizatzeko tresna bat da. Askotariko formatuak (adibidez, EXE, DLL, OCX, XML, CHM, 32 edo 64 bit-eko fitxategiak, VC++, C# , Win32, .NET) hainbat hizkuntzatara itzultzeko aukera ematen du. AIT GmbH & Co enpresa alemanarena da eta ordainpekoa da.

Multilizer

Multilizer Localization Tools softwareen, dokumentuen, webguneen eta bestelako edukien itzulpenak egiteko tresnak dira. Kodea ukitu behar izan gabe itzultzeko, glosarioak erabiltzeko eta kalitate-balidazioak egiteko aukera ematen du. Multilizer enpresarena da eta ordainpeko zein doako bertsioak (dagoeneko sortutako Multilizer proiektuetarako) ditu.

WebBudget

WebBudget webguneak lokalizatzeko tresna bat da. OLI tresna arrunten eginbideez gain, webguneen testu ezkutua atera eta kodea blokeatzeko egibideak ditu. Aquino Software enpresarena da eta ordainpekoa.

Alchemy Catalyst

Alchemy Catalyst softwareak eta webguneak lokalizatzeko tresna bat da. OLI tresnen eginbide guztiak ditu, baina, horretaz gain, itzuli bitartean erabiltzailearen interfazearen elementuak ikusteko aukera ematen du eta webguneetako ezktuko testua erakusten eta kodea blokeatzen du. Alchemy Software enpresarena da eta bi bertsio ditu: doakoa itzultzaileentzat (itzultzeko eginbideak soilik ditu) eta ordainpekoa enpresentzat (eginbide guztiak ditu erabilgarri).

Avral Tramigo

Avral Tramigo Flash animazioak itzultzeko Windows-erako tresna bat da. Flash MX animazioetako testua atera, itzuli eta berriro muntatzeko aukera ematen du. Avral Technologies enpresarena da eta ordainpekoa da.

Virtaal

Virtaal softwareak lokalizatzeko tresna bat da. OLI tresnen ohiko eginbideak ditu eta XLIFF eta PO formatuak itzultzeko diseinatuta dago. Translation House erakundearena da eta software librekoa eta doakoa da.

QT linguist

Qt Linguist Qt proiektuak bere lokalizazio-fitxategiak (Qt C++ eta Qt Quick) itzultzeko eskaintzen duen tresna da. Formatu horiek itzultzeko erabiltzen da printzipioz, baina PO eta XLIFF formatuak ere onartzen ditu.

Idiom WorldServer

Idiom WorldServer softwareak lokalizatzeko tresna bat da. OLI tresnen ohiko eginbideak ditu, lokalizazio-prozesura egokituta. Doakoa da WorldServer-en proiektuetan lan egiten duten enpresa, bazkide eta itzultzaile guztientzat.

Pootle

Lineako lokalizazio-tresna bat da, lokalizazioko ohiko formatu gehienekin bateragarria dena (po, xliff, properties, php...). Itzulpen-memoriak, glosarioak eta beste kudeatzeko aukera ematen du. Software librekoa da eta doakoa.

Azpidazketa

Aegisub

Aegisub azpitituluak editatzeko software libreko programa bat da. Hainbat formatutako azpitituluak onartzen ditu: .ssa, .ass, .srt, .sub, .mks, .txt. Unicode kodifikazioak onartzeaz gain (UTF-7, UTF-8, UTF-16LE eta UTF-16BE), unicode kodifikazioan ez dauden azpitituluak inportatzeko aukera ere ematen du. Editore aurreratu bat da: adibidez, soinu-uhinekin lan egin dezakegu, saguaz edo teklatu-lasterbide pertsonalizatuez baliatuz. Estilo-administratzaile bat ere badu, azpitituluen tipografia aldatzeko eta azpitituluak mugitzeko. Karaktere-kontatzaile, itzulpen-laguntzaile eta ortografia-zuzentzaile bat ere baditu. Aegisubek Subtitle Workshpek baino formatu gutxiagoetara esportatzen ditu azpitituluak.

