Vous êtes ici:
 » 
Nor da Nor - Euskal Itzulpengintzaren datu-basea

Nous sommes désolés, ce contenu n'est pas disponible en français.

Nor da Nor - Euskal Itzulpengintzaren datu-basea


Zer da Nor da Nor?

Euskaratik eta euskarara egindako itzulpengintzaren datu-basea, informazio gunea. EIZIEk sortutako datu-base hau etengabe osatzen eta garatzen ari da, eta itzulpena, interpretazioa eta zuzenketa hartzen ditu kontuan.

Informazioa bi ardatz nagusiren inguruan dago antolaturik:

Itzultzaileak

Datu-baseak itzultzaile, interprete eta zuzentzaileei buruzko informazio hau biltzen du une honetan:

  • Literatur itzultzaileak. Euskaratik eta euskara itzuli duten pertsonen izen-abizenak eta haiek itzulitako obren erreferentzia osoak.
  • Lanean ari diren itzultzaileak. EIZIEko bazkide diren itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen datu zehatzak: lan alorrak, hizkuntza-konbinazioak… Profesional horiekin zuzenean harremanetan jartzeko bidea ere eskaintzen da. Profesional bakoitzaren bio-bibliografia osatzen ere ari gara.
  • Itzultzaile aitzindariak. Egungo euskal itzulpengintzari ekarpen berezia egin diotelako EIZIEk ohorezko bazkide izendatutakoen bio-bibliografia laburrak.

Itzulpenak

Momentuz, literatur itzulpenak biltzen ditu:

  • Haur eta gazte literaturakoak zein helduentzakoak.
  • Euskaratik zein euskarara itzulitakoak.
  • Paperean argitaratutakoak zein modu digitalean bakarrik zabaldutakoak.
  • Liburu osoak (monografiak) ez ezik, aldizkarietan, sarean eta bestelako liburuetan argitaratu diren itzulpenak ere jasotzen ditu (poemak eta ipuin solteak, pasarteak...).

Bilaketa interfazeek bilaketa-irizpide ugari uztartzeko aukera ematen dute, baita obretatik abiatuta itzultzaileen informazioa lortzeko modua, eta alderantziz.

Itzulpengintza oinarri duen datu-base bakarra izanik, arreta berezia ematen diogu datuen fidagarritasunari eta informazio iturri kontrastatuak baliatzen ditugu. Besteak beste, lankidetzan dihardugu Armiarma taldearekin (Euskarari ekarriak webgunea), Elizabete Manterola eta EHUko Euskara Institutuarekin (Euskal Literatura Itzuliaren Katalogoa) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburutzarekin (Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala)

Nor da Nor-en ekarpena

Itzulpengintza ardatz duen datu-basea izanik, sakabanaturik edo jaso gabe egon den informazioa biltzen du NordaNor-ek gune bakar batera, beste inon egin ezin daitezkeen bilaketak ahalbidetuz.

Datu-basearen aurkezpena

2014ko irailaren 16an, jendaurrean aurkeztu genuen datu-basea, Koldo Mitxelena Kulturunean. Ikus hemen azalpenak bideoan, besteak beste.

Aurkezpenaren harira, Hitzen Uberan aldizkari digitalean elkarrizketa bat egin zioten Bego Montoriori, datu-basearen inguruan.

Datu batzuk


Erakunde diru-laguntzaileak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta CEDRO.