Subtitle Workshop

Subtitle Workshop azpitituluak editatzeko software libreko programarik erabilienetako bat da. Azpititulu bakoitzaren iraupen minimoa, azpitituluen arteko espazioa eta lerro bakoitzeko karaktere-kopurua pertsonalizatzeko aukera ematen du. Zuzenketa-panelari eta translator mode-ri esker, egokia da azpititulu-plantilak itzultzeko edo zuzenketak egiteko. Editore honek formatu asko onartzen ditu (65 bat), eta, horri esker, fitxategiak hainbat plataformatan erabil daitezke: DVD, Blu-Ray, zinea, telebista, YouTube, bideo editore aurreratuak, azpidazketa tresna profesionalak... Ez du aukerarik ematen soinu-uhinekin lan egiteko. Bestalde, azpititulu-, karaktere- eta hitz-kopurua eskuratzeko modua eskaintzen du.

Visual Subsync

Visual Subsync azpitituluak editatzeko software libreko programa bat da. Soinu-uhinekin eta teklatu-lasterbide pertsonalizatuekin lan egiteko aukera ematen du. Bi modutan jardun dezakegu: modu normalean eta timing moduan. Akatsen araztaile bat ere badauka, ohartarazten duena azpitituluen karaktere-kopurua gainditzen ari garela; gainera, gure beharren arabera pertsonalizatu dezakegu. SRT, ASS, TXT eta beste pare bat formatu gehiago onartzen ditu.

Universal Subtitles

Universal Subtitles azpitituluak sortzeko software libreko online tresna bat da. Berdin dio bideoa zer plataforma edo formatutan dagoen. Edonoren eskura dago azpitituluak jartzea.

DivXLand Media Subtitler

DivXLand Media Subtitler azpitituluak sortu eta kudeatzeko software libre bat da. Hainbat formatutako bideoetan txerta daitezke: AVI, MPG, MKV, WMV… Azpitituluei dagokienez, 30 formatu baino gehiago onartzen ditu: ass, ssa, srt… Bateragarria da hainbat hizkuntzarekin eta sinbolo konplexuekin. Teklatu-lasterbideak ez ezik, ortografia-zuzentzaile bat ere badu. Halaber, aukera ematen du azpitituluak testu-fitxategietatik edo arbeletik sortzeko.

Wincaps

Wincaps azpitituluak editatzeko ordainpeko software bat da. Bateragarria da hainbat hizkuntzarekin eta hainbat formatu profesionalekin. Soinu-uhinekin lan egiteko aukera ematen du. Estilo-administratzaile bat ere badu, azpitituluen tipografia aldatzeko eta azpitituluak mugitzeko. Edozein momentutan jakin dezakegu lerro bakoitzak edo azpititulu osoak zenbat karaktere dituen, bai eta segundo bakoitzaren karaktere tasa ere.

Subtitle Edit

Subtitle Edit azpitituluak editatzeko software libre bat da, formatu askorekin bateragarria: srt, scc, cheetah cap, ebu stl… Zenbait formatutako fitxategiak inportatu eta esportatu ditzakegu. Soinu-uhinekin lan egiteko aukera ematen du. Translator mode-a du: azpititulu originalak eta itzuliak pareka daitezke eta OLI tresna batekin itzultzen ariko bagina bezala. Teklatu-lasterbide pertsonalizatuak ere eskaintzen ditu. Akatsen araztaile bat ere badauka. Edozein momentutan jakin dezakegu lerro bakoitzak edo azpititulu osoak zenbat karaktere dituen, bai eta segundo bakoitzaren karaktere tasa ere.

FAB

FAB azpitituluak editatzeko ordainpeko programa bat da, plataforma irekikoa. Teklatu-lasterbideak eskaintzen ditu. Bideo digitalekin eta soinu-uhinekin lan egiteko aukera ematen du. Bateragarria da hainbat hizkuntzarekin, sinbolo konplexuekin, kodifikazioekin eta tipografiekin.

Proiektu kudeaketa

Plunet

Negozioa eta lan-fluxuak kudeatzeko itzulpen- eta lokalizazio-sektorerako soluzio bat da, enpresaren prozesu guztiak antolatu, lagundu eta kontrolatzeko balio duena. Ordainpekoa da.

Kudeaketa profesionaleko tresna bat da, itzultzaile autonomoei eta agentzia txikiei zuzendua. Interneteko konexioa izanez gero, edozein ordenagailu edo mugikorretatik kudea daitezke lanak: proiektuak, kontaktuak, plangintzak, fakturazioak…

Gespoint Translator

Gespoint Translator itzulpen enpresetarako eta itzultzaileentzako prestatutako kudeaketa-tresna bat da. Bertsioaren arabera (professional or business), lan edo proiektuak kudeatzeko eta lankideen arteko komunikazioa hobetzeko edota bezeroak, aurrekontuak, lanak, fakturak eta ordainketak kudeatzeko aukera ematen du. Ordainpekoa da baina EIZIEkideek eskaintza berezia dute.

Itzulges

Itzulges itzulpenak kudeatzeko online aplikazioa da. Beraren bidez, itzulpenak jaso, egin, zuzendu eta bidali egiten dira, modu erraz batez. Iberba enpresarena da, eta ordainpekoa, baina EIZIEkideek eskaintza berezia dute.

Translation Office 3000

Translation Office 3000 itzultzaile autonomoentzako proiektu-kudeaketarako tresna bat da. Softwareak bezero eta bezerogaien datuak antolatzen, finantzak kudeatzen, baliabideak antolatu eta lehenesten eta epeak betetzen direla bermatzen laguntzeko eginbideak eskaintzen ditu. Advanced International Translations (AIT) enpresarena da, ordainpekoa, baina EIZIEkideek eskaintza berezia dute.

Projetext

Projetex itzulpen agentzietarako proiektu-kudeaketarako tresna da. Softwareak enpresako langileak eta kanpoko itzultzaileak egoki kudeatzen laguntzen du, auditoretzak eta finantza-lanak errazten ditu, lehentasunak ezartzen laguntzen du eta proiektuen epeak kudeatzeko eginbideak eskaintzen ditu. Advanced International Translations (AIT) enpresarena da, ordainpekoa, baina EIZIEkideek eskaintza berezia dute.

Anycount

AnyCount hitzak eta karaktereak zenbatzeko tresna da. 37 fitxategi-formatu onartzen ditu; besteak beste, Microsoft Office, Open Office, testu-fitxategiak, HTML+, Help, irudiak eta PDFak. Advanced International Translations (AIT) enpresarena da, ordainpekoa, baina EIZIEkideek eskaintza berezia dute.

ExactSpent

ExactSpent denbora kudeatzeko itzultzaileentzako software bat da. Itzulpen-lanetan emandako denbora zenbatzeko, egindako lanaren balioa eta horri dagokion prezioa kalkulatzeko eta nork bere errendimendua neurtzeko balio du. Gainera, 3D bertsioak lan guztiak (amaitutakoak zein abian direnak), bezeroen araberako erregistroak eta laburpen-datuak eskaintzen ditu. Advanced International Translations (AIT) enpresarena da, ordainpekoa, baina EIZIEkideek eskaintza berezia dute.

Itzulpenflow

ItzulpenFlow itzulpenak kudeatzen laguntzeko tresna da. Itzulpena eskatzen denetik jasotzen den arte sortzen diren lan-fluxu guztiak kudeatzen ditu, eta ataza bakoitzeko parte-hartzaileei abisuak bidaltzen dizkie emailez. Elhuyar enpresarena da eta ordainpekoa.

Tkount

TKount jatorrizko zein helburuzko testuen hitz-zenbaketak egiteko OmegaT-ren software libreko osagarria da, aurrekontuak edo fakturak egiteko baliagarria.

Freebudget

Freebudget hainbat fitxategi formaturen hitz-zenbaketak egiteko, proiektuen iraupen-aurreikuspenak egiteko eta aurrekontuak sortzeko tresna da. Ordainpekoa da.

Kalitate kontrola

PQAC

Fitxategi elebidunen koherentzia, zehaztasuna, glosarioak egiaztatzeko eta bestelako akatsak antzemateko lineako zerbitzu bat da. Moravia enpresaren zerbitzu hau doakoa da, erregistatu besterik ez dago.

Apsic Xbench

Testuak itzuli ostean prozesatzeko software bat da. Fitxategien kalitate-kontrola egiteko, terminologia egiaztatzeko, etiketak egiaztatzeko, ortografia zuzentzeko et kateen koherentzia bermatzeko balio du, besteak beste. Era berean, proiektuetan bilaketak egiteko aukera ematen du. Apsic enpresaren software pribatua. Oinarrizko bertsioa doakoa da eta bertsio aurreratua ordainpekoa da.

Linguistic Toobox

Testuak itzuli aurretik edo ostean prozesatzeko software bat da. Fitxategiak itzuli aurretik prozesatuz gero informazio linguistikoa erauzteko aukera ematen du, eta itzulpena egin ostean kalitate-kontrola egiteko, terminologia egiaztatzeko, ortografia-zuzentzailea pasatzeko nahiz kateen koherentzia bermatzeko balio du. Halaber, itzulpenaren eta zuzenketaren arteko konparazioak egiteko balio du. Lionbridge enpresaren software pribatu eta ordainpekoetako bat da.

Itzulpen automatikoa

Matxin

Euskararako sortu zen lehenengo itzultzaile automatikoa da. Gaztelaniatik euskarara itzultzen du, eta arau linguistikoak ditu oinarrian. Itzulgaia idazteko aukeraz gain, dokumentuak igotzeko edo webguneak momentuan itzultzeko aukera ere ematen du. EHUko IXA ikerketa-taldeak sortu zuen, eta, gaur egun, IXAk berak eta Elhuyarrek jarraitzen dute sistema eguneratzen, lankidetzan.

Eusko Jaurlaritzaren itzultzailea

Erregeletan oinarritutako itzultzaile automatiko bat da, eta gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara itzultzen du. Esanahi bat baino gehiago izan dezaketen hitzak itzultzeko, aukera bat baino gehiago eskaintzen du askotan, erabiltzaileak hala nahi izanez gero. Bestetik, erabiltzaileak idatzitako testuez gain, webguneak ere itzultzen ditu. Lucy Software enpresak sortu zuen, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz.

Google Translate

Itzultzaile automatiko estatistikoa da, eta ehun hizkuntza baino gehiagotara itzultzen du (tartean, euskarara). Idatziz sartutako testuak itzultzeaz gain, aukera ematen du ahoz edo argazkien bidez jasotakoak ere itzultzeko. Sistemak corpusetatik ikasten duenez, zenbat eta corpus gehiago izan eskuragarri sorburu- eta helburu-hizkuntzetan, orduan eta onargarriagoak dira itzulpenak. Hizkuntza-konbinazio gehienetan, zubi-hizkuntzak erabiltzen ditu.

Hexapla makro multzoa

Hexapla

Hexapla tutorialak Wordfast-ekin testu paraleloak kontsultatzeko makro bat zelan egin azaltzen du.

Beste batzuk

Search & Replace

Search and Replace Classic ordenagailuko fitxategietan bilaketa aurreratuak eta ordezkapenak egiteko doako tresna da. Besteak beste, azpidirektorioetan eta ZIP fitxategietan maiuskulak eta minuskulak bereizten dituzten bilaketak egiteko aukera ematen du.

Fillezila

FileZilla software libreko FPT soluzio bat da, bezero zein zerbitzari gisa funtzionatzen duena. Fitxategiak transferitzeko baliabide egokia da.

WinSCP

WinSCP software libreko Windows-erako FTP soluzio bat da. Bezero gisa funtzionatzen du eta SSH segurtasun-protokoloa erabiltzen du. Fitxategiak transferitzeko balio du.

XML Copy-editor

XML Copy Editor software libreko XML fitxategien editore bat da, eginbide bisual eta erabilerrazak dituena.

AutoHotkey

AutoHotkey zeregin errepikakorrak automatizatu edo laburtzeko kode irekiko Windows-erako doako software bat da. Makroen bidez funtzionatzen du eta errendimendua hobetzeko aukera ematen du.

Dragon Naturally Speaking

Ordenagailuari testuak diktatzeko tresna bat da. Zenbait OLI tresnarekin konekta daiteke eta, orduan, itzulpena idatzi beharrean ahoz dikta daiteke. Oraingoz ez du euskarazko diktaketarik antzematen.